Begibelarrietan mina hartuta dabilen euskal-talibanarentzat

Pasa den urriaren 19an jakitera eman nuen bezala, ikasturte honetarako blogintzarekin lotutako proiektu berri bat bultzatu dugu gure ikastolan, alegia, nire DBHO 1eko ikasleek blogari bihurtze prozesuari ekin diote.

Hasieratik garbi nuen proiektua aurrera eramatea ez zela batere erraza izango. Baziren pisuzko arrazoiak proiektua bertan behera geratzeko, horien artean nagusiena, nire ikasleen jarrera ezkorra zen. Beraien lanak interneten publikatuta ikusteak beldur puntu bat eragingo ziela uste nuen eta, ondorioz, ezezko garbi bat jasotzea espero nuen. Azken finean ikastola barruan gauzatzen diren lan eta proiektuak hortxe geratzen dira, ikasle-irakasle-guraso harremanari dagokion esparruan. Baina beraien lanak publiko bihurtzen diren heinean eragina eta oihartzuna areagotu egiten da eta, nire ustez, honek segurtasun eza sortarazten die ikasleei.

A ze oker nenbilen!. Nik espero nuena baino jarrera baikorragoa agertu zuten eta, blogekin hasi eta handik gutxira, beraien proiektuek izan duten oihartzuna ikusirik (I, II eta III), lanari ilusioz beteta ekin zioten.

Garbi esan behar dut blogetan idaztea ez zela izan ikasleek eurek eskatutako zerbait, baizik eta nik sartu nien “enbolatu” bat. Nire helburu nagusia ikasleak teknologia berrien erabileran trebatzea zen arren, bazeuden atzean beste arrazoi desberdin batzuk. Hauen artean, nortasunaren garapenarekin zerikusia zutenak (pertsonalitate itxiko ikasleek beraien jarrera irekitzea blog batean beraien gogoetak idatzi), arlo akademikoarekin zerikusia zutenak (hizkuntzan arazo larriekin dabiltzan ikasleentzat motibazio tresna bilakatzea), taldeko lanarekin zerikusia zutenak (HTML eta CSS kodea menperatzen duten ikasleek bere gelakideekin dakitena konpartitzea)….. Hau da, irakasleok eguneroko lanean, beste hainbat tresna erabiltzerakoan, finkatzen ditugun helburu berdinak nituen blogen erabilerarako. Desberdintasun nagusiena zera da: azken hauetan egindako lanaren ebaluatzailea irakaslea soilik izan arren balorapena bloga irakurriko duen edonor izan daiteke. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, beti dago norbait aurrean aipatu dudanetaz “enpanatzen” ez dena eta euskara garbi, puru eta orbangabe baten defentsaren izenean, horrelako proiektuak pikutara bidaltzen ahalegintzen direnak.

Afganistango mendietan bezala, zoritxarrez euskal blogosferan ere baditugu “talibanak euskararen izenean”, beraien begi, belarri eta sudur puntatik baino haratago ikusten ez duten horietakoak, hondora begiratu ordez formarekin geratzen diren horietakoak eta, guzti hori, jakina, turbante eta bizar handi baten atzean ezkutaturik (alegia, izenorde “orijinal” batekin sinatzen duten horietakoa).

Begibelarrietan oraindik mina izango duen talibanari hitz pare bi:

  • Kontzienteak gara gure ikasleak (gaur egungo ikasle askorekin gertatzen den bezala) askoz txukunago idatzi behar dituela bere artikuluak eta horrela esan diogu, behin baino gehiagotan, bai IKTerook baita bere hizkuntzako irakasleak ere, noski. Badaki berak ez dizkiogula onartuko edonola idatzitako artikuluak; badaki ere egingo zaion ebaluazioa idatzitako artikuluen egokitasunaren araberakoa izango dela; badaki ere blogaren bitartez Jakintza ikastolaren ordezkari publikoa bilakatu dela eta erantzukizun horri serio heldu behar diola. Baina zin dagizuet ikasle hori ilusioz beterik dagoela bere blogarekin. Astero hiruzpalau artikulu idazten ditu, gehienak akatsez josita bai, baina ez du euskararekiko horrelako konpromisoa bere bizi akademiko osoan hartu. Urte askotan lortu ez duguna, aurten errealitate bat da blogei esker. Beraz, ez naiz ni izango aurrerapauso honi zangotraba jarriko dionik bere “iruzkin inteligenteak” non zintzilikaturik ez dakien sasi-euskaltzain baten iruzkinen ondorioz.
  • Nire gelako ikasleen errealitatea zein den aurretik ezagututa, agian oker jokatu nuen nire ikasleei euskaraz idaztea eskatu nienean. Talde honetan gaztelaniarekin eta ingelerarekin arazoak dituzten beste hainbat ikasle ere badira. Beharbada, euskaraz idatzi eta mintzatzeari utzi eta, bigarren ebaluaziorako, ingeleraz edota, zergatik ez, gaztelaniaz idatzitako blog bat argitaratzea eskatuko diet.
  • Zu, eta zu bezala, blogosferako “mendi izkutuetan” ibiltzen zareten horiei eskakizun bat: kritikak, eraikitzaileak diren heinean, ongietorriak izango dira (eta prest gaude zuen iritziak jasotzeko, blog honetan edo ikasleek eurek sortu dituzten blogetan). Bitartean, utz itzazue bakean nire ikasleak.

Umeak: berrikuntzarako iturri

Betidanik, ikerketa eta horren ondorioz ezagutzen ditugun berrikuntzak zientzialari batzuen lanaren ondorioa direla pentsatu ohi dugu. Eta, hein handi batean, halaxe da. Zientzialari hauen lanari esker, era guztietako asmakuntzak eta hobekuntzak ezagutu ditugu. Hala ere, ezezagunagoa da lan horren atzetik dagoen guztia. Ez naiz ni izango prozedura zientifikoaren xehetasunak hemen azalduko dituena, baina bitxikeri batean erreparatu nahiko nuke.

Asmakizun batzuen atzean umeen irudimena ezkutatzen da. Bai, gezurra dirudien arren, halaxe da. Sinesgaitza egiten zaigun arren, gauzak bitan pentsatuz gero, ohartuko gara honek bere logika baduela. Umeek irudimena borborka dute, kutsatu gabeko ikuspegi batez fokatzen dituzte planteatzen zaizkien egoerak edota arazoak, euren pentsaera askoz ere libreagoa da, ez dago aurreiritziz josia, libreagoak dira, “kutxatik” kanpo daude eta bertatik hitz egiten dute… Horregatik, euren erantzunek eta helduon erantzunek ez dute zerikusirik, desberdinak izaten dira, oso. Guretzat garrantzirik ez duenak, beraientzat berebiziko garrantzia izan dezake.

Beraz, aukera paregabea daukagu ideia berriak sortzeko. Eta egia da, umeei erantzukina ematen zaienean, erantzun bikainak eman ohi dituzte. Ikastetxeetan lehengaia daukagu eta ez genuke barkamenik izango etekinik ateratzen asmatuko ez bagenu. Gure ikastolan gisa honetako esperientzia bizikidetzaren inguruan burutu genuen iaz eta eginiko balorazioa ezin da positiboagoa izan. Orain, esperientzia hori beste esparruetara zabaltzea, zergatik ez?

Dagoeneko, herri batzuetan, informazio iturri hau erabiltzen ari dira euren jolasguneak eta parkeak diseinatzeko garaian. Baina udalak ez dira estrategia hau erabiltzen duten bakarrak, oso adierazgarria da ikustea multinazional batzuek ere gauza bera egiten dutela euren erronkeei aurre egiteko, umeak baitira ideia zeharo berritzaileak proposatzeko gaitasunik handiena dutenak. Hauxe da BrainStore bezalako enpresa batzuen kasua.

Egun bat Web 2.0-n

Ederki egin dut lo gaur.

Larunbat goiza da eta, begietan oraindik makarrak ditudala, ordenadorea piztu dut. Disko gogorrik gabeko portátil berria erosi nuenetik ziztu batean arrankatzen du; jada ez da ageri Windows-eko sinbolo itsusi hura ordenadorea abiarazterakoan. Unetxo labur baten ondoren ordenadoreak, automatikoki, Flock nabigatzailearen hasiera orria kargatzen dit. Lehenetsitako orri bezala Netvibes ipinita daukat.

Geroz eta gehiago gustatzen zait Netvibes; erabat pertsonalizatu dezakedan idazmahaia eskaintzen dit. Elementu desberdin ugari ipini ditzaket bertan eta nire gustura konbinatu gainera. Idazmahaiaren eskuinaldean gogokoen ditudan blog-en zerrendatxo bat daukat. Netvibes-ek hauen feed-ak jaso eta bertan aurkezten dizkit hauetan argitaratzen diren albisteak. Hortxe ditut Sustatuko azken berriak, Mangas Verdes, Lorelle on WordPress eta bestelakoak ere. Eta nola ez! Atzo gehitu nuen Directo Al Paladar-eko feed-a. Gaur bazkaltzeko “Izokina, ilar eta jogurtarekin” prestatuko dut.

Netvibes-etik Kikora egin dut salto. Desastre hutsa naiz data garrantzitsuak gogoratu behar ditudanean eta egutegi hau dudanetik ez zait bat ere pasatzen. Nire anaiaren ezkontzaren urteurrena da gaur. Ahaztu baino lehen Ordiziako loradenda bateko webgunean sartu eta lora sorta eder bat erosiko diot PayPal-en bitartez.

Jarraian BackPack-era egin dut salto. Kikorekin batera nire burua ordenatuta mantentzen laguntzen duen aplikazio interesgarria. Pendiente ditudan eginkizunen artean lehenengoa,nire iloba Mikelen bataio eguneko argazkiak nire amari bidaltzea da. Nire Pentax txikia ordenadorera konektatu eta amari Gmailen bitartez bidali dizkiot. Bide batez, korreo bana bidali diet nire hiru anaiei argazkiak Flickr-en ikusi ditzazketela jakinarazteko. Argazkiak ziztu batean igo ondoren hortxe daude guztiak nire familiakoek eta lagunek nonahi ikusi eta noiznahi deskargatu ditzaten.

Beno, lehenengo zeregina bukatuta;. ea zer dugun ondoren. Ene bada!. Gaur goizean bilera daukat ikastolan magic-ekin!. Erori den elurtearen ondorioz ziur magic etxetik ezin irteterik dabilela. Skype-etik deituko diot ea zer berri duen.

  • Jolaus: Kaixo magic! Ze panorama daukak?
  • Magic: bla bla bla bla….
  • Jolaus: Metro eta erdiko elurra!!!! Eziznekoa beraz ikastolara jaistea ezta?
  • Magic: bla bla bla bla…
  • Jolaus: Ondo da, bada. Etxetik egin beharko dizkiagu lanak beraz!.

Writely-ra jo dugu biok eta honen bitartez datorren astelehenean dugun EFQM auditoria prestatzeko gidoia egingo dugu (Urrezko Qa atera ondoren Europako Sarira aurkeztu gara aurten). Bide batez, Meebo-ra joan eta sei gonbidatuko dugu hiruen artean txostena elkarren artean kolaboratuz prestatu ahal izateko. Landalan aritu gara denbora luzez. Askotan Del.icio.us-en ditugun erreferentzietara jo behar izan dugu informazio bila (aplikazio hau kalean dagoenetik ez ditugu ia erabiltzen nabigatzaileen laster-markak).

Luze joan zaigu baina azkenean amaitu dugu. Bazkariari ekin aurretik datorren asteleheneko klasea prestatu beharra daukat. Gai berria hastera noa: uhinen propietate orokorrak. Saioa prestatu aurretik Huygens-en printzipioaren inguruko hainbat informazio bilatuko dut Wikipedian. Bide batez, Walter Fendt-ek bere webgunean duen simulazio baten erreferentzia egingo dut WordPress-ean garatu dudan nire web orrian eta saio lektiboa erabat bukatuta uzteko, Angel Francoren orrira joango naiz nire klaseari azken tokea emateko.

Izokina prestatzera noa. Flock-etik artikulu hau bidali bezain pronto, Teketen-en azken irratsaioa entzungo dut sukaldeko lehiotik elurra nola ari den ikusten dudan bitartean (magic gizarajoa, hiru egunetan behintzat ikastolara etorri gabe, egiten ari den elurte honekin!)

Aio

Malawarea Sonyk saltzen dituen musika CDetan?

Vnunet.es-en diotenez Sonyk rootkit delako sistema bat inplementatu du bere musika CDetan inongo aipamen publikorik egin gabe. Sistema honen bitartez, behin CDa gure ordenadorean erreproduzitu ondoren, antibirusek detektatzen ez dituzten hainbat artxibo (spyware eta malaware aplikazioen antzekoak) instalatzen dira gure diska gogorrean. Izkutuan geratzen diren artxibo hauek gure sistemaren segurtasuna kolokan jartzeaz gain, mp3 abestiak sortu edota CDaren kopiak egitea eragozten dute. Eta hau guztia gutxi izango balitz, artxibo hauek ezin dira desinstalatu gure ordenadoretik; detektatu ondoren zuzenean borratzen baditugu gure ordenadoreko CD edo DVD unitateak funtzionatzeari utziko dio.

Ulertuko duzuen bezala sekulako polemika sortu da guzti honen inguruan eta azkenean Sony-k ActiveX-en oinarritutako aplikazio bat sortu behar izan du artxibo hauek bistaratu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, ez duena oraindik garbi adierazi zera da: artxibo hauek desinstalatzeko aplikaziorik aterako ote duen edo ez. Ea nola bukatzen den istorio negargarri hau. Benetan pentsatzen al dute multinazionalek horrelako neurriekin CDen salmenta mantentzea lortuko dutela ?. Egia izango ote da multinazionalek horrelako neurriak hartzen dituztenean, CDaren inguruan mugitzen den industriaren desagertzea gertu ikustearen ondorioa izango dela?.

Ez dugu itxi

Aspaldi honetan, gure aktibitatea sarean moteldu egin da. Ez gara oporretara joan, ez dugu gure lana alde batera utzi, ez gara nekatu, ez. Urtero gertatzen zaigun lez, lana pilatu egiten zaigu eta, halabeharrez, aurre egin behar diogu. Guk ez dugu ahaztu gure lana irakaskuntza dela eta gure ikasleekin burutu beharreko lanari lehentasuna ematen diogu. Hemen eta hemen azaldu genuen bezala, proiektu berritzaile batzuk abian jarri ditugu eta horiek hartzen diguten denborari ikastolako beste jarduerek eskatzen diguten denbora gehitu behar diogu. Horregatik, gure blogaren lana, zenbait egunetan, bigarren plano batean utzi beharko dugu.

Hala ere, indarberrituta itzultzeko asmoa daukagu eta ez da oso berandu izango. Egitasmo berri batzuk patrikan ditugu eta gure ahalmenen araberako ekarpenak egiten jarraitzeko gogoa berretsi nahiko genuke. Horregatik, Batxilergoan, Bigarren Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan inplementatu ditugun proiektu berritzaile horien lehen balorazioa argitaratuko dugu. Honekin, beste irakasleentzat baliagarriak izan daitezkeen datuak eman nahiko genituzke: aurkitu ditugun zailtasunak, gure ikasleekin funtzionatu duten estrategiak…

Bestalde, gai interesgarri batzuen inguruko podcast-ak jartzeko asmoa daukagu. Une honetan, ezin dizuet zehaztu zein gaiarekin hasiko garen, baina gure ikastolako irakasle baten ingurukoa izango dela ia-ia ziurta dezaket.