IKASTOLA hankaz gora!!!

Ez, ez da exajerazio bat. Literalki horrelaxe baitugu horrenbeste maite dugun JAKINTZA IKASTOLA. Urtero legez, udako oporrrak aprobetxatzen ditugu ikastolan egin beharreko konponketak, mantenu lanak, obra berriak… egiteko baina, aurten bezala, inoiz ez; nik ez dut gogoratzen, behintzat.

Hasteko, neurriarengatik besterik ez bada, ikastolako jolastokia estaltzeko eta frontoia eraikitzeko obra dugu. Lan hau ikastolako partaide guztion ametsa izan da azken urteotan eta aurten, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker ( % 30a gutxi gorabehera ) ausartu gara mailegu bat eskatzera eta gisa honetako obra batean sartzera. Nolanahi ere, egindako ahalegin berezi honek ez du ekarriko inongo gainkargarik gure gurasoentzat, hori bai, datozen hiru urteetan gerrikoa estutu beharko dugu. Hala ere, merezi duelakoan gaude, izan ere, ikastolak leku estali bat behar zuen era guztietako jarduerak baldintza egokiez burutu ahal izateko: ikastolako kirol jarduerak, emanaldiak, jaialdiak eta herriko kirol erakundeei instalazio egokiagoak uzteko (herri ekimenetik sortuak gara, herrian txertaturik gaude eta herri onurako erakundea izaten jarraitu nahi dugu).

Bigarrena, gure gaiarekin lotuta dagoelako, beste infogela bat egokitu eta osatu. Iaz gela bat 23 ordenagailuz (22 ikasleentzat eta bestea irakaslearentzat), proiektore finko bat, arbela digitala, eskanerra… prestatu genuen eta aurten bigarrena modu berean egokitu dugu, hori bai, ordenagailu berri eta ahalmen handikoak erabiliz. Horretaz gain, irakasleen bulego guztietan ordenagailu berriak jarri ditugu, ordenagailu eramangarri gehiago, proiektore berriak… Une honetan, gure ikastolan 100 bat ordenagailu dugu sarean.

Hirugarrena, gurekin zerikusi handirik ez badu ere, ardura gure eskutan izan delako, areto nagusiaren egokitzapena. Areto hau megafonia, informatika eta isolamendu akustiko egokiaz hornituko da. Obra hau hastear dago.

Laugarrena, ikastolako lehen solairua margotze lana. Urtero solairu bat margotzen da eta aurten Batxikoek eta DBH 4koek erabiltzen dutenari egokitu zaio (premia latza baitzuen).

Bosgarrena, komunetan iturginen konponketa lanak. Elbarrientzat eginiko egokitzapenen ostean, ur kontsumoa murrizteko sistema berriak jartzen ari dira komun guztietan.

Azkena, aipamen berezia merezi duelako, sare elektrikoarekin gertatutakoa. Informatika gelak egokitzeko egin beharreko lanak oso era dotore eta txukunean burutu dituzte, baina frontoiko lanetan gertatutakoa ez da nolanahikoa izan: indusketa lanetan hasi zirenean, sare nagusiko kable bat hautsi eta ikastola argi indarrik gabe utzi zuen. Hori konpontzeko, a zer komeriak!!! Abuztuan lanean, IKTeroak izan ezik inor ez, eta arduradunak aurkitu arte ezin izan genuen konpondu. Hau konpondu eta astebetera, herriko lorezainek zuhaitzak mozterakoan tentsio handiko kableetan izugarrizko hondamena eragin zuten. Berriro, ikastola argirik gabe. Horregatik, abuztuan gu bezain martxosoa izan eta gure web orrialdean sartzeko ahaleginetan ibili bazara, ohartuko zinen ezinezkoa zela gure zerbitzariak itzalita baitzeuden. Bestalde, agian, arazo hauen guztien ondorioz, Telefonicako routerra arazoak ematen hasita dago. Ea hau konpontzean, lasaitasun pixka bat dugun!!!

Eskuminak denori Deniatik

Hementxe nauzue, Deniako udal-liburutegiko atariko espaloian eserita aspaldian utzita nuen “bizioari” berriro emanez. Egia esan nahiko egoera xelebrea da hau: herriko festak dira eta, liburutegia itxita dagoenez. hemen gaude ni eta nire Dell Axim X5 fidela bertako biztanleen harridurazko begiradeei muzin eginez “dale que te pego”. Lortu dudan informazioaren arabera Denia osoan dohaineko bi “hotspot” daude: bata liburutegian eta bestea Lanbide Heziketako ikastetxe batean. Datozen egunetan ahaleginduko naiz inguru hauetako argazkitxo bat bidaltzen. Bitartean ondo izan (besarkada handi bat sei eta magic-entzat. Une honetan ziurrenik lanean arituko baitira datorren ikasturterako prestatzen ari diren proiektuetan. Segi gogor mutilak!) :lol:

Euskal blogosfera sustatzen: Iruñean ikastaroa

Dakizuen bezala (beste artikuluren batean aipatu dudalako) uztailaren amaiera aldean Iruñean izan nintzen UEUk antolatu eta Patxi Gaztelumendik ezin hobeto zuzendutako ikastaro batean euskal blogosferaren inguruan gehixeago jakin nahian. Ordundik pentsatuta neukan idaztea han ikusi eta ikasitakoaz baina, batetik, Ordiziako jaiak hasi ziren egunean bukatu ziren nire joan-etorriak Iruñera eta, bestetik, hainbeste ideia atera nituen bertatik nire blogean buru-belarri sartuta egon bainaiz horietako batzuk martxan jarriz. Berandu bada ere, hona hemen agindutakoa.
Hasteko, aipatzekoa da han bildu ginenon perfil aniztasuna (informatikariak, irakasleak, kazetaritza mundukoak…) eta horrexek eman zion, nire ustez, ikastaroari benetako aberastasuna. Hori bai, bagenuen denok zerbait komuna: euskal blogosferako partaide izan eta bakoitzak gure ikuspuntu ezberdinetik berau eraiki eta handitzen lagundu nahia!
Aipatzekoa ere hainbestetan entzundako izenei aurpegi bat jarri izana. Nork ez du inoiz Gari Araolazarekin, adibidez, hitzen bat partekatu aurki.com-en bidez jasotzen dugun artikuluren batean? Edo nork ez du Jabi Zabalaren sarean.com ezagutzen? Bada, ikastaro honek, ondoren aipatuko ditudan jarduera guztiak egiteko baliagarri suertatzeaz gain, hainbestetan entzundako izenei itxura emateko ere balio izan du. Baina gatozen harira.
Aipatu bezala, ikastaroan gai anitz jorratu dugu. Lehenengo arratsaldean Patxi Gaztelumendi kazetaritza partehartzaileaz aritu zen (benetan interesgarria Patxik mahai gainean jarritako gaia: blogen eztandak komunikazioaren ingurugiroan izan duen eragina, hartu duen indarra eta irabazten ari den audientzia) . Ondoren ikasle bakoitzak blog bat sortu genuen. Bigarren egunean, goizean, Gari Araolaza(aurki.com eta eibar.org ) eta Jabi Zabala (sarean.com) ezagutzeko aukera izan genuen. Garik aurki.com aurkeztu zigun zehaztasun osoz eta, ondoren, Jabik euskarazko blogintzaren bilakaerari errepaso dotorea eman zion. Saio hauen bukaeran burututako mahai-inguruan aparteko parada izan genuen bilduta geundenon interesei buruz hitz egiteko eta geroari begira asmoak azaltzeko ere. Baina, esan behar, azken puntu hau airean gelditu zela. Galdera eta gogoeta ugari geure buruetan: euskal blogosfera txikia izanik ere, dispertsio handia dagoela sumatzen da. Zein bideari jarraitu behar diogu? Zer egin dezakegu gure blogosferan atomizazioa saihestu eta benetako euskal blogosfera -jada atzera pausorik onartzen ez duen euskal blogosfera- indartzeko??? Tamalez, erantzuna ez da hain erraza, baina gure esku dago… Arratsaldean, wordpress euskaratuarekin aritu ginen lanean (honen inguruan ez naiz gehiago luzatuko nire blogkide den Jolausek ederki azaldu zuelako beste artikulu batean!) Hurrengo goizean Iñaki Alegria (EHUko informatika saileko irakaslea) eta Gorka Juliok (teketen) software ezbedinak aztertu zituzten ikuspegi informatikotik (guztiz interesgarria eta ulertzeko erraza informatika mundutik hain gertu ez garenontzat. Gorkaren blogean aurki dezakezue material guztia. Mila esker, Gorka, microwikiagatik!). Ikastaroa amaitzeko, Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik Blogak eta euskal prentsaren inguruan gogoeta egin zuen. Bere jario atseginaz, prentsaren erraiak azaleratu eta blogen munduari astindu txiki bat ere eman zion (benetako informazio iturri gisa edo kazetaritza partehartzaile hori pixka bat zalantzan jarriz???? Dena den, badirudi beraiek ere mundu honetan sartzekoak direla eta han geundenon iradokizunen bat baino gehiago jasota joan zen bera ere.
Ikusten duzuen bezala, aniztasuna izan da ikastaroaren gakoa: pertsonen aniztasuna, helburuen aniztasuna eta jorratutako edukien aniztasuna!
Handik bueltan, erabaki dezente hartu nituen nire blogaren inguruan: wordpress erabili, wiki bat sartu ikasleekin istorio elkarreragileak sortzeko…eta, azkenean, horiek guztiak hementxe irudikatu ditut (pixkanaka osatzen joango naiz).
Beraz, ikastaro oparoa eta emankorra alde guztietatik.
IKTerook eskerrak eman nahi dizkizuegu gure bloga (gor)aipatzeagatik eta nik, bereziki, jasotako adeitasunagatik. Mila esker Patxi, Gari, Jabi, Xabi, Iñaki eta Julio! Ondo izan eta laster arte…

Arrakasta itzela Ana Usabiagarena Tafallan

Gaur goizean gure ikastolako web orrian albiste pozgarria topatu dut. Ana Usabiaga gure ikasleak Tafallako Miguel Indurain belodromoan, uztailaren 28tik 31 bitartean, Txirrindularitzako Espainiako Txapelketan partu hartu du Euskadiko Selekzioaren partaide bezala eta aurkeztu den hiru probetan garaile suertatu da.

Jaso ditzala Anak gure zorionik beroenak lortutako urrezko hiru dominengatik.

Hemen informazio gehiago

Posterrak on-line!

Ikusita eta ohartuta azken egun hauetan gure blogak hartu duen tonu serioaz, parentesi txiki bat egin nahi dut. Aspaldi honetan irrikitan nengoen baina denborarik ez eta azkenean hartu ditut minutu batzuk hau egiteko. Muñoz de la Peñaren aulablog21ean ikusi nuenetik buruan banuen ere, “biktima” bat behar nuen ( ez nuen egin behar nire argazkiarekin, noski!!!! ).

Honelako posterrak on-line helbide honetan sor ditzakezue. Bide batez, jolas eta ez “jolaus” bat proposatuko dizuet:
Ezetz asmatu nor den argazkian azaltzen den blogaria?? Pista bat ematearren esango dut asko eta asko idazten duela blog honetan…