Ikasleekin ikasten

potto

Jakintza Ikastolako Lehen hezkuntzako ikasleek, aurten ere, Osasunkume Lehiaketan parte hartu dute aldizkariak ekoizten eta, urtero bezala, oso lan txukunak prestatu dituzte.

Iaz, lehenbiziko aldiz, gela batek bere lana euskarri digitalean aurkeztu zuen eta jakinmin izeneko lana irabazle suertatu zen . Aurten, berriz, 5. eta 6. mailako gure lau gelek era horretan aurkeztu dute euren lana. Horietako bi ezin ditugu hemen erakutsi CD batean baitaude. Beste biak Osasunkumoski eta Potto hemen ikus ditzakezue.

Zalantzarik gabe, gure ikasleak ongi moldatzen dira teknologia berriekin, baina hori ez da gure atentzioa merezi izan duena. Artikulu honen goiburuan ikusten duzuena 11 urteko ikasleek eginiko logo bat da, hori ere ez da horren arraroa, baina esaten badizuet bertan agertzen den animalia Perodicticus Potto izena duela? Zuetako inork ba al zekien hori? Ez? Ezta guk ere! Bai ordea gure ikasle jakintsu hauek.

Gu pentsatzen izen hori bertsolaritzako saioetan ikasitakoaren haritik zetorrela edota ikastolako irratiaren izena hartuta eta ezetz, Afrikako tximino baten izena dela!!!

Baneon ba ni!! Orain ulertzen dugu PeƱak, ikastolako kafe makinak zaintzen dituenak, potto egiten duenean, “tximinoarena” zergatik egiten duen.

Azterketak eta irteerak (agur)

Lehenengo egunean idatzitako artikulua autokritikarako tarte bat irekitzen bukatu nuen. Gaur, hori da nire asmoa, ahaleginduko naiz azaltzen zein izan den irakasleon jarrera hezkuntzaren bilakaeraren aurrean.

Euskal Herriari dagokionez, ikuspegi orokor batetik enfokatuta, esan dezakegu 60 eta 70eko hamarkadetan Ikastolak aitzindari izan genituela eta, egiturazko aldaketa sakon ugari ezarriz, Hezkuntza Sistemaren berriztapenaren motorra izan zirela. Garai hartako irakasleek eta gurasoek militantzi kutsu nabarmena zuten eta berriztapenen aurrean jarrera ezin hobea erakutsi zuten. Bien bitartean, Sistema Publikoak Frankismoaren sareetan harrapatuta jarraitzen zuen eta sare pribatuko ikastetxeei dagokienez, ez dago horrelako adierazpen egiterik, izan ere, ikastetxe batzuk esperientzi berritzaileak inplementatzen ari ziren bitartean, beste batzuk katakonben iluntasunean jarraitzen zuten.

80ko hamarkadan, Ikastolak, eginiko bidea aprobetxatuz, beste zereginetan aritu ziren eta hasierako urteetan eginiko hanka-sartzeak zuzentzeko aukera izan zuten. Nolanahi ere, Euskal Herriko egoera politikoak asko baldintzatzen zuen ikastolen dinamika. Sistema Publikoak, Frankismoaren aztarnak uxatu nahian, lehenengo pausuak eman zituen galdutako denbora berreskuratzeko eta gizarteak eskatzen zuen eredura hurbiltzeko.

90eko hamarkadan jaiotze tasaren jaitsiera areagotu egiten da eta ikastetxeen iraunkortasuna bermatzeko ahaleginak egiten dira “bezeroak” erakartzeko eta gustura mantentzeko. Ikastetxeak lehia batean murgilduta azaltzen dira. Zerbitzu berriak eskaintzen dira eta hauek ahalik eta ondoen antolatzeko mila ahalegin egiten dira. Ikastetxeen arrakastaren gako nagusienetako bat bilakatzen dira. Guraso eta ikasleen asetzea lehenesten da. Honekin batera, gizartean indarrean zeuden baloreen gainbehera nabarmena bizi dugu. Azken honek ikastetxeetan biziki eragiten du: gurasoek euren seme-alaben morroi bihurtuta, ikastetxeen laguntzaileak izateari utzi eta presionatzeari ekiten diote, irakasleen lana zalantzan jartzen da, ekarpen eraikitzaileak alde batera utzi eta era guztietako eskaera egitea arrunta bihurtzen da…

Panorama horretan kokatu behar dugu gaur egungo Hezkuntza Sistema eta horren aurrean ikastetxeen eta irakasleon jarrera. Nola jokatzen dugu?

Nire iritziz, ikastetxe eta irakasle gehienen jarrera amore ematearena izan da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Hau da, ikasle eta gurasoak “lasai” mantentzearren, funtzionarioaren jarrera indartu eta areagotu egin da. Zer nahi duzue? Lasai, guk zilarrezko erretiluan eskainiko dizuegu. Jarrera honekin beste jarrera bat elkarrekin bizi da: era arduratsuan eta erantzukizuna bere gain hartuz jokatzen saiatzen diren irakasleena. Multzo honetan aipagarria da sortu den figura berria: irakasle “errea”rena hain zuzen ere. Baina ez genuke ahaztu behar beste arazo berri bat sortzen ari dela: ikasle “errea”rena, eta horrek bai biziki kezkatzen nauela. Multzo honetan sartzen dira ahaleginak eta esfortzu handiak egiten dituztenak eta ikusten dutenak nola batere saiatu gabe euren ikaskide askok, azkenean, pareko emaitzak “lortzen” dituzten.

Gauzak horrela, zer egin dezakegu? Nola jokatu beharko genuke? Ba al dago irtenbiderik?

Nik uste dut irtenbide egon badagoela eta ahal duguna egin beharko dugula egoerari buelta emateko. Nik proposatzen dudan irtenbideak honako atal hauek jaso eta bermatu beharko lituzke:

  • Ikastetxe guztiek euren kode etikoa adostu eta garatu beharko lukete.
  • Hezkuntza komunitatea osatzen duten partaide guztiek ezagutu beharko lukete eta jakin beharko lukete errespetatu eta errespetarazi beharko luketela.
  • Hezkuntza Sistemak profesionalen lanari garrantzia emateko eta errekonozitzeko, antzinatasuna ez ezik, berriztapen proiektuetan duten partaidetza, ezartzen dituzten berrikuntzak, etengabeko formazioan eginikoa… saritu beharko lituzke.
  • Hezkuntza komunitateko partaide guztien elkarkidetza sustatzeko foro eraginkorrak eta eragingarriak eraiki beharko lirateke.
  • Etorkizunean sartzeko, hezkuntza sistemak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritu beharko luke, eta, horrez gain, eskariaren etengabeko dibertsifikazioari erantzuteko gai izan beharko luke.
  • Ikasle eta irakaslearen rol tradizionalak aldatuz joan beharko luke. Irakaslea ikasketa prozesuaren bideratzailea, hau da, transmisore hutsa baino gehiago aholkulari-tutore bihurtuko litzateke, eta ikaslea bere ikasketa prozesuaren zuzendari eta kudeatzailea izatera iritsiko litzateke. Horretarako, era guztietako ikas sare eraginkorrak antolatu beharko genituzke.
  • Bezeroen epe motzeko asetzea bilatu ordez, asetze integrala bilatu beharko luke, hau da, epe ertainean nahiz luzean komunitatearen asetzea lortzen duena.

Bukatzeko, Prospektiban, aurkitu dudan dokumentu hau aholkatzen dizuet.

Gai honen inguruko eztabaida zabalik dago eta zuen ekarpenak estimatuak dira.

Ideia-jasa (brainstorming)

Interneten web orrialde berri bat aurkitu dugu, Khef izena du eta oso ideia interesgarria iruditu zaigu. Bertan brainstorming delakoa burutzeko esparrua aurkituko dugu.

IKTeroak egiten dugunon artean badira batzuk ideiak bor-bor dituztenak eta etengabe proposamenak luzatzen dabiltzanak. Horientzat oso aproposa izan daiteke.

Web aplikazio honen bitartez ideiak luza daitezke besteek ekarpenak egin ditzaten, ideia berriak sortzeko, besteen ideiak osatzeko, ideien arteko interakzioak sustatzeko… Aplikazioa erabili ahal izateko alta eman beharra dago. Guk egin dugu eta ohartu gara ia hutsik dagoela, beraz, has gaitezen lehenbailehen gure ideiak luzatzen.

Bideokonferentzia Skype-kin

Dialcom etxeak sorturiko dohaineko plugin bati esker Skype-k bideo eskaintza gehitzen dio bere VoIP zerbitzu ospetsuari. Plugin honetan oinarriturik posiblea da bideokonferentzia bitarteko elkarrizketak gauzatzea. Bideoaren kalitatea ahotsarena bezain ona bada, kontutan hartzeko aplikazio bat izango da komunikabideen esparruan zalantzarik gabe. Bi arazotxo ikusten dizkiogu, hala ere, plugin honi: alde batetik, une honetan Windows-pean bakarrik erabil daitekeela :sad: eta bestetik, dohaineko aplikazio bat izanik gaur, denbora luzez izango ote da horrela?. Nik nire zalantzak ditut. Hala ere, gertutik jarraitu beharrekoa albistea dudarik gabe.

Aplikazioa deskargatzeko hona jo dezakezue.

Engadget-en aurkitua

Jakintzako ikasleek eginiko fisikako proiektuak

Bukatu da ikasturtea batxilergoan. Urtero bezala kezka ugarirekin eman diot amaiera nire ikasgaiari. Ez naiz gustura geratu eta nire metodoa, erabilitako materiala, azterketa sistema, ebaluazioa… zalantzan jartzen hasia naiz. :???:

Nire mintegikideak suerte gehiago izan duela iruditzen zait. Taldearekin oso kontentu aritu da eta zalantzarik gabe nik baino lorpen hobeak izan ditu. Ikasturtea amaitzeko fisikako gaiarekin lotutako proiektu batzuk garatzea proposatu zien bere ikasleei. Eta baita jaso ere! :wink: Egun hauetan aurkeztu dituzte proiektu hauek eta benetan lan politak egin dituzte gure DBHO 1eko ikasleek.

Gure bitakora honetan denen berri jasotzea ezinezkoa denez, jarraian ikus daitekeen hau aukeratu dugu bere originaltasunarengatik, batez ere.

Bertan, energia nuklearraren ekoizpenaren historia azaltzen da era kronologiko batean guzti hori erlojuaren funtzionamenduarekin lotuta. Eta erlojua puntu-puntuan zebilen gainera! :shock: