Begiak bustitzen zaizkit horrelakoak irakurtzerakoan…

Batzuetan, gutxien espero duzunean, barruak aztoratzen dizkizun artikulu horietako bat irakurtzen duzu sarean. Gaur, DBH 1eko gure ikasle batek idatzitako azken posta irakurri dut. 10 urteko ikasle honen idatzia irakurtzen amaitu dudanean malkotxo batzuk ihes egin didatela onartu behar dizuet. Emozionatu egin naiz!

Eskerrik asko Iñigo. Ez duzu imajinatzen zein harro sentitu naizen zure ipuina irakurri ondoren!

PD: Iñigoren bloga irakurtzea gonbidatzen zaituztet. Tresna hauen baliagarritasunaz ohartzeko adibide polita da.

Sari gehiago

Sariaren oroigarria

Lasai, ez digute beste saririk eman. Orain gu gara sariak banatzen hasiko garenak; izan ere, orain arte sekula banatu ez diren sariak hemen banatu nahi baititugu.

Sarien inguruan ohikoak dira eztabaida hauek: merezia-ez merezia, hark edo besteak meritu handiagoa zuen, bazen garaia… Baina inoiz ez dut ikusi beste motako iruzkinik. Hau da, sariak emateko ahalmena izanez gero, nori emango genioke sari bat? Bada, nik ariketa hori egin dut Sareko Argia Saria irabazi eta gero.

Jarraian, nik gustura banatuko nituzkeen sarien zerrenda eta sari bakoitzaren argumentazioa:

  • Euskararen alde eginiko lanarengatik:
  • Nafarroako Gobernua: Nafarroako hiritar guztien hizkuntz eskakizunekiko erakusten duen begiruneagatik eta “D” ereduaren alde eginiko apustu irmoarengatik.

    Nominatuak: Bertendonako irakasleak Guztiok ordaintzen ditugun zergak xahutu gabe EGA titulua atera eta Euskararen aldeko konpromiso publikoa hartu dutelako.

  • Ezagutza guztion esku jartzearen alde eginikoarengatik:
  • Eusko Jaurlaritza: Berak bultzatu eta sustatzen dituen proiektuetan ekoiztutako eduki guztiei Copyright kendu eta libreak utzi baititu. Dagoeneko, Hiru.comeko eduki guztiak Euskal Wikipediaren esku jarri dituzte.

    Nominatuak: Euskal Herriko Unibertsitatea: Gizartearekiko duen konpromisoa betetze-aldera, abian jarri dituen proiektu kolaboratibo eta irekiekin Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren abangoardia bilakatu delako.

  • Informazio eta Komunikazio Teknologia Berrien alde eginikoarengatik:
  • Administrazio publiko guztiak: Internet etxe guztietara iristeko eginiko ahalegin handia eta software librearen alde apustu nabarmena egin dutelako.

    Nominatuak: Zerbitzu publikoa eskaintzen duten erakunde guztiak: Herritar guztiok euren zerbitzuetara oztoporik gabe irits gaitezen, irisgarritasuna aintzat hartu dutelako, baita euren web orrietan ere.

  • Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatea sortzeko eginiko lanarengatik:
  • Euskal Herriko Unibertsitatea: Dagokion erantzukizuna bere gain hartuz, hezkuntzaren inguruan diharduten sektore guztiak batu eta proiektu berritzaileak, guztion partaidetza sustatuz, abian jarri dituelako.

    Nominatuak: Sare Publikoa, Sare Pribatua eta Ikastolak: Norberaren interesetatik haratago joanez eta Euskal Herriko interesak lehenetsiz, Euskal Curriculuma adostu eta aurrera eraman dutelako.

Honela luze jarrai nezakeen arren, gure aurrekontuak ez du gehiagorako ematen. Zoritxarrez, sari hauek birtualak izatetik errealak izatera pasatzeko, susmoa dut denbora asko itxaron beharko dugula. Bitartean, jarrai dezagun fikzioarekin jolastuz eta zuen sari proposamenen zain gelditzen gara.

2007ko Sareko Argia saria jaso dugu!

argiasaria2007

Gaur eguerdian Lasarteko Txitxardin Beltza jatetxean izan gara. Bertan, aurtengo Argia Sarien banaketan izan gara, guretzat izan baita Sareko Argia interneten nabarmendu den komunikabidearentzat.

Honen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuegu irakurri eta jarraitzen gaituzuen guztioi, zuen ekarpenekin IKTeroen blogako edukiak aberasten ahalegindu zareten guztioi eta, batez ere, Jakintza ikastolako komunitatea osatzen duzuen guztioi, guraso, irakasle eta ikasleei.

Bereziki azken hauentzat, alegia, gaur egungo eta iraganean gure ikasleak izan direnentzat, hitz batzuk idatzi nahiko nituzke: eskerrik asko gela barruan adierazi duzuen jarrera baikor eta eraikitzailearengatik. Mila saltsa berrien aurrean topatu zarete azken bi urte hauetan, askotan “sin previo aviso”. Batzuetan entzerrona handietan sartu zaituztegu eta, hala ere, zuen elkarkidetza eta laguntza jaso izan dugu beti. Zuekin bizi izan ditugun esperientziak izugarri positiboak izan direlako animatu gara hauen berri foro honetan ematea. Beraz, sari honen zati haundi bat zuena da ere. Eskerrik asko eta segi hain jator!

Bukatzeko, hemen daukazue guri dagokigunez, saria jasotzearen justifikazioa:

Bada irakasle talde bat Internetekiko duen zaletasuna bere ikasleengana zabaltzea lortzen duena. Irakasle talde hau informaziorako teknologia berrietan trebatu da eta esperimentatu dutena bere ingurukoekin bezala herritar guztiokin partekatzen ari da eten gabe. Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) hezkuntzarekin nola uztartu erakusten digute beren izenak dioen bezain ero ez dauden irakasleok.

Eguneraketa: Hona hemen Argiakoek eginiko bideoa:


Ortografia lantzeko ariketa-sorta praktikan

Aurrekoan, ikasleekin ortografia lantzeko asmoz, euskaljakintzakook 20 ariketako sorta prestatu genuela azaldu nuen. Idazteko une hartan, esperientzia oraindik zintzilik zegoen; izan ere, ikasleekin praktikara eramateko astirik ez bainuen izan. Azken egun hauetan, ordea, lanari azkena eman diogu eta, esan beharrean nago, saioa erabat interesgarria suertatu dela.

Hasteko, ikasle guztiei 20 ariketak egiteko eskatu nien. Bitxia izan zen ikustea bikote batek beste bati ariketa erraza edo zaila jarri izana leporatzea, hitzen bat edo beste jarri zuenak ere ez zuela ezagutzen botatzea, ariketetan azaltzen ziren herriak bazirenik ere ez zekitela aitortzea… Hitz batez, niri gustatzen zaidan legez, saltsa egon zen ariketak egiten ari ziren bitartean. Ikasle bakoitzari 20 ariketa horietatik gaizki egindako hitzen zerrenda osatzeko eskatu nion. Zintzo helarazi zizkidaten zerrenda guztiak eta 25 ikasleen akatsekin taula bat osatzea izan zen hurrengo pausoa. Asmatu duzuen bezala, hitz horietako asko errepikatu egiten ziren zerrenda joan zerrenda etorri. Baietz igarri zein izan zen gehien erratutako hitza? Bada, berdinketa eman zen leiho eta herdoil hitzen artean. Lehenengoa, irakasle guztiok dakigu klasiko bat dela, urtero-urtero eta erremediorik gabe errepikatzen den horietakoa: leiho. Beraz, ezusteko handirik ez horraino. Bigarrena, aldiz, ez nuen espero. Herdoil, herdoildu eta horietatik eratorritakoen zailtasun bereziaz ohartu gabe nengoen orain arte. Hemendik aurrera, nire ohiko akatsen glosategian sartuko dut (azken urteetan ikasleen idazlanetan topatu ditudan akats ohikoenekin Moodle-en glosategi bat prestatu nuen, bisitari gisa sartu ikusi nahi baduzue).

Guztira 25 ikasle direla kontuan izanik, 4 aldiz edo gehiago errepikatu direnak baino ez ditut sartu aurtengo akatsen zerrenda orokorrean. Herrien izenak ere zerrendatik kanpo utzi ditut. Beraz, honela gelditu da akatsen errepikapenen behin-betiko sailkapena:

  • 12 aldiz : leiho, herdoil
  • 10 ” : horditu (mozkortu)
  • 9 ” : haatik (alabaina, hala ere), okela
  • 8 ” : hurko
  • 7 ” : auhen (negar-zotin), alabaina, erbeste, esamesa, ospe
  • 6 ” : alferkeria, behatoki, aztura (ohitura), burdina, erietxe, hagaxka (varilla), ildo, izanez gero, mihise, oihal, pitzarazi (piztu aditzaren arazlea), sorrarazi, urrun
  • 5 ” : anhidrido, biderketa, hagitz (oso), harkaitz, harpe (haitzulo, haizpe, kobazulo), herren, oihandar (basotar, basati)
  • 4 ” : arrautza, arroz, ausardia, baihintzen, egia, existitu

Ikus daitekeenez eta logikoa den bezala, h-a izan da arazo sortzaile nagusiena; dena den, -a itsatsiak ere nahiko lan eman die (egi ala egia?)

Amaitzeko, alde batetik, ariketa bat prestatu dut denentzat akats orokor hauek lant ditzaten eta bestetik, neurrira egindako beste 25 ariketa (bana ikasle bakoitzarentzat). Orokorra hementxe uzten dizuet, besteak oraindik ez ditut publikoak egingo kontrol gisa erabiltzeko asmoa baitaukat. Oraingo honetan, leiho hitza ondo idazten ikasten ez badute, norbaitek esan diezadala mesedez zer egin, niri ez zait ezer gehiago bururatzen eta! :wink:

Ariketa egiteko, klikatu irudi gainean:

Euskalnatura

euskalnatura

Benitoren blogean jakin dut gaur bertan Euskalnatura izeneko webgune berriaz. Jario agregtzailetik zuzenean salto egin dut Euskalnaturara eta egia esan lehen inpresioa oso baikorra izan da. Hala ere, denboraz juxtu nenbilela eta, orain arte ezin izan diot azterketa sakonagorik egin. Tarte bat daramat webgunea arakatzen eta, zalantza izpirik gabe, meritu handiko proiektu baten aurrean gaudela iruditzen zait. Meritu handia duela diot, aspalditik aldarrikatzen nituen hainbat ezaugarri metatzen direlako Euskalnaturan.

  • Nik dakidaneraino, diru laguntza ofizialik jasotzen ez duen zientziaren dibulgaziorako euskarazko lehen gunea da. Hau da, ekimen pribatua, bolondresa, herritik sortua eta herrirako.
  • Euskal Herriko Unibertsitatearen muinetik sortua; alegia, unibertsitateko ikasgelak betetzen dituzten ikasle talde batek bultzaturiko proiektua da. Jode, sekulako poza eman dit hau irakurtzeak!. Alde batetik, badelako garaia gure unibertsitateak gizartearekin duen konpromisoari erantzuten hasteko; baina, batez ere, ikasle talde baten iniziatiba izan delako. Niretzat garrantzia izugarria du honek; gure ikastolan aspaldi konturatu ginen gure ikasleek euren helburu akademikoak betetzeaz gain kapaz direla euskarari bultzadatxo bat emateko, interneten euskarak duen presentzia indartu eta sendotzeko. Horra hemen esandakoaren adibide garbia.
  • Edukiak Creative Commons lizentziapean argitaratzen dituzte. Tumatxa! Hortxe daukagu Hiru.com, diru publikoarekin sorturiko gunea, eskaparatean “se mira pero no se toca” kartela itsasita duena (copyright-ari buruz ari naiz, noski). Exenplu bikaina eman duzuena gazteok!
  • Interneten euskararen irakaskuntza/ikaskuntzarako gune eta tresna ugari dauden bezala (agian, oraindik gehiago beharko genituzkela pentsatzen dutenak badaude, baina, tira), irakasleok faltan botatzen ditugu beste jakintzagaien inguruko euskarazko eduki eta baliabideak. Zientziak orohar (natur eta gizartekoak), historia filosofia, matematika… jorratzen dituzten euskarazko guneak falta dira; nahiko genuena baino gehiagotan jo behar dugu gaztelerazko edota ingelesezko baliabideetara.. Euskalnaturak urrats garrantzitsu bat ematen du ikuspegi honetatik.

Puntu honetan, zuetako askok galdetuko duzue: “bale, oso ondo dago hori guztia, baina zer moduz dago webgunea?” Niri pertsonalki izugarri gustatu zait.

Joomlarekin eraiki dute webgunea. Azalaren diseinua dotorea da, oso dotorea esango nuke. Kolore politak, argazkiak kalitatekoak, goiko menua argia eta sinplea… Agian elementu gehiegi pilatu dituzte azalean, baina tira, atal desberdinetan zehar nabigatzea nahiko erraza da.

Edukiei buruz esan, ikuspegi sinple eta ulerterrez batetik zientziaren dibulgazioari heltzen dion gunea dela. Egia da Zientzia.net aspalditik diharduela lan horretan baina Euskalnaturak oinarrizko kontzeptuak modu apalagoan azaltzen ditu, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat oso modu egokian. Nahiz eta oraindik hasiera fasean egon eta oraindik hainbat atal osatu gabe egon, jada informazio mordoa zintzilikatua dute; natura izeneko atalean, animalien, landareen, onddoen eta natur guneen inguruko informazioa ipini dute. Zientziari dagokion atalean, berriz, biologia, kimika, geografia, unibertsoa, meteorologia eta ingurugiroari buruzko edukiak sartu dituzte (nire fisikako webgunetik hartutako formulatxo batzuk ere topatu ditut bertan :wink: ). Informazio mordoa eskaintzen dute euskaraz soilik, euskara garbi eta ulerterrazean, gaztetxoek arazorik gabe ulertzeko modukoa. Oraindik osatzeke duten arren, etorkizunerako erreportaiak ipintzeko asmoa dute. Hauetako bi jaitsi daitezke deskargetarako sortu duten atalean. Bukatzeko foroa ere martxan jarri dute (jadanik topic zerrenda polita ikus daiteke) eta argazki galeria bat (oso txukuna).

Antton, Urtzi, Asier, Ibon eta Eneko, eguna alaitu didazue gaur, benetan. Euskal Herriko irakasle eta ikasleok zuek aurrera atera duzuen ekimen gehiagoren beharrean gaude; irakasleok IKTak eta internet erabili nahi dugu gure ikasleekin baina, era berean, gure eguneroko lana euskaraz gauzatu nahi dugu, euskarazko eduki eta baliabideekin. Zoritxarrez ez dira asko oraindik euskarazko eduki, tresna eta baliabide libreen ekoizpen lan horretan ari direnak. Horregatik meritu izugarria dauka zuen lanak! Jaso nire partetik animo eta zorionik beroenak. Eta laguntzarik behar baduzue hortxe izango nauzue prest. Mila esker zuen lana beste guztion mesedean eskaintzeagatik.