Aurrekoan adierazi genuen bezala, atzo eman genion hasiera Guraso Eskolari. Lehenengo saioan gure txanda izan zen. Gure ikastolan egiten dugunaren berri gurasoei azaltzea zen helburu nagusia. Egia esan, ez ginen oso gustura gelditu gure gurasoen inplikazioarekin. Kontutan izanik ekimena eurek egindako eskaerari erantzuteko antolatu genuela, partaidetza handiagoa espero genuen. Eta ez dut uste eguraldiaren aitzakiak justifika dezakeenik hain asistentzia kaxkarra. Tira, bizi dugun errealitatearen adierazgarri izan daiteke.
Aspalditik hasi ginen saio hauen prestakuntzarekin. Bitarte honetan buelta asko eman dizkiogu buruari; nahikoa ote den gurasoak informatuta edukitzearekin, ez al ditugu gurasoak eurak ere inplikatu behar IKTen erabileran, gure ikasleek egiten dutenaren berri izateko ez ote den beharrezkoa tresnak ere erabiltzen jakitea… Analisi eta eztabaida askoren ondoren zera erabaki genuen: informazioa zabaltzea garrantzitsua izanik, ezinbestekoa dela gurasoak, ahal den neurrian, erabiltzaile aktiboak bilakatzea, irakasleok gela barruan erabiltzen ditugun tresnak erabili eta ezagutu ditzaten.
Horrelaxe gure ikastola osatzen duten kide guztiei irekita egongo den blog komunitate bat sortzea otu zaigu, ikasle, ikasle ohi, guraso eta irakaslez osatutako ikastolako komunitate digitala. Pentsa eta egin!. Atzoko saioa aitzakiatzat hartuz, bertan egin genuen gure komunitatearen aurkezpen ofiziala. Gaur, berriz, hemen egitea tokatzen zaigu
Atariari Jakintzazu izena ipini diogu, transmititu nahi dugun espiritua oso ondo islatzen duela iruditzen zaigu. Hasieran aipatu dudan bezala helburu desberdinak lortu nahi ditugu atari honekin. Guztien berri daukazue hemen. Azpimarratu nahi dudan gauza bakarra zera da: komunitateko partaide izateko derrigorrezkoa da Jakintza ikastolako kide izatea.
Teknikoki, hauexek dira gunearen ezaugarri orokorrak:
- Jakintzazuko gune nagusia WordPress MU 1.1.1 aplikazioaren gainean eraiki da. Plataforma osoa euskaraturik dago; lokalizazio fitxategiak eskuratu nahi dituenak hemendik jaitsi ditzake. Esan beharra dago, .po fitxategiaren euskaratze lan handiena Aitor Ortuondok egin duela, guk geratzen zen zati bat besterik ez dugu euskaratu. ziurrenik gauza dezente izango ditu zuzendu beharrekoak; ziur norbaitek botako diela bistazo bat eta txukun txukun utziko dituela.
- Sisteman logeatzeko sarrera orokor bat ipini da atari nagusian. Bertan ikus daitezke azken blogen, blog aktiboenen eta plataforman argitaratutako azken bidalketen zerrendak
- Komunitatean argitaratutako bidalketa guztiekin planet bat sortu dugu. Bertan bilduko ditugu Jakintzazun argitaratutako bidalketa guztiak, baita hemendik kanpo ditugun beste blog guztienak ere (IKTeroak barne). Jakintzaren planetan izena ipini diogu eta, nahiz eta oraindik erabat bukatuta ez egon, astea amaitu baino lehen martxan izango dugula espero dut.
- Erabiltzaileen zalantzak argitzeko, foro bat ere martxan ipini dugu. bbpress 0.8 bertsioarekin egina dago eta hau ere euskaratu egin dugu. Hemen dituzue .po eta .mo fitxategiak
- Bukatzeko, eta laguntza moduan dokumentu batzuk ipini ditugu erabiltzaileen eskura, oinarrizko erabileran trebatzen joan daitezen
Egia esaten badizuet, izugarrizko lana eman digu hau guztia martxan jartzea (seguruenik konturatuko zineten argitaratutako bidalketen maiztasuna asko jaitsi dela azken hilabete honetan, ezta?). Ez dakit zenbat ordu pasa ditugun Mikel eta biok plataforma guztia garatzen eta, oraindik, esan beharra daukat ez daudela atal guztiak erabat ondo lotuta (diseinuarekin loturiko arazo batzuk ditugu oraindik). Tira, espero dezagun egindako esfortzua emankorra izatea eta, Jakintzazun aipatzen den bezala, “Jakintzako komunitatea aberasteko, elkarren berri izateko, hitz batez, komunikazioa sustatzeko aukera paregabe” hau arrakastatsua izatea.
Bukatu aurretik Aitor Ortuondori eskerrak eman nahiko nizkioke. Bera izan da WPMU-ren lokalizazioa bidali ziguna eta bereak dira ere, gure blogetan erabiliko ditugun euskaratutako azal gehienak. Mila esker Aitor hain eskuzabala izateagatik!