Irakasle eta ikasle izarrak

Gaur, Getxora “Getxo Ikasblogak Jardunaldietan” parte hartzera joan gara. Egitaraua ikusita, espero zitekeen bezala, goiza oso “trinkoa” suertatu da eta era guztietako esperientziak entzun ahal izan ditugu. Arratsaldeko mahai-ingurua dinamikoagoa izan da eta jende desberdinaren partaidetza ikusi ahal izan dugu.

Partaideei dagokienez, bi partaide azpimarratuko nituzke: Anibal de la Torre irakasle andaluziarra eta parte hartu duten ikasleak. Lehenengoa, hezkuntzaren munduan erreferente bat da bere ideiak eta bere lanarengatik eta, ohi den bezala, bere handitasuna ez da bere lanari mugatzen, bere izaera ere handia baita. Asko gustatu zait bere umiltasuna, bere umorea, bere argitasuna, jendearekin konektatzeko duen ahalmena eta gauzak adierazteko erabiltzen duen estilo zuzena eta argia. Izan zitekeen arren, hau ez da bihurtu “blogfesor glamourosoa”. Bestalde, gisa honetako topaketetan sekula ez dut ikusi ikasleei aukera ematen zitzaiela euren lana eta euren esperientzia azaltzeko. Horregatik, oso interesgarria iruditu zait gaur hiru ikasleek azaldu digutena. Lehenengoa Ortuellako Institutoko Kevin Sanchez izan da, bigarrena Getxoko IES Caro Barojako neska bat izan da eta, azkena, gure DBH 1eko ikaslea den Carlos PeƱak hitz egin du. Niri asko gustatu zait hiru ikasle hauek erakutsi duten adorea eta kemena 100 irakasle baino gehiagoren aurrean mintzatzen hasteko, ez baita batere erraza izango adin horrekin (gureak 12 eta besteek 14-15 urte) horrelakorik egitea. Zorionak guztiei eta mila esker irakasleoi eman diguzuen adibidearengatik.

Gaurko izarrak, dudarik gabe, ikasleak izan dira. Hauek baldin badira gure lanaren helburu, zer dela eta ez ditugu aintzat hartzen euren iritziak eta euren ekarpenak? Ez al gaude pittin bat nekatuta betiko irakasleen iritzi berdinak entzuteaz? Ea hemendik aurrera, topaketa eta jardunaldietan ikasle gehiagoren partaidetza zabaltzen den. Proposamen bat badaukat hurrengo baterako: Antton Alberdi

Eguneraketa: Carlosek berak bere kronika idatzi du bere blogean.

Eta bere solasalditxoaren bideoa Google Bideora igo dutenez, hemen txertatzea erabaki dugu.

Aplikazioak zure patrikan

Gure bizimodu azeleratu honetan, askotan, gure ordenagailuak ez diren beste terminaletan lanean aritzea tokatzen zaigu. Hori, niretzat, behin baino gehiagotan arazo bat bihurtzen zen, ez bainuen aurkitzen nik normalean erabiltzen nituen aplikazioak. Hori ikusita, nire Pendriven dokumentuak eta fitxategiak eramateaz gain, aplikazioak eramaten hasi nintzen. Egia esan behar badut, hasi nintzenetik gaurdaino, egundoko aldaketa eman dute aplikazio hauek guztiek eta geroz eta hobeto funtzionatzen dute.

Horregatik, mezu honekin, arazo horrekin bazabiltzate, baliagarria egingo zaizuen aplikazio eramangarri hauen bilduma txiki bat erakutsi nahi dizuet.

Hasteko, nire 1Gb-eko USBan daramadan aplikazioa: PortableApps Suite.

Bi bertsio daude, Estandarra (89,5 MB) eta Lite (30,4 MB). Nik Estandarra instalatuta daukat eta primeran funtzionatzen du. Gainera, aplikazio gehiago gehitzeko aukera ematen du. Aplikazio honetan, honako programak topatuko ditugu:

Hala ere, nik beste hauek ere instalatu ditut:

Esan bezala, nik 1Gb-eko pendrive batean instalatuta daukat, baina 512 MB-eko bat nahikoa da ongi funtzionatzeko.

Erabiltzen dudan beste USBan ez ditut gisa honetako aplikazioak instalatu, CMSak baizik. Bai, entzuten duzuen bezala, edukiak kudeatzeko sistema ezberdinak instalatuta dauzkat. Horretarako, WOS Portable erabiltzen dut. Bertan, Zerbitzariarentzat softwarea eta Aplikazioen softwarea hauta dezakegu. Honako hau, bertan dagoen aukera zabala:

Zerbitzariarentzat softwarea

Aplikazioen softwarea

IKus dezakezuenez, ikaragarria eskaintzen diguten aukera. Gainera, garai batean prozesu korapilatsua zena instalazio prozesu samurra bihurtu da eta klik bat egitea besterik ez dago zure pendriven CMS horiek guztiak instalatuta izateko.

Zerrenda amaiezina egin daiteke, baina nik, aspergarria ez izateko, beste bakar batzuk besterik ez dizuet emango:

Bukatzeko, eta baten batek, orain arte azaldutakoarekin nahikoa izango ez balu, hona hemen aplikazio eramangarrien bilduma batzuk:

Gure antipodak

Betidanik, gogoko izan ditut mapak eta horregatik, gaur del.icio.us-en hau aurkitu dudanean, berehala bertara joan eta gure ikastolaren antipoda zein den jakin nahi izan dut.

Zoritxarrez, gure antipodetan ez dago beste ikastetxe edo hiririk beraiekin harremanetan jartzeko, itsasoa besterik ez dago, Zelanda Berriaren ekialdean dugun Ozeano Barea, hain zuzen ere.

Aplikazio hau Google Maps-en beste mashup bat besterik ez da eta bere erabilera oso erraza da: kontrolekin mapa mugitzen joan finkatu nahi duzun tokira iritsi arte. Automatikoki azpiko mapan adierazitako puntuaren antipoda agertuko zaizu. Gainera, mapen ezkerraldean, bi punturen koordenatuak agertuko zaizkizu.

Ez dakit zerbaitetarako balioko duen, baina baten batek erabileraren bat edo beste bilatuko dio, ziur.

Gunea: Antipodes Map

YouTube Remixer

Adobe Premiere-en teknologian oinarrituta YouTube-k tresna berri bat ipini du guretzat eskuragarri. Bere izena YouTube Remixer da eta norberak igotako bideoen oinarrizko edizioa gauzatzeko balio duen aplikazio sinplea da: bideoa zatitu, audioa eta trantsizioak gehitu, testua txertatu…

Aplikazioari kargatzea dezente kosta zaion arren, esan beharra daukat benetan tresna erabilerraza dela. Badakizue, zuen bideoak online editatu nahi badituzue orain duzue aukera

Azkenik aipatu, bihar izango dela YouTube-ren bertsio berriaren kaleratzea. Bertsio berri honen ezaugarri nagusiena hauxe izango da: ingelesez gain beste hizkuntzetan ere bistaratzeko eta erabiltzeko aukera izango dela. Garbi dagoenez, denbora luzez nahiko estankatuta egon ondoren, aldaketa berri ugari egin dizkiote azkenaldi honetan. Konpetentziaren beldur izango ote dira?

Iturria: OjoBuscador (I eta II)

Finlandia eredu IV: Ebaluazioa

Ebaluazioa aipatzen den bakoitzean, burura datorkiguna ikasleen ebaluazioa izaten da, baina gaurko honetan ez diogu ebaluazio horri jaramonik egingo, ikastetxeen ebaluazioari baizik.

Finlandian, ikastetxeen ebaluazioa ez da borondatez egiten den jarduera bat, ikastetxe guztiek derrigortuta daude eta, gainera, ebaluazio horien datuak publikoak dira. Ebaluazioa ez da planteatzen ikastetxeen lehia bultzatzeko, jarduera horren xedea hobekuntza bultzatu, aldaketa sustatu, immobilismoa saihestea… da.

Ebaluazio saio horiek ikastetxe bakoitzak antolatu behar ditu, nahiz eta kanpo ebaluazioak ere derrigorrezkoak diren. Aztertzen diren eremuak oso zabalak dira eta ez dira emaitza akademikoetara mugatzen, alderdi pedagogiko guztiei garrantzia handia ematen zaie, baita ikastetxearen baliabideak eta hauen erabilera eta mantenua aztergai daude ere. Era berean, ikastetxearen antolakuntza, komunitateko kideen arteko harremanak, gestio emaitzak… baloratzen dira.

Komunitateko kide guztiek euren ekarpena egiten dute, horretarako sarean eskura jartzen zaizkien galdetegiak erabiltzen dituztelarik. Partaidetza, oro har, oso altua da (%70aren ingurukoa).

Honek agerian uzten du finlandiarrek hezkuntza ulertzeko duten era, hau da, erabiltzaileen onurako eskaintzen den zerbitzu publiko bezala ulertzen dute. Ikasleak eta euren familiak egiten diren ahalegin guztien jomuga dira eta hauen beharrak eta espektatibak ez dira ulertzen ikastetxeei presioa sartzen duten eskakizun gisa, sistema aktibatzeko eta indartzeko aukera bezala, baizik. Etengabeko hobekuntzaren kultura barneratuta dute eta erabiltzaileengandik jasotako feedback-a hobekuntzarako eta berrikuntzarako aukera paregabe bezala erabiltzen dute.

Gure sisteman, oso ikastetxe gutxi dira gisa horretako ebaluazioak burutzen dituztenak eta, are gutxiago, bere emaitzak publikoak egiten dituztenak. Oraindik ere, asko dira kalitatea neoliberalismoarekin lotzen dutenak eta ez dira ohartzen, egiten dituzten proposamenetan, EFQM ereduak proposatzen duena errepikatu besterik ez dutela egiten. Nik uste dut eredua ez dutela ongi ezagutzen eta autokritikarako adorea falta zaiela. Gisa honetako eredu batek konpromiso handiak eskatzen ditu ikastetxeko partaide guztien aldetik eta oso gutxi dira erantzukizuna hartzeko prest daudenak. Gehienentzat, askoz erosoagoa egiten zaie horri uko egin eta hartzen diren erabakiak “goitik inposatutakoak” bezala identifikatzea eta kritikatzea.

Nire ikastolan izan dugun esperientzia oso bestelakoa izan da. Gehienok, konpromisoak hartu genituen eta izugarria izan da emandako aldaketa. Egitura bertikala alboratu eta askoz demokratikoagoa den egitura horizontal batera pasa ginen. Partaide guztiok kanalak dauzkagu gure ekarpenak egin, erabakiak hartu, hobekuntzak proposatu, gabeziak identifikatu…, azken finean, eragile aktiboak izateko. Zalantzarik gabe, guztion konpromisoa ez da maila berekoa izango eta hobetu beharreko gauza asko izango dugu, baina gure funtzionamendu sistemak berak lagundu egiten digu horiek identifikatzen eta zuzentzen. Konpromiso horren lekuko azken urteotan burutu ditugun auto-ebaluazioak eta hiru kanpo ebaluazioak, gaizki egiten ditugun gauzak onartzeari beldurra galdu diogu, besteek guk baino hobeto egiten dituzten gauzak onartu eta beraiengandik ikasi ohikoa bihurtu da, esperientziak trukatu eta ezagutza partekatu geroz eta zabalduagoa dugun jarduera bilakatu da… Hori guztia, hobekuntzarako eta berrikuntzarako akuilu gertatu da gure ikastolan eta zin dagizuet gure jardunaren hartzaileak diren ikasle eta gurasoek biziki estimatzen dutela emandako aldaketa. Gauza bera esan dezakegu gurekin harremanak dituzten erakunde, aliatuak, hornitzaileak eta gainontzeko guztien iritziari buruz.

Bukatzeko, beste arrazoi bat eman nahiko nuke ebaluazio sistema hauek gure hezkuntza sisteman ezartzeko. Izan ere, Euskal Herriko hezkuntza sistemaren ikastetxe gehienok diru publikoarekin finantzatuta gaude; titularitate publikokoek erabateko finantzazio publikoa dute eta kontzertatuek, portzentaje handi batez, finantzazio publikoa dute. Gure zergekin mantentzen diren ikastetxe horien funtzionamenduaren berri ba al dugu? Batzuek zein besteek gizarteari eskaintzen dioten zerbitzua nolakoa den jakiteko eskubiderik ez al dugu? Administrazioak ez al luke guztion diruaren erabilera zuhurra eta gardena bermatu beharko? Nik uste dut baietz eta, horretarako, ebaluazioari ezinbesteko tresna deritzo.