Eskuminak IKTero guztiei!

Agur guztioi Venezia ondoan dagoen Mestre izeneko herritik. Bi egun besterik ez zaizkigu geratzen oporrak bukatzeko eta jadanik pentsatzen ari nintzen ez nuela izango aukerarik bidalketatxo bat bidaltzeko atzerritik. Kontua da gaurkoan lehenengoz aurkitu dudala babestu gabeko wi-fi konexio bat. Kroazian pasa ditugun azken hiru asteotan ez dut haririk gabeko konexiorik topatu inon. Ziber-kafe ugari (hori bai, leku turistikoenetan soilik) baina besterik ez. Italiara heldu eta denbora tarte labur baten ondoren hara non azaltzen diren haririk gabeko konexioak nonnahi.

Benetan herrialde polita da Kroazia: balio handiko naturguneak, herri historiko ederrak, klima ederra… Pozik eta gustura bueltatzen gara etxera. Zuetako norbaitek asmorik badu Kroazia bisitatzeko nire del.icio.useko kontua kontsulta dezake. Bertan etxetik irten baino lehen aurkituriko web interesgarri batzuen zerrenda luzea aurkituko duzue

Ikusitako txoko guztien artean Mostarrek zirrara ikaragarria egin dit. Asmoa nuen bertan bizitako sentsazioak (zenbat eta zeinen hunkigarriak!) bidalketa batean islatzeko baina opor hauetan ez daukagu apenas denbora librerik eta ez dit denborarik eman. Nahi baduzue bueltakoan kontatuko dizuet bertan bizitakoa. Bitartean Mostarren jasotako argazkitxo batekin uzten dizuet. Laister arte!

mostar

Ahhhh! Eta ahaztu baino lehen!! Igande osoa Veneziatik bueltan pasako dugunez, ez dut aukerarik izango derbia ikusteko, beraz, jaso dezatela txuriurdinek italiatik gure animurik handiena:

Errrrreeeeaaaalllllllaaaaaa!!!!!!

Empressr: online aurkezpenak (III)

aurkezpena

Aurreko batean, ikasleekin hainbat lanketa egiteko (gela aurrean ikasleek multimedia aurkezpenak egiteko, hain zuzen ere) PowerPoint motako tresna baten bila nenbilela idatzi nuen. Zein ezaugarri izan beharko luke guretzat nahikoa izateko? Bada, garrantzitsuena PowerPointek eskaintzen dituen oinarrizko aukerak izatea litzateke (hainbat txantiloi, kolore eta letra tamaina aukeran, estekak eta multimedia artxiboak txertatzeko posibilitatea, erabilterraza…) ohiko aurkezpen bat egiteko tresna ahaltsu bat, azken finean, eta hori guztia sarean (web 2.0) eta kolaboraziorako prest. Ez dakit asko eskatzea den baina guri horrelako zerbait oso ondo etorriko litzaiguke!

Zeregin horretarako bi aplikazio baino ez nituen ezagutzen (Thumbstacks eta Zoho), jolausek Empressr izeneko beste baten helbidea bidali zidan arte. Egun hauetan, alta eman eta saltseatzen ibili naiz. Ikasleekin erabiltzeko aukera polita izan daitekeela iruditzen zait (nik eskatzen nuen guztia, behintzat, betetzen du…)

Zer da Empressr?

Empressr Ajax/Flash-en oinarritutako web 2.0 aplikazio bat da. Aplikazio honen bitartez, online aurkezpenak sor, parteka eta gorde daitezke. Ondorengo ezaugarri interesgarriak ditu:

  • Bideo, audio eta flash aurkezpenak txerta daitezke (Flash jakin gabe, noski!)
  • Grafiko eta taulekin lan egin daiteke
  • 100 letra mota, clip art irudi animatu ugari eta atzealderako irudi mordo bat ditu aukeran.
  • Maiz erabiltzen diren baliabideak (irudiak, bideoak…) liburutegi pertsonalean gorde daitezke.
  • Aurkezpenak sortu eta sarean gorde daitezke.
  • Interneteko konexioa dagoen edozein tokitatik sar zaitezke zure aurkezpenetara (ez daukazu pendrive-arekin bueltaka ibili beharrik).
  • Aurkezpena gordetzerakoan, URL helbide bat sortzen da. Beraz, segundo pare bateko gauza izan daiteke nahi duzunarekin zure ekoizpenak partekatzea.
  • Eta, jakina, hau guztia dohain!

Oraingoz, ez du inportatzeko/esportatzeko aukerarik eskaintzen baina hemendik gutxira hori eta beste hainbat erantsiko dizkiotela agintzen dute eta hori guztiz interesgarria litzateke, ezbairik gabe. Alta eman gabe proba daiteke; halere, ekoizpena ezin da gorde.

Aplikazioa erabilterraza eta intuitiboa da. Dena den, erabilera zuzenean ikustea saltseatzen ibiltzea baino eraginkorragoa dela pentsatzen duten horietakoa bazara, alta eman eta aurkezpen berri bat hasi. Bertan help izeneko botoiari eman eta lau bideotutorial labur eta guztiz praktiko topatuko dituzu (testua/buletak/taulak; lerroak/formak; irudiak/bideoak eta diagrama/grafikoak). Denak ikusteko 10 minutu baino ez dira behar eta benetan merezi duela pentsatzen dut.

Powerpoint ordezkatzeko oraindik asko gelditzen da baina badirudi bide onetik goazela. Urrutira jo gabe, lehengo egunean, nire lagun Teketenekin aurretik aipatutako bi aplikazioei buruz hitz egiten ari nintzela (Gorka ere nire modura dabil honelako zerbaiten bila), bai Zohok eta bai Thumbstacks-ek aurrera pauso garrantzitsuak eman dituztela kontatu zidan. Nik uste, dena den, hirugarren honek aukera gehiago eskaintzen dituela. Ea zer deritzozun, Gorka!

Blackboard ez!

Balckboard ez

IKTerook software librearen aldeko apustua egiten dugula behin baino gehiagotan aipatu dugu artikulu ezberdinetan. Badirudi, gainera, mugimendu eta aldarrikapen hori geldiezina dela. Halere, noizbehinka, honelako berri txarrak jasotzen ditugu: online ikasketarako Blackboard plataformak LMSaren (Learning Management System) patentea eskuratu du. Honek kalte handia egin diezaioke, batez ere, hezkuntza alorrari; izan ere, e-learning plataforma ugari aipatutako sisteman oinarritzen baitira. Hori gutxi balitz, Blackboard-ekoak patente hori eskatzen lehenengoak izan badira ere, historiak garbi uzten du ez direla irakaskuntzarako horrelako plataformak erabiltzen lehenengoak izan ( Calcampus.com, Nicenet, Mallard, Manhattan…)

Online learning provider Blackboard, Inc. announced that it has patented the Learning Management System (LMS). Prior art exists in many forms. Please join us in signing the petition below to boycott Blackboard, Inc. for fabricating this ill-conceived and illegitimate patent against the education industry. We fully support those companies that are rightfully fighting this attack on the education industry.

Asko idatzi da gai honi buruz blogosferan azkenaldi honetan eta aurrekoan Digizen-etik jaso nuen patente honen aurkako kanpainaren berri. Gaur, zabaltzea bururatu zait. Beraz, zuek ere behar ez bezalako eskuratze honen aurka bazaudete, klikatu goiko irudiaren gainean eta batu aldarrikapenera.

Cmap (II)

Cmap bat irudi gisa gordetaCmap edo mapa kontzeptualen inguruan Xarneguk duela hilabete batzuk idatzitakoa irakurri nuenetik, aplikazioa probatzeko irrikitan nengoen. Han eta hemen artikulu interesgarriak irakurriak nituen gaiaren inguruan baina hartu gabe neukan tartetxo bat honetan sakontzeko. Azkenean, egitekoen zerrenda luze horretan iritsi zitzaion txanda atzo eta saltseatzen pasa nuen eguna. Hori da ezustekoa! Nik uste baino askoz ere aukera gehiago eskaintzen ditu:

  • Kontzeptuei audioak, bideoak, estekak, informazioa (sagua gainetik pasatzean irakur dezakezuna), oharrak eta abar erants dakizkieke.
  • Oso modu errazean pertsonaliza daitezke kontzeptu-mapak (mapa osoaren atzealdea, geziak, hizkia, neurriak, kontzeptuen laukitxoen atzealdeak…)
  • Esportatzeko aukera ugari eskaintzen ditu: irudi, pdf, html, postscript, SVG, XML eta livemap gisa.
  • Mapa bat beste batekin edo batzuekin lot daiteke sare oso bat osatuz. Sare hori zuk zeuk edo beste erabiltzaile batzuekin elkarlanean arituz osa dezakezu. Horretarako, zure kontzeptu-mapa programak eskaintzen duen zerbitzari orokor batean kokatzea besterik ez duzu.

The CmapTools program empowers users to construct, navigate, share and criticize knowledge models represented as concept maps. It allows users to, among many other features, construct their Cmaps in their personal computer, share them on servers (CmapServers) anywhere on the Internet, link their Cmaps to other Cmaps on servers, automatically create web pages of their concept maps on servers, edit their maps synchronously (at the same time) with other users on the Internet, and search the web for information relevant to a concept map.

Aitziberrek eta euskaratutako bertsioa, IHMCko informazio guneak dioenez, jada, erabilgarri dago (aurrekoan airean gelditutako galderari erantzunez). Nik gaztelaniakoa erabili dut, ordea, aldez aurretik jaitsita neukalako baina edozein ohar gehitzerakoan, hizkuntza eskatzean, “vascuence” aukera ere azaltzen da eta gaur bertan jaitsiko dut bertsio berriena.

Bestalde, erabilera pedagogikoei erreparatzen badiegu, hauek anitzak izan daitezkeela garbi dago. Mapak hain bisualak izatean, gaitasun hori beste batzuk baino garatuxeago dugunontzat (ikasle mordo bat dago nire antzera) askoz ere errazagoa egiten zaigu kontzeptuen barneratzea edota gai orokor baten barnean kokatzea. Ekonomiako klaseetarako, besteak beste, primeran etorriko zait baliabide hau. Izan ere, gaiak eta kontzeptu berriak pilatzen diren irakasgai hauetan guztiz aproposa gerta baitaiteke unitatean zehar, haria ez galtzeko, une oro honelako mapa bat aurrean izatea. Zer esanik ez, adibidez, irakasleak maparen hezurdura emanda, ikasleak elkarlanean edukiak osatzen badoaz…

Hau guztia praktikara eramateko xedez, proba gisa, EGAko azterketaren inguruko kontzeptu mapa bat osatu eta Cmap tools-eko zerbitzari orokorrean ipini dut Xargenuren proposamenari jarraituz. Euskararen Gaitasun Agiria izena eman diot eta hementxe dago eskuragarri (DBHO 1eko ikasleei EGAko azterketa zer den azaltzeko baliagarria gerta daiteke, adibidez). Kokagunearekin zalantzak izan ditut. Ba al dago euskarazko ekoizpenak gordetzeko gune berezirik?

Helbide interesgarriak: