Ikastaro berriak HEZI TOPen

Homo profesoris-en garapena

Poliki-poliki ari gara Hezi Top komunitatearen ataria edukiz hornitzen.
Hona hemen azken berrikuntzak:

  • Partaidetza errazteko ikastaro bat, Hezi Top erabiltzen alegia.
  • Moodleren ezaugarri nagusiak ikastaroa euskaratu da.
  • Irakasleek praktikak egiteko eremua eraiki dugu. Bertan, Moodle aplikazioarekin esperientzia handirik ez duten irakasleak horren erabilpenean treba daitezke.
  • Laborategi Teknikak, Filosofiaren Historia eta Erlijioen Historia ikastaroak.

Anima zaitez! Gure ikastaroak erabili, zeureak sortu, zeure ikasleak matrikulatu…

MySchoolog euskaraz eta gaztelaniaz

Lehengo ostiralean mySchoolog ikasle-agenda azaldu nuen. Zehatz-mehatz aipatzen saiatu nintzen eskaintzen dituen aukerak, baita etortzekoak direnak ere (hauen artean ikasleen apunteak partekatzea, mugikorraren bidez ere den-dena kudeatzea eta beste hainbat). Baina ez nuen buruan itzultzea, egia esateko, Aitorren mezu hau jaso nuen arte:

Kaixo guztioi,

Duela aste bat edo, Ahmet-i e-mail bat bidali nion, mySchoolog erdarara itzultzeko asmoz. Atzo bertan, berarekin hitz egin nuen eta itzultzen hasi nintzen. Euskarara ere itzultzeko pentsatu nuen.

Orain, post-a ikusita, mezu hau uzten dizuet. Euskaraz itzultzeko arazorik badaukat, norekin hitz egin dezaket? Nire posta elektronikoa hau da: aimless.destiny@gmail.com

myschoolog2Aitorren proposamenari jarraituz, berarekin harremanetan jarri eta onena Ahmetekin ere hitz egitea izango zela erabaki genuen (Aitor gaztelaniazko itzulpenarekin hasita zegoen jada eta nik euskarazkoa egingo nuen). Gauzak horrela, larunbatean bertan, Ahmetekin hitz egin eta itzulpena egiten hasi nintzen. Hasieratik izugarrizko itxura ona hartu nion. Itzultzeko artxiboaz gain, fitxategia irekitzeko aplikazio bat ere jaso nuen eta baita itzulpena nola egin eta zeinu arraro guztiak azaltzen zituen PDF bat ere. Den-dena oso antolatuta eta oso argi adierazita. Atzo gauean, dena itzulita bueltatu nion Ahmeti eta hara non gaur goizean ikusten dudan gure itzulpenak jada jarriak eta martxan daudela! Dena den, ez da hori gehien harrritu nauena. Jolausen antzera, ni ere aho bete hortz gelditu naiz proiektuko kideen adinak ikusita (nire ikasleren bati eman behar nion itzulpena :wink: ). Esaterako, Ahmetek 17 urte ditu eta Aitorrek (euskaratzera animatu gaituenak), 15 !!!

Nondik sortu dira ekimen hauek? Ikastetxeren batek bultzatuta? Hala bada, Turkian adibidez, lehenago hasten dira ikasketa espezializatuekin? Aisialdian egindako zerbait da? Denbora-pasa bat? Eta Aitorren kasuan? Nola ezagutu du aplikazioa? Norbaitek animatu du itzultzera? Horrelako zerbait egiten duen lehenengo aldia da? Pizgarriren bat jasoko du hori egiteagatik (nota igo edo horrelako zerbait)? Ikusten duzuen bezala, egundokoa iruditu zait gazte hauen lana. Hauxe da guk behin eta berriz aldarrikatu duguna, ezta? Ikasle autonomoak, eraikitzaileak, ekintzaileak, partekatzaileak…Irakasle eta hezitzaileok gure ereduaren alderdi asko zalantzan jarri beharko genituzkeela iruditzen zait; izan ere, gaur egun, unibertsitatera bideratzen ditugun ikasle askoren profilak ez baitauka zerikusi handirik deskribatutako horrekin.

Mikroskopio birtuala

Interneten aurkitutako mikroskopio birtuala. Delaware Unibertsitateko Departament of Biology Sciences-koek garatutako flash animazioa da. Benetako mikroskopio bat nola erabili behar den ikasteko aukera ematen du (gainera ezin da apurtu!!).
Pega bakarra, beti bezala, ingelesez dagoela da. Hala ere, animazioak bere funtzionamendua erakusten duen tutorial bat du (Getting Started izenekoa). Pausoak jarritu eta 5 minututan hartzen zaio trukoa.

Helbidea hau da: http://www.udel.edu/biology/ketcham/microscope/scope.html

Ikasleekin mikroskopioa nola erabiltzen den erakusterakoan denbora aurrezteko animazio ezin hobea dela uste dut. Animatu eta probatu.

Youtubeko bideoak azkarrago ikusi

Aspaldi honetan, bideoak eta hauek eskaintzen dituzten zerbitzuak ugaritu egin dira sarean. Hala ere, horiek ikusteko beharrezkoa den banda zabalera ez dut uste horrenbeste zabaldu denik. Horregatik, gaur aurkezten dizuedan tresna oso interesgarria da konexio abiadura motela dutenentzat.

Aplikazio berri honek, Youtuben, sarean dagoen zerbitzurik ospetsuenean, ikusi nahi ditugun bideoak azkarrago ikusteko balio du. Gainontzeko zerbitzuetan ez du funtzionatzen.

Sare konexio kaxkarra daukagunok ederki asko dakigu Youtubeko bideo bat ikusi nahi dugun bakoitzean, nola jasan behar izaten ditugun etenaldi horiek, edo nola denbora luze batez utzi behar izaten dugun bideoa kargatzen, segidan, bideoa etenik gabe ikusi ahal izateko. Bada, hori amaituko da.

SpeedBit Video Accelerator apliazioari esker, Youtubeko bideoen karga abiadura nabarmen hobetzen da. Nik froga batzuk egin ditut eta harrituta gelditu naiz lortzen den abiadurarekin. Izan ere, nahiz eta 1 MB-ko Wimax konexioa dudan arren, arazoak izaten ditut bideoak ikusteko, baina aplikazio txiki honekin ikaragarri ongi ikusi ditut bideo guztiak. Lastima gainontzeko zerbitzuentzat baliagaria ez izatea.

Behin aplikazio arin hau jaitsi ondoren, instalatzeko ez du inongo eragozpenik ematen eta bakarrik kontuan hartu Ask bilatzailearen tresna barra instalatuko dizula. Hori nahi ez baduzu, aukera hori desaktibatu beharko duzu eta listo.

Informazio iturria: Blogoff

HiTask

Antolatzaile edo agendak izugarri gustatzen zaizkit. Ez da oraingo gauza, ez, txiki-txikitatik datorkidan zaletasun bat da. Ikasturtea noiz hasi amorratzen egoten nintzen agenda berria erosteko. Gero kolore ezberdinetako axotak hartu eta izugarrizko esfortzua egiten nuen, lehenengo orrietan (beranduxeago ikusi egin behar!) letra txukunez idazteko. Urte asko pasa dira ordudanik, baina agendek nigan zuten erakargarritasun hori ez da izpi bat itzali. Are gehiago, era digitalean sartuta gaudenetik, gehiago liluratzen naute. Azken belaunaldiko hauek, gainera, ia-ia edozer egin dezakete (masajeak ematea falta zaie!).

Internet berri honek agenda mordo bat eskaintzen dizkigu gure bizitza antolatzeko (sartu hemen eta idatzi bilatzailean calendar hitza). Iaz, sasoi honetan, interesgarria oso (dituen aukera ezberdinengatik) den Google Calendar-i buruz hitz egin nuen (1 eta 2) eta gaur HiTask-en txanda da. Oso erabilgarria iruditu zait hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, funtzionamendua ezin da errazagoa izan, guztia “drag & drop” sistemaz egin daiteke (arrastaka eramanez). Zeregin (urtebetetze, ohar…) bat erantsi ondoren, ataza hori egun eta ordu zehatz batekin lotu nahi baduzu, arrastaka eramatea besterik ez duzu. Gauza bera zeregin bat zure lan-taldeko pertsona bati eman nahi badiozu, arrastaka eraman izenaren gainera eta, besterik gabe, itsatsita geldituko da. Ikus dezagun ondorengo irudia hobeto ulertzeko zer eskaintzen duen:

Hitask

  • Ezkerrean, egutegia eta eguneko ordu guztiak azalduko zaizkigu.
  • Erdialdean zereginak, bilerak, oroigarriak, oharrak eta urtebetetzeak kudeatzeko gunea izango dugu.
  • Eskuineko aldean, berriz, gure taldea gestionatzeko parada izango dugu, txat eta guzti.

Funtzioak

  • Zereginak antolatu: egitekoen zerrenda lehentasunaren baitan antola dezakezu.
  • Zereginak taldekideen artean banatu: zure agendara gehitzeko gonbidapenak bidali (zerbitzuan alta eman beharko dute). Agendako lan-taldean agertzen den edonori, zereginen bat eslei diezaiokezu (zuzenean bere agendan azalduko zaio) eta berarekin txateatzeko aukera ere izango duzu.
  • Zereginak proiektuetan antolatu: mota berdineko zereginak edo egitasmo batekin zerikusia dutenak proiektu bakar batean bil ditzakezu. Proiektu ezberdinetan sailka ditzakezu zure zeregin guztiak (bereziki interesgarria).
  • Zereginak koloretan sailkatu: zereginak kolore ezberdinetan sailka ditzakezu (lagunekin egin beharrekoak, familiarekin, lanekoak…).
  • Zereginen orduak zehaztu: arrastaka eramanez, zure ataza, bilera eta oroigarrien ordutegia zehatz dezakezu. Ordutegia zehaztu ezean, egun osoko atazatzat hartuko du.
  • Zereginak irizpide ezberdinen baitan ikusi: kronologikoki, proiektuka, koloreka eta erabiltzailearen baitan.

Honaino alde onak. Txarrak, dohaineko zerbitzuak zeregin mugatuak sartu eta kudeatzeko aukera ematen duela. Mugarik gabe erabiltzeko, premium bertsioa erosi behar da.

Jatorria: Mashable