Hautaprobek beti eragiten digute horrelako dardarizo bat…
Aurtengo gertaeren ondoren, hozkiaren inguruko dardarizoa izango da sentituko duguna…
Pozik gaude orain, denok gainditu baitugu froga beldurgarri hori. Uf! Denok aurrera… Ez ditugu oraindik gai bakoitzean izan diren emaitzak aztertu, oraindik ez dakigu notak espero bezalakoak izan diren edo oso bestelakoak. Notak bero-bero ditugun honetan, jaso berri honetan, gustura gaude… denek gainditu baitute.
Hori bai, , antolaketan izandako gorabeherek oso gustu txarra utzi digute. Guk, ikasle, guraso eta irakasleok, jarri dugun ilusioa eta grina ez da han ikusi dugunaren pareko izan. Azken muturreraino lotzen saiatu gara, ezinbesteko froga hauetan arrakasta lortzen ahalegindu gara… eta froga prestatzen aritu direnek behar bezalako arreta jarri ez ote duten susmoa geratu zaigu.
Hala ere, atzo iritsi zitzaigun errektoreordearen eskutitza jarriko dizuegu hementxe:
Zuzendaria:
Orain gutxi egin dira unibertsitatera sartzeko probak (ohiko deialdia) eta, dakizun moduan, hainbat ikaslek mugatuta izan dute aukeren artean hautatzeko eskubidea bi ikasgaietan, Historia eta Filosofiako azterketetan hain zuzen ere.
Euskal Herriko Unibertsitatea arduratzen da proba horietaz eta, horrexegatik, neurriak hartzen ditu probak ahalik eta ondoen antolatzeko eta arazorik gerta ez dadin. Prozesua konplexua izan arren, normalean ez da arazorik gertatzen. Dena dela, arazoren bat gertatu izan denean, azterketa egiteko unean konpondu ohi da. Oraingoan, nahiz eta epaimahai askok aukeraketa erraztu zuten, UPV/EHUk erabaki zuen gertatutakoak ez zuela izan behar eragin txarrik ikasleen azken notan. Horrexegatik, aipatutako azterketak berriro egiteko aukera eskaini zitzaien ikasleei, ekainaren 12an epaimahaiei eta ikasleei bidali zitzaien oharrean jasota dagoen moduan.
Bestalde, adierazi nahi dugu konpromiso hau hartzen dugula geure gain:
1. Jarri beharreko neurriak hobetuko ditugu, aurtengo deialdian gertatutakoa berriro gerta ez dadin.
2. Hala ere, arazoren bat gertatuz gero, hartuko den konponbideak ez die ekarriko inolako kalterik ikasleei.>/p>
Bukatzeko, UPV/EHUk eskerrak eman nahi dizkie prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei, euren laguntzari esker lortu dugulako ahalik eta modu normalenean ematea bukaera prozesuari. Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki ikasleei, portaera bikaina izan baitute une oro, batik bat kontuan hartuta bizi behar izan duten tentsio-egoera.
Beste barik, eta zure ikastetxean gutun honen berri eman dezazula eskatuz, har ezazu nire agurrik beroena.
Eva Ferreira
Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordea
Agian, aurten gertatutako gorabeherek zerbait positiboa ekarriko digute. Aurtengo ohiko deialdia trumoitsua izan da, baina urtero dira froga horretan zuzendu beharreko hainbat alde. Eskutitz hau iritsi den bezalaxe eta beti ere hobekuntza lortu nahian, etorkizunean guk ere geure iritzia eta iradokizunak emateko aukera izango dugula espero dugu. Prozesu guztiak beharko luke eztabaida ireki bat, batez ere, gure ikasleen gehiengoak “froga xamur” horietan asko jokatzen duelako.
Hala ere, ez dezagun ozpindu gaurko poza: Zorionak, Batxi2! Bazoazte Jakintzatik eta biharko afarian esango dugu agur. Espero duzuen etorkizuna opa dizuegu. Gure beharrean zaudetenerako, hementxe gaituzue!