Javascript eta CSS erabiliz, ariketak

Blogen mundu honetan hasi nintzenean, ideiarik ere ez neukan informatikako hizkuntzez. HTML, RSS, CSS, SCRIPT… bezalako kontzeptuak arrotzat ziren niretzat. Baina jakin-mina beti izan ohi da irakaslerik hoberena eta, horretaz baliaturik, “saltseatzen” hasi nintzen. Denbora dexente eskaini behar zaio, ez dut hori ukatuko, baina gauzak ongi ateratzen hasten direnean, lortzen den satisfazio pertsonalak balio hirukoitza du. Orain, nire lanerako baliagarriak izan daitezkeen tresnak sortzen ahalegintzen ari naiz. Nolanahi ere, ez dut eginiko ariketen emaitzak jasotzeko modurik aurkitzen. Bideren bat ezagutzen baduzu, zure ekarpena eskertuko genuke.

Oraingo honetan, Lehen Hezkuntzako ikasleen blogean jarri ditudan ariketak hemen azaldu nahi dizkizuet. Bi ariketa hauetan bertan, editatzeko aukera ematen zaigu. Beraz, egin behar duzuen gauza bakarra klik bikoitza da. Hori egin ondoren, eremuaren barruan nahi duzuen testua, kodea, irudia… sartu ahal izango duzue. Gaurkoz nahikoa da bi adibide hauekin, baina zin dagizuet beste batzuek prestatu bezain azkar, hemen argitaratuko ditudala eta, gainera, ekoizteko jarraitu beharreko pausuak ere azalduko dizkizuet.

Ondorengo eremuan, klik bikoitza egin beharko duzu eta agertzen den istorio horren amaiera idatzi beharko duzu.

Pernando Amezketarra

Abaltzisketako jaiak San Juan-egunean izaten dira. Oi zuan bezela, joan zan Pernando Amezketarra ere norbaitek bazkaltzera bere etxera eramango zualakoan, baña goiz guzian gora ta bera bere burua erakusten ibilli arren, iñork ez zion ezer esan…

Hemen ere klik bikoitza egiten baduzu, editatzeko aukera izango duzu.

Paragrafoak, estiloak, estekak,
edo nahi duzun HTML kodea, benetan.

Azpiko taula horretan, hiru erantzun falta zaizkigu, osatuko al dituzu?

X 12 25 11
20 ??? 500 220
14 168 ??? 154
12 144 300 ???

Letra zopak on-line!

Aurrekoan, Sustatuko Jamaika ikusteko sailean erakarri ninduen izenburu batekin egin nuen topo: nola egin letra zopak di-da batean. Ni ere di-da batean hara joan nintzen. A zer baliabide erakargarria eta erabilgarria irakasleontzat, behinik behin! Gurasoek ere etekina ateratzeko modukoa dela iruditzen zait. Umeak inguruan dituzula, aspertuta, denetik egin dutela eta ez zaizula ezer gehiago bururatzen? Hamar hitz sartu ordenagailuan eta entretenimendua ziurtatuta daukazu! Kasu honetan gainera, usu gertatzen den legez, alde ludikoak hezitzailearekin bat egiten du eta hiztegia aberasteko baliabide egokia suerta dakiguke. Kontua da landu nahi dituzun hitzak laukitxo batean sartu eta, amen esan orduko, letra zopa eginda duzula. Erregistratu gabe gainera!

Eskaintzen dituen aukerak:

1. Zailtasun maila egokitu:

erraza: behera eta eskuinera soilik
arrunta: gora, behera, ezkerrera eta eskuinera
zaila: aurreko guztiak gehi diagonalean

2. Letra zopa inprimatu, zuzenean jolastu edo zure webgunera eraman (html kode bat sortzen du)

3. Ariketa nahi adina aldiz egin

4. Erantzunak ikusi ala ezkutatu …

Zer gehiago nahi??? Bada, eskatzen hasita, landu beharreko hitz horien definizioak azaltzea eskatuko nuke! Eta eskatzen jarraituz, musika pixka bat sartzea, ariketa egitea oraindik gozagarriagoa suertatzeko (ja-ja). Hori bai ondo legokeela!!! Halere, duen gabezia hori gainditzeko, behin hitzak aurkituta, definizioak ikasleek sortzea ere bururatu zait.

Animatu egin naiz eta hortxe sortu ditut biharko ingeleseko klaserako pare bat. Oraingo honetan, aurkitzen dituzten hitzen definizioak edo sinonimoak ahoz eskatuko dizkiet (ahozkotasuna ere lantzeko eta hurrengorako utziko dut definizioak idaztearena). Ea zer moduz ateratzen den!

Beraiekin hasi aurretik, hementxe uzten dizuet adibide bat (kasu honetan ez da oso hezitzailea baina pentsa hitz hauen ordez, zuei burutik pasatzen zizkizuenak jar ditzakezuela…). Beraz, aspertuta dagoen edonori zuzenduta (start sakatu):

Amaitzeko, ideia interesgarria iruditu baina abenturazaleak ez bazarete, hona hemen euskara lantzeko eginda dauden hainbat letra zopa eta denborapasa:

Argia

Habe

Gehiago, euskaljakintzako eskuineko zutabeko jolasean atalean.

Podcastingeatzen!

Ezin naiz kexatu. Ikasle bixi-bixiak dauzkat aurten, txisparekin. Bizpahiru aholku eman eta munduko autonomia handienarekin lanean jartzen diren horietakoak dira nire batxilergoko ikasleak (bai lehenengo mailakoak baita bigarren mailakoak ere).

Hori da Sorgintxo eta Felixukarekin gertatu zaidana. Hamazazpi urteko (edo hamasei?) bi neskato hauek atzetik izan ditut azken hilabete hauetan. Gure ikastolako irakaslea den Anariri elkarrizketa bat egin nahiean ibili dira denbora luzez. Atzetik neuzkan egun bat bai eta bestean ere bai; “noiz, non, nola… “, beraien blogean elkarrizketa eskegi nahi zuten baina etzekiten nola. Ni, bestalde, bolada txarra pasatzen ari nintzen, lanez gainezka. Baina, nola ukatuko nien bada nire ikasle hauei hainbesteko ilusioarekin egin nahi zuten elkarrizketa hori?. Ezin nien ezezkorik esan!

Konturatu nintzenerako elkarrizketa prestatu, Anarirekin irrati gelan bildu eta elkarrizketa mp3-an grabatuta zeukaten. Demontre! A ze arrankea!!!

– Jokin, jakintzazu elkarrizketa grabatu dugula. Ahal duzunean, gure blogean nola zintzilikatu esplikatuko diguzu, ezta?

– Bai, bai… lasai, ahal bezain pronto pasako dizuet zuen blogean erantsi beharreko kode zatia.

Ene bada!. Azken egun hauetan ez dut besterik egin, blog batean audio puska bat nola ipini daitekeen aztertzen aritu naiz burubelarri. Eta azkenean,……tatxan!!!!! Hemen duzue gure lehen podcasting-a!!!! Behean agertzen den barratxoan “play” botoitxoan klik egin eta nire bi ikasleek Anariri egindako elkarrizketa entzun ahal izango duzue (hurrengorako grabazioak kalitate hobeagoa izaten ahaleginduko gara).

PD: Sorgintxo gure taldetxotik joan zinenetik hutsune haundi bat daukagu gure gelan. Muxu haundi bat zuretzako!!!

Jmol

Interneteko ozeano zabalean nabigatuz JMOL topatu dut. JMOL molekulak ikusteko miniaplikazioa da. Berez Javan idatzita badago ere, applet arrunta baino askoz ere gehiago da.

  • Marko anitzeko (XYZ) formatoan egindako simulazioetako emaitzak anima ditzake.
  • Atomoen arteko distantziak neur ditzake, baita loturen angeluak eta angelu diedrikoak.
  • Abiadura bektoreak, une bipolarrekoak… erakus ditzake, baita kargak eta ikur atomikoak ere.
  • Molekulen egituren irudiak kalitate handian esportatzen ditu.
  • Estandar hauekin konpatiblea da: ACES II, ADF – Amsterdam Density Functional, Dalton, GAMESS, g90 – Gaussian 90, g92 – Gaussian 92, g94 – Gaussian 94, g95 – Gaussian 95, g98 – Gaussian 98, Jaguar, MOPAC, single- and multi-frame XYZ (xmol), PDB (ATOM and HETATM entries only), CML (Chemical Markup Language).

Gehiago jakiteko: Jmol

Gainera, Moodleren erabiltzaileentzat albiste onak daude, modulu batean integratuta baitago (informazioa kontsultatu ahal izateko hautatu “Login as guest”)

Norbaiti baliagarria izatea espero dut. :idea:

Ongi izan.

OHARRA: Aurrekoarekin gertatzen den bezala Xarneguk aplikazio interesgarri honen erreferentzia utzi zigun pasa den urtarrilaren 16an. Kimika edo biologiako irakaslea bazara probatzea gomendatzen dizut. Benetan izugarria Jmol-ek eskaintzen duena. Mila esker Xarnegu!!!!

CMAP

IHMC izeneko institutu amerikarrak software libre bat eskaintzen du holako mapak egiteko. Nire ikasleekin erabiltzen ari naiz, eta benetan erraza eta egokia da. Wordekin kontzeptu-mapak edo fluxu-diagramak egitea nahiko deserosoa da. Aplikazio honekin, aldiz, aise sortzeaz gain, edozein elementu lekuz aldatu nahi dugunean gezi guztiak atzetik doazkio :eek: . Gainera, ez dugu ahaztu behar irakasleak ikasleei kontzeptu-mapa egiten badie aprendizaia asko errazten dela, baina ikasleek berek mapak egiten badituzte aprendizaia sakonagoa eta iraunkorragoa izango dela.

Nafarroako unibertsitate publikoak kongreso bat sortu zuen gai honen inguruan.

Besterik ez, mila esker foro hau guztion eskura jartzeagatik.

OHARRA: artikulu hau orain dela aste batzuk gure kide berria den Xarneguk iruzkin batean ipini zuen. Irakaskuntza munduan bereziki baliagarria den tresna honek IKTeroetan leku berezia behar zuela kontsideratu dut eta horregatik ekarri dut hona.