Ez dakit opor hauetan Maite eta Jokin forman jartzen ari diren edo ez, baina ikasturtearen amaieran Marbellako Buchinger Klinikan sartzeko moduan ikusi nituen. Horregatik, eta ikasturte berria hobeto hasteko, El Caparazon-en aurkitu dudan proposamen hau luzatu nahi diet. Zoritxarrez, Wii eta Fit oparitzeko behar adineko dirurik ez daukat eta, momentuz, bideoarekin konformatu beharko dute. Ea forman jartzen diren!!!
Hilabetea: abuztua 2008
Ikastola hankaz gora 2008
Flickr, Web2.0 delako horretan gehien gustatzen zaidan zerbitzuetako bat da, zalantzarik gabe, eta azken egun hauetan inplementatu duten beste berrikuntza bat frogatu nahi izan dut. Horretarako, ikastolan egiten ari garen obren argazki batzuk atera eta argazkiak erakusteko jarri duten zerbitzu berria erabiliz, hemen argitaratzen dizkizuet.
Ikastolako jangela eta areto gela berriak
Azken urteotan gure ikastolan aldaketa mordoxka gertatzen ari dira, bai kudeaketa maila baita azpiegitura mailan ere. Duela laupabost urte ikaslota utzi zuten ikasle ohiak bisita egitera datozenean harrituta geratzen dira ikusten dituzten aldaketekin. Duela hiru urte ikastolako patioari estalkia jarri genion. Aurten jangelaren eta areto gelaren txanda heldu da.
Jangela eta sukalde berriekin emango diogu hasiera datorren ikasturteari. Lehenengoan 120 bat lagun sartzen dira gutxi gorabehera, beraz, txanda bat baino gehiago antolatu beharko dugu aurreikusten ditugun 300 bazkariak zerbitzatzeko.
Areto gela berria ikastolako eraikin nagusiaren alboan joango da; eraikin berriaren itxura oso modernoada eta eguberrietarako prest egongo dela pentsatzen dugu. Amaitutakoan izango duzue honen inguruko informazio gehiago. Bitartean, oraingo egoera azaltzen duten argazki batzuekin utziko zaituztet.
Firefoxen etorkizuna: Aurora
Mozilla Labs eta Adaptive Path-eko lagunak elkarlanean, Firefox nabigatzailearen geroaren inguruko ikerketa interesgarria burutzen ari dira. Proiektuaren izena Aurora da eta, dagoeneko, azpian jarri dizkizuedan hiru bideo argitaratu dituzte.
Ez dut uste ezta Enekok bere prospektibako ariketetan ere horrelakoak aurreikusiko zituenik.
Eguneraketa: Gaur bertan laugarren bideo argitaratu dute eta hortxe txertatu dizuet besteen azpian.
50 Euroko eramangarria?
Aurreko egunean, Indiako egitasmoaren berri eman genizuen, bada gaur Portugalera goaz beste eramangarri baten berri emateko: Magallanes izenekoa.
Diotenez, produktuaren kostua 180 €koa izango da, baina Portugaleko ikasleen artean dohain edo, gehienez ere, 50 €ko prezioan banatuko ditu bertako Gobernuak. Horrekin, ikasle guztiek Teknologia Berrietara iristeko duten eskumena bermatu nahi dute, nahiz eta zalantza handiak dituzten irakasleen gaitasunen inguruan.
Kolpe eta zipriztinak jasateko egin nahi den eramangarri sendo honek 7 hazbeteko pantaila izango du, 256 MBeko RAM memoria eta 1 edo 2 GBeko memoria disko gogorraren ordez. Dirudienez, Windows XPrekin joango da, kamera digitala eta banda zabaleko Interneterako sarbidea izango du. Prozesadorea Intel etxekoa izango da, izan ere, eramangarri hau Portugaleko Gobernuak eta Intel etxeak sinatutako akordio baten emaitza baita.
Ikusten dugunez, 2007an Intelek “Classmate PC” izeneko proiektuaren berri eman zuenetik Libia, Argentina, Indonesia, India, Vietnam eta Portugalekin akordioak sinatu ditu eta Brasil, Txile, Txina, India, Nigeria, Filipinak eta Turkia bezalako lurraldeekin, besteak beste, sinatzekotan da, baina Europako beste lurraldeekin ere akordioetara iristeko asmoa azaldu omen dute. AMDk bultzaturiko Negroponteren One Laptop Per Child proiektuarentzat beste oztopo bat.
Iturria: Finanzas.com