Harremanetarako formulario berria

jotformAspalditik genbiltzan gure irakurleekin harremanetan jartzeko dohaineko formulario baten bila. Formularioa sortzea, berez, erraza da; leku askotan topa daitezke formularioak sortzeko gidak. Arazoa bestelakoa da; mila buelta eman ondoren ez genuen lortzen formularioen erregistroen jarraipena egitea, alegia, norbait gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero nola gureganatu datu horiek eta ondoren hauen jarraipena egitea (kontutan izanik Blogsomek eskaintzen duen hosting-a dohainekoa dela eta ezinezkoa dela testu eta argazkiak ez ezik beste inolako artxiborik igotzea).

Baina IKTeroetan badugu mutur-fina duen sabueso horietako bat, sare osoa goitik behera arakatzen duen horietakoa; nola esango genuke…..uhmmmmm…. gure “del.icio.us partikularra” :mrgreen: . Atzo bertan Magic-ek Jotform izeneko webgune batekin jo zuen.

Jotform formularioak sortu eta kudeatzeko tresna eraginkorra da. Formularioak di-da batean sortzen dira. Aplikazioa %100 AJAX-en egina dago, ez duzu kode lerro bat ere sartu beharrik, dena era oso bisualean burutzen da. Formulario baten ohiko eremuak eskaintzen dizkizu (formularioan bertan artxiboak eransteko aukera eta guzti ematen du). Behin gustukoa duzun formularioa prestatu ondoren HTML kodea kopiatu dezakezu eta zure webgunean txertatu. Listo!

Norbaitek formularioa betetzen duenean ziztu batean jasotzen duzu honen berri Jotform-en aurretik eman duzun helbide elektronikoan. Jasotako mezuan atal bakoitzean ipinitako informazio osoa jasotzen duzu. Webgunera sartuz gero formulario bakoitzeko informe zabal bat duzu web formatuan. Nahi izanez gero Excel, CSV edo beste formatu desberdinetara esportatu ditzakezu datu guztiak ondoren informeak sortu ahal izateko.

Laburtuz, web 2.0-ren filosofiaren barnean koka daitekeen beste aplikazio berri honekin kanpoko kodea onartzen duen edozein blogetan zure formularioa pertsonala txertatu dezakezu oso modu errazean. Proba ezazu!

Zuen iradokizunen zain geratzen gara :wink:

Ah!!! Ahaztu baino lehen!. Hainbeste denbora horrelako zerbaiten bila ibili ondoren atzo bertan topatu genuen The Form Assembly aplikazioa, hau ere formularioak online sortzeko tresna izanik. Ez dugu probatu oraindik, baino lehen bistazoan Jotform baino konplikatuxeagoa ematen du.

Leiho ez-intrusiboak

Gure ezjakintasuna gainditu nahian, hortxe gabiltza era guztietako frogak egiten eta, oraingoan, hementxe gaude gure saiakera horien fruitu berri bat aurkezteko asmoz.
Ohiko pop-up leihatila intrusiboak saihesteko neurriak ugaritu dira eta, zorionez, interneten nabigatzen ari garenean, ez da gertatzen garai batean horrenbeste haserretzen gintuena. Nolanahi ere, lasai egon, gure ariketa honetan ikusiko dituzuen leihoak Greybox izeneko proiektuan ikusitakoan oinarritzen dira eta atseginak direlakoan gaude. Innerdiv izeneko leihoen antza handia dute.
Ondorengo esteketan klik egiten baduzue, leihatilatxo bat irekiko zaizue eta pantailaren gainontzeko eremua ilunduko da, lightbox izeneko efektu bitxiarekin gertatzen den bezala. Baina gure lantxo honetan, argazkiak ez ezik, beste edukiak ere jartzeko aukera izango dugu, hala nola: flash pelikulak, estekak, formularioak… Muga bakarra norberaren irudimena litzateke.

Ea atsegin zaizuen.

Del.icio.us

Flash bat

Beste Flash bat

Aurki

Sustatu

Beharrezkoa den guztia zip formatuan deskargatzeko egin klik hemen

Microsoft Shared Computer Toolkit

Microsoft Shared Computer ToolkitNahiz eta albiste honen berri gaur izan esan beharra daukat sorpresa handia jaso dudala konturatu naizenean del.icio.us-en toolkit honen berri jada pasa den urtearen ekainetik aurki zitekeela. Nahiz eta erdarazko bertsioa duela gutxi kaleratu, badirudi aplikazio honen ingelesezko bertsioa aspalditik zegoela eskuragarri. Beraz, ziurrenik zuetako askok Microsoft-ek eskaintzen duen dohaineko tresna multzo honen berri izango duzue jada. Halere hona hemen hiruzpalau ezaugarri interesgarri.

Aplikazio sorta honen bitartez ordenagailuak erabiltzaile askorekin partekatu behar den lekuetan (hala nola, ikastola, liburutegi, ziberkafe… ), hauek era egokian konfiguratu, babestu eta mantendu daitezke bestelakorik gabe. Microsoft Shared Computer Toolkit Windows Xp duten ekipoetan erabiltzeko optimizatuta dago soilik eta hemendik jaitsi dezakezue. Hori bai, artxiboa deskargatu ahal izateko lehenik eta behin Windows-eko lizentzia ofizialaren jabe zaretela egiaztatzen du. Horretarako “Windows Genuine Advantage” delako plugina instalatu beharko duzue eta, ondoren, duzuen lizentzia ofiziala dela egiaztatuko du. Hala bada aplikazioa arazorik gabe deskargatu ahal izango duzue; bestela imaginazioari eman beharko diozue :mrgreen:

Toolkit honen abantaila nagusienak ondorengoak dira:

  • Windows-peko diskoen babeslea: Windows-eko partizioan erabiltzaileek egiten dituzten aldaketen jarraipena egiten du; birusak, spyware edota sistemako artxiboetan egindako aldaketak monitorizatzen ditu. Ordenagailua berrabiarazterakoan, aldaketa hauek ezabatzen dira eta diskoa bere jatorrizko egoerara bueltatzen da. Halere, sistemaren edota antibirus korporatiboaren eguneratzeak mantentzeko konfigura daiteke ere. Beste edozein karpetan ere aldaketak mantendu nahi badira tresnak horretarako ere aukera ematen du.
  • Erabiltzaileen baimenen murrizketa: erregistroa ikutu gabe edota talde direktibarik zehaztu gabe, erabiltzaileen baimen lokalak murrizteko aukera ere ematen du. Hauen artean:
    – Erabiltzaile kategoria bakoitzeko idazmahai pertsonalizatua (bat HHko ikasleentzat, beste bat LHkoentzat eta beste bat DBH-DBHOkoentzat, adibidez)
    – Sistemaren hainbat gune delikatuetarako sarbidea debekatzen du, hala nola, kontrol panela edota erregistroaren editorea.
    – Datu unitate baterako sarbidea galaraztea
    – Aurretik instalatu ez den softwarea erabiltzeko aukera ezabatzen du.
    – Ikasle bakoitzak saioa abiarazten duen bakoitzean bere profilaren eguneraketa blokeatzen du.
    – Aukera ematen du ere ikasle bakoitzaren saioari tenporizadore bat atxikitzeko; aurretik finkatutako denbora muga pasaz gero saioa automatikoki ixten da.
  • Profilen administratzailea: Baldin eta C unitatea datuen aldaketekiko babestuta badago erabiltzaile kontu bat sortu daiteke D unitatean adibidez. Horrela irakasle baten profila gune honetan gorde daiteke, berak C unitatean egindako aldaketa guztiak ezabatu gabe mantendu daitezkeelarik.
  • Irisgarritasuna: Windows-ek eskaintzen dituen abantaila guztiak erabiltzeko aukera ematen du: teklatua pantailan jar daiteke, letra tamaina handiak… arazorik gabe erabil daitezke.
  • Komando lerroko tresnak: eginkizun zehatzagoak garatzeko aukera ematen du, hala nola, programa jakin bat abiaraz daiteke ekipoarekin batera, administratzaile kontuak desagertaraz daitezke ongo-etorriko pantailatik…

Bukatzeko adierazi behar da Windows Server-eko Active Directory-rekin uztartzeko aukera ere ematen duela.

Duela urte batzuk gure ikastolan Custodius txartelak erabili genituen garaiak gogoratu dizkit. Oso esperientzia ona izan nuen txartel hauekin (aurrean aipatutako eginkizun berdinak burutzen zituen baina hardwarean oinarriturik); halere ekipoak Windows Xp-era eguneratu genituen eta ondorioz txartel guztiak kutxatxo batean gorde behar izan genituen. Produktua primerakoa izan arren ezin esan gauza bera enpresari buruz. “Publicidad engaƱosa” egiteaz gain bezeroekiko atentzioa oso eskasa izan zela adierazi beharrean nago. Jaso dezatela lerro hauetatik nire gaitzespenik handiena.

Beraz, ikastetxe batetako sare administrari lana burutzen baduzu, jakinda zenbat burukomin izaten ditugun gure ikasleen arduragabekeriengatik, infogeletan Microsoft Shared Computer Toolkit instalatzea gomandagarria izango zaizula iruditzen zait. Guk ikasturte amaieran, ekipoen eguneraketa egitea tokatzen zaigunean, probatuko dugu. Esango dizuegu nola joan diren gure esperimentuak.

Screamer irratia

Screamer irratia Gaur egun osoa irratia jarrita pasa dut. Egia esan, ez dut ohitura handirik, eta inoiz ez ditut erabili internetek ematen dituen aukerak irratia entzuteko. Baina, goizean goiz, nire gustuko blogen artean errepasotxoa ematen ari nintzela, Digizen-en aurkitutako artikulu honekin egin dut topo. Bertan, Screamer irratiari buruz hitz egiten zen eta hainbat ezaugarri ikusita instalatzea erabaki dut.

Ezaugarriak

Ezaugarri nagusienak

  • Dohainekoa
  • Erabilerraza
  • Entzuten duzuna graba dezakezu (kalitate onean)
  • Irrati mordo bat dituzu aukeran (generoz, kokapenaz…sailkatuak)

Beste hainbat ezaugarri

  • Pantailan ez du toki gehiegirik behar eta, gainera, ezkuta daiteke
  • Hizkuntza ezberdinen artean aukera dezakezu (euskara oraingoz ez)
  • Emisora bakoitzeko karpeta bat sortzen dizu programak bertatik grabatutakoa gordetzeko
  • Gustukoen dituzun emisoren zerrenda osa dezakezu, hurrengoan erabiltzen duzunean eskura izateko

Soinuaren ezaugarriak

Grabazio ezaugarriak

  • Abesti erdian has zaitezke grabatzen eta, halere, abesti osoa graba dezakezu!
  • Zuzenean MP3ean gordetzen duenez, ez dago kalitate galerarik!
  • Zuzenean OGG Vorbis-ean gordetzen duenez, ez dago kalitate galerarik!
  • OGG Vorbis-etik MP3era pasa dezakezu Lame erabiliz
  • WMA ere MP3 bihur dezakezu Lame erabiliz

Zehaztasun teknikoak

Artxiboa deskargatu gabe ere on-line entzun dezakezu, baina deserosoa izateaz gain (banan-banan zoaz emisora bakoitzera), ez dizu zuzenean grabatzeko aukerarik ematen.

Gaur, nostalgiko samar nenbilela eta Beatles Radio deituriko emisora bat entzuten denbora dezente egon naiz. Imajina dezakezue, Beatlesen betiko abestiak, beste abeslari batzuek bertsionatutakoak, denetarik!! Gero, beste lauzpabost ere gehitu ditut nire zerrendan…Gustura egon naiz.

Aurkezpenak on-line!

Lehengo egunean, Aula 21ean azken berriak irakurtzen ari nintzela, aurkezpenak on-line egiteko balio duen dohaineko baliabide batekin egin nuen topo: Thumbstacks.com

Tresna, berez, oso sinplea da. Laburki komentatuko ditut eskaintzen dituen aukerak eta falta zaizkionak:

Indarguneak:

1. Zuzenean sarean lan egiten duzu (horrek dakarren guztiarekin: edozein lekutatik sartu, editatu, aldatu eta publikatzeko aukera)
2. What-you-see-what-you-get testu editorea (ezinbestekoak diren botoiak ditu soilik)
3. Irudiak eta estekak jar daitezke.

Gabeziak:

1. Transiziorik eta animaziorik ez
2. Audio edo bideoak txertatzeko aukerarik ez

Ikusten duzuenez bere mugak baditu, eta, gainera alpha fasean dago, beraz, badu zer hobetu oraindik. Hala ere, hasteko ondo dago.

Please note! You’ve heard of Beta software – Thumbstacks.com is Alpha software (that’s one before beta). That means we’re still working on it, still making changes, and still testing. Some things may not work as expected, and other things may change suddenly (even while you’re using them).

Baina irudiek hitzek baino balio gehiago omen dute eta, hala bada, onena prestatu dizuedan aurkezpentxoa ikustea izango da. Horretarako, egin klik beheko irudian eta eman click here to start jartzen duen tokian: