Duela aste batzuk, Jakintzako webgunean adierazi genizuen bezala, Tagzaniako Gari, Mikel (gure ikasle ohi) eta Dani ikastolan izan genituen Open Street Map eta Euskal Herriko mapa librea osatzeko ekimena gure Batxilergo 1eko ikasleen artean zabaltzeko asmoz.
OpenStreetMap (OSM) ekimena -nolabait esateko, mapen Wikipedia edo- indar handia hartzen joan da azkenaldian mundu mailan (azken asteetan, esaterako, ez dira gutxi OSMri lotutako albisteak: OSM eta Flickr-en arteko lankidetza, OSM Static Maps Club-ekin bat egin du), eta Euskal Herrian ere pixkanaka-pixkana hedatzen doaz mapping party direlakoak (Bilbon, Andoainen…).
Tagzaniakoek ikastolan bizitakoa Sustatun ikusi ahal izan genuen arren (Ordiziako mapa sortzen Jakintza ikastolan), guk ez genuen aukera pasatzen utzi nahi, berandu bada ere, egindakoa azaldu eta Tagzaniakoei eskerrak eman gabe. Haien hitzetan, mapping party berezia izan zen gurea: “Nagusiagoekin alderatua, agian ez ziren hainbeste konturatu proiektuaren helburu eta inplikazioez (egile eskubideak eta abar)”. Halaxe da. Gureak Googlen arakatzen ohituta daude maparen bat behar dutenean, edota lanen bat ilustratzeko argazkiren baten bila dabiltzanean. Dena den, pixkana hori ere aldatzen doa, eta ez daukat zalantzarik, hemendik urte batzuetara gure ikastolako ume guztiak, batxilergora iristean, naturaltasun osoz software askean oinarritutako sistema eragileak, ofimatika paketeak (oraindik ere erabiltzen badira…) eta horrelakoak erabiltzeaz gain, Wikipedian edota ezagutza librea osatzeko/lortzeko ekimenetan modu naturalean parte hartuko dutela. Hori horrela izanda ere, eta nahiz eta belaunaldi honetako ikasleek oraindik errezeloz begiratzen dioten hainbat aldaketari (besterik gabe, sistema ezberdin batera ohituta daudelako/ohitu ditugulako), gustura hartzen dute parte mota hauetako ekimenetan kontzientzia osoz ez bada ere.
Marko honetan kokatu behar dugu Ordiziako mapa librea osatzen laguntzeko iniziatiba; izan ere, ikasturtean zehar gure aldetik hori guztia elikatzen joango bagara ere, garrantzitsua iruditzen zait ikasleei gizartean ematen ari diren aldaketak lehen eskutik helaraztea, ezagutza libre eta partekatuaren garrantziaz ohartaraztea… Gure asmoa, gainera, ez da ekimena hor uztea, Batxilergo 1eko ikasleek Tagzaniakoen eskutik jasotakoa ikastolako beste maila batzuetara hedatzea baizik.
Egitaraua
Bada, norbaitek bere eskolan antzeko zerbait egin nahi badu, hauxe da guk egin genuena:
11:30-12:00 OpenStreetMap-i buruzko azalpena (zer da, abantailak, zergatik sustatu, zein egoeratan dago EHn eta Ordizian, nola eta zer mapeatu gure herrian). Hona hemen erabilitako aurkezpena:
12:00-13:30 Taldetan banatu eta aldez aurretik adostutako Ordiziako hainbat gune mapeatu. Ikastolara bueltatu.
13:30-15:30 JOSM editorea erabiltzen ikasi (Ubunturentzako instalazio gida 1 eta 2) eta kalean jasotako datuak Internetera igo (OSM tutoriala).
Denbora azkar joan zitzaigunez, ez genuen nahi adina egiteko astirik izan; halere, Ordiziako mapa pixka bat osatuago dago orain (ikus Mikelek egindako animazioa). Ea etorkizunean gehiago osatzeko gai garen!
Amaitzeko, hementxe duzue bideo bat egunean hartutako hainbat irudirekin, eta hemen Tagzaniakoek ateratako argazkiak):