Azkenaldi honetan writely buruz dezente idatzi dugu IKTerook. Teorikoki baina! Gaurko honetan, erabileran oinarritutakoak izango dira nire azalpenak.
Baina zer da writely? Writely online editore bat da. Edozein testu editorek eskaintzen dituen aukera guztiak emateaz gain (hizki mota, tamaina, kolorea, ebaki, itsatsi…), ondorengoak ere eskaintzen dizkigu:
- Ez daukazu ordenagailuan ezer instalatu beharrik, erregistratu soilik.
- Zure artxiboak writelyn gordeta gelditzen direnez, interneteko konexioa dagoen edozein tokitatik sar zaitezke lanera (ez daukazu diskete edo pen batean kopiatzen ibili beharrik).
- Momentu eta dokumentu berean pertsona ezberdinek lan egin dezakegu (word-ean, esaterako, ezinezkoa dena).
- HTML, .doc eta .txt artxiboak igo ditzakegu (500 k baino txikiagoak). Baita .gif, .jpg eta.bmp irudiak ere (2 Mb baino gutxiagokoak).
- Egindako aldaketen historiala gordeta gelditzen da (nork egin dituen aldaketak, noiz…)
- Zuk erabakitzen duzu norekin partekatu nahi duzun dokumentua (50 erabiltzaile gehienera) eta postaz gonbidatzen dituzu parte hartzera. Gainera, norekin partekatzen ari zaren ikusten da.
- Dokumentua pribatua mantendu edo publikoa egin dezakezu.
Ez dut honetan gehiegi luzatu nahi, beraz, eskaintzen dituen aukera gehiago hemen topa dezakezue.
Hasiera batean, jolaus, magic eta nik probatxo bat egin genuen . Hiruron artean artikulu bat idatzi genuen, gero hirutan argitaratua azaldu zena, bakoitzak gure blogarekin ordura arte izandako esperientzia baloratuz. Esperientzia oso positiboa izaki, gelara eramatea erabaki nuen ondorengo pausoak jarraituz:
1. Writely-n alta eman genuen denok (datuak bete, register sakatu eta, postaz mezua jaso ondoren, kontua berretsi).
2. Ikasle guztien posta helbideak jaso ondoren, gelaka dokumentu bana sortu eta ikasleak bertan parte hartzera gonbidatu nituen. Beraiek mezu bat jasotzen dute esteka batekin, esteka hori klikatuz dokumentuan sartzen dira.
3. Eta denok lanera!!
On-line testu editore hau bi lanketa ezberdin egiteko erabili dut: informatikako hainbat aplikazio itzultzeko (Webquestions 2.0 eta phpMyFAQ) eta denon artean istorio elkarreragile bat idazteko. Esan behar, balorazioa oso ezberdina izan dela bi kasuetan. Lehenengoan izugarrizko zailtasunak izan genituen eta, bigarrenerako, aldiz, oso aproposa suertatu zaigu.
Itzulpena egiteko, kate guztiak (esaldiak) writely dokumentu batean sartu nituen dokumentu osoa 8 zatitan banatuz eta ikasle bikote bakoitzari hainbat esaldiren itzulpenaren ardura emanez. Arazo larria izan genuen denok batera lanean aritzeko. Programak dokumentua etengabe eguneratzen du eta eguneratze horien ondoren kursorea dokumentu hasierara itzultzen du. A zer nolako zorabioa! Batzuk dokumentuaren hasiera aldean lan egiten ari ziren bitartean, besteak, erdialdean edo bukaeran geunden eta konturatu orduko, denok dokumentu hasieran amaitzen genuen!!! Denbora osoa gora eta behera, behera eta gora!!! Azkenean, bakoitzak bere zatia word-eko dokumentu batera pasatzen bukatu genuen eta, amaitzerakoan, nik writelyn denak bata bestearen atzean eransten. Ez oso praktikoa ikus dezakezuen bezala!!!!! Beraz, lanketa mota honetarako oso aproposa ez zela erabaki nuen. Writelykoei idatzi ere egin nien hori esateko eta badirudi (gaur goizean egin dut ikasleekin azken proba) jolausek aurrekoan adierazi zizkigun hobekuntzetan puntu hau sartu dutela. Egindako azken proban noizbehinka dokumentua gora eta behera ibili da, baina ez maiztasun handiz!
Bigarren kasuan, gauzak oso bestelakoak izan ziren. Hasteko helburua ezberdina zen, ez genuen denok batera lan egin nahi, bakoitzak, bere txanda errespetatuz, etxetik dokumentua ireki eta istorioaren bere zatia idatzi behar genuen. Gehienera jota, nik editatzen nuen dokumentua aldi berean ikasleren batekin edo kontakizunaren azken gorabeherak jakin nahi zuen beste ikasleren batek. Baina idatzi bakarrak egiten zuenez, ez zegoen inongo arazorik!
Aipatu, primeran pasa genuela istorioa idazten, bi egunez behin batek idazten zuen, nik zuzendu (gorriz jartzen nizkien egindako akatsak hurrengorako kontuan hartzeko eta irakurtzen zuten guztiek hausnarketa egiteko) eta horrela DBHO 2Ako 17 ikasleen artean istorio bat idatzi zuten eta 2Bkoek beste bat. Dena den, istorio elkarreragileen istorioa (broma da) beste baterako utziko dut (guztiz interesgarria alde guztietatik…).
Amaitzeko, writely-ren inguruan mordoa idatzita dagoela esan beharra daukat. Beraz, norbaitek informazio gehiago nahi badu, jo Aulablog-eko artikulu honetara eta bertan erreferentzia interesgarri ugari topatuko duzue.
Ah! Ahaztu egin zait esatea ez dagoela euskaratua (ingelesez dago). Erabiltzeko ez dago inongo arazorik oso intuitiboa delako, baina euskaraz askoz hobeto legoke. Animatuko al gara itzultzera??