Maitek Getxo Linguae jardunaldietan emandako hitzaldia

Aurrekoan Mikelek Euskadi Irratian izandako elkarrizketa baten berri eman nizuen. Gaur bertan gogoratu dut Maitek, duela bi hilabete eskas, Getxoko berritzeguneak antzolatzen dituen Getxo Linguae jardunaldietan eman zuen hitzaldiaren bideoa ere sarean dagoela. Hitzaldi osoa bideoan jasota ez badago ere, (nahi izanez gero, bere aurkezpenaren laburpena ere irakur dezakezue) Maitek egindako lanaren inguruan ideia bat egiteko interesgarria dela pentsatu dut, batez ere, hizkuntzako irakasleentzat.

Dena den, ez da lehenego urtea Maite jardunaldi hauetan parte hartzen duena. Iaz ere Euskaljakintzaren inguruko datu interesgarri ugari eman zituen Getxoko jardunaldi hauetan. Hementxe uzten dizuet iazko bideorako lotura zuzena.

Google Reader eta Del.icio.us tutorialak euskaraz

Ikterook uztaila hasiera gogorra izan dugula aipatu zuen aurrekoan Jolausek. Halaxe izan da, bai; halere, nekea ez da urrutitik ere iritsi jaso dugun betetze mailara. Ez da erraza ordu gutxi batzuetan barruan daramagun pasio guztia askatzea, web 2.0 zer den ia ez dakienari jario-irakurle, marka-gune sozial, blog, wiki, webquest eta horrelakoez hitz egitea, baina, besterik ez bada, hortik zehar zer dagoen jabetzeko baliagarria gertatu bada, gu, pozik!

Badakigu, dena den, zein garrantzitsua den ikusi eta ikasitako hori praktikara lehenbailehen eramatea. Zenbat ikastaro ez ditugu ahaztu jasotako apunteak etxean utzi orduko? Abian jartzeko urrats horretan pixka bat lagundu nahian, hementxe dituzue ikastaro horietan azaldutako hainbat aplikazioren tutorialak: Google Reader eta Del.icio.us. Ez dago esan beharrik, ikastaroetara joan ez eta mundu honetan interesa duen edonoren autoikaskuntzarako ere baliagarriak izan daitezkeela.

Bi tutorialak Scribden:

Bihotz Gaztea goxo-goxo

Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolako kideei gure zorionik beroenak luzatu nahi dizkiegu 20 minutos-en albistea hau irakurri eta gero.

DBH 1A gelako ikasleen bloga da Eusko Jaurlaritzak saritu duen Euskadiko eskola blogarik onena. Blogaren izena BIHOTZ GAZTE GOXO eta bertan horrela aurkezten dute euren burua:

Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolan DBH 1Ako ikasleek sorturiko bloga duzue hau. Bertan eskolak egunerokoan ematen dituen hainbat berri, laguntza, komentario … eta abar plazaratuz gain, geure interesekoak diren zaletasunek ere izango dute euren lekua. Jakina denez, nahi duen edonori luzatzen diogu parte hartzeko aukera.

Tira, zorionak berriro ikasle eta irakasle guztiei eta eutsi goiari!!!

Mikeli egindako elkarrizketa Euskadi Irratian

Uztaila hasiera gogorra izan dugu aurtengoa Ikterook. Azken urteotan ohikoa bihurtu den HikHasik antolatutako ikastaroez gain, IRALEko irakasle talde birekin ere aritu gara. Ikastaro trinkoak izan dira biak, sei egun jarraian bost ordu egunean eraman dugu interneteko baliabideak irakaskuntzan erabiltzea ekar ditzaketen onurak azaltzen. Ni pertsonalki, nahiko nekatuta bukatu dudan arren, erabat asetuta geratu naiz izan ditugun ikasleengandik jaso dugun harrera, jarrera eta ilusioarekin. Balantzea ezin hobeagoa izan da.

HikHasiko ikastaroen azken egunean, Mikelek Euskadi Irratitik elkarrizketa egiteko gonbidapena jaso zuen. Agian zuetako batzuk Arratsaldekoa saioan Mikelek esandako guztiak zuzenean entzuteko aukera izan zenuten. Nik, ordea, ez nuen aukera hori izan eta berehala ekin nion elkarrizketa euskarri digitalean lortzeari. Atzo bertan eskuratu nuen elkarrizketaren grabazio osoa eta hementxe ipintzea erabaki dut.

Elkarrizketa luzea egin zioten Mikeli (25 minututik gora). Irakaskuntza, teknologia berriak, berrikuntza, jarrerak, elkarlana… izan ziren aipatutako gaiak. Gustura entzun ditut Mikelek esandakoak, ea zuei zer iruditzen zaizuen.

Eguneraketa (2008-07-21): ez dakit zer gertatu den Evocarekin. Arazorik gabe igo dut audioa eta goizean ederki asko entzuten zen. Orain ez Mikelen elkarrizketa, ezta aurretik igota nituen beste fitxategiak ere ezin ditut entzun. Tira, hemen uzten dizuet beste erreproduzitzaile desberdin bat. Ea oraingoan dena ondo doan.

Eguneraketa 2 (2008-07-21): Antza denez Evocaren arazoa konpondu da.