vyew, etorkizun handiko beste Web 2.0 aplikazio bat

Geroz eta gehiago dira Web 2.0 pegatinarekin sortzen ari diren web aplikazio berriak. Modan dagoela esan dezakegu. Horrelakoetan gertatzen ohi den bezala, ikur honen atzean balio handiko aplikazio asko aurki daitezke baina beste askok ez dute ezer berezirik eskaintzen edota ez daude behar bezain ondo garatuta oraindik.

Atzo gauen Magic eta biok luze aritu ginen vyew probatzen eta biok bat gatoz aplikazioa epaitzerakoan: tresna zertxobait gehiago fintzen badute etorkizun handiko aplikazioa izan daiteke.

vyew, Writelyren antzera, elkarlana edo lan kolaboratiboan lagungarri izan daitekeen beste aplikazio berri bat da. Writelyn testu dokumentu baten gainean lan egiten den bezala, vyewn dokumentu mota askorekin egin daiteke lan baina beti ere hauek irudi bezala tratatuz. Tresna barra txiki batean irudien gainean arrastoak, irudiak, testua… eransteko aukera ematen du eta guzti hau DENBORA ERREALEAN. Hau da, Writelyn kide batek egindako aldaketak antzemateko lehenik gorde egin behar dituzu; kasu honetan kolaboratzaile bakoitzak egindako aldaketak bat-batean ikusten dira. Benetako elkarlan sentsazio hau areagotzeko oraindik, aplikazioak txat bat ere eskaintzen du, partaideen artean iritziak partekatzeko irudian aldaketak egiten diren heinean. Atzo gauen probatu genuen eta benetan harri eta zur geratu ginen zenolako interaktibitatea lortzen zen ikusi genuenean.

Irudiak konpartitzeko balio duela esan dut hasieran baina ondo zehaztu beharko genuke zein “irudi motataz” hitz egiten ari garen:

  • Orri zuri bat: aukera dago, arbel interaktibo baten modura, orri zuri bat konpartitzeko. Tresna barrako aukera desberdinekin edozein irudi marraz daiteke. Interesgarria adibidez eskemak era konpartituan eratzeko.
  • Ordenadorearen “pantailazo” bat: zure ordenadoreko pantailan ikusten duzuna kopiatzeko aukera ematen dizu eta ondoren konpartitzen ari zaren gunera igotzen du bere gainean behar diren aldaketak egiteko
  • Zure ekipoan duzun edozein irudi: arakatzaile txiki bat irekitzen da eta gordeta duzun edozein irudi igo dezakezu. Horretarako aplikazioak 10 Mb-eko disko zati bat ematen dizu igotako artxiboak gorde eta antolatu ahal izateko.
  • Online dituzun argazkiak: Yahoo! Photos, Kodak Gallery edota Flickr-en gordetako argazki edo irudiak partekatzeko aukera ematen du. Flickr-etik argazkiak pasatzeko nahikoa da zure kontuko datuak txertatzea eta automatikoki zure argazki guztiak agertuko zaizkizu nahi duzuna aukeratzeko.
  • Yahoo! Maps-eko mapa bat: hau bai aukera originala!. Yahoo! Maps-etan oinarrituriko mapen gainean aldaketak egin ditzakezu denbora errealean zure kolaboratzaileekin. Bote-prontoan ikasleekin erabiltzeko tresna interesgarria izan daitekeela iruditzen zait. Geografiako hainbat ariketa burutu daitezke honekin, adibidez. Zoritxarrez eskaintzen duten mapa EE.BBkoa bakarrik da. Ea laster ematen duten aukera mundu osoko mapak maneiatzeko.
  • PDF dokumentuak: oso interesgarria ere. Edozein pdf igo ondoren, nabigatzaile txiki bat agertzen da dokumentuan aurrera eta atzera egiteko. Edozein orriren gainean egin ditzakezu aldaketak; zure lantaldekoek berehala ikusiko dituzte aldaketak.
  • Flash artxiboak: atzo bertan swf bideo bat igo eta ikusten egon ginen elkarrekin.
  • Office documentuak: Word, Excel edo Powerpoint dokumentuak ere igo daitezke (beti, noski, irudi modura kargatzen ditu, hau da, ezin da testua editatu) bertan edonorrek bere ekarpenak gehitu ditzakelarik. Zoritxarrez oraindik ez dugu lortu doc eta ppt artxiboak ondo bisualizatzea. Aplikazioa oraindik beta fasean dago, beraz, badute zer hobetzeko oraindik.
  • Google bilaketak: Google Shared Search delakoaren bitartez bilaketak egin daitezke hauen emaitzak une berean lankide guztiek ikusi ahal izango dutelarik. Emaitzak markatu daitezke eta hauen gainean klik eginez webgunea irekiko da zure nabigatzailean.

Ikusten duzuen bezala izugarrizko aukerak eskaintzen ditu lankideekin partekatzeko edota ikasleekin erabiltzeko. Honen inguruan ere badu zerbait bitxia: Writelyrekin gertatzen den bezala zure kolaboratzaileak emailez gonbidatu ditzakezu baina ordenadore gelan zure ikasleekin partekatu nahi izango bazenu beste aukera bat daukazu: “meeting” bat sortzen duzun bakoitzeko honek ID klabe bat hartzen du automatikoki. Klabe hau zure ikasleei eman eta webgunearen atarian dagokion gelaxkan sartuz zure dokumentuak partekatzeko aukera ematen diezu. Seguru Magic eta Sei dagoeneko buruari bueltaka ari direla tresna hau gure ikasleekin nola erabil daiteken pentsatuz. Probak egingo ditugu eta kontatuko dizuegu zertan joan den dena.

Guk Firefox eta Explorer-en probatu dugu eta nahiz eta bietan nahiko ondo moldatu, onartu beharra daukagu oraindik Firefox-en tresna batzuk ez dutela erabat ondo funtzionatzen. Lastima!. Akats txiki honengatik izango ez balitz, 10etik gertu dagoen aplikazio baten aurrean egongo ginatekeela esango genuke.

Fotolog, nerabeen fenomenoa

Aspalditik honen inguruko artikulu bat idazteko asmoa banuen ere, ez dut ezer egin gaur Euskaljakintzan post hau ikusi dudan arte. Futbol zelai berriaz hitz egiten du eta bertan fotolog baten esteka agertzen denez, bertara jo eta ezaguna egiten zitzaidan gune eta hizkera batekin topo egin dut.

Fotolog, jakingo duzuenez, sarean dohain aurki dezakegun beste baliabide bat gehiago da. Kontua da edonork, alta eman eta gero, egunero argazki bat eskegitzeko aukera ematen duen gune bat izan dezakeela. Argazki bakoitzarekin testua sar daiteke eta iruzkinak egiteko aukera ere badago. Gune hauek gure bailaran puri-purian daude eta Messenger-aren itzalean sorturiko taldeetan hedatzen eta ugaltzen ari dira. Horregatik, fotolog gehienetan, oso erraz identifikatuko ditugu Messenger-eko hizkera edota SMSrena.

Aspaldi honetan, oso kezkaturik jarraitzen ari naiz Goierri inguruko nerabe batzuen fotolog horiek eta, puritanoa ez izan arren, aitortu beharra daukat lotsa sentiarazten didatela erabiltzen duten Euskara kaskarra dela eta. Ni naiz lehenengoa nire Euskara idatzia zuzendu eta hobetu beharko lukeena eta, askotan antzematen ez bada ere, zin dagizuet saiatu, saiatzen naizela. Baina hanka-sartze bat edo beste egitetik hauek egiten dutenera, mundu bat dago.

Ondorengo fotolog hauek ausaz hautatu ditut eta begiratzeko eskatu nahi dizuet. Hori bai, denbora gehiegi ez galdu, izan ere, bat ikustearekin nahikoa da beste guztiak nolakoak izango diren jakiteko.

Fotolog: bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi eta hamar.

Behar adineko patzientzia izan baduzue, zorionak.

Oraindik gogoan dut gure ikasle baten blogean, bere Euskara kaskarra zela medio, idatzi zuten iruzkina eta horren ondorioz, gurean idatzi genuen erantzuna. Zalantzarik gabe, hauen ondoan, ikasle horrek Atxaga ematen du.

Baina post hau idaztearen arrazoia ez da Fotolog horien salaketa publikoa egitea, hausnarketa txiki bat egitea baizik. Izan ere, fotolog ugari arakatu eta gero, gauza bat egiaztatu dut: egileen artean, gurekin blogari bihurtutako ikasle pare bat besterik ez dagoela eta beste egile guztiak DBH2, 3 eta 4ko ikasleak direla (gure ikastolan blogen lanketa hori egiten ez dutenak, hain zuzen ere).

Puntu bateraino onartu beharra dago lagunarteko hizkera lagunartekoa dela. Helduok ere ez dugu berdin idazten postaz lagun bati mezu bat bidaltzen diogunean edo gure lanean idatzi bat egin behar dugunean. Baina hortxe dago koska!!! Jakin badakigu erregistroz aldatzen egoeraren eta unearen baitan. Horixe da nik, behintzat, gune hauen hedatze eta erabiltzeari leporatzen diedana, azken finean, ikasleak jardun errazenera bideratzen dituztela, hizkuntzarekiko axolagabetasunera, hain zuzen ere. Hortik aterata jakingo balute hizkuntza errespetatzen, gaitz erdi! Halere, irakasleok badakigu, egunero bizi dugulako, hori ez dela horrela. Beraien lagunarteko hizkera (euskara eta gaztelania nahastuz, egitura traketsak erabiliz, berebiziko ortografia akatsak eginez, azken finean, hizkuntza oinarrizko lau hitz eta egituretara mugatuz) gure eguneroko jardunean jasan behar izaten dugu (lanetan, azterketetan…) gauzarik ohikoena izango bailitzan. Irakaslea behin eta berriz okerrak zuzentzen saiatuz eta bueltan jasotzen duguna hauxe izaten da gehienetan: eta zer dago gaizki, ba???

Eguna joan eguna etorri gazteleuskara edo euskañol hau idazteak ondorio lazgarriak dakartza alfabetizazio eta euskararen normalkuntzarako. Gaur egun, hainbeste eztabaidatzen ari den euskara batua eta euskalkien papera eta eremuaren mugak zeharkatu eta gainditzen ditu (bi hauen kalterako).

Beste ikuspegi batetik begiratuta, Teknologia Berrien erabileran alfabetizazio baten beharra nabarmena sumatzen dut. Fotolog bezalako guneak erabiltzen dituztenen ezagutza maila ez dut zalantzan jartzen, baina ez zait iruditzen egin daitezkeen beste erabilpen ezberdinak ezagutzen dituztenik. Gure ikastolako ikasle batzuen fotologak ezagutu nituenetik, “sonda” batzuk bota ditut euren errealitatea hobeto ezagutu nahian eta, hanka sartzeko batere beldurrik gabe esan dezaket, egun, sareak eskaintzen dituen baliabide gehienak ez dituztela ezagutu ere egiten. Gauza bera esan dezakegu internetez duten filosofiari buruz, izan ere, guk horrenbeste goraipatzen ditugun elkarlana eta partekatze bezalako kontzeptuak une honetan beraientzat kontzeptu antzuak direla esango nuke nik. Horregatik, eta beste arrazoi askorengatik, gure ikastolan abian ditugun proiektuekin bete-betean asmatzen ari garela pentsatzen dut, nahiz eta maila guztietara zabaltzea falta zaigun.

Publikoa (PDF)eta aitortua da nire lankidea den Maiteren(Seiren) lana, baina nik uste dut goraipatzeko garaia iritsi dela. Irakaskuntzan dihardugunok ederki asko dakigu zein zaila den adin horretako ikasleen motibazioa piztea eta, are zailagoa, Euskara bezalako gai batean. Gure ikasle helduenek, Hautaprobetako eredua ikusi orduko (laburpena, gaia eman…), ezer berezirik egin gabe emaitza ona atera dezaketela pentsatzen dute. Eta oker dabiltza, izan ere, nota altua ateratzeko zailena eskatzen zaie: hizkuntza maila ona erakustea! Hori ez da buruz ikasten. Hori ez da egun batetik bestera prestatzen. Hori eguneroko lanketa serio eta duin baten emaitza baino ezin da izan. Baina Maitek eginiko lan bikainari esker, motibazioa ez ezik, beste gauza garrantzitsu asko lortu du: Euskararekiko konpromisoa eta jarrera aktiboa, komunitatearekiko jarrera eraikitzaile eta parte-hartzailea, internetek eskaintzen dituen abantailaz baliatzeko bitartekoen erabilera, elkarlanean oinarritutako ohituren sistematizazioa… Zorionak, Maite!!!

Jolaus eta biok beste helburu ezberdinekin hasi ginen eta emaitza ezberdinak izanik ere, zalantza izpirik gabe, pozik egoteko arrazoi ugari daukagu. Beharbada, kasualitatea besterik ez da, baina gure ikasleen jarduna sarean beste era batekoa da. Honek ez du esan nahi Messenger bezalako tresnak erabiltzeari uko egin diotenik, baina beste erabilpen eta tresna ezberdin ugari ezagutzen dute eta bakoitzari dagokion esparrua eskaintzen diote. Funtsean, horrela ulertzen baitugu gure lana: bizitzarako bitartekoak eskaini norberak erabakia har dezan.

JPEG Resizer

Oso tresna apala aurkeztu nahi dizuet, baina xumea izanda ere denbora pilo bat aurreztu didana.
Noizean behin argazki-albumak sortu behar badituzue, edo irudi asko prozesatu guztiei tamaina bera emateko, zer lan nekagarri bezain aspergarri den jakinko duzue, ezta Magic?
JPEG Resizer izeneko doako aplikazio honek lana guregatik egiten du.
Oso erraza da:

  1. Argazkiak dauzkaguneko karpeta zein den zehaztu.
  2. Zer tamaina eta konpresio-ratio nahi ditugun aukeratu.
  3. Irudi konprimatuak zer karpetan gorde behar diren adierazi.
  4. Oinak mahai gainean jarri programatxoa lanean ari den bitartean.

JPEG Resizer

JPEG Resizer-en webgune berean fitxategi askoren izenak aldatzeko balio duen beste aplikazio bat badago, MultiFile Renamer, alegia. Ez dut probatu, baina eginbehar mekaniko hori erraztu eta azkartzeko norbaiti ongi etorriko zaiolakoan nago. Hala bada, kontaiguzue mesedez.

Songbird, opensource-ean oinarritutako iTunes-en aurkari berria

Pasa den ostiral goizean, nire azken feed-ak irakurten ari nintzela, Prospektibako artikulu interesgarri bat irakurri nuen “social bookmarking“-a musika mundura ere heldu dela azaltzen zuena. Bukatutakoan, nire postontzian JBurgoak ostegun arratsaldean bidalitako mezu bat nuela konturatu nintzen. Bere betiko tonu txistosoan (mundialak zure korreoak, Javi!) Songbird delako aplikazio baten berri ematen zidan. Hasiera batean ez banuen oso garbi ere aplikazioaren muina zein zen, inbestigazio lan txiki baten ondoren Enekok bere artikuluan txertatzeko moduko beste aplikazio baten aurrean egon gaitezkeela pentsatzen dut. Ea zuei zer iruditzen zaizuen.

  • Zer da Songbird?
  • Songbird aplikazioaren webgunean irakur daitekeen bezala:

    “Songbird is a complete desktop media player or “jukebox” with a uniquely open approach to Internet digital media network services.”

    Beraz, eMusic, Last.fm, Odeo, iTunes… webguneekin gertatzen den bezala “digital media” baliabideak kudeatzen dituen beste leku bat da.

  • Teknikoki zertan oinarritzen da?
  • XUL hizkuntzan garatutako opensource aplikazioa da. Beraz, Mozilla Foundation-ek sortutako Firefox nabigatzailearen plataforma berean eraikitako web erreproduzitzaile bat da. Ondorioz, Windows, MacOS eta Linuxpean erabili daitekeen opensource aplikazioa da. Probatu nahi duenak hemendik jaitsi dezake. Pioneers Of The Inevitable (a ze izen ponpoxoa! :mrgreen: ) garatzaile taldearen ardura izan da aplikazio hau aurrera ateratzea, bere atzean Rob Lord aurkitzen delarik (hona hemen Boing Boing blogean berarekin egindako elkarrizketa bat), Winamp erreproduzitzaile ospetsuaren garatzaileetako bat. Duela gutxi kaleratu dute 0.1.1 bertsioa eta badirudi oraindik ez dela erabat egonkorra (akats batzuk omen ditu oraindik).

  • Eta zer da, bada, Songbird-ek eskaintzen duena?
  • Audio formatu desberdin mordo bat erreproduzitzen ditu: MPEG Audio (.mpga), MPEG Layer 3 (.mp3), MP4 Audio (.mp4a), Ogg Vorbis, Speex, AAC, WMA, FLAC, LPCM, ADPCM eta AMR. Azken bertsioan, FLAC eta WAv formatuekin bateragarria bihurtu dute.
    Tresna eleanitza: hizkuntza ugaritan konfigura daiteke
    Audioa inportatu eta diskoak grabatzen ditu: Cdak ripeatu edota gure CD edo DVD propioak sor ditzake
    Theme eta pluginak gehitzeko aukera: une honetan bi theme daude bakarrik eskuragarri eta pluginik bat ere ez.

  • Askok eskaintzen dute hori guztia. Ez al dago besterik?
  • Ba bai. Bere ezaugarririk garrantzitsuena zera da: gure disko gogorreko musika bilatu, erreproduzitu eta zerrendatu dezakeen bezala, gauza bera burutu dezake web-ean aurkitzen duen guztiarekin. Hau da, web osoa arakatzen du (”URL Slurper” arakatzaileari esker) irrati, podcast, online dagoen edozein musika edo bideo artxibo… bilatuz, erreproduzituz eta, gainera, zerrendatuz. Hori gutxi balitz, aplikazioa RealNetworks Rhapsody edota Yahoo!-ren musika dendekin bateragarria da.

  • Eta zergatik da bada iTunes-en aurkaria?
  • Songbird -en atzean dagoen filosofia iTunes-en guztiz kontrakoa delako. Songbird-ek sarean dagoen edozein audio edo bideo ekoizpen bilatzen ditu zuretzako, izan ere sakabanatuta dauden baliabide guzti horiek zure ekipoan zentralizatzen ditu. iTunes-ek berriz kontrakoa egiten du. “DRMatutako” materiala ondo babestutako denda batetik mundu osora zabaltzen du iTunes-ek bere musika, noski, honen truk xoxa batzuk ordaindu ondoren, noski. Songbird-ekin audio eta bideoa, jatorrian eros daiteke, materiala bera sortu dutenei, inongo bitartekaririk gabe. Songbird-ekin musika edo bideoen merkatua liberalizatu daiteke bitartekariak ekidituz.

Denbora pixka bat eman beharko diogu horrelako aplikazioei baina “Musikaren Firefox“-a bezala ezagutzen hasita dagoen aplikazio honek arrakasta handia eduki dezakeela iruditzen zait. Laster ikusiko dugu.

WP 2.0 instalatzeko flash tutoriala

Oraintxe bertan, bloglinesen nire iturrietan begia satzen ari nintzela, digizenen interesgarria oso iruditu zaidan tutorial bat topatu dut. Rachel Cunlikkek garatutakoa da eta, bertan, WP 2.0 instalatzeko eman beharreko urrats guztiak azaltzen dira flash aurkezpen batean. Ingelesez egonagatik, hain grafikoa, ulerterraza eta erabilgarria iruditu zait non ez baitut hona ekartzeko aukera pasatzen utzi! Beraz, wordpress 2.0 instalatzen bazabiltza, baina ez badakizu oso garbi nola, klikatu ondorengo irudian egin beharrekoa xehetasun osoz ikusteko (itxaron une batez beheko barra mugitzen hasten den bitartean).

Tutoriala ikusteko klikatu irudi honetan