Duela astebete, gutxi gorabehera, bilatzaile honen berri izan nuenean, beta fasean dagoen proiektuan parte hartzeko eskaera luzatu nuen. Gaur bertan jaso dut euren posta eta zerbitzua probatzen hasi naiz. Aitortu beharra daukat, ikusgarria iruditu zaidan arren, beta fasean dagoela oso erraz antzeman daitekeela.
Bilatzaile berri honek CoverFlow izeneko aurkezpena erabiltzen du bilaketaren emaitzak azaltzeko, nahiz eta ohiko bilatzaileen ikuspegia ere ikusteko aukera ematen duen. Dakizuen bezala, CoverFlow Apple-ek Mac-en Finder eta Itunes-en, besteak beste, erabiltzen duen aurkezpen mota bat da. Izan ere, Apple-ek 2006an eskubideak erosi zituen bere aplikazioetan jartzeko. Hori zer den ez dakienarentzat, Mootools Javascript erabiliz, antzeko zerbait egin daiteke eta hona hemen adibidea.
Dena den, eta egin ditudan frogen arabera, bilatzaile honek duen edertasunak ez du gainditzen beste bilatzaileek eskaintzen dituzten emaitzak. Eta bilatzaile batera jotzen dugunean, ez goaz edertasunaren bila, baizik eta emaitza onen bila. Alegia, bilatu nahi dugun informazioa ahalik eta azkarren lortu nahi dugu, eta ez dugu emaitzen artean denbora galtzen ibili nahi.
Egin ditudan frogetan ohartu naiz Web 2.0ko zerbitzu batzuen emaitzak oso ongi azaltzen dituela; adibidez, “Ordizia” bilatu dudanean, Ordiziako Udalaren webgunea ez da inon azaltzen, bai ordea gure ikastolako blogak, Flickr-en ditugun argazkiak, Odeo-ko podcast-ak, Slideshare-ko aurkezpenak… Hau da, zerbitzu horietan “Ordizia” etiketarekin gordetako elementuak oso ongi azaltzen dituen bitartean, ez du gauza bera egiten ohiko webguneekin ezta, zerbitzu guztiekin ere; adibidez, “Ordizia mapa” bilaketa egiterakoan ez dira inondik ere azaltzen “Ordizia” etiketarekin gordeta ditugun Tagzaniako mapak, Google Maps-ekoak… Beno, bai, blogetan txertatu ditugun mapak bai agertzen dira, baina ez zuzenean zerbitzu horietan gordetako mapak. Ordizia, oso txikia izanik, normaltzat jo dezakegu ez azaltzea, orduan, New York-ekin ariketa bera egitea pentsatu dut. Emaitzak ikusita ohartu naiz gauza bera gertatzen zela. Gutxienez, horretan, Ordizia New Yorken pare dago.
Laburbilduz, bilatzaile oso erakargarria, baina ikaragarrizko lana duena besteek eskaintzen dituzten emaitzen mailara iristeko. Nik garbi daukat Elebila, Google, del.icio.us … erabiltzen jarraituko dudala.
Oooops!!! Oporretan gaude eta gauzak erdizka egiten hasita gaude. Ahaztu egin zait esatea bilatzaile hau frogatu nahi duenak euren webgunera joan eta e-posta bidali beharko diela beta fase horretan parte hartu ahal izateko. Gero, beraiek gonbitea noiz bidaliko zain gelditu beharko du. Zorte on!!