Atzo bederatzi urte bete ziren Google-ek GMail martxan ipini zuenetik. Albistea irakurri nuenean pentsatzen jarri nintzen: noiztik erabiltzen dut nik GMail? Beti eduki dut sentsazioa GMail Flickr edo Delicious baino zaharragoa dela. Agian, hauek baino lehenago erabiltzen hasi nintzelako izan daiteke? Hortxe sortu zitzaidan zalantza eta argitzeko asmoz, tarte bat hartzea erabaki nuen.
Izena eman nuen lehenengo aplikazioa Flickr-ena izan zen, 2005eko otsailaren 1ean, hain zuzen ere. Erraz egiaztatu nuen hori nire kontuaren ezarpenetan arakatzen ibili ondoren:
GMaileko kontua noiz sortu nuen jakitea ez zen hain sinplea izan. Gogoratzen nuen Xabi Diaz-ek bidali zidala GMailen kontua irekitzeko gonbidapena (oker ez banago, berrogeita hamar gonbidapen izaten ziren erabiltzaile bakoitzarentzat) baina ez nintzen gogoratzen noiz. Googleatze labur baten ondoren GMaileko kontua nozitik daukadan jakiteko trikimailu hau aurkitu nuen. Metodo horren arabera, nire GMaileko kontua 2005eko otsailaren 25ekoa da. Badaezpada, trikimailu horren bitartez lortutako data fidagarria zen edo ez egiaztatzeko, GMailen alta ematerakoan “The Gmail Team” sinadurarekin jasotzen den lehen postaren bila joan nintzen. Eta hantxe topatu nuen. Xabierren gonbidapena jaso, eta hurrengo egunean Mikeli bidali nion gonbidapenaren mezua:
Eta zein izan zen hirugarrena? Irudipena daukat Delicious izan zela baina ezin dut egiaztatu. Izan ere, oraingo kontua 2006koa da baina, Yahoo!-k, Delicious erosi ondoren, bi kontuekin bat egitea behartu gintuenean, Deliciouseko kontu zaharra ezabatu nuen. Nolanahi ere, nik esango nuke Delicious ere 2005en erabiltzen hasi nintzela.
Kontu hauek buruan bueltaka nituela oraindik lotara joan nintzen. Iratzargailura hurbildu eta “ON” botoia sakatzera nindoala, hantxe ikusi nuen, zenbaki gorri bizi eta handitan idatzita, atzoko data: apirilaren 10a. Orduan konturatu nintzen GMail, Flickr eta Delicious-ekin batera, garai berean sortu nuela blog hau. Hain zuzen ere, 2005eko apirilaren 11an argitaratu nuen lehenengo sarrera gune honen lehen bertsioa izan zen jatorrizko blogean (nahiz eta blogaren sorrera egun batzuk lehenagokoa izan). Konturatuko zineten bezala, blog honek gaur bertan zortzi urte betetzen ditu.
IKTeroak, GMail, Flickr eta Delicious. Lau aplikazio hauek jasotzen dute nire azken zortzi hauetako bizitzaren zati handi bat:
- Nire familia, lankide eta lagunekin izandako elkarrizketak
- Nire lanbidean egindako ibilbidea
- Nire bizitzako unerik ederrenak biltzen dituzten argazki guztiak
- Nire ikaskuntza prozesuan oinarrizko informazioa jasotzen duten esteka guztiak
Azken zortzi urte hauen zati handi bat hortxe gordeta daukat.