Bi urte betetzen ditugu gaur

20o5eko apirilaren 11an jarri genuen martxan IKTeroak izeneko egitasmo hau. Gaixotasun-baja luze baten ondoren blogari hasiera eman behar geniola erabaki genuen eta horrelaxe egin genuen.

Interneteko mundu honetan zenbat den “asko” edo “gutxi” jakitea ez da erraza izaten baina nik esango nuke, une honetan, IKTeoak heldutasunera iritsi dela. Gaztaro zirarragarria bizi izan genuen: web 2.0 delakoaren eztanda gertutik ezagutu genuen. Etengabe ezagutzen genituen tresna berriak, ideia berriak… eta hauetako batzuekin esperimentatzeko aukera ere izan genuen. Denborarekin garai hura oso emankorra izan zela konturatzen naiz, bai ikasitako guztiarengatik baita gure blog honetan argitaratu genituen artikulu kopuruarengatik.

Gaur egoera desberdina dela iruditzen zait. Alde batetik, sortzen diren tresna berriak baloratzeko gaitasuna irabazi dugu: zeintzuk izan daitezke lanerako tresna egokiak eta zeintzuk ez (tira, onartzen dut; ez naiz batere Twitterzalea). Bestalde, gure lehen egitasmo eta bakarra izan zen bloga. Gaur, berriz, mila saltsatan sartuta gabiltza eta denetara behar bezala heltzeko denbora gehiegirik ez (bai, egia da, onartzen dizuet nekatu samar nabilela azkenaldi honetan).

Eta bitartean inguruan zer? Aldakuntza handiak ikusi ditut. Teknologia berrien erabilera irakasleriaren egunerokotasunean errealitate bat bihurtzen ari dela iruditzen zait. Abuztuan bi urte egingo dituen artikulu honetan, abiapuntu batzuk zehaztu genituen eta, denborarekin, orduan esandakoa errealitate bihurtzen ari dela ikus daiteke. Garbi dago asko dagoela oraindik egiteko baina teknologia berriak ez direla konplexuak, irakaskuntzan partekatzeak ekar ditzakeen onurak (batez ere, gurea bezalako komunitate txiki batean)… poliki-poliki zabaltzen ari diren ideiak direla iruditzen zait.

Halere, eta Sareko Argia saria jaso genuen egunean esan nuen bezala, faltan botatzen dut komunitate ispiritua. Faltan botatzen ditut hausnarketa sakonak (aurrean ditugun erronkei aurre egiteko ideiak, proposamenak…), faltan botatzen ditut eztabaidak (nork ezagutzen ditu hiruzpalau iruzkin baino gehiago dituen irakaskuntzari buruzko artikulurik?), faltan botatzen ditut komunitatearen mesedean sorturiko proiektuak (HeziTop bezalakoak, adibidez), faltan botatzen dut… Euskal Herriko hezkuntza sistemarekiko identifikazioa eta atxikimendua. Zoritxarrez, interneten ere, oraindik hezkuntza sistema zatikatua bizi dugula iruditzen zait. Sare publikoak alde batetik, ikastolok bestetik, kristau eskolak euren aldetik, Lanbide Heziketakoek ere berdin… Nork ezagutzen ditu irakaskuntza mundutik bertatik, komunitatearen mesedean (komunitatea esaten dudanean, komunitate osoaz ari naiz, berezitasunik gabe) aurrera eramandako proiektuak? HeziTop-en atzean dagoen filosofia bultzatzen duen besterik ba ote dago? Mila aldiz esandako gauzak direla badakit eta, agian, norbaitek inozokeriak direla pentsa dezake, ez dakit. Internet, gaur egun bizi dugun fragmentazio hau gainditzeko tresna paregabea dela sinesten dut; gurea baino handiagoak diren beste komunitateetan aspaldi jabetu ziren honetaz, euren mesedrako, noski.

Tira, besterik ez. Ea gogo eta indarra nahikoak gelditzen zaizkigun, aurrekoak bezalako beste bi urte gehiago betetzeko. Eskerrik asko jarraitzen gaituzuen guztioi :wink:

Lynksee: nork eskaintzen du gehiago?

Opor labur hauen ostean, hortxe doakizue lanean hasteko proposamen bat. Ea gustatzen zaizuen.

Blog honetan hasi nintzenean, ia dena interesgarria iruditzen zitzaidan eta aplikazio berri bat ikusten nuen bakoitzean, horren berri eman nahi izaten nuen. Denborarekin, nahiz eta sortzen ari diren tresnak oso interesgarriak izan daitezkeen, ia ez dut aipamenik egiten nahiko aspertuta bainago 2.0ko istorio honekin. Era guztietako zerbitzuak sortu dira eta nire agregatzailean jasotzen dudan kopuru ikaragarria ikusita, hoberena direktorio batera jotzea dela erabakita daukat, interesa duen edonork hona hemen horietako batzuk:

Hori esanda, doako zerbitzu bat aipatu nahiko nuke: Lynksee. Zergatik? Ez al gaude aspertuta zerbitzu hauekin? Ez al dugu nahiko 2.0 bitamina hartu?…

Bada, erantzuna oso erraza da: gisa honetako zerbitzurik ez nuelako ezagutzen. Ez eskaintzari dagokionez, ezta filosofiari dagokionean ere.

Hasteko, zerbitzu hau Gazteleraz, Ingelesez eta Katalanez topatuko dugu, baina euren blogean irakurri dudanez, apirilean (laster, beraz), Euskaraz ere izango dugu. Hori gauza handia izanik, beste gauza bat ere deigarria iruditu zait: Software Librean oinarritzen da eta euren asmoa betetzen bada ikaragarria izan daiteke tresna hau:

Bienvenido al mundo del software libre. Lynksee es un servicio que agrupa las mejores aplicaciones de software libre existentes. Tanto si eres principiante, como si eres un usuario experimentado, podrás controlar completamente todas las aplicaciones que te ofrece Lynksee, utilizando las herramientas que tienen los propios programas, y sin restricciones. No olvides que el mundo del software libre no se detiene. Lynksee va en paralelo con él y cada día aparecerán nuevas aplicaciones, mejoras y módulos para tus páginas.

Une honetan, hauxe da Lynkseen topatuko ditugun zerbitzuak:

Bistan da zerbitzua ikaragarria dela eta oso praktikoa suerta daiteke irakaskuntza dihardugunontzat, eta beste sektoreetako profesionalentzat, noski. Nik froga batzuk egin ditut blogarekin eta aitortu beharra daukat ikaratuta gelditu naizela. Erabateko kontrola ematen baitu, hau da, themeak eta pluginak igotzeko aukera, hauek editatzeko eta administratzeko aukera… Ia, ia ordaindutako hosting batean egin daitekeenaren parean.

Eskaintzen duten espazioari dagokionez, une honetan 400 Mb baino gehiago dut, baina etengabe igotzen ari da. Beraz, espazio arazorik ez dut uste izango dudanik. Bestalde, themeak eta pluginak igotzen frogak egin ditut eta ongi doa, nahiz eta theme batzuekin arazoak izan ditudan WordPress bertsioarekin bateragarriak ez zirelako (aurki WordPress 2.1.3 bertsiora eguneratuko omen dute).

Epe motzean iragartzen dituzten berrikuntzen artean bi aipatu ditut (Euskaratzeko asmoa eta WordPress bertsio berria), baina ez dira bakarrak, Foroarentzat theme berriak eta zerbitzuak aktibatzeko edo desaktibatzeko aukera jartzeko asmoa dute, besteak beste.

Seik opari bat egin zien ikasleei, eta aplikazio hau edonorentzat baliagarria izan daitekeen arren, irakasle guztiei eskaini nahi diet eta, bereziki, mundu hau ezagutzen ez dutenentzat. Ea baten bat animatzen den.

MySchoolog, ikasleentzako opari bat.

mySchoologGaurkoan, ikasleentzako opari batekin nator: MySchoolog. Duela aste batzuk Genbetan ikusi eta interesgarria iruditu bazitzaidan ere, oporrak hartu arte ez dut saltseatzeko astirik hartu. MySchoolog ikasleentzat garatutako aplikazio bat da, hots, euren irakasgaiak, zereginak, apunte/oharrak eta artxiboak gorde eta kudeatzeko tresna erraz eta erabilgarria.

Sareko aplikazio honek (ez da programarik jaitsi eta instalatu behar) 5 atal nagusi ditu:

  • Lessons: irakasgaiak gehitzeko gunea. Irakasgai bakoitzaren irakaslea nor den idatzi ondoren, kolore bat esleituko diogu.
  • Schedule: ordutegia zehaztuko dugu atal honetan. Eskuinean, aldez aurretik erantsitako gaiak azalduko zaizkigu. Guk gai horiek arrastaka eramatea besterik ez dugu dagokien asteko egunei lotuz. Irakasgai bakoitzaren hasiera eta amaiera orduak ipiniko ditugu. Nahi izanez gero, eskolak non izango diren ere jar daiteke (informatika gelan, laborategian…)
  • To-do’s: zereginak edo atazak jasoko ditugu hemen. Zeregin horiek irakasgai desberdinekin lotuko ditugu eta atazaren eguna iritsi aurretik oharren bat jaso nahi dugun finkatuko dugu. Oharrak SMS edo korreo bidez jaso daitezke. Bildutako datu hauek guztiak formatu ezberdinetara (PDF, Html, RTF edo txt) esporta daitezke, ordenagailuan gorde edo inprimatu ahal izateko. Interesgarria iruditu zait ataza guztiak batera ikusteko eta inprimatzeko aukera hori.
  • Notes: atal honetan gauza bera. Gaika apunteak edo oharrak idazteko aukera izango dugu. Aplikazioak testu editore arrunt bat du non, testuaz gain, irudiak eta estekak sar daitezkeen.
  • Files: mota ezberdinetako artxiboak igotzeko abagunea eskaintzen digute (.jpg, .jpeg, .gif, .tiff, .tif, .bmp, .png, .wma, .wav, .ogg, .amr, .odp, .otp, .sxi, .sti, .odt, .ott, .sxw, .stw, .ods, .ots, .sxc, .stc, .dbf, .slk, .doc, .rtf, .xls, .xslt, .csv, .vcf, .ppt, .pps, .zip, .rar, .tar, .gz, .7z, .jar, .cab, .arj, .gzip, .bzip2, .ace, .pdf, .xml, .txt, .enc, .src, .prj, .htm, .html). Oraingoz 20 MB jarri dituzte erabiltzaile bakoitzaren eskura baina muga handitzekotan dabiltza.
  • Dagoeneko gure ikasleen etxeetan (ia gehienetan) ordenagailua badagoenez, eta hemendik ez oso epe luzera eskolan ere halaxe izango dela iruditzen zaidanez, mySchoolog bezalako tresnei erabilgarritasun handia ikusten diet. Beta fasean dago eta oraindik falta zaizkio funtzio batzuk baina oso interesgarriak iruditu zaizkit eranstekotan dabiltzan hainbat: apunteak partekatu, RSS bidez zure zereginak, apunteak eta artxiboak eskuratzeko aukera izan, mugikorretik sartu, emaitzak kudeatu, batez bestekoak kalkulatu eta gehigarriak ipini (berri irakurgailua, musika-erreproduzitzailea, elementu periodikoen taula…), besteak beste. Blog bat ere badute, azken txertatzeen berri emateko. Egongo dira agian hobeak edo etorriko dira gehiago, baina hasteko ez dago gaizki, ezta? Bakar-bakarrik sartutako atazak programak berak egitea falta zaio! :smile:

    Oparia osorik ematearren, hementxe uzten dizkizuet argibideak. Ea opor hauetan norbait ikasle-bizitza antolatzera animatzen den!

Messenger hobeto ezagutu

Gurasoen kezka nagusia eta nerabe gehienen gozamena bilakatu den tresna honi buruz artikulu interesgarri bat aurkitu dut Geekotic izeneko blog batean eta, artikulu horretan aipatzen dena oso lagungarria izango delakoan, hemen aipatzea pentsatu dut.

Ikasle asko dira aplikazio hori erabiltzen dutenak lagunekin aritzeko, baina beraiekin izandako elkarrizketatan ohartu naiz inongo erreparorik gabe erabiltzen dutela. Horregatik, artikulu horretan aipatzen dena irakurtzea oso mesedegarria izango da.

Bestalde, gurasoek askotan azaltzen dute euren kezka tresna horrekiko. Ez dute ulertzen euren seme-alabek zer arraio egiten duten horrenbeste denbora programa horrekin eta etxe askotan gatazken sorburua ere bilakatu da. Hori bai, sekula ez dute aipatzen euren seme-alabei elkarrekin egoteko zenbat denbora uzten zaien, hau da, gurasoek planifikatzen dute euren seme-alaben ordutegia eta eskolaz kanpoko jardueraz betetzen duten bitartean, ez dute bat ere begiratzen zenbat denbora uzten zaien lagunekin egoteko, jolasean aritzeko… Horregatik, ez da harritzekoa gazte hauek tresna honi ateratzen dioten etekina eta eskaintzen dioten denbora.

Hori dela eta, gurasoei ere interesatzen zaie hau ezagutzea zentzuzko erabilera bultza dezaten.