Genoom Batxilergoko Giza eta Gizarte arloan

Ordiziako Epaitegian liburuak kontsultatzen
Gure ikastolako Giza arloko Batxilergo 1ean urtero saiatu gara dokumentu historikoak aurrez aurre ikusten. Garai batean laguntza ezin hobea zen bideoa horretarako, baina gaur egun sarera jotzen dugu maiz aspaldiko dokumentu horiek ikus ahal izateko eta argazkia edo transkripzioa ikus dezakegu horrela: Gerra Zibilaren amaieraFelipe II.ak Urdanetari idatzitako gutuna

Historiako asignaturan egin izan dugun ariketa bat genealogia zuhaitza da.

  1. Ikasle bakoitzak bere zuhaitza hasten du etxekoei galdetuz edo familiako datuak kontsultatuz. Ahalik eta datu zaharrenetara iristen gara horrela eta hurrengo helburuak markatzen ditugu: Zein zen aitonaren aita? Noiz ezkondu zen berraitona?
  2. Hori egin ondoren, Ordiziako epaitegian hartzen dugu ordua eta hara joan ohi gara, ikasle bakoitzak bere arbasoaren izena liburu orijinalean inskribaturik ikusteko. Ordiziako arbasoak ez dituzten ikasleak, bere kasa egiten dute inbestigazioa dagokien herrian. Hemen ere topera iristen gara, ezin datu berririk aurkitu… Berriro markatzen ditugu hurrengo helburuak: Zein izan zen nire berraitonaren aita? Eta ama? Nongoak ziren?
  3. Ondoren Eliz Barrutiko datuak behar ditugu. Orain arte, konplikatu samarra zen puntu hau, txanda gutxi lortzen baitira eta nekez. Orain lana asko erraztu da, http://mendezmende.org/eu/partidas helbidean 1901 arterainoko bataio, ezkontza eta heriotzak kontsulta baititzakegu. Garai haietan datu hau fidagarrienetakoa zen, umeak ez baitziren beti-beti inskribatzen zerrenda zibiletan, eta bai, ordea, elizarenetan! Webgune honen laguntzaz, gure helburuak askoz ere errazago lor ditzakegu. Berriro egin dugu tope, berriro galderak. Zorte apur bat izan badugu, miatu beharreko  mikrofilmaren zenbakia eta orrialdea badakizkigu. Aurten lan hau Ordiziako Barrena liburutegian egin dugu, epaitegian izan ondoren denbora sobran genuelako eta bertan geratu ginen. Horrela, esperientziaren berri emateko aukera ere izan genuen.
  4. Irteera egiteko garaia da: Donostiako Elizbarrutian txanda hartu eta Donostiara egun pasa! Goizeko 9:30etatik eguerdiko 13:00ak arte egongo gara lanean, mikrofilmatutako orri zaharrak ixil-ixilik miatuz, markatutako helburuaren atzetik. Zenbaitek zorte izugarria izango du eta pentsatutako guztia aurkituko du, gauza harrigarriak deskubrituko ditu… Beste zenbait triste samar geratuko da, ez baitu ezer aurkituko… (Horregatik joaten gara  norabaitera bazkaltzera, ea jendea animatzen den!). Koldo Mitxelenara joaten gara eta hango ordenagailu batean gure eguneko esperientzia idatzi. Hemen kontsulta ditzakezue iazkoak: Boskote1, Boskote2
  5. Eta horixe izaten zen dena.
Barrenan Liburutegian

Aurten Genoomen erabilera erantsi diogu urteroko ekintza honi. Eraiki berria zenean egin nintzen partaide eta oso lan txukuna burutzen ari dira egileak. Ezinbestekoa da usuario bihurtzea. Norberak egin dezake hori, izena eta pasahitza asmatu ondoren. Ez da atari publikoa, familiakoek bakarrik konpartitzen baitute dena, erret familiakoa edo horrela ez bazara behintzat.

Erraz-erraza da gure arbola egitea, Googleren mapan kokatzea, argazki karpetak konpartitzea, familiakoen artean mezuak bidali eta jasotzea, urtemugak jakitea eta notifikazioak jasotzea… Gainera, ez dira derrigorrezkoak bikote “formalak” eta onartzen ditu sexu berekoak, ezkongabeak eta abar. Partaide bakoitzak bere fitxa propioa du eta bilaketa errazak egin daitezke: Klara izena dutenak, Mujika abizenekoak, Zaldibitarrak…

Genoom

2008. urtea ondo hasi dute katalan hauek, bigarren postuan geratu baitira Web Revelación 2007, Yahook antolatutako lehiaketan. Gainera, orain arte bezala jarraitzen badute, geratu gabe ari dira webgunea hobetzeko ahaleginetan. Nire zuhaitza egiten hasi naizenetik hainbat iradokizun egin dizkiet eta berehala erantzuten dute bere iritzia emanez edo zuzenean aldaketa burutuz. Irakasle bezala, ikasleen lana ikusteko aukera eskatu nien eta, handik gutxira, behaketa hori egiteko era erakutsi zidaten. Batxilergoko Giza taldean egin beharreko lanketarako tresna oso aproposa delakoan nago!

Genoom

Koordenatu geografiko sistemaren mapa interaktiboa

Mezu honetan, Euskal Herriko Mapa Interaktiboa nola egin genuen azaldu genizuen. Gaur, teknika berbera erabiliz, Koordenatu geografiko sistema izeneko mapa eraiki dugu.

Mapa hau, latitudea, longitudea, paraleloak, meridianoak… ikasleekin jorratzeko eraiki dugu. Bertan agertzen den informazio guztia Euskal Wikipediatik hartuta dago eta sagua puntuen gainean jartzerakoan zabaltzen den leihatilan klikatuz gero, informazio hori Euskal wikipedian dagoen orrira eramango gaitu.

Egia esan, sistema sinple hau erabiliz, beste gauza asko egin daitezke eta, orain arte bi mapa bakarrik eraiki baditugu ere, hemendik aurrera gehiago argitaratzeko asmoa daukagu. Giza gorputza, landareak, erliebea, astronomia… zain ditugu eta epe motzean osatzen joango gara. Gure asmoa bilduma bat osatzen joatea da.

Mapa hauek eraikitzeko erabiltzen dugun teknika arestian aipatutako mezuan azaldu genizuen eta erabilitako irudia eta gaiaren araberako doikuntzak burutzea besterik ez dago mapa berri bat sortzeko. Doikuntza horiek egiteko Firefoxerako Web Developer izeneko gehigarria erabiltzea aholkatzen dizuegu. Ea beste norbait animatzen den eta denon artean bilduma txukun bat osatzea lortzen dugun.

WordPress Automatic Upgrade

Aspaldi honetan, hemen eta hemen esan nuen bezala, webgune elebidun bat sortzeko ahaleginetan nabil.

Oraindik ez dut soluziorik topatu, baina jarraituko dut irtenbidea topatzen. Gutxienez, esperientzia oso baliagarria izaten ari da WordPress hobeto ezagutzeko. Opor hauetan hamaika aldiz instalatu, desinstalatu, pluginak igo, ezabatu, datu baseak sortu, eraldatu, ezabatu… egin dudala esatean, ez dizuet gezurrik esaten. Dagoeneko, eginkizun horretan “aditu” bihurtuta nauzue.

Mezu honetan esan nizuen bezala, WordPress 2.5 bertsioa berriki kaleratu dute eta sortuta nituen datu base horietako batean, instalatu nuen inongo arazorik gabe. Bertsio zaharragoak beste datu baseetan instalatuta nituen eta eguneraketa frogatu nahi nuen, “a pelo”. WordPress-eko gunean agertzen diren pausuak jarraituz, ongi burutu nuen eguneraketa hori.

Bada, gaur bertan, beste datu base bateko bertsio zaharra eguneratu dut beste sistema bat erabiliz: WordPress Automatic Upgrade izeneko pluginaren bitartez. Esperientzia oso ona izan da eta dena bikain joan da. Minutu gutxitan azken bertsioa instalatuta eta dena martxan nuen berriro.

Plugin honek dena egiten digu, baina aurretik jaitsi eta instalatu beharko dugu. Plugina instalatzeko ohiko bidea jarraituko dugu: fitxategia deskonprimitu, /wp-content/plugins/ direktiora igo eta gure admin gunetik plugina gaitu. Behin hori egin eta gero, “Kudeatu” eremuan, plugin hau lanean jartzeko “Automatic Upgrade” izeneko botoia ikusiko dugu. Hortxe klikatu eta ingelesez idatzitako testua agertuko zaigu esteka pare batekin, bata eguneraketa pausoz-pauso eta bestea automatikoki burutzeko. Nik pausoz-pausoko aukera hartu dut (beti hori gomendatzen dutelako) eta hauxe da plugin zoragarri honek egin didana:

  • Gunearen backup egin eta fitxategia deskargatzeko aukera eman dit.
  • Hurrengo pausoa emateko esan eta datu basearen backup egin eta berriro jaisteko aukera eman dit.
  • Jarraian, WordPress-etik azken bertsioa jaitsi, deskonprimitu eta igo egin dit (ziztu bizian, gainera)
  • Hurrengo “task”era pasatzeko esan eta plugin guztiak ezgaitu ditu
  • Jarraitzeko esan eta webgunea mantentze moduan jarri du (txartelak berak eskegi du)
  • Fitxategi zaharrak eguneraketarekin ezabatu ditu
  • Gure datu baseak eta gure guneak behar dituzten eguneraketa jarduera guztiak burutzen ditu
  • Azkenik, plugin guztiak eta gunea gaitzen ditu
  • Gunea eta datu basea eguneratuta dauzkagu eta dena martxan guk ezer egin gabe. Umetxo batek egiteko modukoa, benetan.

Nik plugin hau udan ezagutu nuen Plugin Lehiaketan hirugarren postua lortu zuenean, baina orduan frogatu nuenean, automatikoki egiten saiatu nintzen eta arazoak eman zizkidan. Egun hauetan, WordPress-eko milaka gune eguneratzen arituko dira eta, dagoeneko, hasita daude arazoak agertzen, kezkak eta, nola ez, gisa honetako soluzioak.

WordPress erabiltzen baduzue, biziki aholkatzen dizuet. Frogatuz gero, ez zarete damutuko.

WordPress 2.5 argitaratu da

Lehenengo egunean WordPress 2.5 RC1 bertsioaren berri eman genuen eta berehala RC2 bertsioa kaleratu zuten. Bada, hiru egun beranduago, 2.5 bertsioa atera dute. Ez da makala eman dioten erritmoa, ez?

Nik, dagoeneko, bertsio berri hau instalatu eta egiaztatu dut RC bertsioetan sumatu nituen akats txiki batzuk konponduta daudela. Orain, euskarazko bertsioaren zain gelditzen naiz.

RC2 bertsioa atera zen egun berean, Librezalekoek 2.5 bertsioa euskaratzeko deia egin zuten eta, oraintxe bertan, hauxe da euren Pootle itzultzeko zerbitzuan irakur daitekeena: 1504/2124 itzulirik (152 zuri, 468 zalantzan).

Beraz, aurki izango dugu guztion esku bertsio berri hau euskaraz. Abuzturako 2.6 bertsioa iragarrita dago.

Amaitzeko, bertsio berri honek dakartzan berrikuntza nagusienak laburbilduko dizkizuet:

  • Diseinu berria
  • Fitxategi bat baino gehiago batera igotzeko aukera
  • Pluginen eguneraketa zuzenean administrazio gunetik
  • Galeriak sortzeko aukera
  • Administrazioaren gune nagusia widget=en bitartez pertsonalizatzeko aukera
  • Cooki=en enkriptazioa
  • Igotako fitxategi multimedia antolatzeko liburutegia
  • WYSIWYG editore berritua eta kodea errespetatzen duena
  • Pantaila osoan idazteko aukera
  • Biltzaileak mezu nahiz orrialdeetan bilatzen du
  • Pasahitzen segurtasuna neurtzeko barra