Knowledge Tree: CMS bat gure ikastolarako?

Egunak daramatzat datorren ikasturterako garatu nahi dudan proiektuarekin erabiliko dudan aplikazioaren bila. Blog honekin hasi ginenean aplikazio gutxi ezagutzen nituen edukiak nik nahi nuen eran publikatu ahal izateko. Hauen artean Blogger, Movable Type eta WordPress nituen ezagunenak. Poliki-poliki ohartu nintzen aplikazio guzti hauek CMS izen generikoarekin ezagutzen direla eta merkatuan uste nuen baino aplikazio gehiago zeudela aukeragai. Hauen artean, nire “IKTero-kide” den Txantxiku ikastolako Xa2-k egun batean federazioan ezagutzera eman zigun Moodle aplikazioa. Plataforma horietako askoren kasuan lizentzia ordaintzea (eta ondo ordaindu gainera!) beharrezkoa izan arren, beste asko eta asko, open source izanik dohain eskura ahal daitezke, hala nola, atariak garatzeko tresnak (Drupal, Mambo, PHP-Nuke, Xoops), blogak sortzeko (b2evolution, WordPress, Nucleus), foroak publikatzeko (phpBB), e-Learning aplikazioak (ATutor, Moodle, Site&School), Wiki-ak (MediaWiki)… Aurrean aipatutako guzti horiek PHP eta MySQL-en gainean funtzionatzen dute baina horietaz aparte ere badaude bestelako programazio hizkuntzetan garatutakoak: Movable Type (Perl hizkuntzan egina), Coreblog (Zope-n oinarritua)… Benetan zerrenda luzea!.

Aipatutako aplikazio hauen eta gehiagoren berri izan nahi baduzue eta erabiltzaileen iritziak ezagutu, beheko helbideak bisita ditzakezue:

  • opensourceCMS: CMS pilo baten inguruko informazioa jasotzeaz gain guztiekin praktikatzeko aukera ematen du. Aukeratu ezazu CMS bat eta webgunean emandako erabiltzaile izen eta pasahitzekin ordubetez “saltseatu” dezakezu CMS-aren barruan. Ordua amaitzerakoan egindako aldaketa guztiak ezabatu egingo dira.
  • OngETC:aurreko webgunearen administradore batek sortutako webgunea da hau. CMS desberdinen inguruan egon daitezkeen kezkeei erantzuten ahalegintzen da.
  • Oscom.org: Open Source Content Management. Webgune honetako orri honetan ere informazio ugari aurki dezakezue

Kontua da, bueltaka nenbilela aplikazio guzti hauen inguruko informazioa kontsultatzen eta bat-batean bonbilla piztu zait: gure ikastolak badu aspalditik behar handi bat edukien kudeaketari dagokionez. Esplikatuko naiz.

Gure ikastola 1997tik hona EFQM edo kalitatearen ereduan murgildurik dabil. Eredu honek zehazten duen metodologiari jarraituz aspaldi honetan sortu dugun dokumentazio bolumena izugarria bilakatu da. Hasi ginenean informazio guzti hau Windows-eko “Explorador de archivos” delakoarekin kudeatzen genuen. Baina ez zen denbora gehiegi pasatu konturatu ginenerako tresna horrek ez zituela asetzen gure beharrak. Hasiera batean gure EFQM aholkulariekin komentatu genuen egoera hau baina beraiek ere ez zuten oso garbi zein tresna izan zitekeen egokiena gure informazio bolumena baldintza egokietan kudeatu ahal izateko. Handik gutxira Ikastolen Federaziotik gure intraneta garatzeko proiektua bultzatu zen. Aurreikusita zeuden intranetaren moduluetako bat, hain zuzen ere, dokumentazioaren kudeatzaile bat izango zen. Gure artean ilusio izpi bat sortu zen; intranetaren demoetan ikusitakoaren arabera gure beharrak asetuko zituen tresna jaso ahal izango genuen ikasturte honen lehen hiruhilabetean. Baina kukuak oker jotzen die askori eta gure intraneta esku artean izan genuenean konturatu ginen ez zela batere erabilgarria. Zortzi urte hauetako ibilbidean 2995 KARPETA ETA 7982 DOKUMENTU SORTU DITUGU!!!! eta, jakina, gure dokumentazio kudeatzailea ez zegoen era egokian diseinatuta informazio guzti hori aise maneiatzeko.

Beraz, pentsatu nuen agian posiblea zitekeela CMSen munduan gure beharreei egokitzen zitzaion aplikazio bat aurkitzea eta dohain izanez gero hobe, noski. Horrela Mario Lopez de Avila-ren bloga topa nuen. Bertan, Knowledge Tree CMSaren inguruko artikulu interesgarri bat aurkitu nuen. Marioren hitzetan:

La aplicación proporciona un ‘almacén’ o repositorio de documentos, soporta el desarrollo de flujo de trabajo, circulación de documentos, publicación de contenidos e, incluso, definición de métricas relativas a la gestión de contenidos. Todo ello por 0 euros.

Aplikazio honek aurkezten dituen ezaugarrien artean ondorengoak aipa daitezke:

  1. Dokumentuen bertsio desberdinen kontrola
  2. Bilaketa mota anitzak
  3. Dokumentu arruntenen kudeaketarako euskarria: MS Word, MS Excel, PDF, TXT, HTML…
  4. Dokumentuetarako lotura sistema eraginkorra

Kontutan izanik gure intranetak PHP eta MySQLpean lan egiten duela, posiblea izango litzateke horrelako aplikazio bat gure intranetean erbili ahal izatea datorren hilabeteetan?. Jakinen gainean edukiko zaituztegu.

Bitartean aplikazio interesgarri honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero hona edo hona jo dezakezue

Nola txertatu bideoa mezu batean

Agindu bezala hemen natorkizue gaur atzoko mezuan txertatutako bideoaren “making of”-a azaltzea :wink: . Aldez aurretik esan beharra dago zuen weblog-a hosting propio batean baldin baduzue ez dela beharrezkoa jarraian adierazitako pausu guztiak ematea. Gure kasuan, Blogsome-k ez du aukerarik ematen bideoak igotzeko, beraz, beste bitarteko batzuk erabili behar izan ditugu. Pentsatzen dut zuetako askok egongo zaretela gure kasu berdinean, beraz, hementxe azalduko dizuet zeintzuk izan diren emandako pausuak:

  1. Bideoa prestatzea da lehen urratsa. Adibidean ikusten dena nire argazki kamerarekin aterata dago. Bideoa zintzilikatzerakoan jaistea ahalik eta azkarren suerta dadin bideoaren bereizmena, bitrate-a, fps-ak… aldatzea komeni da. Formatua eta kalitatea aldatzeko aplikazio ugari daude sarean. Nik Windows Media Maker erabili dut (WXp-rekin datorrena) erabilterraza delako batez ere, halere, badira hau baino hobeagoak diren tresnak dohain (Virtual Dub ospetsua, adibidez). Adibide gisa erabilitako bideoaren ezaugarriak ondokoak dira:

      Formatua: windows media video (wmv)
      Bitrate: 340 kbps
      Bereizmena: 320×240
      fps: 25

    Ezaugarri horiekin 29 segunduko bideo zati honek 1,15 Mb-eko lekua hartzen du. Nik uste dut nahiko kalitate onean ikusten dela. Probatu dut ere fps-ak 15era jaistea, baina horrela artxiboak 500 kb bakarrik pisatu arren bere kalitatea nahiko kaxkarra da. Hori, jada, zuen erabakia da.

  2. Ondoren bideoa zerbitzari batera igo behar da. Aurrean aipatu bezala Blogsome-k ez ditu bideoak igotzeko aukera ematen (dohaineko beste hainbat weblog-en kasuan gertatzen den bezala). Nik Vimeo erabili dut. Web honetan zuen bideoak ipini ditzakezue dohain. Hori bai, aste bakoitzeko 8 Mb-eko lekua duzue bakarrik baina igandero 8 Mb gehiago eskaintzen dituzte. Astea amaitu aurretik leku gehiago behar izanez gero aurreko bideoren bat ezabatu beharko duzue. Vimeo bisitatzen baduzue konturatuko zarete bere interfazea Flickr-enaren oso antzekoa dela. Beraz, azken honekin aritu bazarete ez duzue arazo berezirik izango Vimeorekin
  3. Behin bideoa igo duzuenean kode zati bat kopiatu behar duzue zuen blog-ean sartzeko. Aldez aurretik aipatu nahiko nuke HTML hizkuntza oraindik nahiko arrotza egiten zaidala beraz ez dakit orain azalduko dizuedana oso egokia den programazioaren ikuspegitik baina niri behintzat funtzionatu dit. Kopiatu behar duzuen kodeak horrelako itxura izango luke:


    BIDEOAREN HELBIDEA ipintzen duen lekuan nire kasuan adibidez http://www.vimeo.com/video_files/2005/06/19/vimeo.1303.wmv idatzi behar izan dut. Badago beste aukera bat, errazagoa oraindik, kodea eskuratzeko: Vimeon bideoa ikusten ari zaretela saguaren eskuineko botoiarekin klik egin web orrian eta hautatu ezazue “Ikusi orri-iturburua” (erdaraz “ver codigo fuente”). Agertzen den leihoan hautatu behar duzuen kode zatia ITEM deitutakoa da. Ondoren itsatsi kode zati hau zuen mezuan eta voila! hor duzue bideoa.
  4. Zuen bideoa RSS feed-ekin deskargatu nahi baduzue nahikoa da feed-ean “enclosure” delako atalean bideoaren helbidea idaztea. Feed-ak deskargatzerakoan bideoa ere deskargatu ahal izango da. Horrelakorik nahi ez baduzue hutsik utzi atal hau.

Lagungarri izango zaizuelakoan…

Gertatzen ari da, ikusten ari zara

Jakintza Ikastola

Barkaidazue izenburua idazteko egin dudan itzulpen “txuskeroarengatik”. CNN+ telebista kateak “está pasando lo estás viendo” zioen bere propagandan eta nik euskaratzea erabaki dut Jakintza Ikastolako web orrialdean dugun izaera islatu nahirik.

Gaur bertan Ikastolaren Eguna ospatu dugu eta ekintzak 14:30ean amaitu diren arren, 15:00etarako argazkiak jarrita zeuden. Nolanahi ere, argazki kamera batekin izandako arazo teknikoengatik ezin izan ditugu argazki guztiak eskegi. Astelehenerako jartzen ahaleginduko gara. Horretaz gain, IKTerook grabatu ditugun irudiak Goierri Telebistan ikusteko aukera izango dugu, eta datorren astean laburpen bat web orrialdean ikusgai izango dugu.

Bestalde, atzo eguerdian selektibitateko emaitzen berri izan bezain laster albiste pozgarria (urtero bezala, ikasle guztiek gainditu baitute ) zintzilikatu genuen.

Web orrialdea publikoa egin genuenetik, egunerokotasuna eman nahi izan diogu eta, hein handi batean, lortzen ari garelakoan gaude, nahiz gauza asko hobetzeko gelditzen zaigun.

Bukatzeko, azkenaldi honetan ikasle, irakasle eta gurasoen partaidetza asko murriztu dela aipatu nahiko genuke eta hemendik gonbitea luzatu nahi dizuegu, hasieran bezala, foroetan, inkestatan, albisteetan… parte har dezazuen.

Berrikuntza gehiago Skype-n

Mugimendu handiak ematen ari dira aspaldi honetan VoIPren inguruan orokorrean eta Skype-n inguruan konkretuki. SkypeJournal webgunearen bitartez jakin dugu Skype-n bitartez bideokonferentziak egiteko aplikazio berri bat sortu duela SCN enpresa estatubatuarrak. Orain dela egun batzuk antzeko software baten berri eman bagenizuen ere, oraingo honek abantail garbi bat du harrekiko: multibideokonferentziak egiteko aukera ematen du, alegia, une berean pertsona bat baino gehiagorekin audioa eta bideoa trukatzeko aukera eskaintzen du. Behean ikus daiteke aldi berean sei pertsonen arteko elkarrizketa baten argazki bat. Aplikazio berri honen izena vSkype da eta oraindik beta fasean egon arren, hemendik eskura dezakezue.

Bestalde, Eduardo Arcos-en bitakoran, duela egun pare bat IPdrum enpresak eskainiko duen zerbitzuaren berri izan genuen. Enpresa honek kaleratu berria du bere IPdrum Mobile Skype Cable zerbitzua. Honen bitartez Skype-ko erabiltzaileok telefono mobilekin konektatzeko aukera izango dugu dei lokal baten prezioan. Badirudi zerbitzua abuztuan jarriko dela martxan.

Informazio gehiago: Genbeta eta Prnewswire

DivX 6, codec bat baino gehiago

Genbetan irakurri dudanez DivX etxeak bere azken produktua aurkezten digu: DivX6 zeinek DivX® Media Format aurkezten duen.

DivX® Media Format-ekin etxe honek aurrerapauso bat ematen du bideo codec bat baino gehiago izateko bidean; trinkotzeko ahalmen hobea eta oso ezaugarri interesgarriak aurkezten ditu:

  • Azpitituluak editatzeko aukera ematen du
  • Trinkotutako formatuan nabigatzeko aukera
  • Audio pista desberdinak fitxategi batean
  • XTAG bideo etiketak informazio ugari eskainiz
  • ….

DivX-aren bertsio berri honekin honako aplikazioak datoz:

Gainera, nahi izanez gero, aplikazio horiek biltzen dituzten bi pakete ere aurki ditzakegu: DivX Create Bundle eta DivX Play Bundle .