1GBeko 10 bideo Youtubera igo

Google Dirson-en irakurri berri dudanez, berrikuntza interesgarri hau ezarri dute Youtuben. Oso interesgarria iruditu zait albiste hau, izan ere, orain arte Youtubek zuen 100 MBeko muga kalitatezko bideo asko zerbitzu honetatik “uxatu” egiten zituen.

Zerbitzu hau frogatu nahi duenak, helbide honetan (http://www.youtube.com/my_videos_upload?beta) topatuko du. Nik uste dut, aukera berri honek, bideoak igotzeko lana errazteaz gain, bertan topatuko ditugun bideoen aniztasuna eta kalitatearen mesederako izango dela. Gainera, bideoak igotzen ari diren bitartean, bideoaren informazioa osatzeko formularioa bete dezakegu, igotzeko prozesua oztopatu gabe.

Linux dokumentala

Duela 16 urte, Linus Torvalds Interneten azaldu zen Linux Sistema Eragilearen lehen bertsioarekin. Lehen bertsioak 64 Kb besterik ez zuen pisatzen eta oraindik jaisteko aukera dago. Linuxari buruzko erreportaje bat topatu dut sarean eta zuekin partekatu nahi izan dut. Horra hor erreportajea bost zatitan banatuta.

Linux 1. zatia »

Linux 2. zatia »

Linux 3. zatia »

Linux 4. zatia »

Linux 5. zatia »

Oficina de Software Libre da USC

usc

Webgune interesgarria Santiago de Compostelako Unibertsitateak (USC) abian jarri duena. Wiki formatua duen gune honetan Software Askearen inguruko informazioa lau atal nagusitan bilduko da: dokumentazio orokorra (howto, manualak…), estandarrak (CSS, XML…), lizentziak (CC, GNU/GPL…) eta aplikazioak (OpenOffice, Firefox…). Ekimena nahiko berria dela antzematen, izan ere, aurrean aipatutako ataletako asko oraindik hutsik daude. Gune horren helburu nagusia “a promoción e avance do Software Libre na comunidade universitaria” da eta, helburu horren lorpenaren mesedean, interesgarriak iruditu zaizkit zehazten dituzten azpi-zereginak.

Badakit horrelako gune asko aurki daitezkeela sarean zehar, gehienak ingelesez. USC-ek garatu duen gunea oso-osorik dago galegoz eta, noski, hemendik ikusita ezin dizuet ukatu inbidia apur bat ematen didala. Nik behintzat ez dut ezagutzen Euskal Herri mailan unibertsitaterik antzeko ekimenik euskaraz abian jarri duenik. Nik esango nuke gure artean, euskaraz aurki dezakegun antzeko ekimen bakarra Elgoibarko IMHn egiten ari direna dela. Peio Arreitunandia eta bere taldekideak izugarrizko lana egiten ari dira manualak, bideo-tutorialak, software zerrendak eta abar ekoizten eta denon eskura ipintzen. Ez legoke batere gaizki zertxobait sakabanatuta dagoen lan hori guztia USC-ek antolatu duen antzeko txoko batean antolatuko balute. Gu bezala, software askearen munduan lehen urratsak ematen ari garenok, asko eskertuko genuke horrelako ataritxo bat edozein kontsulta (edo ekarpen, zergatik ez) egiteko. Edozein modutara ere, txalogarria benetan Peio, Kristian, Koro eta konpainia egiten ari diren lana. Eskerrik asko!