Materiaren egoera berri bat sortu dute

Fisika-Kimika irakasten dutenek euren ohiko eskema aldatzen joan beharko dute. Gela batera joan eta materia azaltzerakoan ezin izango dute gure irakasleek guri esaten zigutena esan: “materia hiru egoeratan aurki daiteke:solidoa, likidoa eta gasa”. Nik dakidala, behintzat, orain arte bost ziren materiaren egoerak: arestian aipaturikoak gehi plasma eta Bose-Einstein kondentsatua.

Bada, horiei beste bat gehitu beharko diegu gure saio lektiboetan azaltzeko. Barrapunto blogean irakurri dudanez, MIT-eko fisikari talde batek materiaren egoera berri bat sortu du. Fermioiez osaturiko gas bat omen da zeinek tenperatura oso altuetan superfluido edo fluido perfektu baten izaera hartzen duen.

Diotenez, superfluido berri honen ikerketak tenperatura altuetan supereroankortasunaren inguruko zalantzak argitzeko balioko du.

Batek daki gure bilobak ikastolara iristen direnerako materiaren zenbat egoerekin topatuko diren.

Grabatu zure CDa SGAEri ordaindu gabe

Anari

Idatzi labur honen bitartez, abeslari bikaina eta gure ikastolako irakaslea den Anariri, aukera bat erakutsi nahi diot bere diskoak beste modu batez argitaratzeko. Gauza bera musikaren mundu horretan lehen urratsak eman nahi dituzten gazte eta ikastolako ikasleei.
Dagoeneko, asko dira Musika Askea argitaratzen hasita daudenak eta beste batzuek SGAEren jardun mafiosoa nola saihestu asmatu dutenak.
Bitxia da oso editorea eta egilea pertsona bera denean sortzen den egoera; Escolar.net-en oso ongi adierazita dago Gomaespumakoei gertatutakoa.
Horrelako egoerak ez errepikatzeko, batzuek asmatu dute , SGAEri sosik ordaindu gabe, disko bat argitaratzeko egin daitekeena.

Jakintza Ikastola airetik

Jakintza

Bart hasi nintzen Google Maps zerbitzua arakatzen eta berehala ohartu nintzen Euskal herriko eremu batzuk bakarrik ikus daitezkeela zehaztasun handiz. Aipagarriena iruditu zitzaidana izan zen Gipuzkoako eremuak ez zuela Donostialdea hartzen, Bidasoaldea baizik. Ñoñostiarrak gozo jarriko dira Sustatun argazki hau argazki hau ikustean.

Goierritarrok umilagoak garenez Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzuarekin konformatuko gara, gainera oso gertutik eta zehaztasun izugarriaz ikus daiteke. Gure ikastolako argazki horretan eraikin nagusia ikus daiteke (igerilekua ez da gurea :lol: ) eta argazkia atera zuten egunean klaserik ez genuelako bestela, hor ikusiko genuke Jolaus bere PDA edo eramangarriarekin klaseak ematen :-)

Irakasle elektronikoa

ADELEizeneko irakasle elektroniko honek ikasleengandik ikasten du.

Graz-eko (Austria) Joanneum UnibertsitateTeknikoan garatzen ari den sistema honek erabiltzailearen begirada jarraitzen du bere beharrak identifikatzeko eta hezkuntza edukiak egokitzeko.

Proiektu honen zuzendaria den Maja Pivec-ek adierazi duenez, begiradan ez dira datu objektiboak islatzen soilik, prozesu kognitiboaren beste datu batzuk ere islatzen omen dira eta hauetan oinarritzen da proiektu hau, hain zuzen ere. Eye Tracking izeneko teknologia erabili dute. Honen bitartez, begiradaren mugimenduak kamera batez erregistratu eta grafiko batean jasotzen dira. Honela, giza kontzientziatik alde egiten duten hainbat prozesu aztertzea lortzen dute.

Baina, proiektu honek beste urrats bat ematen du informazioa ikaslearen nahi eta lehentasunetara egokitzerakoan. Hori lortzeko hiru elementu erabiltzen ditu: erabiltzailearen begirada jarraitzen duen kamera, software bat datu horiek interpretatzeko eta profila sortzeko eta eduki multzo bat erabiltzailearen beharren arabera erabiltzeko.

Sistemak lortzen duen informazioari esker jakingo du erabiltzaileak nolako informazioa nahi duen eta horren arabera irudi edo testu bidez eskainiko du bere informazioa. Gainera, paragrafo bat hiru aldiz irakurriz gero, sistemak informazio gehigarria eskainiko dio horren inguruan. Paragrafo edo zati batzuk irakurri gabe utziz gero, sistemak berriro erakusten du informazio hori.

Proiektu honen arduradunek diotenez, ADELE oso interesgarria izan daiteke hardwarearen ekoizleentzat, hezkuntza eta ezagutzaren gestioko plataforma digitalentzat, edukien sortzaileentzat…

Beraz, badakizue, aurki pantailaren aurrean jartzerakoan ezin izango ditugu gure nahiak ezkutatu. Ez dut pentsatu ere egin nahi ikasle askoren nahia zein den kontuan harturik, ager daitekeena.