Irakaskuntza metodo berriak, bizipen berriak

Bidalketa honetan azaldu nahi dizuedana agian ez da oso ulergarria izango teknologia berrien munduan, eta batez ere, blogen munduan murgilduta ez zaudeten irakasleontzat baina zin dagizuet artikulu hau irakurtzerakoan jaso eta bizitakoak oso zaila egiten zaizkidala esplikatzea.

Konstruktibismo, kolaborazionismo, metodologia berriak… beti izan dira irakaskuntza munduan erabili izan ditugun hitzak. Askotan teoria hauen esanahi zehatza urruti gelditu arren metodologia berri hauen baliagarritasunaz jabetuz, bide berri hauek non bukatuko ote diren jakin gabe, aurrera egin dugu gure erabakiek helburu onuragarriak ekarriko duten sinismenaren izenean.

Gaur arratsaldean, aspaldidanik irakurri gabe nituen hainbat blogen erreferentziak irakurtzeari ekin diot eta bat-batean Tiscar Larak idatzitako artikulu honen aurrean aurkitu naiz. “Usos de los blogs en una pedagogía constructivista” izenburupean artikulu zoragarri bat irakurtzeko aukera izan dut.

Benetan gozatu dut. Ez naiz pedagogiaren inguruko teoriko horietako bat (gehiago esango nuke, zientzia honen inguruan zabaldu diren hainbat iritzien kontrako jarrera garbia adierazi izan dut askotan) baina horrelako artikulu bat irakurri ondoren, onartu beharra daukat ikasleekin gure egunerokoan bizitzen ditugun esperientziak gertutik jarraitzen dituzten hainbat “teoriko” badaudela. Eta horrelakoak irakurtzerakoan, nire barruak ukitzen dutela esan beharra daukat.

Hori da gertatu zaidana Tiscar Lararen artikulu hau irakurri dudanean. Artikulu sakona (luze bezain zehatza egindako azalpenetan), aberatsa (teoria desberdinei egindako erreferentziaz josita), egunerokoa gertutik bizi duen norbaitek idatzitakoa (ikasleen inguruko bizipen ugari emanez), iragandako, gaur egungo eta etorkizuneko irakaskuntzaren ildo nagusiak ezagutzen dituen norbaiten iritziak jasotzen dituena…. Zein zaila izaten den artikulu baten aurrean erabateko adostasuna izatea. Eta hori izan da nik bizi izan dudana artikulu hau irakurtzerakoan.

Bertan, blogek irakaskuntzan ekar dezaketen onurei buruz hitz egiten du. “Blockquote” etiketek, artikulu batean aipatutako ideia nagusiak azpimarratzeko balio badute, artikulu hau osorik jarriko nuke “blocquote” baten barruan. Atalez atal aipatzen duena nik neuk (eta pentsatzen dut nire lankideek ere) bizi izan dugunaren islapena da. Teorizazio maila handirik gabe egindako zerbaiten kontraste bezala hartzen dut nik artikulu hau.

Irakaskuntza munduan bide berriak, sistema berriak, metodo berriak… aplikatu eta erabili daitezkeela sinisten duzuenoi artikulua irakurtzea gonbidatzen dizuet. Bertan azaltzen diren egoerak oso urruti ikusten badituzue pentsa ezazue nik neuk aurten bizi izan ditudala. Eta izugarri gustura nago jasotakoarekin. Animo!

Gure proiektuen berri, elkarlanean oinarritutako bidalketa batean(III)


Euskaljakintza:(sei)

Benetan zaila egiten zait euskaljakintzari buruz idazten hastea, hainbeste ideia dut buruan non ez baita batere erraza niretzat hauek laburtzea. Hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta, eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen, izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolak” aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen. Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.

  • Blogak ohiko testu liburuaren papera ordezkatzea nahi nuen. Nola sartu bertan testu liburuko eduki guztiak? Horrek webquestak ezagutzera eraman ninduen. Konturatu nintzen ez nituela eduki guztiak blogean behar, egin behar nuena zela beraien esku jarri informazio iturri ezberdinak eta beraiek bultzatu material hori sortzera. Webquestak tresna erabat egokiak suertatu dira lanketa mota honetarako eta, gainera, aprendizaia askoz ere aktiboagoa bihurtu da.
  • Hosting propioa ez izateak ekarri dit buruhauste bat baino gehiago (buruari izugarri eragin behar izan diot dokumentuak, txostenak, bideoak, argazkiak…materiala, azken finean, sarean kokatzeko).
  • Ikasleek nik uste baino gutxiago menperatzen zuten ordenagailua eta proiektuaren berri zein zerbitzuetan alta ematen (posta elektronikoa, writely, gravatar…) pentsatzen nuena baino denbora dezente gehiago pasatu nuen.
  • Ikasgaiaren balorazioa. Gaia modu berritzaile batez fokatu behar banuen,  ezin nuen betiko azterketa sistema erabili. Koherentzia pixka bat eman behar nion planteamenduari. Horrela, baloratzeko sistema aldatu dut eta, nahiz eta edukien neurketarako azterketa klasiko bat egin, nota globalaren %40ko balioa baino ez diot eman (%25a taldean ekoiztutako txosten idatziari, beste %25a taldean sortutako multimedia aurkezpenari -honen ahozko aurkezpena barne-, eta %10a gure blogean idatzitako artikuluei). Honekin nahiko gustura gelditu naiz, denok baitakigu betiko eskemetatik ateratzea zenbat kostatzen zaigun, batez ere maila hauetan!

Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).

Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idaztera bultzatzen ditu. Beraien artikuluak argitaratzen dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak dituztela (aurki.com-ean azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo Joxe Aranzabalek idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatzen dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar luze bat).Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu!

Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute; eta, horrek, izugarri animatzen nau. Partekatzen ikasten ari gara, elkarrengandik ikasten dugu, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idazten dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!

2. hiruhilekoari begira, alde batetik, hainbat atalekin jarraitzeko asmoa dut (webquest baten bidez XX. mendeko literatura landu, artikuluak idazten eta publikatzen jarraitu…); eta, bestetik, egitasmo batzuk martxan jarri ditut (istorio elkarreragileak edo denon artean idatzitako narrazioak ekoiztu writely erabiliz, informatikako programa baten on-line itzulpena egin -horretarako ditugun baliabideak erabiliz- eta, azkenik, foro edo “txat” bat (txutxu-mutxuka) ireki.

Ikusten duzuen bezala, lehenengo hiruhilabeteko balorazioa baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu lan handia gelditzen zaigula egiteke, gauza asko ikasteke. Baina nik ez dut amore emango erraz zailtasunen aurrean! Askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen informatika alorrean, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: informatika alorrean inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin gai banaiz hau aurrera  eramateko, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proeiktuetan murgiltzera animatu nahi ditut.

jakintza.net Firefox-en

Bai, azkenean lortu dut. Hemendik aurrera ez dut uste Internet Explorer asko erabiliko dudanik, izan ere instalatu berri dudan gehigarri bati esker, Firefoxekin arazoak ematen zituzten webguneak erabateko normaltasunez ikusten ditut. Horixe da gure ikastolaren web orriaren kasua; orain arte, derrigorrez, IE erabili behar izaten nuen bertako lana egin ahal izateko. Gaur, Firefox erabili dut eta denak ongi funtzionatu du.


Ikastolako web orria Firefox-en

Harira, instalatu berri dudan gehigarriak IE Tab izena du eta egundoko integrazioa eskaintzen du. Banda Ancha-n irakurri dudanaren arabera, Windows Update eta guzti egitea lortu dute.

Gehigarri hau erabilgarri dago Firefox 1.0-tik 1.6.a1ra bitartekoentzat eta bere erabilera oso erraza da: webgune bat gaizki ikusten dela Firefox-en?, saguaren eskuineko botoia sakatu beharko duzu eta zabaltzen den menuan “View this page in IE Tab” sakatu besterik ez duzu egin behar.

Gehigarria deskargatu
Firefox Euskaraz deskargatu
Firefox azken bertsioa (Gazteleraz)

Aktualizazioa: Atzo egun osoa gehigarri hau erabiliz ibili eta gero, ez nintzen ohartu beheko barran ikono bat duela eta bertan klik eginez, Firefox-etik IEra eta alderantziz, aldatzeko aukera erraza eskaintzen duela.

Erabili Messengerra zure ikasleekin!


Jolausek burua galdu ote du?. Hainbeste denbora galtzen dugu irakasleok gure ikasleen Messengerra kontrolpean edukitzen orain horrelakoekin etortzeko? Ez al ditu harrapatu sekula bere ikasleak ondokoekin txateatzen klase orduetan?

Ofizioz eta “afizioz” :wink: irakasle zaretenok ziurrenik bidalketaren izenburua irakurri bezain pronto goiko burutapenak izan dituzuela. Gaurdaino nik ere berdin pentsatzen nuen baina orain agertuko dizuedana irakurri ondoren ez dut hain garbi.

Kontua da Microsoft-ek Encarta entziklopediarentzat bot bat sortu duela MSN Messengerrean erabil ahal izateko. Messengerrean zaudela “encarta@conversagent.com” helbidea duen kontaktu berri bat gehitzen baduzu Encarta entziklopediaren robotarekin hitz egiteko aukera izango duzu. Edozein gaien inguruko informazioa bilatu nahi baduzu galdetu iezaiozu robotari; harritzekoak izaten dira askotan ematen dituen erantzunak.

Lehen bistazo batean ikasleentzat baliagarria izan daitekeela iruditzen zait. Erraztasunez erabiltzen duten aplikazio bat da Messengerra eta, gainera, beti izaten dute eskura. Une konkretu batean zalantzaren bat izanez gero (kalkulu aritmetiko arrunten emaitzak eta ekuazio algebraiko sinpleen soluzioak ere ematen ditu) ikaslearentzat baliagarria izan daitekeela iruditzen zait. Agian etxean erabiltzea komeniko da infogelan baino?. Ez daukat oso garbi.

Robotarekin solasean aritu naiz tartetxo batean eta akats pare bat edo ikusi dizkiot: alde batetik, egindako galderaren erantzun zuzena ez dakienean Encarta aplikazioa irekitzen ahalegintzen da, egoera hau nahi baino gehiagotan errepikatzen delarik (“peñazo” samarra bihurtzen da robota askotan!) eta bestetik, robotak ingelesa bakarrik ulertzen duela :sad: .

Beno, proba ezazue nik egin dudan bezala eta zeuek baloratu.

Informazio iturria | Genbeta

Gure proiektuen berri, elkarlanean oinarritutako bidalketa batean(II)


Jakinstein:(jolaus)

Jakintza ikastolako fisikako mintegiaren blogaren jatorria anitza da: horrelako zerbaiten beharra genuela lehenengoz Pasai-Lezo Lizeoan jabetu ginen, Mikel Etxaniz fisikako irakasleak bere ikasleekin ordenadorez lagunduriko esperimentazioan (OLE) oinarritutako lanaren berri eman zigunean. Ikastolatik joan ginen irakasleok berehala ohartu ginen horrelako zerbaitekin hasi behar ginela gure ikasleekin ere. Bestalde, iazko ikasleekin orokorrean izan nuen esperientzia kaskarraren ondorioz, irakasgaiaren metodologian aldaketa sakonak eragin behar nituela garbi ikusi nuen. Azkenik, IKTeroon bileran askotan planteatzen genuen IKTen benetako erabilera ez dela gauzatzen ordenadoreak erosiz bakarrik, beharrezkoak diren teknologia berriak gure ikasleekin eguneko jardunean txertatuz baizik. Honi guztiari mila buelta eman ondoren eta, kontutan izanik Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen laguntzen deialdia maiatzean ixten zela, nire mintegi-kideekin hitz egin ondoren, proiektu berri honi heltzea erabaki genuen eta beharrezkoak ziren baliabideak eskuratu ahal izateko (batez ere, OLE gauzatzeko tresneria guztia) Foru Aldundian aurkeztu genuen g+b proiektu bezala. Proiektua onartuko ote ziguten edo ez jakin aurretik, jada hasi ginen blogaren garapenarekin, azkenik, orain dela aste gutxi batzuk, proiektua bere osotasunean onartu zaigula jakin dugularik.

Helburu nagusienak ondorengoak izango lirateke:

  • Ikasle batek fisikako gaia lantzerakoan behar dituen baliabide guztiak (eduki, simulazio eta esperientziak) webgune konkretu batean edukitzea.
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartzea
  • Ikasle-ikasle eta ikasle-irakasle komunikazioa indartu, elkarlanari bultzada berezia emanez.
  • Ohiko azterketatik at, ebaluazio tresna berrien erabilerarekin probatzea.

Udan domeinua eta hosting-a erosi ondoren, WordPress-en eta Moodle-en instalazioari ekin nion. WordPress-en instalazioarekin eta honen euskaratzearekin amaitu ondoren, themea aukeratu, hainbat plugin instalatu… eta edukien igotzeari ekin nion. Horrela hasi nuen ikasturte berria. Ikasle bakoitzak materiala begi-bistan eduki ahal izateko eta, batez ere, klasean aztertuta simulazioekin norberak bere kasa praktikatu ahal izateko, klaseak infogelan ematea erabaki genuen, ikasle bakoitzak, erosi berri genituen ordenadoreetariko bana eskura zuelarik.

Lehen ondorioak berehala antzeman ditut: ikasleek eskertzen dute web bitartez edukien lanketa, jarraipena eta azterketa egiteko aukera izatea, bai ikastolatik bertatik, baita beraien etxetik ere. Baina, gela barruan ez dira oso eroso sentitzen. Ikasle hauek oraindik “paperaren belaunaldikoak” dira; irakaslearen azalpenak, oharrak… jasotzeko papera behar dute eta nahiago dute klasearen jarraipena egiteko apunteak paperezko euskarrian edukitzea digitalean baino. Batek edo bestek probatu du klaseko notatxoak ordenadorez jaso eta klase amaieran bere helbide elektronikora bidaltzen, baina segituan baztertu du metodo hori. Ez da batere erosoa. Bestalde, komunikazioa hobetzeko erabilitako bide ezberdinek ez dute arrakasta handirik izan: blogaren iruzkinak “apenas” erabili dira eta Skype-n bitartez banakako elkarrizketak ikasle batzuekin garatzea lortu dudan arren, multikonferentziak egin nahi izan ditugunean arazoak izan ditugu: ikasle askorekin elkarrizketa gauzatzea ezinezkoa izan da.

Lehen ebaluazioa bukatu berri dugu eta esango nuke hasieran ipinitako helburuak nahiko urruti geratu direla. Blogari itxura eman (ebaluazio erdian theme berria instalatzea erabaki nuen) eta edukiak igotzen bakarrik nahiko lan izan dut eta ez dut aukera gehiegirik izan bestelako tresnekin probatzeko. Datorren ebaluaziorako aldaketak egiteko asmoa daukat:

  • Lehenik eta behin, ikasleak gonbidatu nahi ditut blogean fisikarekin lotutako artikuluak idaztera. Beraien partaidetza bultzatu nahi dut artikuluak idazterakoan eta ea, bide batez, iruzkinen bitarteko komunikazioari bultzada bat ematen diogun.
  • Blogean idazteaz gain, euskal Wikipedia ri bultzadatxo bat ematea ere pentsatu dut eta nire ikasleei zera eskatu nahi diet: fisikako ikasgaian ikasitako fenomenoetan oinarritutako hainbat aurrerapen teknologikoen inguruko lanak prestatzea. Zuzendu ondoren Wikipedian argitaratzeko aurkeztuko ditugu.
  • Gorka Palaziok euskaratu berri duen Tiddly Wiki aplikazioa ikasleekin erabiltzeko asmoa dut. Ez daukat oraindik oso garbi zer eta nola baina tresna interesgarria dela iruditzen zait ikasleekin erabiltzeko.
  • Foru Aldundiaren onarpena jaso ondoren, urtea amaitu aurretik, OLE-ko esperimentaziorako beharrezkoa dugun materiala erosiko dugu eta bigarren ebaluaziotik aurrera ikasleek egingo dituzten esperientzien txostenak, taulak, emaitzak eta ondorioak blogean bilduko ditugu.
  • Azkenik, instalatuta daukan Moodle aplikazioarekin probak egiten hasi nahi dut eta ahal izanez gero ebaluazio tresna bezala erabili nahi dut.

Lan asko dago oraindik egiteko (gehiegi, agian,  ikasturte batean burutzeko). Kontua da urratsak ematen hastea eta, poliki-poliki, hasieran aurreikusitako proiektu horri forma ematen joatea. Bigarren ebaluazioaren amaieran hemen izango gaituzue, berriro ere, egindakoaren berri emateko.