Ingelesa on-line

Ikusten duzuen bezala, IKTerook lanean dihardugu ahalik eta baliabiderik gehien eta interesgarrien modu erraz eta erakargarrian zuen eskura jarri ahal izateko. Euskararekin hasi ginen, bidean frantsesa eta matematikaren inguruko aipu batzuk eman eta, orain, ingelesezko on-line baliabideen zerrenda aurkeztu nahi dizuegu.
Bitarteko horien artean hiztegi mordo bat, gramatikak, jokoak, itzultzeko tresnak eta ariketa anitz aurkitu ahal izango dituzue edo, kasu honetan behar den bezala esanda, you will find many English dictionaries, several grammars, translation services, fun and games, quotations, language resources and useful links.
Datorren asterako prest izango dugu oinarria zuen laguntzaz osatzen joango garena (euskarazko baliabideen aldamenean kokatuko dugu). Zerbait falta dela iruditzen bazaizue, idatzi lasai eta osatzen saiatuko gara!
To be conscious that you are ignorant is a great step to knowledge. Benjamin Disraeli

Frantsesa jorratzeko baliabideak

Aurreko mezu batean magic-ek zioen bezala lanez gainezka gabiltza azken egun hauetan. Ekaineko ebaluazioa gainean dugu eta honetaz gain ikasturte amaieran sortzen zaizkigun bestelako lanak direla eta, tajuzko mezuak idazteko paradarik ez dugu hartzen.

Bitartean, irakasgai desberdinetan erabil daitezkeen baliabideen berri eman nahiko nuke. Atzo giza zientzien inguruko helbide pare bat aurkeztu nituen bezala, gaur frantsesaren txanda tokatzen da. Igorringo weblog berriaren bitartez ezagutu dut frantseseko webgune interesgarri hau. Mota guztietako baliabideak topa daitezke. Egia esan ni ez naiz frantsesean oso iaioa baina oso orri konpletoa dirudi.

Eguneratzea 2005-06-14: atzoko albistearekin jarraituz hona hemen Madrilgo institutu batek proposatzen dituen ariketa sorta bat DBH eta batxilergorako. Hauen artean interesgarrienak ahozkotasunaren ulermena lantzeko ariketak dira. Hauetako bat webgune honetan aurki dezakezue. Ideia interesgarria izan daiteke ahozko hizkuntzaren ulermena lantzeko beste edozein hizkuntzetan ere.

Giza Zientziak eta IKTak

Eduteka, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan IKTen inplementazioaz arduratzen de webgune kolonbiar interesgarri bat da. Bertan, IKTen eta arlo kurrikular desberdinen arteko uztarketa gauzatu ahal izateko ideia, proiektu, baliabide… desberdinen aurkezpena egiten da.

Oraingo honetan Giza Zientzien txanda da. Baliabide ugari topa daitezke: mapak, webquest-ak, helbide interesgarriak… Hauetako batzuen artean EducaHistoria web ataria topa daiteke. Interesgarria dirudi.

Jakintzako IKTerook lanpeturik

Ikasturte amaiera gogorra, ia beti bezala, izaten ari da IKTeroak egiten dugunontzat. Saltsero izateari ezin utzi eta ikastolako lan askotan parte hartzen dugunez, azken egunotan buru-belarri gabiltza lan horiek amaitu nahian, hori dela eta, gure mezuen erritmoa moteldu egin da.

Nolanahi ere, ez dakit “engantxatu” ez ote naizen. Gaur, egun osoa ikastolako ordenagailu baten aurrean lanean igaro ondoren, etxera iritsi orduko ohartu naiz bi egun idatzi gabe egon naizela eta post hau idazteari ekin diot (zalantzarik gabe, EFQM memoria idaztea baino errazagoa da) nire burua lasaitu nahirik edo.

Datorren astean, lan horiek amaitu eta berehala, hurrengo ikasturteko proiektuak prestatzen hasiko gara. Horrekin ere nahikoa lan izango dugu eta ahaleginduko gara proiektu horien inguruko informazioa hemen argitaratzen zuekin konpartitzeko.

Internet Explorer: Firefox-ek ezarritako ereduaren atzetik

Internet Explorer-ek Firefox eta Opera bezalako nabigatzaileek aspalditik duten ezaugarri bat inplementatuko du hemendik aurrera: aukera izango dugu leiho bakar batean orri bat baino gehiago irekita edukitzeko. Horretarako nahikoa izango da MSN Search Toolbar aplikazioaren ingelesezko azken bertsioa instalatuta izatea.

Jakitera eman da, baita ere, Internet Explorer 7 bertsioak RSS bitarteko sindikaziorako euskarria eskainiko duela laister.

Microsoftek garbi utzi du, berriro ere, zer den hobekien egiten dakiena; merkatuan sortzen diren azken aurrerapenen plagio lotsagabea. Norbaitek ezagutzen al du Microsoft-ek sorturiko aplikazio propiorik?. MS-DOS sistema eragilea “sortu” :? : zutenetik hona, ba al da merkatuan etxe honek kaleratutako proiektu propiorik?