Firefox Alpha 2

Duela pare bat egun edo Mozilla Foundationekoek kalera atera dutela Bon Echo, Firefox nabigatzailearen Alpha 2 bertsio berria. Ofizialak ez diren bertsio guztiekin gertatzen den bezala, oraindik akats batzuk aurkezten dituen arren, benetan interesgarriak dira bertsio berri honek aurkezten dituen hainbat aukera berri. Horien artean nagusienak, nire ustez, ondorengoak dira:

  • Bilatzaile gune berria, leihoaren neurriaren arabera automatikoki egokitzen dena. Bilaketaren hitz klabeak idazten ditugun heinean Firefoxek hizki horiekin hasten diren hitz zerrenda bat aurkezten digu, irudian ikus daitekeen.

    Beti bezala, ohikoak diren guneetan bilaketak egiteaz gain, beste gune batzuk gehitzeko aukera ematen digu

  • Zuzentzaile ortografiko bat integratuta dakar. Aurreko bertsioetan Spellbound bezalako pluginak erabili behar ziren edozein web orritan idatzitakoa zuzendu nahi bagenuen. Orain Firefoxek berak dakar zerbitzu hori. Lehen instalazioan ingelesezko hiztegia gehitzen du soilik baina helbide honetara joz beste 40 hizkuntza desberdinetan dauden zuzentzaileak jaitsi daitezke. Zuzentzaile hauek Thunderbird-ek erabiltzen dituenak izan arren, etorkizunean Firefoxek berak egingo du zuzentzaileen kudeaketa propioa. Euskarazkoaren bila joan nahiz eta hara zer ezustekoa!. Galegoa eta Katalana zerrendan agertzen dira baina euskarazkoa falta dela konturatu naiz. Hemen ere atzean geratzen ari ote gara?. Probak egin nahiean, erdarazkoa jaitsi dut eta esan beharra dago oso ondo dabilela.
  • Hobekuntza guztien artean garrantzitsuena jarioen tratamendu berria dela iruditzen zait. Bertsio berri honekin, helbide barraren eskuin aldean agertzen den jarioen ikono laranjan klik egiten duzunean ,

    Firefox Alpha 2

    orriaren jario artxiboa ikusteko aukera ematen dizu ohi den bezala, baina oraingoan JARIOA FORMATUDUNA da (ikus beheko irudia), hau da, ez duzu ikusiko lehen agertzen zen kode zerrenda luze eta “itsusi” hori. Gainera, orri honen goialdean, jarioa zure agregatzailera zuzenean gehitzeko aukera ematen dizu.

    Firefox Alpha 3

    Horretarako, lehenik Tools/Options/General hautatu eta azpian dagoen “Choose Feed Reader” botoian klik egin. Agregatzailea zure ekipoan instalatuta baduzu (nire kasuan bezala, NewsGatorekin) exekutagarriaren helbidea idatzi beharko duzu; agregatzailea, berriz, web aplikazioa bada, zerrenda batetik hautatu beharko duzu. Oso praktikoa.

Alpha 2 bertsioa probatu nahi baduzu zoaz hona eta deskargatu Bon Echo izenez ezagutzen den bertsio hau. Hori bai, kontuz ibili!. Lehenik eta behin esan beharra dago, bertsio ez-ofiziala izanik, akatsak dituela oraindik; eta bigarrenik, erabiltzen ari zaren plugin gehienek ez dira erabilgarriak izango bertsio berri honetan. Nire kasuan Performancing da bakarra, Firefox 2ra eguneratu dena.

Beraz, euskarazko zuzentzailea noiz kaleratuko den zain gauden bitartean, Firefox berri hau probatzen jarraituko dugu

Informazio gehiago hemen

Agirientzako argazkiak di-da batean

Ez zaizue inoiz gertatu agiriren bat berritzeko karnet neurriko argazkiren bat behar baina argazkirik ateratzeko denborarik ez izatea? Edo okerrago, denbora bai baina gogorik ez?(Badakizue, gaur sekulako begi-zuloak, bihar aurpegi txarra…badago beti zerbait!). Edo, oraindik, askoz ere okerrago: denbora hartu, argazkia atera eta gero inori ez diozula erakutsiko pentsatu? Bada, hori amaitu da! Lasai asko zauden egun batean, patxadaz, norbaiti argazki batzuk ateratzeko esan, gehien gustatzen zaizuna hautatu, zure ordenagailuan gorde eta arazo bat gutxiago!

Kontua da oraintxe bertan nire bloglines-en bueltatxo bat ematen ari nintzela eta Aula 21ean ePassporPhotorekin topo egin dudala. Ondorengo bi pausoak jarraituz (minutu bateko kontua da), erraz-erraz agiri tamainako 8 argazki sortu eta inprimatzeko aukera duzu:

  • Hautatu zure argazki bat eta igo (upload). Automatikoki neurri estandar batera egokitzen du. Dena den, argazkia biratu eta tamainaz aldatzeko aukera ere ematen du.
  • Inprimatu

Eta ez dago besterik!

Hemen jartzeko hainbat proba egin dut. Nire argazkiarekin lehenik (ezta pentsatu ere hori jartzea), jolaus eta magicenarekin ere probatu dut (mendekua izugarria izan daiteke), Brad Pittena ere ez legoke gaizki (dena den, ez da aurreko bien mailara iristen) eta , azkenean, horiek guztiak baztertu eta munduko txakurrik maitagarrienaren argazkia jartzea pentsatu dut. Hauxe da emaitza:

Boris

Istorio elkarreragileak

Bigarren hiruhilekoan ikasleekin aurrera eraman eta euren artean oso arrakastatsu gertatu den lanketa baten berri eman nahi dizuet oraingoan: ISTORIO ELKARRERAGILEAK.

Sareak baliabide ugari eskaintzen du elkarlana sustatzeko eta nik horietako bat erabili dut, Writely, ondorengo jarduera aurrera eramateko. Aurreko batean azaldu nuen bezala, testu editore bat da, baina ez nolanahikoa. Alta eman, dokumentu bat sortu eta nahi dituzun pertsonak (50era arte) gonbida ditzakezu dokumentu horretan parte hartzera. Hau da, bakoitzak bere ordenagailutik dokumentua ireki eta bertan nahi dituen aldaketak, moldaketak, zuzenketak eta ekarpenak egin ditzake. Denak batera lan egiteko aukera ematen du, baita erabiltzaile baimendu bakoitzak nahi duen unean aritzeko ere. Kolaboraziorako baliabide aparta da.

Baina has gaitezen hasieratik. Ez dut ezer asmatuko esaten badut idazketan trebatzeko ezinbestekoa dela idaztea . Eta aurrera eramateko hain sinplea diruen baieztapena neketsua gerta daiteke ikasle zein irakaslearentzat atsegin pixka batez egiten ez bada. Nire ikasleen adinarekin (17-18 urte) idaztearen kontu honen inguruko aurreiritzia eta jarrera aldaraztea ia ezinezkoa da: atsegin duenak atsegin du eta gustatzen ez zaionari, gehienetan, ez zaio batere gustatzen (edo gorroto du). Gauzak horrela eta idazteko zaletasun hori nolabait piztu nahian, eurentzat erakargarri gerta zitekeen egitasmo bat abian jarri nuen: bakoitzak bere istorioa idatzi beharrean, gela bakoitzeko (bi gela ditugu) istorio bana ekoiztuko genuen.

Nire lehenengo urratsa, lehen aipatutako writelyren bidez, bi dokumentu sortzea izan zen. Hurrengoa, baimenak banatzea: 2Ako ikasleak horietako dokumentu bateko kolaboratzaile bihurtu nituen, hau da, bakarrik hori ikus eta edita zezaketen eta 2Bkoekin beste horrenbeste egin nuen. Bietan Arantxa Iturbe idazlearen kontakizun baten hasiera idatzi nuen, Liburuzaina da giltza (pdf) eta, ondoren, egutegi bat eta hainbat baldintza ezarri nituen:

  • Ikasle batetik bestera bi eguneko epea eman nuen (aurreko guztia irakurri eta jarraipen egokia emateko denbora izateko). Esan behar da, gainera, den-denek errespetatu zutela egutegia (euren arteko egun aldaketa adostuak onartu nituen).
  • Bakoitzaren ekarpena 10-20 lerro bitartekoa izango zen.
  • Aurrez idatzitakoarekin kohesioa (istorioaren haria, narratzailea, ikuspuntua…) mantentzea ezinbestekotzat jo nuen.
  • Ortografia arauak errespetatu beharko zituzten, noski.
  • Ikasitako guztia (sinonimoak, esamoldeak, egiturak…) praktikan jartzeko aukera polita izan zitekeela gogorarazi nien; azken finean, horiek guztiak baitira ekoizpen aberats baten seinale.
  • Zuzendutakoa gorriz jarriko nuen eta dokumentuarekin lanean arituko ginen denbora osoan zehar, akats horiek hor egongo ziren ikusgai (denok denon akatsetatik ikasi ahal izateko).

A zer nolako esperientzia interesgarria! Euren arteko elkarrizketak entzun behar lanketak iraun zuen bitartean! Bata besteari azalpenak eskatzen: ea zer adierazi nahi zuen honelako edo bestelako adierazpenak, protagonistaren jarrera zer dela eta aldatu zen, zergatik gertakizun hau edo beste… Denetik!

Harreman literarioa ahalbidetzeaz gain, bestelako jarrerak sustatzeko ere guztiz baliagarria izan delako irudipena dut: talde bateko kide sentitzea, elkarreragitea, integrazioa, konplizitatea…Eta, hori gutxi balitz, ikasleak, gauetan eta etxetik, kontakizunaren azken gorabeherak jarraitzen zituzten! (Writelyk nor ari den idazten, nork idatzi duen, aldaketak nork sartu dituen eta hamaika gauza gehiago ikusteko aukera ematen du). Benetan pozgarria!

Jakin-min horrek orain arte iraun du nire ikasleentzat; izan ere, gauza bat edo bestea dela, gaur arte ez baititut gure ekoizpenak argitaratu. Honek esan nahi du euren kontaketaren amaiera eta beste gelak idatzi duena ez dutela ezagutzen. Gaur izango dute horretarako aukera…

Zaila da mota honetako lanketa bat hitz gutxitan laburtzea. Helburu nagusia, idazle grina piztea, ez da egun batetik bestera lortzen. Hori garbi dago. Baina zalantzarik gabe, jarrera indibidualistak gero eta gehiago azaleratzen diren gizarte honetan, ikasleen arteko elkarlana zein talde-kontzientziazioa (bakarkako jarrerak saihestuz) sustatzeko baliagarri gerta dakiguke. Edo, horretarako bidean, pauso txiki bat emateko, behinik behin.

Amaitzeko, bi gauzatxo besterik ez. Ikustekoa da bi istorioek zein hari ezberdin jarraitu dituzten: batak, zoritxarreko protagonista baten gorabeherak (autoak harrapatu…) kontatzen dizkigun bitartean; besteak, Euskal Herriko liburutegi batetik Finlandiaraino garamatza!

Istorioak osorik irakurtzeko, klikatu ondorengoetan:

Klikatu 2Akoek idatzitako istorioa irakurtzeko Klikatu 2Bkoek idatzitako istorioa irakurtzeko

IKTeroak 2006ko Berriztapen Jardunaldietan

Badakizue, azkenaldi honetan, IKTerook aldi batetik bestera gabiltzala gure proiektuak aurkezten eta, gaurkoan ere halaxe izan da. Irungo Berritzegunetik jaso genuen gonbitea aurrera eramaten ari garen proiektuetako bat 2006ko Berriztapen Jardunaldietan aurkezteko, DBHO 2ko euskarako bloga, hain zuzen ere. Gustura onartu genuen erronka eta Donostiako Miramar jauregirantz abiatu gara gaur goizean.

Proiektu interesgarriak aurkeztu dira bertan; horien artean, Ortuellako gure kide blogariena. Zorionak egiten ari zareten lanagatik!

Sei euskaljakintza aurkezten

Niri euskaljakintza aurkeztea egokitu zait. Blogak irakaskuntzarako tresna baliagarriak izan daitezkeela azpimarratzen saiatu naiz eta blogaren bidez aurrera eraman ditudan hainbat lanketa azaldu dut (DBHkoekin lankidetza; material berrien ekoizpena esamoldeak, sinonimoak, hiztegi batua, morfosintaxia eta abar lantzeko; istorio elkarreragileen sortze-lana…). Halaber, nire ikasleen gaiarekiko jarrera aldaketa eta prestutasuna aipatu ditut. Ohiko aurkezpen horietako bat ere prestatua eraman dut baina, azkenean, zuzenean bloga erakustea egokiagoa iruditu zait.

Esperientzia guztiz interesgarriak bizitzen ari gara IKTerook blogintzan hasi ginenetik eta, esan behar, asko ikasten ari garela. Irakasleok publiko zehatz batera ohituta gaude (gure ikasleak) eta hortik ateratzea eta jendaurrean hitz egitea ez da beti xamurra izaten (urduritasuna, azken orduko konexioarekin eragozpenak…). Horregatik, beti eskertzen da aldamenean norbait izatea, batik bat, azken orduko urduritasun horiek leuntzeko… Mila esker, magic! :wink: