IKTeroen alkandora berria

Urte sasoi honetan ohikoa da era guztietako promesak egitea, nahiz eta gehienak bide bazterrean aparkaturik gelditzen diren. Guk gisa honetako ariketa egin genuen iazko ikasturtearen amaieran eta konpromiso batzuk hartu genituen:

  • Diseinu berria prestatu
  • Atal berriak sortu
  • Estandarrak errespetatu
  • Irisgarritasuna bultzatu

Beste batzuen artean, horiek izan ziren hartu genituen konpromiso nagusienak eta horiek aintzat harturik udako oporrak aprobetxatu ditugu lanari ekiteko.

Ikus dezakezuenez, itxura aldatu diogu gure blogari, baina aldaketa ez da kanpoko itxurara mugatu, izan ere, estandarrak eta irisgarritasuneko printzipioak ezarri nahi izan ditugu blogaren atal guztietan. XHTML 1.0 Strict, CSSa eta RSSa baliozkotu ditugu. Ez da lan erraza izan, baina guretzat funtsezkoa izan da estandarrak errespetatzea gure blogaren irisgarritasuna eta erabilgarritasuna, ahal izan dugun neurrian, hobetzeko.

Hori dela eta, lehenengo urratsak ematen hasi gara irisgarritasunaren ibilbidean. Gauza batzuk lortu ditugu nahiz eta gaiaren inguruan gure ezagutza nahiko eskasa den. Hasteko, menuaren aukera guztiak “shortcut” izeneko lasterbideak edo tekla konbinazioak ezarri ditugu. Irisgarritasunerako jarraibideak ezartzen ahalegindu gara eta akatsik gabeko gunea eraikitzea lortu dugu, nahiz eta ondoren gehitu ditugun script batzuk eta egutegia akatsa ematen duten.

Faktore hauek alde batera utziz, garbi ikus daiteke garrantzia handiagoa edukiari eman nahi izan diogula. Horretarako, alboko menua kendu eta orriaren behealdera eraman dugu

Gainera, blogaren zabalera handitu egin dugunez, 1024 X 768 da beharrezkoa den gutxieneko erresoluzioa behar den bezala ikusteko.

Edukiei dagokienez, ataletan ikutu batzuk somatuko dituzue baita atal berri bat ere: Tutorialak. Azken honekin, IKTerook ekoizten ari garen eta ekoiztuko ditugun bideo-tutorialak guztion eskura jartzen hasiko gara.

Bukatzeko, esan zuen ekarpenak gustura jasoko genituzkeela eta horra hor gure gonbitea. Esaiguzue alkandora berria gustukoa duzuen edo ez, zer aldatuko zenuketeen, atalen bat faltan botatzen ote duzuen….

Blogmusik: dohainezko ipod birtuala.

BlogmusikDakizuen bezala, oporrak bukatu dira eta atzo ikasleei ongietorria egiteko prestatzen egon gara azken egun hauetan. Dena prest jartzen saiatu, ordutegiak egin, ordenagailu gelak abiarazi, ikus-entzunezkoen funtzionamendua egokia ziurtatu, bilerak, programazioa itxi, zerrendak…Nola azal dakioke ikasturte hasiera zer den irakaskuntza munduan sartuta ez dagoen edonori! Zoramena!!

Honelako momentuetan eten bat egiteak gero lana gogo biziagoz hartzera eraman dakiguke eta niri etenak musikaz lagundurik egitea gustatzen zait. Horretarako oso aproposa den gune bat ezagutu nuen lehengoan: blogmusik . Pandora atsegin baduzue, hau agian atseginago egingo zaizue. Lehenengoak, artikulu honetan azaldu nuen bezala, gure gustukoa izan daitekeen musika ezagutzera emateko (guk nahi dugun abeslari, talde edo abesti abiapuntu) aukera eskaintzen badu, bigarrenarekin zuzenean gustatzen zaizkizun abeslari edo taldeen abestiekin zure zerrendak osa ditzakezu.

Nola? Alta eman eta, goiko irudian ikus dezakezun bezala, Ipod baten itxura duen erreproduzitzaile bat azalduko zaigu. Bilatzailean abeslari edo talde baten izena idatziko dugu eta berehala datu-basean gordeta dauden abeslari horren abesti guztiak azalduko zaizkigu (125.000 abesti daude!). Bilaketa alfabetoz egitea ere posible da. Nahi ditugun abesti guztiak hautatu eta gure zerrendara gehitzea litzateke hurrengo urratsa. Nahi adina playlist edo zerrenda sortuko ditugu, blogmusik-ean sartzen garenean entzun ahal izateko. Guztiz web 2.0, gure ordenagailura ezer jaitsi gabe!

Amaitzeko, eskaintzen dituen beste aukera interesgarri pare bat:

  • Entzuten ari zaren abestia partekatzearena. Ez legoke gaizki lanegunari lagun batek bidalitako abesti eta mezu batekin hasiera ematea, ezta? (Nik oraintxe jaso dut nire buruari bidalitakoa eta asko gustatu zait :smile: )
  • Klik batez firefoxeko barran gunea zuzenean eransteko aukera.

Musika gustatzen bazaizue, blogmusik atsegingo duzue!

Jatorria: Digizen

Eskuminak IKTero guztiei!

Agur guztioi Venezia ondoan dagoen Mestre izeneko herritik. Bi egun besterik ez zaizkigu geratzen oporrak bukatzeko eta jadanik pentsatzen ari nintzen ez nuela izango aukerarik bidalketatxo bat bidaltzeko atzerritik. Kontua da gaurkoan lehenengoz aurkitu dudala babestu gabeko wi-fi konexio bat. Kroazian pasa ditugun azken hiru asteotan ez dut haririk gabeko konexiorik topatu inon. Ziber-kafe ugari (hori bai, leku turistikoenetan soilik) baina besterik ez. Italiara heldu eta denbora tarte labur baten ondoren hara non azaltzen diren haririk gabeko konexioak nonnahi.

Benetan herrialde polita da Kroazia: balio handiko naturguneak, herri historiko ederrak, klima ederra… Pozik eta gustura bueltatzen gara etxera. Zuetako norbaitek asmorik badu Kroazia bisitatzeko nire del.icio.useko kontua kontsulta dezake. Bertan etxetik irten baino lehen aurkituriko web interesgarri batzuen zerrenda luzea aurkituko duzue

Ikusitako txoko guztien artean Mostarrek zirrara ikaragarria egin dit. Asmoa nuen bertan bizitako sentsazioak (zenbat eta zeinen hunkigarriak!) bidalketa batean islatzeko baina opor hauetan ez daukagu apenas denbora librerik eta ez dit denborarik eman. Nahi baduzue bueltakoan kontatuko dizuet bertan bizitakoa. Bitartean Mostarren jasotako argazkitxo batekin uzten dizuet. Laister arte!

mostar

Ahhhh! Eta ahaztu baino lehen!! Igande osoa Veneziatik bueltan pasako dugunez, ez dut aukerarik izango derbia ikusteko, beraz, jaso dezatela txuriurdinek italiatik gure animurik handiena:

Errrrreeeeaaaalllllllaaaaaa!!!!!!

Empressr: online aurkezpenak (III)

aurkezpena

Aurreko batean, ikasleekin hainbat lanketa egiteko (gela aurrean ikasleek multimedia aurkezpenak egiteko, hain zuzen ere) PowerPoint motako tresna baten bila nenbilela idatzi nuen. Zein ezaugarri izan beharko luke guretzat nahikoa izateko? Bada, garrantzitsuena PowerPointek eskaintzen dituen oinarrizko aukerak izatea litzateke (hainbat txantiloi, kolore eta letra tamaina aukeran, estekak eta multimedia artxiboak txertatzeko posibilitatea, erabilterraza…) ohiko aurkezpen bat egiteko tresna ahaltsu bat, azken finean, eta hori guztia sarean (web 2.0) eta kolaboraziorako prest. Ez dakit asko eskatzea den baina guri horrelako zerbait oso ondo etorriko litzaiguke!

Zeregin horretarako bi aplikazio baino ez nituen ezagutzen (Thumbstacks eta Zoho), jolausek Empressr izeneko beste baten helbidea bidali zidan arte. Egun hauetan, alta eman eta saltseatzen ibili naiz. Ikasleekin erabiltzeko aukera polita izan daitekeela iruditzen zait (nik eskatzen nuen guztia, behintzat, betetzen du…)

Zer da Empressr?

Empressr Ajax/Flash-en oinarritutako web 2.0 aplikazio bat da. Aplikazio honen bitartez, online aurkezpenak sor, parteka eta gorde daitezke. Ondorengo ezaugarri interesgarriak ditu:

  • Bideo, audio eta flash aurkezpenak txerta daitezke (Flash jakin gabe, noski!)
  • Grafiko eta taulekin lan egin daiteke
  • 100 letra mota, clip art irudi animatu ugari eta atzealderako irudi mordo bat ditu aukeran.
  • Maiz erabiltzen diren baliabideak (irudiak, bideoak…) liburutegi pertsonalean gorde daitezke.
  • Aurkezpenak sortu eta sarean gorde daitezke.
  • Interneteko konexioa dagoen edozein tokitatik sar zaitezke zure aurkezpenetara (ez daukazu pendrive-arekin bueltaka ibili beharrik).
  • Aurkezpena gordetzerakoan, URL helbide bat sortzen da. Beraz, segundo pare bateko gauza izan daiteke nahi duzunarekin zure ekoizpenak partekatzea.
  • Eta, jakina, hau guztia dohain!

Oraingoz, ez du inportatzeko/esportatzeko aukerarik eskaintzen baina hemendik gutxira hori eta beste hainbat erantsiko dizkiotela agintzen dute eta hori guztiz interesgarria litzateke, ezbairik gabe. Alta eman gabe proba daiteke; halere, ekoizpena ezin da gorde.

Aplikazioa erabilterraza eta intuitiboa da. Dena den, erabilera zuzenean ikustea saltseatzen ibiltzea baino eraginkorragoa dela pentsatzen duten horietakoa bazara, alta eman eta aurkezpen berri bat hasi. Bertan help izeneko botoiari eman eta lau bideotutorial labur eta guztiz praktiko topatuko dituzu (testua/buletak/taulak; lerroak/formak; irudiak/bideoak eta diagrama/grafikoak). Denak ikusteko 10 minutu baino ez dira behar eta benetan merezi duela pentsatzen dut.

Powerpoint ordezkatzeko oraindik asko gelditzen da baina badirudi bide onetik goazela. Urrutira jo gabe, lehengo egunean, nire lagun Teketenekin aurretik aipatutako bi aplikazioei buruz hitz egiten ari nintzela (Gorka ere nire modura dabil honelako zerbaiten bila), bai Zohok eta bai Thumbstacks-ek aurrera pauso garrantzitsuak eman dituztela kontatu zidan. Nik uste, dena den, hirugarren honek aukera gehiago eskaintzen dituela. Ea zer deritzozun, Gorka!