Urrezkoak gara!

Blog hau martxan jarri genuenetik, tarteka tarteka gure ikastolan gertatzen direnen berri zuei helarazten ahalegindu gara, beti ere, gure esperientziak zuen mesedean jartzeko asmoz. Gaurkoa desberdina da.

Gaur eguerdian jakinarazi digutenez kalitatearen urrezko Q-a jaso dugu. Harro gaude, ezin dut ukatu: saria baino gehiago bere atzean dagoenarengatik. Hobekuntzarako konpromisoa, taldeko lana, barne antolaketa, proiektu berritzaileei aurre egiteko ausardia, erronkei aurre egiten ahalegintzen den irakaskuntza sistema… Hau guztia da nire ikastola barruan ikusten dudana eta saria sentimendu hau barnean dudala nireganatzen dut.

Harro nago Jakintzako hezkuntza komunitateko kide izateaz. Zorionak guztiei. Merezi duzue eta!

Webmasterrentzako baliabideak

Color schemes 2

Esperientziadun diseinatzailea bazara agian ez duzu beharko Color Schemes 2 bezalakorik, baina web eta aplikazioen diseinuan hasiberria bazara ziur eskertuko duzula webgune honek eskaintzen dizun laguntza.

Hona hemen webgunean bertan adierazten dutena aplikazio honen inguruan;

Los diseñadores experimentados escogen colores intuitivamente, muchas personas pueden “oler” qué colores van bien juntos y cuales no. Sin embargo, encontrar la combinación buena de colores a veces puede ser un trabajo largo y tedioso. La teoría del color hace el trabajo más fácil. Esta herramienta encontrará juegos de colores con los que puedes empezar, y puede facilitar tu búsqueda de la paleta de colores óptima.
Esta aplicación genera esquemas de colores de varios tipos. Cada esquema está basado en un color (base) que se complementa con colores adicionales que dan juntos la mejor impresión óptica – usando uno de los algoritmos auténticos.

CSSVista

Ez dakit zuei baina niri askotan gertatzen zait blogaren CSSan aldaketak egin ondoren arazoak izatea nabigatzaile desberdinetan bistaratzerakoan. CSSVistarekin aukera daukazu CSSan aldaketak egin eta denbora errealean nabigatzaile bietan (Internet Explorer eta Firefox-en) aldaketa horiek izango duten itxura ikusteko. Aplikazioa zuen ordenadorera jaitsi ondoren, instalatu egin beharko duzue. Aplikazioa exekutatzerakoan nabigatzaile antzeko bat zabaltzen da. Helbide barran bere CSSa aldatu nahi duzuen web orriaren helbidea idatzi beharko duzue eta denbora tarte baten ondoren kodea ezkerraldeko zutabean izango duzue. Bere eskuinean, leiho horizontaletan, kode horri dagokion aurre-bista ikus dezakezue bi nabigatzaile horietan. Oso praktikoa benetan. Halere, kontutan izan behar duzue aplikazioa oraindik beta fasean dagoela, beraz, baliteke erroreak agertzea.

Bestalde, CSSVista garatu duen etxeak bere webgunean eskaintzen duen produktua ere oso interesgarria dela iruditzen zait. Aukera ematen dute edozein web orri baten bateragarritasuna aztertzeko merkatuan dauden nabigatzaile desberdinekin. Zoritxarrez aukera hau erabiltzeko ordaindu beharra dago.

Irudien oinarrizko edizioa Photoshop-en

Zuen irudiak webgunean txertatzerakoan, Photoshop-en oinarrizko ukituak eman nahi badizkiozue jo ezazue hona. Zortzi urratsetan zuen argazkien kalitatea nola hobetu daitekeen oso era sinplean azaltzen da. Gutako gehienontzat baliagarriak izango direlakoan nago.

Javascript baliabideak

Javascript baliabideen zerrenda luzea duzue ondorengo helbidean: dokumentazioa, demoak… Agian weben diseinuan denbora gutxi daramagunontzat hemen aurkitu daitekeen informnazio asko konplikatuegia izan daiteke. Edozein eratara interesgarria izan daiteke bistazo bat botatzea.

AJAX baliabideak

Web 2.0 delakoren inguruan aplikazio batek garrantzia berezia hartu badu hori AJAX da. Zuetako norbaitek bere webgunean aplikazio honekin garatutako elementuak txertatu nahi baditu jo ezazue web honetara. Teknologia berri honen inguruko informazio ugari aurkituko duzue.

Wi-Fiaren iraultza gertu dago

Badirudi Wi-Fiak azkenaldi honetan indarberritze bat jasaten ari dela, haririk gabeko teknologia honekin lotutako albiste kopuruak asko handitu baitira aspaldi honetan.

Gaur bertan irakurri dut Intel, Lycos eta Telefonica-k akordio bat sinatu dutela wi-fi konexio puntuak lokalizatzen dituen software bat garatzeko. Aplikazio honen izena (nola ez!) SNIFFER da eta hemendik jaitsi dezakezu. Sniffer honen bitartez, inguruko wi-fi puntuak lokaliza ditzakezu, konexioaren kostua eta zer operadoreak kudeatzen duen ere jakin dezakezularik.

Bilatzailea erabilgarri dago jada; une honetan, Espainian erregistraturiko 1700 “hotspot” baino gehiago indexaturik ditu. Datu base hau etengabe eguneratzen omen da eta bertan aurki daitezke erakunde, taberna, hoteletan… aurki daitezkeen konexio puntuen ezaugarri guztiak. Gerora begira, asmoa dago Europako beste hainbat herrialdetako wi-fi konexio puntuak lokalizatzeko aukera izatea ere.

Pentsatzen dut sistema honen bitartez FON sarea osatzen duten wi-fi konexioen bilaketa egiteko aukera ere izango dela. Jazztel-en fundatzailea den Martin Varsavsky-k bultzaturiko sistema honen bitartez norberak duen wi-fi sarearen banda zati bat besteekin parteka dezake, “fonero” guztiek utzitako banda zati guztiekin wi-fi sare global bat sortu nahi delarik.

Zure konexioa konpartitzerakoan hiru eratara joka dezakezu:

  • linus bezala: zure konexioa dohain eskaintzen duzu, FON sarea edonon dohain erabiltzeko aukera izatearen truke
  • bills bezala: zure konexio banda zati bat konpartitzen duzu diru kantitate baten truke. Kasu honetan ez duzu FON sarea dohain erabiltzeko eskubiderik baina aliens-ek euren konexioa erabiltzerakoan ordainduko duten diruaren %50a irabazten duzu.
  • aliens bezala: wi-fi propiorik ez baduzu ere FON sarera konekta zaitezke diru kantitate bat ordainduz: 5€ 24 orduko edota 40€ hilabeteko.

Kuriositatez, Ordizia inguruan FON sarea nola dagoen ikusi dut eta esan beharra daukat espero nituen baino wi-fi puntu gehiago aurkitu ditudala (batez ere Donostialdean). Agian gure ikastolako wi-fi konexioa konpartitzeko aukera interesgarria izan daiteke FON hau. Informazio gehiago Sustatun.

Horrelako sareak eta laster ezarriko den WiMAX teknologia berria (Euskaltel laster hasiko da produktu hau garatzen Tolosaldean) hedatzen diren heinean, garrantzia berezia hartuko dute haririk gabeko konexioa eskaintzen dituzten tramankuluak. Zalantzarik ez dago edonon konektatuta egoteak aukera berri oso interesgarriak ekarriko dituela. Adibidez, wi-fia duten argazki kamerak (jasotako argazkiak une berean internetera igotzeko aukera eskainiko lukete, edonon zaudela ere), bideokontsolak (wi-fi bitartez erabiltzaile desberdinen arteko partidak jokatzeko)… eta, nola ez, wi-fi konexioa eskaintzen duten telefono mugikorrak, VoIP teknologian oinarritutako telefono deiak egiteko aukera eskainiko baitute oso prezio baxuetan.

Wi-Fiaren iraultza gertu daukagu mutilak!

Google Analytics

Berriro dugu Google hizpide bezala, gaur kaleratu baitu beste aplikazio berri bat. Ez badira gutxi orain arte Googlek erabiltzaileon esku ipini dituen dohaineko zerbitzuak , gaurtik aurrera kalean da Google Analytics aplikazio berria. Honen bitartez zure webgunearen bisita kopuruaren jarraipena egiteko aukera izango duzu. Horretarako nahikoa da zure Google-eko kontuan logina egitea eta, ondoren, webgunearen helbidea idatzi eta unetxo batean duzu zure webean kokatu beharreko javascript-a. Nik, jadanik martxan daukat zerbitzua IKTeroetan. Emaitzak jasotzen hasteko 12 ordu pasa behar dira, beraz, bihar komentatuko dizkizuet aplikazioaren gorabehera guztiak.

Informazio iturria | Vida Digital

Albistea hau argitaratu baino minutu pare bat lehenago beste albiste interesgarri bat irakurri dut Google-en zerbitzu berri honekin lotura duena. Jada kalean da Google Analytics zerbitzua WordPress-en egindako blogetan inplementatzeko plugina. Azken plugin hau nire beste blogean probatuko dut eta honen berri ere emango dizuet.

Informazio iturria | Mangas Verdes

Eguneraketa 2005-11-14, 20:10: WordPress-eko pluginarekin kontu pixka bat izan behar duzue: bere webgunean .phps luzapena duen artxiboa jaitsi ondoren, luzapena .php-ra aldatzea gomendatzen da. Baina bide honetatik arazoak izango dituzue plugina aktibatzerakoan. Badirudi, sisteman honekin Apachek kodea HTML bezala markatzen duela eta arazoak ematen ditu gero. Nik zuzenean artxiboa ireki, kodea kopiatu eta ohar-blokan txertatu dut. Ondoren, googleanalizer.php izena eman eta wordpressera igo dut. Ez dut arazorik eduki aktibatzerakoan. Pluginak Aukera ataleko menuan ataltxo berri bat sortzen du Google Analytics izenekoa. Sortzen den koadroan Google-ek ematen duen kodea itsatsi eta listo. Sistema berezia benetan, ez baita artxiboen kodearen barnean eskua sartu beharrik.

Bestalde, aplikazioa probatu nahi duzuenontzat ohartxo bat; Google Reader-ekin gertatzen den bezala, zerbitzaria oso oso mantso doa. Pazientzia, beraz.

Eguneraketa 2005-11-16, 11:41:Zerbitzuan alta eman eta ia bi egun pasa direnean oraindik ez daukagu inongo emaitzik. Badirudi Google-ek arazoak izan dituela Urchin-eko erabiltzaileekin. Nolatan ez ditu Google-ek horrelakoak aurretik konpondu?. Zergatik horrelako presa zerbitzu hauek kaleratzerakoan? (Gogoan ditut oraindik Google Reader-ekin gertatutakoak lehen egunetan). Txapuza!

Ikastola: IKT plana

Larunbata goizean, Zamudioko Teknologi Elkartegian, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatuta, ikastoletan IKTen inguruan emandako urratsak eta etorkizunerako erronkak zeintzuk diren adierazteko ekitaldi publikoa ospatu zen. Bertan, IKTerook izan ginen eta esan beharra daukagu ekitaldi oso polita iruditu zitzaigula. Baliabide ezberdinak ongi konbinatuz, aurkezpen dinamikoa eta entretenigarria suertatu zitzaigun. Estetikoki ere ongi zaindutako aurkezpena izan zen eta ordubeteko aurkezpena ez dut uste inori luze egin zitzaionik.

Edukiei dagokienez, nire sentsazioa ondoen laburtzen duen hitza dezepzioa da. Izan ere, ordubeteko ekitaldian softwareaz eta hardwareaz asko hitz egin zen bitartean, heziketaz oso gutxi eta hitz egindako apur hori Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren ahotik entzun genuen. Ikastolen Elkarteko kideek IKTen inguruan eginiko ibilbidea oso ongi laburtu zuten eta, segidan, ikastolok garatzen ari garen bi aplikazioen (Ikasweb eta Ikasdat) inguruko informazioa eskaini zen. Hauekin batera, materialgintzan eginiko lan emankorra eta zabala azaldu zitzaigun eta, azkenik, ikastoletan inplementatu nahi den sistema berri baten inguruko informazioa eskaini zen. Egia esan behar badut, emandako informazioarekin ezin izango dut gauza gehiegi aurreratu, bakarrik, SEMA izeneko proiektuan oinarritzen dela.

Aurkezpen horren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko arduradun den Konrado Mugerzaren txanda iritsi zen. Honek, gutxi hitz egin bazuen ere, gauzak oso garbi adierazi zituen. Bere hitzalditxoaren laburpena honako hau litzateke:

  • Ikastolak berritzaileak izan dira gauza askotan ( Metodologia berritzaileetan, Hizkuntzen irakaskuntzan, IKTetan…)
  • Gaur egun, azpiegitura egokiak izatea ongi dago, baina honek ez du esan nahi berritzen ari garenik.
  • Tramankulu informatiko asko izan arren, zaharkitutako metodologiekin jarraitzen dugu. Eta hortxe eragin behar dute IKTek.
  • Teknologia berriek ondorengoak egin beharko lituzkete:
  • Teknologia berriek ikasle-irakasle rol aldaketa sustatu
  • Aniztasunaren trataeran lagundu
  • Garapen iraunkorraren alde jokatu
  • Denon Eskola irizpideen mesedean jarri

Deigarria, beraz, hainbatetan aitzindari izan garen ikastolak, gai honetan benetako berrikuntza izango denaren inguruko inongo aipamenik ez entzutea. Nik, egia esan, gauza askoren hutsunea sumatu nuen aurkezpen horretan, hala nola: ikasle eta irakasleok informazioa eskuratzeko eta partekatzeko guneak, material didaktikoak ekoizteko tresnak, etengabeko formazioa sustatzeko baliabideak eta guneak, kalitatearen kudeaketarako tresnak, ikasleen autonomia sustatzeko tresnak eta estrategiak…

Ene ustez, ikastolok aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu eta, gerora begira, baldintza egokietan gaude, baina IKT planak dituen bost ardatzetatik baliabideei horrenbeste garrantzia ematen jarraitzen badugu, nekez egingo dugu aurrera. Une honetan, aurrera egin nahi badugu, dinamizazioa eta formazioa dira indartu beharko genituzkeen atalak. IKTerook ikastolen partaide garen neurrian, gure ekarpenak egiten jarraitzeko konpromisoa dugu, baina ez edozein preziotan. Hau da, gure indarrak batzeko aurrerapauso sendo eta nabarmenak eman beharko genituzke beste norabide horretan. Esaten ari naizen guztiaren adibiderik adierazgarriena del.icio.us -en ikusten da: ikastola bilatuz gero, agertzen diren helbide guztiak, bi izan ezik, IKTerook ekoiztutako orriak dira.

Informazio eta ezagutza partekatzeko gune garrantzitsu horretatik ikastolok kanpo bagaude, kezkatzeko arrazoiak daudela ezin ukatu, baina, askotan, basamortuan garrasika gabiltzala dirudi.

Argazkia eta bideoa mugikorrraz eginak.