Malawarea Sonyk saltzen dituen musika CDetan?

Vnunet.es-en diotenez Sonyk rootkit delako sistema bat inplementatu du bere musika CDetan inongo aipamen publikorik egin gabe. Sistema honen bitartez, behin CDa gure ordenadorean erreproduzitu ondoren, antibirusek detektatzen ez dituzten hainbat artxibo (spyware eta malaware aplikazioen antzekoak) instalatzen dira gure diska gogorrean. Izkutuan geratzen diren artxibo hauek gure sistemaren segurtasuna kolokan jartzeaz gain, mp3 abestiak sortu edota CDaren kopiak egitea eragozten dute. Eta hau guztia gutxi izango balitz, artxibo hauek ezin dira desinstalatu gure ordenadoretik; detektatu ondoren zuzenean borratzen baditugu gure ordenadoreko CD edo DVD unitateak funtzionatzeari utziko dio.

Ulertuko duzuen bezala sekulako polemika sortu da guzti honen inguruan eta azkenean Sony-k ActiveX-en oinarritutako aplikazio bat sortu behar izan du artxibo hauek bistaratu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, ez duena oraindik garbi adierazi zera da: artxibo hauek desinstalatzeko aplikaziorik aterako ote duen edo ez. Ea nola bukatzen den istorio negargarri hau. Benetan pentsatzen al dute multinazionalek horrelako neurriekin CDen salmenta mantentzea lortuko dutela ?. Egia izango ote da multinazionalek horrelako neurriak hartzen dituztenean, CDaren inguruan mugitzen den industriaren desagertzea gertu ikustearen ondorioa izango dela?.

Ez dugu itxi

Aspaldi honetan, gure aktibitatea sarean moteldu egin da. Ez gara oporretara joan, ez dugu gure lana alde batera utzi, ez gara nekatu, ez. Urtero gertatzen zaigun lez, lana pilatu egiten zaigu eta, halabeharrez, aurre egin behar diogu. Guk ez dugu ahaztu gure lana irakaskuntza dela eta gure ikasleekin burutu beharreko lanari lehentasuna ematen diogu. Hemen eta hemen azaldu genuen bezala, proiektu berritzaile batzuk abian jarri ditugu eta horiek hartzen diguten denborari ikastolako beste jarduerek eskatzen diguten denbora gehitu behar diogu. Horregatik, gure blogaren lana, zenbait egunetan, bigarren plano batean utzi beharko dugu.

Hala ere, indarberrituta itzultzeko asmoa daukagu eta ez da oso berandu izango. Egitasmo berri batzuk patrikan ditugu eta gure ahalmenen araberako ekarpenak egiten jarraitzeko gogoa berretsi nahiko genuke. Horregatik, Batxilergoan, Bigarren Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan inplementatu ditugun proiektu berritzaile horien lehen balorazioa argitaratuko dugu. Honekin, beste irakasleentzat baliagarriak izan daitezkeen datuak eman nahiko genituzke: aurkitu ditugun zailtasunak, gure ikasleekin funtzionatu duten estrategiak…

Bestalde, gai interesgarri batzuen inguruko podcast-ak jartzeko asmoa daukagu. Une honetan, ezin dizuet zehaztu zein gaiarekin hasiko garen, baina gure ikastolako irakasle baten ingurukoa izango dela ia-ia ziurta dezaket.

KLIK eta KLIK

Egun hauetan, sarean lehiaketa moduko jolas bat zabaltzen ari da. Nork egiten duen KLIK gehiago 10 segundotan. Hortxe dabiltza denak nerbioetatik jota saguari eraginez eta nik, nola ez, ez nuen atzean gelditu nahi. Nire Logitech txikia hartuta, probak egiten hasi eta berehala ohartu nintzen oso ongi moldatzen nintzela, oso erraz gainditzen bainuen 90eko muga. Besoa nekatuta, aparkatuta utzi nuen, baina beste blogarien emaitzak ikusita, nire erregistroaren ebidentzia jaso nahi izan dut eta gaur berriro klikatzeari ekin diot . Harrigarria izan da bigarren ahaleginean, lortu dudan erregistroa: 117 klik.

Hori lortzeko, egin dudana izan da klik egiteko teknika aldatu. Ez dakit gogoan izango ote duzuen garai bateko Atletismoari buruzko joko bat (ni Ordiziako taberna bateko makina batean aritzen nintzen eta zin dagizuet nahiko pattal moldatzen nintzela. Jolaus eta besteak askoz hobeak ziren.). 100 metroko froga eta luzera jauzian marka onak lortzeko teknika berezi bat garatu genuen eta horixe izan da erabili dudana, hain zuzen. Hatz potoloa eta erakuslea elkartuta jarri eta bigarrenaren azkazalarekin eragin.

Nik, Ander, Asier, Lander, Gonzalo, Jolaus… eta nahi duen edonori desafioa botatzen diet. Ea Play Station-arekin igarotako denborak zerbaitetarako balio dizuen.

Eguneraketa: saguarekin daukazuen trebetasuna neurtzeko beste joku bat hemen (Flashen egina).

Bertendona digitala

Bertendonako irakasleak berriro. Orain “Tizako martxa” delako ibilbidearen hasiera dela eta, hedabide guztietan protagonismoa berreskuratu dute. Ezin dut ulertu zerbitzu publikoen aldeko jarrera azaltzen duten sindikatu eta alderdi politiko batzuen jarrera. Nola eman diezaiekete euren babesa baliabide publikoak (ez nolanahikoak, gainera) xahutu dituzten irakasle hauei? Baliabide publikoekin dena baliagarria al da? Hiritarrok eta gure ordezkaritza duten agintariek ezikusiarena egin behar al dugu?

Nik uste dut, behingoagatik, administrazioak, azaldutako jarrerarekin, baliabide publikoen erabilera zuzena sustatzeko pausu garrantzitsu bat eman duela. Hala ere, ez dut uste eremu guztietan berdin jokatzen duenik. Izan ere, Teknologia Berrien inguruan administrazio desberdinak izugarrizko ahalegin ekonomikoa egiten ari diren bitartean, ikastetxe guztien erantzuna ez da behar bezalakoa izaten ari.

Premia bezalako diru laguntzen bitartez, ikastetxe askoren azpiegitura goitik behera berritu eta egungo beharretara egokitu dira. Formazioan (PDF) egiten ari den ahalegina ez da txantxa. Bestalde, 2001ean hainbat konpromiso hartu zituzten ikastetxe batzuk “pilotuak” izendatu zituzten. Hauek, orduz geroztik, IKT dinamizatzaile batentzat lanaldi erdiaren diru laguntza jasotzeaz gain, ikastetxe horren azpiegituraren mantenurako ere laguntza jasotzen dute. Hau da, ikastetxe horietako bakoitzak azken urteotan 100.000 € baino gehiago jaso du.

Nolako jarraipena egiten zaie ikastetxe horiei? Nik oso garbi daukat pilotu horietako batzuek ez dutela ia ezertxo ere bete. Nola liteke orain bost urte eginikoak inongo berrikuspenik ez izatea? Benetan ahalegintzen ari diren beste ikastetxeak eta garai hartan sartu ez zirenak, zergatik ez daude multzo horretan? Edo, zergatik ez dute sartzeko aukerarik? Hau ez al da Bertendonako irakasleek egin dutenaren pareko beste adibide bat?

Nire iritziz, baliabide publikoen erabilera egokia egiten dela bermatzeko neurriak hartzea beharrezkoa da. Eta Bertendonako irakasleekin eginikoari bidezkoa deritzodan bezala, IKTen inguruan dauden diru laguntzekin beste horrenbeste egin beharko luketelakoan nago. Horrela, ez litzateke gertatuko Ordiziako Jakintza Ikastola bezalako ikastetxeekin gertatzen ari dena: pilotuak diren askoren aurretik egon arren, inongo aukerarik ez dute diru sarrera horiek jasotzeko eta egiten duten guztia ikastetxearen bizkar edo irakasle “ero” batzuen borondatean gelditzen da.

Honek garrasi ozena izan nahi du behar den tokian eta dagokion arduradunak entzun eta aldatu beharrekoa alda dezan/dezaten. Badakit ez naizela neutrala iritzi hori emateko, baina zer demontre!!! Epelkeriak alde batera utzita, gauzak diren bezala esateko garaia heldu dela uste dut. Guk, kontrol neurriei ez diegu inongo beldurrik eta gustura azalduko genuke gure ikastolak egiten duena, zalantza izpirik ez baitut talde pilotuan sartuko gintuztela.

Arbel digitalaren erabilera gelan

Badira, honez gero, egun dezente irakaskuntzarekin zuzenean erlazionaturiko bidalketa bat argitaratzen ez dugula leku honetan. Garaia da, beraz, irakasleontzat bereziki interesgarriak izan daitezkeen albisteen berri emateko.

Nora Aznar-en “Escuela y TIC” blogean arbel digitalaren erabileraren inguruko artikulu interesgarri bat irakurri berri dut. Artikulu honetan arbel digitalaren definizio zehatza emateaz gain (ez dakit irakasleok garbi dugun zein den arbel digital eta arbel interaktiboaren arteko desberdintasuna) web interesgarri baten helbide bat ematen du. Bere izena La Pizarra Digital da eta bertan baliabide honen inguruko informazio ugari aurki dezakezue: arbel digitalaren erabileraren inguruan egindako ikerketa azaltzen dirak, proiektu desberdinen berri ematen da eta dokumentazio eta baliabide ugari eskaintzen dira.

Askotan, irakasleon artean komentatzen dugu ez dela nahikoa izaten gure ikastetxeak baliabide materialez hornitzea, baizik eta, askotan gure irakasleei oinarrizko prestakuntza teknikoa eskaini behar diegula, baliabideen aplikazio errealen ereduak eman behar dizkiegula horrelako tresnekin trebatzen joateko.  Hori da, hain zuzen, ere webgune honetan topa dezakezuena.

Etxe desberdinetako arbel digitalen zerrenda bat ere konsulta daiteke orriaren amaieran. Hauen artean ezagunenak SMART eta 3M etxeetakoak direla iruditzen zait. Etxe desberdinetako modeloak aztertu ondoren, Interwrite etxeak aurrekoek eskaintzen ez duten, eta benetan gustatu zaidan,  produktu bat  saltzen du.  Arbel interaktiboaz gain aukera ematen du bluetooth konexioaren bitartez honekin harremanetan jartzen diren arbel txikiak erabiltzeko. Ikasleek arbeltxo hauek erabiliz (wmv bideoa) aukera dute beraien mahaietatik mugitu gabe, arbel nagusian azaltzen zaienarekin interakzionatzeko.Ideia interesgarria benetan.

Bukatzeko, aipatu behar da produktu hauen prezioak asko merketu direla azken urteotan. Agian garaia da horrelako arbel bat gure ikastolara ekartzeko. Ondo pentsatu beharko dugu.