Finlandia eredu

A

spaldi honetan, Finlandiako Hezkuntza Sistemari buruzko artikulu ugari irakurtzen ari naiz eta, aitortuko dizuet, bertara lan egitera joateko gogoa pizten zaidala. Zoritxarrez, nire suomiera ez da oso txukuna eta hemen jarraitu beharko dut.

Hango Hezkuntza Sistemaren ezaugarriak azaldu nahiko nizkizueke, baina hori oso luzea izango litzatekeenez, zatika egitea otu zait. Gaurko idatzi honetan, aipatuko ditut Finlandiako sistema ongi ezagutzen dutenek aipatzen dituzten giltzarriak. Ondorengo artikuluetan, giltzarri horietako bakoitzaren inguruan hausnarketa bat egiten ahaleginduko gara, gure sistemarekin alderaketak eginez.

  1. Irakasle adituak
  2. Ikasle bakoitzak berebiziko garrantzia du
  3. Ebaluazioa aldaketaren sustatzailea

Giltzarriak horiek izanik, ezin dugu ahantzi badirela beste faktore batzuk sistemaren arrakastan eragin zuzena dutenak, hala nola:

  • Sistemaren deszentralizazioa
  • Administrazioaren inbertsioak
  • Baloreen transmisioa
  • Konpetentzietan oinarritutako helburuak
  • Metodologia aktiboak
  • IKTak gelatan
  • Finlandiarren izaera, hizkuntza, kultura…

Beno, aurrerapen gisa ez dago gaizki, ez? Datozen idatzietan hori guztia xehetasun handiagoz aztertuko dugu. Itxaroteko gogorik ez baduzue, artikulu batzuk del.icio.us-en gorde ditut.

Horrela doakigu gero!

Gaur arratsaldean, ETB2ko Pásalo programan albiste interesgarri bat entzun dut: Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolak, azterketak direla medio, bere gelak zabalduko ditu gaueko 12:00ak arte.

Baina albiste hau hona ekartzeko arrazoia ez da neurri horrek suposatzen duena, baizik eta segidan egin duten iruzkina: “Hori bai, Errektoreak adierazi duenez, Internet zerbitzua ez dute izango. Honela saihestuko dira ikasleen “despisteak”.

Sinestezina, ez? Bada, horixe da gure Hezkuntza Sisteman daukaguna. Oraindik ere, Internet “perbertsioarekin” lotzen jarraitzen dute. Zer motako irakaskuntza bultzatzen dute Unibertsitatean? Irakasleak transmititutako ezagutza da balio duen bakarra? Nolako irakasleak prestatzen ari dira, XIX. menderako ala XXI. menderako?

Honelako gauzekin sutan jartzen naiz. Gero, gure ikasleen emaitzak beste lurraldekoekin alderatzen dituztenean (PDF 2,26MB), ohartzen gara benetan non gauden eta zenbat gauza dugun aldatzeko. Hori bai, bitartean, sindikatuek segituko dute aldarrikapen ekonomikoak egiten (egin beharrekoak, zalantzarik gabe), baina benetako hobekuntzak eta kalitatean salto kualitatibo bat ekarriko lituzketen aldaketak ahaztuta.

Horrela doakigu gero!

Arbel Digital Interaktiboa

Gaiari mila buelta eman ondoren, datorren urterako arbel digital interaktibo bat ekarriko dugu ikastolara. Ez da erabaki erraza izan, ez pentsa.

  • Alde batetik, ez dakit gai izango ote garen arbel hauei behar bezalako zukua ateratzeko. Eramangarri/proiektore binomioarekin eroso sentitzen hasi garen une honetan, ez dakit lortuko dugun arbel hauek eskaintzen duten aukera guztiei etekina ateratzeko.
  • Bestalde, jarraitzen dut pentsatzen euren prezioa gehiegizkoa dela oraindik. Horregatik, Mimio edota eBeam bezalako aukerak (dezente merkeagoak) ez ote diren egokiagoak pentsatzen ari naiz oraindik

Era batera edo bestera, dagoeneko erabakia hartuta dago. Oraindik ez daukagu garbi zein izango den erosiko dugun modeloa (Smart, Promethean edota Interwrite). Eskertuko genuke, horrelako arbelekin esperientzia duen gure irakurleetako norbaitek bere aholkua eskainiko baligu. Ongi etorriak izango dira mota guztietako iritziak

Gailu hauekin egin daitekeenaren inguruko azalpentxo bat nahi baduzue, hemen duzue Red.es erakundeak, pasa den maiatzaren 17an (Interneten Eguna) antolatutako jardunaldi batetik ateratako bideo hau. Nahiko garbi azaltzen du arbel hauek dituzten ezaugarri nagusienak.

Jardunaldi hauetan egondako komunikazio desberdinen bideoak ikusteko salto egizue hona. Guztira 24 bideo dira atzetik aurrera antolatuta daudenak. Batzuk oso interesgarriak.

Zenbat ate ditu hegazkin honek?

Hegazkin batean hegan egin dugun guztiok azafaten azalpenak eta galdera horren erantzuna entzun ditugu, baina hegazkin batetik jaisten den edonori galdera hori egiten badiogu, inork ez du jakingo horren erantzuna zein den.

Adibide horrekin ilustratzen du Roger Schank-ek bere teoria Eduard Punset-en Redes programan eginiko elkarrizketan.

Egia da ez duela ezer berririk esaten, baina eskoletan horrelakoak entzutea ez dago batere gaizki. Agian, eskoletan ez dugu ikasi gisa honetako adierazpenak entzun besterik ez ditugulako egiten. Bada garaia bidea eginez ikasten hasteko.

Elkarrizketaren bideoa ere jarri dizuet, merezi du eta.

mySchoolog irabazle Infomatrix sariketan

saria jasotzenDagoeneko garbi dago mySchoolog gustuko dudala, ezta? :smile: Bada, ez naiz bakarra eta orain esango dizuet zergatik. Lehengoan, nire lagun Ahmet turkiarrak idatzi zidan esanez, Errumaniara zihoazela mySchoolog aplikazioa sariketa batera aurkeztera, 5th InfoMatrix International Computer Project Competition delakora. Bertan mundu osoko gazteek parte hartu behar zutela adierazi zidan eta Turkiatik abiatu baino ordu batzuk lehenago hantxe zebilen, programari azken ukituak ematen.

Ahmetek (izugarria da mutiko hau egiten ari dena) berriz ere eskerrak eman zizkidan euskarara itzultzeagatik programa eta nik zorte ona opatu nion. Baina ez da hor bukatzen kontua. Han banatu behar zuten foileto baten kopia igorri zidan. A ze ezustekoa ikustean, itzultzaileok ere hantxe azaltzen ginela (argazki eta guzti) mySchoolog-eko partaide izango bagina bezala!!! Horrek ilusio handia egin zidan, noski, (foileto bidez baino ez bada ere, Errumanian izan bainaiz aste honetan) :wink: , baina onena orain dator: urrezko domina lortu dute!

Oraindik ez dut zabaldu programa ikasleen artean (ezagutu genuenean, ikasleek azterketa bezperan zeuden eta nahiko lan!) baina hurrengo astean, azterketa guztiak amaitzen dituztenean, euskaljakintzan ipintzeko asmoa dut eta, noski, hurrengo ikasturte hasieran, azalpen guztiak emango dizkiet ea norbait erabiltzera animatzen den!

Ahmet, zorionak bihotz-bihotzez! (Congratulations!)