Wikillerato eta Curriki: irakaskuntzarako baliabideak wiki bietan

Duela dezente ezagutu nuen Wikillerato izeneko proiektua. Proiektu honen helburua batxilergoko curriculuma osatzeko baliabide biltegi bat sortzea da. Webgunearen oinarria wiki bat da (MediaWiki softwarea dago guztiaren azpian); curriculuma gaika banatuta dago, horrela edonork proposatu ditzake jarduera edo eduki desberdinak edozein arlorako. Hori bai, baliabide hauen egokitasuna bermatzearren, une honetan moderatzaileak daude Fisika, Matematika, Filosofia eta Gaztelania eta Literatura arloetan. Atari nagusian topa dezakezuen bideoan adierazten dute garbi zein den webgune honen helburua eta funtzionatzeko bidea

Ildo honetatik, atzo ezagutu nuen Curriki, Wikilleratoren ezaugarri bereko beste webgune interesgarri bat. Hemen ere, curriculuma eta wikiaren (XWiki erabiltzen dute kasu honetan) arteko uztarketaren bitartez, irakaskuntzarako baliagarriak izan daitezkeen kalitatezko edukien biltegi bat sortu nahi da. Ez dut denbora gehiegi pasa oraindik saltseatzen baina aurkitu dudana oso interesgarria iruditu zait. Hona hemen, adibide gisa, batxilergoko fisikarako flash-en egindako unitate lektibo sorta zabala: oso modu sinple eta grafikoan azaltzen dira oinarrizko kontzeptuak animazio hauetan. Ea zuen interesekoak diren.

Amaitu aurretik, eta wikien eredutik at, hemen ipintzen dizuet baliabide ugari eskaintzen dituen beste orri bat. “Massive Resource List for All Autodidacts” izenarekin, gai edo arlo desberdinen inguruko material ugari aurki ditzakezue bertan, testu, podcast zein bideo formatuetan.

Ortografia lantzeko ariketa-sorta, Hot Potatoes eta Moodle.

ortografiaOpor aurretik ortografia errepasatu, ikasi eta ikasteari eman genion hainbat egun. Beste batzuetan azaldu izan dudan bezala, horrelakoak lantzeko modu “aktiboen” bila ibili ohi naiz. Ez dut esan nahi, noski, ohiko ortografia ariketak eginez ikasten ez denik; ezta gutxiago ere. Baina niri, ahal den neurrian, egin beharko dituzten jarduera horiek beraiek sortzea gustatzen zait. Gauza batek ez du bestea kentzen. Lehenik, eurak sortzen dituzte ariketak (buruari eragin, asmatu, hiztegian begiratu, egiaztatu…) eta, ondoren, sortutakoak egiten dituzte. Ez bakarrik bikote bakoitzak sortutakoak, baita besteenak ere. Ez da gauza bera, nire ustez, liburu bateko ariketak egitea (jarrera “jasotzailea”) edo zuk zeuk lantzea eta lanketa horren emaitza besteei eskaintzea (jarrera eraikitzaile-aktibo-autonomo-partekatzailea).

Ez naiz aurreko puntuan gehiegi luzatuko; izan ere, askotan aipatu baititugu gure helburuak zeintzuk diren mota hauetako lanketak aurrera eramatean, baina bai esango dizuet ikusgarria dela benetan ikasleen jarrera ariketak sortzerakoan eta, batez ere, batzuek besteenak egiterakoan. Gozatu egiten dut benetan beraien interesa erabat piztuta ikustearekin (are gehiago gure aurtengo DBHO 2ko ikasleen profila ikusita) eta emaitzaren %100a lortu nahi izate horrekin. Horren haritik, beraiek egindako lana beste batzuentzat baliagarri izan daitekeelako ustea barneratzen ari direla esango nuke. DBHO 1ekoen EGArako prestaketa bidean, esaterako, guztiz baliotsuak gertatzen dira ikasle zaharragoen lanak eta horrek ere motibatzen ditu nolabait. Baina gatozen harira. Zertan datza euskaljakintzakook egindako azken lana?

Arestian aipatu bezala, ortografia lantzeko ariketa-sorta bat prestatu dugu (hatxe, ixa, tz eta horrelakoen erabilera, hainbat herriren euskal era arautua, -a itsatsia…). Orotarik pixka bat. Dena den, berrikuntza batzuk sartu ditugu. Hauexek dira nabarmenenak:

Hot Potatoes aplikazioa erabili dugu:

Duela urtebete pasatxo ezagutu nuen programa hau Muñoz de la Peñaren ikastaro batean. Ordundik noizbehinka erabiltzen hasita banengoen ere, inoiz ez merezi duen arretaz. Euskaljakintzako ariketa-sortzaile ibilbide labur honetan, programa ugari probatuta nengoen, hala nola Ardora, Webquestions eta Content Generator. (Informazio gehiago mota hauetako aplikazioei buruz hemen). Dena den, Moodle-ekin hasi naizenetik, garbi daukat une honetan hauxe dela erabiltzea gehien komeni zaigun tresna. Alde batetik, sortutako ariketa horien emaitzak (ikasleek zein ehuneko lortu duten) Moodle bidez kudea ditzakedalako esfortzu handirik gabe eta, bestetik, aukera mordo bat eskaintzen dizkigulako:

  • Ariketa ezberdin ugari sortu: JCloze, hutsuneak bete; JCross, gurutzegramak; JMatch, bikoteak batu; JMIX, esaldiak ordenan jarri; JQuiz, erantzun anitzeko galderak, galdera motzak…; eta The Masher, aurreko jarduera ezberdinekin unitate didaktiko bat sortu.
  • Azalpenak eman: erantzun okerren zergatia, asmatutakoeen gorabeherak…
  • Euskaraz: konfigurazio atalean sartuta, ikusten den guztia euskara dezakegu.
  • Ariketak elkarrekin lotu: ariketa bat aurrekoarekin nahiz hurrengoarekin lot daiteke galdeketa-sorta bat sortuz. Horixe da guk egin duguna, hemendik abiatuta, “hurrengo” adierazten duen gezian klik eginez, bigarren jarduerara pasatuko zarete eta horrela hogeigarrenera arte.
  • Itxura aldatu: koloreak eta hizkia alda daitezke. Horretaz gain, ia nonahi irudiak, estekak, testuak…sar daitezke. Ikusiko duzuen bezala, guk ez diogu garrantzi gehiegi eman alderdi honi; dena den, hurrengo ariketetan saituko gara arlo hau gehixeago lantzen.
  • Hasiberrientzat aplikazio errazagoak badauden arren, oinarrizko erabilera lortzea ez da batere zaila. Nik ikasleei programa nola jaitsi, instalatu eta erabili azaldu nien eta batzuk, nire pozerako, etxean instalatu eta jada ariketak sortzen hasiak dira (nota igotzeko eskaintzen diedan aukeretako bat da hau).

Erantzun okerretan azalpen labur bat ematen saiatu gara:

Askotan gertatu ohi da mota hauetako ariketetan erantzun botoiari eman eta zuzen ala oker erantzun dugun jakitera iristen garela, baina ez gehiago. Maiz akatsa non dagoen jakin gabe gelditzen gara. Gorago esan dugun legez, Hot Potatoes-ek eskaintzen du azalpenak emateko aukera eta, oraingo honetan, horixe izan da ikasleei jarri diedan baldintzetako bat, azalpen labur bat ematea. Beraiek ikasten dute, denok ikasten dugu.

Amaitzeko, lan hauen zuzenketa oporretan bukatu dudanez, ez dugu astirik izan gelan azken emaitza ikusi, baloratu eta ariketak egiteko (aste honetan zehar egingo dugu). Halere, nire asmoa denek ariketa sorta osoa egitea da eta, egiten ari diren bitartean, bakoitzak bere akatsen zerrenda osatzea. Zerrenda hori Moodle bitartez bidaliko didate (zeregin motako jarduera) eta ohikoenak diren akatsekin (usu akats berdinak errepikatzen dira behin eta berriz) ariketa pare bat edo sortuko ditut. Ariketa horiek Moodlen sartu eta kontrol jarduera moduan egingo dituzte ikasleek. Emaitza guztiak erregistratuta geldituko zaizkit, nire lehen urratsa izanik norabide horretan. Amai dezadan esanez, badudala buruan beste zerbait: ikasle bakoitzari galdeketa pertsonalizatua prestatu bere akatsekin. Egia esan, oso ondo legoke. Ez dakit, ordea, horraino iritsiko naizen…

  • Ariketa sorta Moodle-en egiten baduzue eta ikastaroan izena emanda baduzue (bisitari gisa sartuta, ez), niri iritsiko zaizkit zuen emaitzak eta gordeta geldituko dira.
  • Ariketak euskaljakintzan egiten badituzue, berriz, zuentzat geldituko da lortutako emaitza.

Fisheye menu. Mac estiloa zure gunerako

Oporren aurretik konpromiso irmo bat hartu banuen ere, egun hauek jolasean ibiltzeari eskaini diot nire denbora, gai serioak alde batera utziz. Era askotako frogak egin ditudan arren, emaitzekin ez naiz oso gustura gelditu. Horregatik, eginiko froga guztietatik bakarra daukat zuekin guztiokin partekatzeko.

Fisheye menuaren irudia

Betidanik, beno, ezagutu nuenetik, gustatu egin zait Mac-en interfazea. Horregatik, menu hau ikusi nuenean, ahaleginak egiten hasi nintzen gune batean inplementatzeko. Eredu ezberdinak aztertzen aritu nintzen eta, azkenean, jQuery erabiltzen duena hautatu nuen. Jarraian azalduko dizuet nola inplementatzen den, baina beste aukera bat nahiago baduzue, hona hemen beste aukeren zerrenda:

Nik jQuery erabiltzen duena hautatu nuen inplementatzeko arrazoi sinple batengatik: niretzat errazena zelako. Besterik gabe. Agian, beste batzuk nik hautatutakoa baina arinagoak dira, baina inplementatzeko garaian, zailtasun maila handiagoa dutenez, baztertu egin behar izan nituen.

Orain, saiatuko naiz menu hau inplementatzeko eman ditudan pausu guztiak azaltzen. Ea lortzen dudan.

Lehenik eta behin, hiru javascript hauek jaitsi eta gunera igo nituen: jQuery, iutil eta fisheye. Blogsome erabiltzen baduzue, gogoratu javascript horiek igo ahal izateko, “jpg” formatua eman behar diezuela. Horretarako, nahikoa da fitxategia Ohar-blokarekin ireki eta gordetzea “jpg” extensioa gehituz.

Hori egin eta gero, hiru javascript horiek gure gunearen <head> eta </head> etiketen artean kokatuko ditugu.

<script type="text/javascript" src="/images/jquery_01.jpg"></script>
<script type=”text/javascript” src=”/images/iutil.jpg”></script>
<script type=”text/javascript” src=”/images/fisheye.jpg”></script>

Ohartuko zaretenez, nire kasuan, script horien extensioa ez da ohiko “js”, baizik eta “jpg”. Hori, arestian azaldutako arrazoiarengatik besterik ez da.

Jarraian, estiloa emango diogu. Horretarako, nik honako kode hau erabili dut CSS fitxategian:

.fisheye {
text-align: center;
height: 50px;
position: relative;
}
a.fisheyeItem {
text-align: center;
color: #fff;
font-weight: bold;
text-decoration: none;
width: 40px;
position: absolute;
display: block;
top: 0;
}
.fisheyeItem img {
border: none;
margin: 0 auto 5px auto;
width: 100%;
}
.fisheyeItem span, {
display: none;
positon: absolute;
}
.fisheyeContainter {
height: 50px;
width: 200px;
left: 500px;
position: absolute;
}

Jarraian, irudiak gure gunera igoko ditugu. Nik PNG formatua duten ikonoak erabiltzea aholkatzen dizuet. Nahiz eta pisu handiagoa duten, eskaintzen duten kalitatea askoz ere handiagoa da eta asko antzematen da sagua gainetik pasatzerakoan.

Estiloa eman eta irudiak igo eta gero, menua kokatu nahi dugun gunean, honako kode hau jarri beharko dugu:

XHTML kodea

<div id="fisheye" class="fisheye">
<div style=”left: 640px; width: 400px;” class=”fisheyeContainter”>
<a style=”width: 40px; left: 0px;” href=”ezarri nahi duzun helbidea” class=”fisheyeItem”><img src=”irudiaren helbidea” width=”30″><span style=”display: none;”>Zure Testua</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 40px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/email.png” width=”30″><span style=”display: none;”>E-posta</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 80px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/display.png” width=”30″><span style=”display: none;”>Pantaila</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 120px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/clock.png” width=”30″><span style=”display: none;”>Ordularia</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 160px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/web.png” width=”30″><span style=”display: none;”>Webgunea</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 200px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/home.png” width=”30″><span>Hasiera</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 240px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/email.png” width=”30″><span style=”display: none;”>Iruzkinak</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 280px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/display.png” width=”30″><span style=”display: none;”>Estekak</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 320px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/clock.png” width=”30″><span>Nor gara gu</span></a>
<a style=”width: 40px; left: 360px;” href=”#” class=”fisheyeItem”><img src=”images/bar/web.png” width=”30″><span style=”display: none;”>Jakintza Ikastola</span></a>
</div>
</div>

Eta hauxe da guztia. Pausuak ongi eman badituzue, zuen webgunean honako menu bat izango duzue:

Ikusi frogak egiteko erabili dudan gunea.