Zoho Show: aurkezpenak online

zohoAzkenaldi honetan, powerpoint motako aurkezpenak online egiteko baliabide ahaltsu baten bila nabil. Ikasturtean zehar, nire gaian (euskaran) pisu handia izan dute mota hauetako aurkezpenek (XX. mendeko literatura, euskalkiak…lantzeko) baina hainbat akats ikusten dizkiot usu eta maiz erabiltzen dugun Microsoft-eko aukera honi. Okerrenena, dena den, taldean lan egiterakoan da. Gelan landutakoa bukatu nahi izanez gero, beti edo taldekide bakar batek eraman behar izaten du etxera han amaitzeko edo beste nonbaiten elkartu behar izaten dute ikasleek, honek dakartzan zailtasun eta oztopo guztiekin (batek partikularrak, besteak entrenamendua…) Horretaz gain, badu beste eragozpen garrantsitsu bat: eskuragarritasuna. Euren buruei korreoz bidali ohi izan dizkiete askotan lanak klaseak amaitutakoan (denbora galtze nabarmena) edo pendrive bat erosi (ikastolako ordenagailuek ez dute jada disketerarik). Egia da, bestalde, oraindik ez dudala aurkitu sarean tresna honek hainbateko aukera ematen duenik (txantiloiak, transizioak, soinuak, irudiak, estekak…)

Bada, esan bezala, hurrengo urtera begira, mota honetako lanketa aurrera eramateko online aurkezpen-sortzaile on baten bila nabil. Duela hilabete batzuk,Thumbstacks aurkitu nuen baina alfa fasean egoteaz gain, ez zuen aukera gehiegirik eskaintzen. Ez nuen tresna egokitzat jo eta, gaur arte, ez naiz berriz hara sartu. Banuen hilabete hauetan hobetuko zutelako esperantza txiki bat baina sartu bezain laster, oraindik alfa fasean jarraitzen duela iragartzen dute. Beraz, oraindik honekin ezer ez.

Aurrekoan, ñblogen beste bat topatu nuen: Zoho Show. Probatu eta nahiko ondo dagoela konturatu nintzen. Ohiko web 2.0 aplikazioen ezaugarriez gain (edonondik eskuratzeko aukera aplikazioa jaitsi eta instalatu gabe), baditu interesgarriak oso diren beste hainbat:

  • Firefox 1.0 edo IE 6.0 edo Mozilla nabigatzaileentzat
  • WYSIWYG editorea
  • Flickr-ekin uztartua (oso interesgarria)
  • Aurkezpenak inportatzeko aukera: MS PowerPoint(ppt) edo OpenOffice(sxi) artxiboak. (1MB. gehienera)
  • Korreoz gonbidapenak luzatu: ikasleak, lankideak, taldekideak, bezeroak…

Aurkezpen sinpleak egiteko, beraz, tresna egokia da. Halere, oraindik gehitu beharko dizkiote hainbat ezaugarri aurkezpen landuagoak egin ahal izateko (ez dut inondik topatu estekak sartzeko aukera, adibidez). Bestalde, nahiz eta horretarako prestatuta ez egon, elkarlanerako tresna bihur dezakegula iruditzen zait. Taldekide bakar batek alta eman dezake zerbitzuan (talde horretarako pentsatutako izen eta pasahitz batez) eta gero bakoitzak bere etxetik ireki gunea eta proiektuan lan egin.

Nik, uda honetan, antzeko tresnen bila jarraituko dut ea hurrengo ikasturtea heldu aurretik zerbait interesgarria lortzen dudan. Norbaitek beste baten berri badu, ongi etorria izango da. Bitartean, prestatu dudan adibidea ikusi nahi baduzue, hementxe klikatu.

Matematikako azterketa sortzailea

Erreferentzia bat besterik ez, gaurkoan, matematikako irakasleentzat batik bat. Aulablog 21ean irakurri nuen atzo webgune honi buruz, eta ikusita ia beti euskarazko baliabideen berri ematen dudala, erregistroz pixka bat aldatu eta matematikako irakasleei interesgarria gerta dakiekeen gune baten berri ematera natorkizue.

Lubrin.org gunean azterketak prestatzeko tresna baliagarria topa dezakezue. Nik, egia esan, ez dut gehiegi ezagutzen (hobeto esanda, ez dut ezertxo ere ezagutzen) arlo hau baina badirudi datu-base batean oinarritzen dela azterketak prestatzeko sistema. Zuk zeri buruz galdetu nahi duzun erabaki ondoren (parabolak, triangelu baten angeluen batuketa, funtzioen adierazpen grafikoa…), klikatu eta prestatutako hainbat jarduera topatzeaz gain, beraiekin azterketa bat sortzeko parada izango duzu.

Maila ezberdinetarako pentsatuak izan diren ariketak daude datu-base horretan, DBH 1etik Batxilergoko 1go mailara arte (estadistika, funtzioak, inekuazioak, logaritmoak, probabilitatea, geometria…) eta bilatzaile baten bidez aurki dezakezu landu nahi duzuna. Nik, adibidez, ecuaciones idatzi dut eta zerrenda luze hau atera zait:

Baina, datu-basearena oso interesgarria izanik ere, ezbairik gabe, onena ez da hori; bertan dauden ariketa ezberdinekin azterketak sortzeko aukera da benetan gune honen altxorrik preziatuena. Horretarako, ondorengoak dira jarraitu beharreko urratsak:

1. Datu-basera jo.

2. Checkbox klikatuz, jarduera ezberdinak (maila eta gai berekoak edo ezberdinetakoak) aukeratu.

3. Ir a seleccionados klikatu ondoren, ordura arte aukeratutako jarduera guztiak beste pantaila batean azalduko zaizkigu. Hementxe izango dugu aukera bakarren bat ezabatzeko edo aurrera jarraitzeko.

4. Amaitzeko, azken bi aukera:

    azterketa inprimatu (html bertsioa)
    azterketaren pdf bertsioa gorde eta nahi duzunean inprimatu

Ikusten duzuen bezala, ez da oso zaila eta nik bihar ikastolako matematikako irakasleei komentatuko diet ea animatzen diren proba egitera…Dena den, munduko gauza errazena izanik ere, ulertuko duzuen bezala, gaurkoan, ez dut inongo adibiderik utziko!

Harpidetu zaitez IKTeroetara!

Nahiz eta gero eta gehiago izan euskal blogosferan RSS jarioen sindikazioaren bitartez informazioa biltzeko ohitura dutenak, oraindik asko dira Bloglines eta antzekoak erabiltzera ausartzen ez direnak. Seguruenik hauen artean izango dira gure bloga gustura irakurtzen dutenak ere, tarteka-tarteka, hemendik pasatzen direnak albiste berririk argitaratu ote dugun ikustera.

Hona gure proposamena azken hauentzat:

  1. Gonbitea luzatzen dizuegu Bloglines erabiltzen hasteko. Ez badakizue nola egin, botaiozue begia duela aste batzuk argitaratu genuen artikulu honi. Artikulu honen amaieran euskaraz dagoen flash artxibo bat aurkituko duzue aplikazio honen oinarrizko erabilera azaltzen duena.
  2. Aurreko atalean emandako azalpenekin oraindik ez baduzue zuen burua Bloglines erabiltzen ikusten, badaukazue beste aukera bat gure bidalketak zuen ekipoan era automatikoan jaso ahal izateko. Gaurtik aurrera, gure blogera epostaz harpidetzeko aukera eskaintzen dugu. Horretarako nahikoa da eskuineko zutabean “ePostaz Harpidetzeko” atalera joatea eta bertan aurkituko duzuen kutxatxoan zuen helbide elektronikoa idaztea. Agertuko den leihotxoan pasahitza idatzi ondoren, emandako helbidean konfirmazio mezu bat jasoko duzue. Emango zaizuen estekan klik egin eta listo! Une honetatik aurrera, gure blogean artikulu bat argitaratzen dugun bakoitzean, zuen postontzian IKTeroen mezu bat jasoko duzue, egun horretan argitaratutako artikulu guztien berri emango dizuena. Hori da dena.

Google Calendar gure blogetan

Google CalendarAurreko batean, izugarri gustuko dudan Google Calendar-i buruz idatzi nuen. Harrezkero, IKTerook ohiko tresna bihurtu dugu gure jardunean. Urrutira jo gabe, duela aste pare bat magicen gonbidapena jaso nuen Google bidez, larunbatean ospatu genuen ikastolaren egunerako. Mezuan, gonbidapen itxurako laukitxo batean, ekitaldiaren gorabehera guztiak azaltzen ziren: non, noiz, zer, tokiaren mapa eta esteka bat ekintzaren orri nagusia bistaratzeko. Behin hara joanda, luzatutako gonbidapenari baiezkoa/ezezkoa emateko aukera izateaz gain, iruzkinak gehitu eta gonbidapena jende gehiagori zabaltzeko parada ere izan nuen. Gustatu zitzaidan, bai, eta berehala sartu nintzen nire Google Calendar-ean. Gonbidapenak bidaltzea benetan erraza dela jabetu nintzen (zeregin berri bat sartzen duzunean, eskuinean add guests aukera erabili, besterik gabe!). Nik baiezkoa esan nuenez, larunbata aurretik mezu pare bat jaso nituen hara joateko hitz eman nuela gogoraraziz. Pentsatu nuen honi buruz idaztea baina atzera bota nintzen erabiltzaileek ezagutuko zutela pentsatuz. Dena den, Google Calendar-ekin lotutako beste zerbitzu baten berri izan dudanean, biak batera azaltzea otu zait.

Bigarren hau gure blogean egutegi hauetako bat ipintzea da. Zertarako? Bada, adibidez, taldean egin beharreko zerbaiten egutegia zuzenean jarraitzeko (lana, kirola…). Ez dakit, bururatzen zaizuen guztia…

Hona hemen zure blogean Google-eko egutegi publiko bat txertatzeko eman beharreko urratsak:

  1. Hautatu zure Google Calendar-eko egutegi zehatz bat (badakizue egutegi bat baino gehiago kudeatzeko aukera ematen duela) eta eskuinean duen hiruki txikian klikatu (5 aukerako menu bat zabalduko da).
  2. Share this calendar jartzen duen aukeran klikatu (gure blogean egutegia ipini nahi badugu, lehendabizi egutegia publiko bihurtu behar dugu). Markatu bigarren aukera: Share all information on this calendar with everyone
  3. Leihatila horretan bertan hautatu Calendar Details (goiko aldean, ezkerrean) eta, ondoren, Calendar Address-eko HTML sakatu(laukitxo urdina).
  4. Bi aukera:
      Alde batetik, esteka bat ematen digu (gure egutegiaren URLa, edonon txertatzeko)
      Bestetik, Configuration tool bidea jarraituz, gure egutegiaren HTML kodea sortzen du gure webgune edo blogean ipintzeko. Eta horixe da guztia!

Amaitzeko, honi guztiari button botoia gehitzea aholkatuko nizuke. Bera klikatuz, edonori zure egutegi publiko hori berean txertatzeko aukera ematen baitiozu. Botoi honen kodea lortzeko, besterik gabe, bigarren urratsean azaldu dugun share this calendar delakora joan. Hantxe topatuko duzue kodea.

Baina onena azaldutako guztia ikustea izango da; horretarako, klikatu hementxe.

Informazio gehiago:

Interesgarria Safari erabiltzen duzuenontzat:

FEBE eta CLEO

Komiki bateko pertsonaien izenak diruditen arren, FEBE eta CLEO Firefoxerako bi gehigarri oso interesgarriak dira.

FEBEk (Firefox Extension Backup Extension) Firefoxeko gehigarri, theme, gogoko, cookie… guztien segurtasun kopia egiten du. CLEOk (Compact Library Extension Organizer), berriz, zure ekipoan instalatuta dituzun gehigarri guztiekin .xpi luzapeneko gehigarri berri bat sortzen du.

Bi gehigarri berri hauekin, zure ohiko ekipoan duzun Firefoxaren konfigurazioaren klonak eduki ahal izango dituzu beste edozein ordenagailutan. Nahikoa duzu horretarako FEBEk eta CLEOk sorturiko artxiboak, zurekin eramaten duzun memorystick batean sartzea; edota Gmailera bidaltzea artxibo erantsiak bezala.

Iturria: Lifehacker