Internet Osakidetzan???

Osakidetza

Azken asteotan senide bati egindako ebakuntza bategatik egun eta ordu asko igaro behar izan dut Donostia Ospitalean eta, ohikoa denez, lehenengo eguneko kezka bakarra ebakuntza horren eboluzioa izaten da. Gero, gauzak ongi doazenean, kasu honetan bezala, hantxe igaro beharreko denbora luze hori nola bete ez da txantxa. Egunkariak, aldizkariak, liburuak… erabilienak izan ohi dira eta dira.

Nik, egun hauetan, ikastolako eramangarri bat eraman dut lana aurreratzearren eta datorren ikasturterako proiektuak garatzeko esperantzaz baina, berehala ohartu nintzen internet behar nuela gauza asko egin ahal izateko. Ospitaleko pertsonalari galdetu nionean konektatzeko aukera ba ote zegoen, ordurako egiaztatuta nuen Wi-Fi konexiorik ez zegoela, harrituta gelditu nintzen jarri zidaten aurpegiarekin eta eman zidaten erantzunarekin: zer?, nola?, internet?… ez dakigu, ez dut uste… Hori bai, beti bezala, oso jarrera atsegina eta euren profesionaltasuna agerian utziz. Ezin kexatuko gara Osakidetzako pertsonalak eskaintzen digun zerbitzuarekin. Baina, munduko gauzarik zailena eta arraroena eskatu izan banu bezala sentiarazi zidaten. Une hartan ez nion beste munduko garrantzirik eman eta nire ohiko gauzetara itzuli nintzen.

Nolanahi ere, ez nuen erantzun hori ahaztu eta, lanean hasten nintzen bakoitzean, galdera bera egiten nion nire buruari: bizi garen informazio eta komunikazio gizarte honetan, nola liteke internet ez izatea honelako gune batean? Hemen, telefoniako kabina besterik ez dut ikusi!

Baina atzo, Ospitaletik atera eta kotxez nindoala irrati batean goi mailako arduradun bat teknologia berriez hitz egiten ari zen, ez dakit zein irrati zen ezta zein administrazioko kargua zuen ere baina, Goierriko tuneletan sartu aurretik eta konexioa galdu aurretik, botatako esaldia ongi barneratu nuen:

… en estos momentos se puede afirmar, sin temor a equivocarnos, que estamos en disposición de colocarnos en la vanguardia europea en el uso de las nuevas tecnologías…

Une hartan bururatu zitzaidan erantzuna ez dut hemen idatziko baina imagina dezakezue… Gure politikoek ahoa bete hortz hitz egiten digute gai hauetaz eta dominak banatzen dizkiete elkarri baina, oraindik faltan botatzen dugu politika eraginkor bat benetako bultzada emateko teknologia berrien erabilerari eta inplementazioari.

Bukatzeko, Osakidetzari ospitaleetan interneteko konexioa izateko aukera eskatuko nioke. Ez dut uste luxua denik. Argentinako senideekin telefonoz hitz egin behar izatea, berriz, bai. Ziur nago Osakidetzak beste lehentasunak izango dituela eta nik ez dut hori zalantzan jarriko baina, era berean, konbentzituta nago enpresa asko prest legokeela zerbitzu hori eskaintzeko eta horrek ez liokeela Osakidetzari kostu gehigarririk ekarriko.

Yahoo RSS bilatzailea prestatzen

yahoo blog bilatzailea

Yahoo Creative Commons lehen bilatzailea eskaintzen ari da eta une honetan, Fayer Wayer-en irakurri dudanez, RSS bilatzaile bat prestatzen ari da.

Dirudienez, bilatuko dituen RSS kanal guztiak indexatuko ditu eta barneko edukiak bilatzeko aukera emango du. Ikusteke dagoena da indexazioa nola burutuko duen; Technorati eran edo Feed-en kanalek egiten duten eran.

Informazio gehiago: Micro Persuasion

DBHO 1eko ikasleek egindako lanen bideoa

Orain dela egun batzuk Jakintza ikastolako ikasleek fisikako mintegian garatutako hainbat proiektuen berri ematen nizuen.

Irudian ikusten duzuen ikasleetako bakoitzak bi proiektu aurkeztu behar zituen, bata sinpleagoa bestea zerbait elaboratuxeagoa. Pentsa dezakezuen bezala aurkeztutako lan guztien azalpenak lerro hauetan ematea ezinezkoa denez Xabier Araña ikasleak (eserita lehenengoa ezkerritik hasita) proiektu guztiak bideoan grabatu eta azpian ikus dezakezuen muntaia prestatu du. Lan bikaina benetan!!!

Kilometroak 05eko abestia!

Uda garai honetan dena ez da lana izan behar eta aisialdiari tartetxo bat eskaintzeko xedez, sustatun irakurri dudan azken berrietako bat zabaldu nahi dut: Kilometroak 05eko abestia dagoeneko entzungai dugu. Dakizuen bezala, aurten Arizmendi Ikastolak antolatuko du euskara eta euskalzaleon bilgune den jaia. Bertan entzun ahal izango dugu Jon Sarasuak letra jarri eta Liken (2,1 MB, mp3) taldeak musikatutako abestia. Aitor Ziardegi, Andoni Arana, Iker Iglesias, Igor Herrarte eta Oier Sarasuak osatzen dute talde hau. Atxabaltarrak dira lau eta Igor arrasatearra. Talde bezala gorpuztuta 3 urte inguru daramatzate musika egiten, sortzen eta jotzen.
Bestalde, esan beharra dago abestia benetan bitxia dela. Hauxe da Sarasuak dioena berak sortutako hitzei buruz:

Esperimentazioa da bere izpiritua. Fonemekin jolasten du letrak. Soinu jolas bat da, eta hasieran ez da ulertzen esaten duena. Gero, sakonean, bai, esaten ditu gauzak. Sormenerako dei bat da, hizkuntzaren oihu bat, izateko aldarrikapen bat. Baina deszifratu egin behar da. Deszifratzeko kantu bat asmatu dugu.

Entseatzen joan gaitezen hona hemen kantuaren hitzak:

Globoko-txoko oso
nodoko gogo soro
logos orokor
jo gogo zoroz oro.
Globoko-txoko gozo
nodoko gogo-soro
golkoko motor
jo gogo zoroz oro.
Koop soro
oro nor, oro hor, orok joko.
Osoro
txoko soro, logos orokor
osoro
oro so gozoro.
Osoro txoko, osoro globo
Osoro joko, osoro gogo
I
Ni, hitz-hiri txiki
intziritik isilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Ni, hitz-hiri txiki
irrikitik zintzilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Irriz irriz
irriki-irrintziz iriki ni
Bizirik
ifini ni, irriz ifini
bizirik
ifini bizirik.
A
Lana dala ama
haran maratza zara
atara dana
atara ba plazara
Lana dala zama
gara-baratza zara
atara lana
atara ba plazara
Azal hatsa,
hatsa da baratza daramana
Bazara
atara ba atara dana
bazara
atara plazara.
Atara zama, atara lana
atara ama, atara dana.

Beraz, anima zaitezte eta urrirako ikasi nahi baduzue, hobe izango duzue letra lehenbailehen barneratzen bazoazte, ez baitirudi lan erraza!

WiMax Euskal Herrian?

Wimax

Gaur goizean, Tolosaldeko udal batek herritar guztiei igorritako eskutitza irakurtzeko aukera izan dut. Bertan, bilera baterako deia luzatzen da eta gai zerrendaren puntu bakarra honako hau:

WiMax teknologiaren hedapena gure udalerrian. Gaia aurkezten Euskalteleko arduradunak izango ditugu.

Albiste hau irakurtzeko aukera izan dudan arren, nire harridura ikaragarria izan da ez baitut inoiz ezertxo ere entzun gai honen inguruan. Dena den, albistea gertutik jarraituko dut eta hemen argitaratuko dut bilera horretan azaldutakoa oso interesaturik bainago gai honetan, izan ere, une honetan Jakintza Ikastolako WiFIarekin konektatzen naiz eta nire etxea eta ikastolaren artean dauden 8 Km-ek abiadura nabarmen murrizteaz gain, hainbat aplikazioen funtzionamendu zuzena zaildu egiten dute (Skype, Messenger…).

Inork ba al daki zer edo zer gai honen inguruan? Euskaltelek proba piloto egiteko asmorik azaldu al du inoiz?

Post hau idatzi eta berehala ALT1040-n xMax izeneko beste protokolo baten berri izan dut. Interesgarria dirudi.