Google-ek Writely erosi du

Gaur bertan aditzera eman dutenez Google-ek sareko testu prozesadore ezagunena erosi du. Badirudi Google-ek denbora tarte bat beharko duela aplikazioa bere zerbitzarietara eraman eta beharrezkoak diren hobekuntzak txertatzeko. Hori dela eta, erabiltzaile berrien harpidetza itxi egin dute bolada baterako:

We have closed off new registrations until we move Writely to Google’s systems.

Please submit your e-mail address and we’ll send you an email when registration opens back up!

Ez dira batere albiste onak gaur bertan HUHEZIn hasi berri duten ikastaroan parte hartuko duten ikasleentzat. Lastima!

Ez dira gutxi izan, azkenaldi honetan, “Google Office” aplikazioaren inguruan azaldu diren artikuluak. Askok OpenOffice-ean oinarritutako aplikazioa garatuko zutela pentsatzen genuen baina mugimendu berri honek egoera zeharo aldatzen duela iruditzen zait. Gertutik jarraitu beharreko albistea.

Aukera anitzeko galdeketak sortu nahi?

Multi-choice Qiz Generator Aurreko egunean, ariketak egiteko beste aplikazio baten berri eman zuen Mario Nuñezek Digizen gunean. Joko eta jarduera elkarreragileak modu erraz batean sortzeko tresnaren baten bila bazabiltza, hementxe duzu aukera on bat Andrew Field-ek garatutako programarekin.

Andrewk sortutako aplikazioak, besteak beste, erantzun anitzeko galdeketak sortzeko parada ematen digu. Andrew ordaindu beharreko aplikazio ezberdinen sortzailea da, baina oraingo honetan Match-up quiz Generator, Fling the Teacher Generator eta Multi-choice quiz Generator direlakoak denon eskura jarri ditu. Egin beharreko gauza bakarra da Content Generator foroan alta eman eta bertatik dohaineko baliabide hauek zure ordenagailura jaitsi.

Egun hauetan nire ikasleekin esamoldeak lantzen ari naiz (nahiko interesgarria suertatzen ari denez, artikulu bat eskainiko diot hurrengo batean lanketa honi). Kontua da, beste programa batekin sortu ditugula esamoldeak lantzeko jarduerak baina atzo Multi-Choice Quiz Generatoren berri izan nuenean , azken taldeari bere ariketa sortzeko baliabide hau erabil zezan eskatu nion. Halere, badu eragozpen bat: ez dago euskaratuta! Hori horrela ezin utzi eta, berehala, Andrew-rekin harremanetan jarri nintzen nire burua euskaratzeko eskainiz. Bere erantzuna ondorengoa izan zen:

There is no current ability to translate the multi-choice quiz, but as it has been requested for another language, it wouldn’t be too much to do the same for you.

Not an immediate thing though, as you can actually use it anyway – the sounds and visual impact should be enough. However, when I produce a list of the key words and phrases, if you can provide me with the translations, I’ll be happy to produce a special version.

This is what I will be doing for the commercial programs anyway.

Hau da, oraintxe bertan ez du asmorik baina, beste hizkuntza batera itzultzeko eskaintza jaso duenez, bada, seguruenik martxan jarriko du. Hitz eta esaldi funtsezkoenen zerrenda sortzen duenean, horiek euskaratuz gero, bertsio berezi bat ekoizteko prest legoke. Gauzak horrela, bere zain gelditzen gara, nire ustez, baliabideak merezi du eta.

Baina luzamendutan ibili ordez, onena emaitza ikustea izango da (klikatu irudian). Azaltzen diren aukera guztiak, esamolde originalak izan ezik, noski, nire ikasleek asmatutatakoa dira (a zer barre algarak entzuten ziren ariketa sortzen ari zirenean…). Ea gustuko duzuen!

Klikatu hemen!

Euskal Curriculuma eta IKTak

1996.eko urrian, Euskal Herriko ikastolen hirugarren Batzar Nazionalean euskal curriculum propioaren beharra aipatzen zen. Esan eta egin. Urte hauetan guztietan, lan-talde ezberdinak lanean aritu dira eta lan horretara eragile ezberdinak gehitzen joan dira. Sorreran, ikastolen egitasmoa zena, herriarena dela esan daiteke. Izan ere, aditu, hezkuntza eta giza eragile ezberdinen ekarpenak jasotzeaz gain, administrazioaren babesa izan du. Gutxitan gertatzen den fenomenoa eman da kasu honetan: herri ekimenetik sortutako proiektu baten gurdira administrazioa igo eta elkarlan interesgarri eta aberatsa gauzatzen ari da.

Une honetan, egitasmoa eztabaida eta hobetze fasean murgilduta dago. Prozesu honekin, curriculumaren ildo nagusietatik hasi eta xehetasunetara iritsi nahi da, guztion proiektu bat izan dadin. Horregatik, protagonismoa alde batera utzita, guztiok bat eginda lan egin beharko genuke . Ezin da ulertu, gure gizartean horrenbeste eragina eta indarra duen sare publikoa, prozesu honetatik kanpo gelditzea, are gehiago berau sostengatzen duen administrazioa buru-belarri sartuta dagoenean. Hemendik, publikoko gure lankideei dei bat egin nahiko genieke Sortzen Ikasbatuaz-ekoek egin duten bezala, parte har dezaten.

Bestalde, gure gaiarekin zentratuz, aipamen bat egin nahiko genuke Curriculumaren atal bati buruz, IKTei buruzkoa hain zuzen ere. Beste curriculumetan gertatzen den bezala, hemen ere ez da ikasgai bat bezala planteatzen, lortu beharreko gaitasun bat bezala baizik. Hau da, ikasgai guztietan eta guztiekin garatu beharreko gaitasuna eta ezagutza litzateke. Atal honen atarikoak nahiko garbi uzten digu zein den gai honen funtsa:

Ohiko tresna eta baliabide teknologikoak trebetasunez, erantzukizunez eta espiritu kritikoz erabiltzea, informazio mota oro ekoizteko, biltegiratzeko, berreskuratzeko, lantzeko eta hedatzeko edo komunikatzeko gaitasuna garatu ahal izateko, bai eta norbera eta gizartea hobeto garatzeko egokienak diren informazioak bilatzeko, balioesteko, hautatzeko eta barneratzeko gaitasunak emateko, informazioa ezagutza bihurtze aldera.
Informazio gizarteko hezkuntzaren gaia jorratzean, esaten da teknologia horiek aukera ona direla hezkuntzaren multimedia planteamendua behingoz lortzeko, ikasleek ikaskuntzarako duten gaitasuna indartzen baitu. Multimedia hezkuntzaren kontzeptua ulertzeko, adierazteko baliabide, euskarri eta modu guztiak integratu behar dira: bai liburua, bai Internet, bai eta gaur egun eskura ditugun gainerako informazio edo komunikazio bideak ere. Ikasleak lehen aipatutako hedabide guztietan eskura dugun informazio ikaragarri pilari behar bezala aurre egiten trebatzeko, Informazioa Erabiltzeko Konpetentzia (IEK) ezinbesteko kontzeptua da. Horrenbestez, subjektuek Informazioa Tratatzeko Teknologiak (adibidez, IKTak) erabiltzeko trebetasun aurreratuak eskuratu behar dituzte; kontuan hartuta trebetasun horiek ekintza esanguratsuak egitea edo arazo esanguratsuak konpontzea izan behar dutela helburu. Definizio horren ezaugarri nagusia hau da: komandoen ikaskuntza mekanikotik eta erreminten funtzioetatik aldendu eta eguneroko bizitzako egoera hurbiletan eta interesgarrietan oinarritutako ikaskuntza sustatzea, eta IKTek aberastutako inguruneak erabiliz, curriculumaren beste ikasgai batzuen ikaskuntza eta ezagutza hobetzea.

Hori guztia aintzat hartuz, Euskal Herriko ikasle batek bere derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan lortu beharko lukeena bost ataletan banatuta dator:

  • 1. Sistema informatikoen kontrola
    Sare kontzeptuak (intranet/extranet) bereiztea eta hardwareko elementuak behar bezala menderatzea (haien mantenimendua barne), bai eta Sistema Eragile estandar baten terminologia eta funtzioak ere.
  • 2. Informazio bilaketa eta hautaketa
    Interneteko nabigatzaile baten funtzio guztiak baliatzen jakitea eta bilaketa aurreratuak eta eraginkorrak egitea.
  • 3. Komunikazio telematikoa
    Posta elektroniko estandar baten eta Interneteko beste komunikazio zerbitzuen funtzio guztiak (mezularitza, txatak, foroak…) behar bezala erabiltzea.
  • 4. Informazio prozesamendua eta edizioa
    Informazioa (testua, grafikoak, soinua, animazioa, bideoa) eraikitzeko eta editatzeko mota askotako softwarea erabiltzea, eta informazioa testu prozesadoreetan, aurkezpenetan eta web orrietan integratzen jakitea.
  • 5. Datuen kudeaketa eta kalkulua
    Egoerak eta gertaerak irudikatzea, datuen egitura bakunak sortuz, kontsultak, txostenak edo grafikoak egiteko.

Eztabaida eta hobetze fase honetan murgilduta gabiltza IKTerook ere. Ikuspegi ezberdinen berri izatea aberasgarritzat jotzen dugunez, zuen ekarpenen zain gelditzen gara. Ea denon artean, baliagarria gerta dakigukeen curriculuma lortzen dugun.

Informazio gehiago: Euskal Curriculumaren web orrian ( Internet Explorer behar da )

KPL: programazio-lengoaia berria gaztetxoentzat

Duela hilabete batzuk, Magic-ek idatzitako artikulu batean, gure ikasleekin oinarrizko programazioa era ludikoan lantzeko baliabide batzuen berri eman zigun.

Gaurkoan gai interesgarri honi berriro heldu nahi diot, Kid’s Programming Language (KPL), gaztetxoentzat espreski garatutako programazio hizkuntza berezia ezagutu baitut . Webgunera bisita egin ondoren jaso dudan lehen inpresioa ez da batere ona izan: hainbeste gif animatu ikusi ditudanean, aplikazio “beterano” baten aurrean egon nintekeela pentsatu dut. Baina errealitatea beste bat izan da. Apenas sei hilabete jarri zela martxan proiektu hau eta jadanik, datorren asteazkenean ospatuko den “2006 Industry Achievement Awards” sarietarako hautagai izendatu dute “Consumer Product Of The Year” kategoripean.

Aurkezpen modura eskegi duten dokumentu honetan (1,7 Mb) azaltzen dutenez, gaur egun aplikazioaren erabiltzaile gehienak 10-16 urte bitarteko gaztetxoak omen dira. Programazioa erakargarria bihur dadin aplikazioa bideojoku sinpleen ekoizpenera bideratu dute eta harritzekoa da zer aplikazio interesgarri gara daitezkeen kode lerro gutxi batzuk erabiliz.

Aplikazioa garatu duten egileen iritziak entzun nahi badituzue eta, bide batez, aplikazioa nola erabiltzen den ikusi, bideo hau aurkitu dut.

Une honetan KPL v1.1 bertsioa duzue eskuragai. Bertsio hau erabili ahal izateko .NET 1.1 bertsioa instalatuta edukitzea beharrezkoa da (zoritxarrez soilik Windows-pean erabil daiteke). Laster kaleratuko dute KPL v2 hobekuntza nabarmenekin.

IKTeroen artean informatikaririk ez dagoela (are gutxiago programatzailerik!) garbi utzi dugu behin baino gehiagotan baina beti izan dugu kezka bat horrelako programazio lengoaia sinpleak gure ikasleekin erabiltzea merezi ote duen edo ez. Gure irakurleen artean programatzailerik egongo balitz, eskertuko genioke aplikazio honi gainbegiratu bat emango balio eta ondoren bere iritzia hemen azpian botako balu.

Buber sariak: IKTeroak hamar blog onenen artean

Gaur goizean jakinarazi digutenez, gure bloga Buber sarietara aurkeztu diren hamar onenen artean aukeratua izan da. Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen botuekin eman diguzuen babesarengatik. Horrelakoak bide onetik goazelaren adierazgarri garbiak dira.

Datozen egunetan 30 euskal internauta ezagunen lana izango da azken fasera igaroko diren hiru blogak aukeratzea. Ea zorte pittin batekin hauen artean aurkitzen garen!

Mila esker denori bene-benetan!!