Scratch: programatu jolastuz

scratch

Atzo goizean nire postontzian Xa2-k bidalitako mezu bat nuen. Bertan BBCk argitaratutako albiste baten berri ematen zidan. Artikulu honetan Scratch izeneko aplikazio baten inguruko zehaztasunak ematen dira. Hasierako inpresioa nahiko positiboa izanik, zertxobait gehixeago sakontzen ahalegindu naiz eta hemen uzten dizkizuet nire lehen inpresioak.

Scratch MITeko Media Lab-ek garaturiko programazio interfaze grafiko berria da. Programazio lengoaia berri hau umeei begiratuz garatu da batez ere. Bertan, gure haurrek programa interaktibo sinpleak garatu ditzakete soinuak, irudiak bideoak eta bestelako elementuak bloke moduan pilatuz, LEGOko adreiluak izango bailira. Horrela programa sinpleak garatu kode eta sintaxi lerro bat ere erabili gabe.

Programaren oinarrizko erabilera ulertzeko botaiozue bistazo bat ondorengo bideoari:

Gehiago ikusteko gogoz geratu bazarete hemen dituzue gehiago.

Ez da lehenengo aldia gure blogean gaztetxoentzat bereziki diseinaturiko programazio lengoaiaz hitz egiten dugula. Magic-ek C-Jump-en berri eman zuen aspaldi eta ni ere, duela urtebete edo, KPL lengoaiaz aritu nintzen. Hiruen artean azken hau iruditzen zait erakargarriena, oso sinplea dirudielako, oso erakargarria bisualki haurrentzat eta erraz menperatu daitekeena irakasleon aldetik. Kontutan izanik zeintzuk diren definituta ditugun oinarrizko konpetentziak datorren urterako, iruditzen zait horrelako aplikazio batek primeran uztartuko litzatekeela laugarren helburu orokorrarekin.

Nik dagoeneko aplikazioa deskargatu dut eta datozen egunetan probatuko dut (ea zer deritzon nire semeak honi buruz). Bizitako esperientziak zuekin partekatuko ditut.

Mila esker Xa2. Hirekin zorretan gelditu nauk. :wink:

Informazio gehiago: MITeko prentsa oharra

Aplikazio jaisteko: Scratch (azken egunetan jaso duten bisita kopurua dela eta gunea erorita dago baina lortu dute esteka eta irdui pare bat ipintzea)

Etsipena ala iraultza?

Oraintxe bertan eman dizkiet ikastolako batxilergoko tutoreei azken ebaluazio honetako emaitza akademikoak nire gaian. Azken urteotan gertatu izan zaidan bezala, oso deseroso sentitzen naiz jasotakoarekin; eta naiz ari soilik emaitzei buruz. Errazena errua ikasleei botatzea da; alperkeria, gogo falta, arduragabekeriak, etorkizunari aurre egiteko baliabide falta…. Baina ez da hori bakarrik. Ez nago gustura nire lanarekin. Uste dut oker ari naizela metodoan, helburuetan eta ipintzen ditudan bitartekoetan. Horixe da adibidez horrelakoak irakurtzen ditudanean pentsatzen dudana

Aurkezpen horretan aipatzen diren egoeretako asko oso arruntak egiten zaizkit, nire ikasleekin ere bizi ditudala iruditzen, baina. Gauza bera gertatzen zait Jordi Adell-ek bideo honetan (55 minutu inguru) azaltzen dituen askorekin.

Aldaketarako unea heldu da? Orain artekoa zeharo moztu eta bide berriak urratzeko unea heldu zait? Uste dut baietz.

Euskaljakintza edublog txapeldun!!!

Zorionak!!!

Orain dela bi urte Maite triste zebilen. Bere ikasgaiarekin ez zuen asmatzen eta ikasleekin lortu nahi zituen helburu batzuetatik urrun gelditzen zela ikusita, bere egonezina nabaria zen.

– Ezin dut horrela jarraitu!, aldatu beharra daukat, baina zer egin dezaket?… -errepikatzen zuen etengabe-.

Jolaus eta biok blog bat martxan jartzera animatu genuen eta bere ohiko 500000 galdera erantzun eta gero, lehen urratsak ematen hasi zen. Uda osoa pasatu zuen bere proiektua diseinatzen, edukiak sortzen, baliabideak txertatzen… eta irailerako dena pronto zuen. Baina zailena gelditzen zitzaion, hau da, gelan sartu eta ohiko metodologia aparkatuta utzi eta bide berriari ekin.

Eta hortxe bete-betean asmatu zuen. Planteamendua goitik-behera irauli eta mugarik gabeko ausardiaz jokatu zuen. Hori bai, lan horretan, iazko ikasle taldearen laguntza azpimarragarria izan zen, gauzak erraztu zituztelarik. Gauza bera esan beharko genuke aurtengo taldeari buruz, izan ere, iazkoen lekukoa hartu eta lanari gogoz eutsi baitiote.

Bi urteko ibilbide honetan, Euskaljakintza ezaguna egin da euskal blogosferan eta, batez ere, euskal hezkuntzaren munduan. Horren ondorioz, kontaezinak dira Maitek eskaini behar izan dituen hitzaldiak, ikastaroak… Hauei guztiei bere formaziorako egin dituenak gehitzen badizkiegu, IKT eta Batxiko bulegoetan bere argazkia jartzearen arrazoia ulertuko duzue.

Beno, bada, hori gutxi balitz, oraingo honetan ez dakit zer egin beharko dugun. Izan ere, aurrekoan esan nuen bezala, estatu mailako I Espiral Sarien finalisten artean sailkatu eta gero, “Blogs de aula” atalean TXAPELDUNA gelditu da.

Ikaragarria!!! eta merezita, bai horixe!!!

Saritutako blogen artean ez dago beste blog euskaldunik eta Euskaraz eginiko blog bat gisa honetako sari bat irabaztea ez da makala eta meritu guztia Maiterena eta bere ikasleena da. Bejondeiela!!!

Moodlemoot Euskadi 07

MoodlemootEHUko eta iKide taldekoa den Ainhoa Ezeizak idatzi zidan atzo esanez izerdi asko bota eta gero :smile: zabalik dagoela I. Moodle Esperientzien Elkartrukerako Jardunaldiak 2007: MoodleMoot Euskadi jardunaldietarako deia. Azterketak zuzendu eta zuzendu nabil eta oraintxe hartu dut tartea deialdi interesgarri honen berri emateko. Beraz, gatozen harira.

Jardunaldi hauen xede nagusia Moodle darabilten eragileei elkartzeko, esperientziak elkartrukatzeko eta Moodle-ren erabilerei buruz eta egin daitezkeen garapenei buruz eztabaidatzeko aukera eskaintzea da. Dakizuen bezala, Moodle plataformaren erabilera asko hedatzen ari da azkenaldi honetan Euskal Herrian (unibertsitate, ikastetxe eta euskaltegien munduan, batik bat) eta aukera ezin hobea izan daiteke horretan ari garenok bizi ditugun esperientziak, topatzen ditugun zailtasunak eta ikusten dizkiogun onura nahiz zirriztuak partekatzeko.

Aurtengo topaketa ekainaren 27 eta 28an izango da eta gai hauek jorratu nahi dira:

  • Moodle esperientziak Unibertsitatean: esperientzien elkartrukea irakasleen artean
  • Moodle esperientziak Unibertsitatetik kanpo:
    1. Lehen eta Bigarren Hezkuntza
      Lanbide Heziketa eta enpresa
      Hizkuntzen irakaskuntza, euskararen irakaskuntza bereziki
      Unibertsitatetik kanpoko beste esperientzia batzuk
  • Baliagarritasun berriak: Moodle-n erabiltzeko baliagarritasun berrien garapena, proiektuen aurkezpena
  • Moodle-ren garapen eta ezarpenerako erakundeen estrategiak: esperientziak eta etorkizunerako gakoak

Jardunaldietan zehar gonbidatuen hitzaldiak, komunikazioak eta tailerrak izango dira. Komunikazioak irekiak dira, hau da, edonork eska dezake parte hartzea. Horretarako, zuen komunikazioa bidali behar duzue eta, hautatua bada, jardunaldietan aurkeztu ahal izango duzue. Bidaltzeko epemuga maiatzaren 31 izango da eta ISBNdun CD-ROM batean argitaratuko dira bidalitako komunikazioak.

Ez dira guretzat data komenigarrienak (bilerak, plangintzak, ikasturte amaiera…) baina gure ahalegin guztiak egingo ditugu bertan egoteko. Bide batez, beste guztioi ere parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Informazio osoa:

Honen berri eman duten beste guneak:

Zorte on eta eutsi goiari, Ainhoa! :wink:

Kulturaniztasunaren errealitatea gure eskoletan

Leioako Hipien blogean izan dut gaur Elgoibarko ikastolak ekoizturiko bideo honen berri. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak antolaturiko I. Bideo Lehiaketa: “Kulturartekotasuna nire auzoan” lehiaketarako aurkeztu zuten bideoa da. Bertan, gaur egun bizi dugun egoeraren ikuspegi interesgarri bat ematen da.

Sarean bueltaka aritu naiz saritutako beste bideoak bilatzen baina ez ditut aurkitu. Norbaitek hauen berri badu, adierazi eta hemen zintzilikatuko ditugu, aurrekoarekin batera.

Kulturartekotasunaren inguruan informazio gehiago nahi baduzue, hemen dituzu helbide pare bat