RSS sindikazioaren inguruko ikastaroa Moodle-en

Egun hauetan Moodle-en saltseatzen ari naiz, aplikazio honekin gauzatu daitezkeen proiektuak aztertzen. Halako batean, RSS sindikazioaren inguruko ikastaro bat aurkitu dut (aurkituko duzuen gunean “entrar como invitado” aukeratu behar da). Informazioa biltzeko teknika berri honen azalpen konpletoa egiten da bertan, podcasting delako sindikazio mota berri hau ere azaltzen duelarik. Ikastaroa bisitatzen duzuenok, Moodleek eskaintzen dituen aukera desberdinen inguruko ideia bat egin ahal izango duzue.

Zertan hobetu dezake blog batek irakaskuntza-ikaskuntza prozesua Bigarren Hezkuntzan?

Ez da, bada, lan erraza izenburuan adierazitako galderari erantzun sinple bat ematea! “Bitakoren iraultza” hasi denetik artikulu asko irakurtzen ari naiz blogen eta, orokorrean, CMSen erabilerek irakaskuntzari ekar dakiekeen onurez. Asko idazten ari da azken asteetan Pivot, WordPress, Mambo, Moodle, Mediawiki,… bezalako aplikazioen erabileran oinarritutako pedagogi metodologia berritzaileez: konstruktibismoa, lan kolaboratiboa,…

Egia esan, ez nauzue ni pedagogia teorietan oso aditua eta bitakoren oinarri teknikoa oraindik ez dut erabat ondo menperatzen. Baina irakaskuntza eta teknologia berriak oso gustukoak ditut eta, nire ustez, tresna hauek irakaskuntza prozesuaren aldaketaren eragile kritikoak bilaka daitezke datozen urteetan. Ez dezala, beraz, inork pentsa mezu honetan horrelako “tratatu metodologiko” bat aurkituko duenik. Nire asmoa askoz apalagoa da: blogen inguruan azken hilabete hauetan izan dudan esperientzian oinarriturik, aplikazio hauek dituzten abantailak DBH eta DBHOko esparru desberdinetan azaltzen ahaleginduko naiz, irakaslearen lanari zuzenean dagokionez, ikaslea eta ikasle talde osoari dagokionez, eta azkenik, hezkuntza komunitateari dagokienez

Aurrean aipatu dudan bezala, irakaslearen eguneroko lanaren ikuspegitik (klaseak prestatu, saioen jarraipena egin…) blogek ekar dezaketen abantailetaz arituko naiz bereziki, ikuspegi metodologikoa beste baterako utziko dudalarik

  • Informazioa digitalizatzeko sistema erraza eta irekia: gure ikastolan IKTen erabilera gela barruan bultzatzen hasi ginenetik, eduki digitalen ekoizpenean zentratu ginen batez ere. Gure apunteak Word-era edo pdf formatura pasatzea zen helburu nagusia. Batzuk, testu eta irudiaz gain bestelako edukia ere txertatu nahi genuenez, Powerpoint-eko aurkezpenak ekoizten ere denbora bat pasa genuen. Denborarekin konturatu gara, alde batetik dokumentu hauek ez direla egokienak gelan erabiltzeko (Powerpoint-eko aurkezpenak alde batera utziz) eta, bestetik, edukiak eguneratzea ez dela batere erraza: pdf-en kasuan, garbi dago edukian aldaketarik ezin dela egin eta Word dokumentuetan edukiak eraldatzea maketazioaren ikuspegitik lan astuna bihur daiteke, dokumentu handiak direnean batez ere. Blogean irakasleak edukiak saioka antola ditzake, horrela informazioa unitate txikitan banatuz. Mezuak prestatzeko interfazea erraz asimilatzen da (testu prozesadore baten antzera funtzionatzen baitu) eta edukiak igotzen ikasteko saio gutxi batzuk nahikoak izaten dira. Prestatutako saio bakoitzean aldaketak erraz egin daitezke, azken finean eduki unitateak txikiak baitira.
  • Multimedia edukiak erabiltzeko tresna paregabea: testua, irudiak, ahotsa, soinua, bideoa, flash eta java artxiboak erabili nahi ditugunean, Powerpoint-era jotzen dugu. Baina hainbat kasutan eduki batzuk txertatzea ez da batere erraza izaten (flash eta java artxiboen kasuan, adibidez). Bestalde, ez da tresna erraza Powerpoint bideo eta soinu edo ahotsarekin lan egiteko. Nire iritziz blogak arazo hauek saihesten ditu, elementu hauek erraz txerta daitezkeelarik. Halere, irakasle guztiek ez dute horrelako edukiak ekoizteko aukerarik izaten baina ezagutzen dute interneteko zein gunetan aurki dezaketen horrelakorik. Hauxe da blogen beste ezaugarri garrantzitsu bat: hiperloturen bitartez beste informazio-gune desberdinetara salto egiteko aukera paregabea eskaintzen duela. Horrela, klik gutxi batzuetan, mezu batean bilduta duen informazio kantitatea benetan handia izan daiteke.
  • Edukien antolaketa aparta: blogen berezko ezaugarria da edukien antolaketa kronologikoa. Azken mezuak beti lehenengoak agertzen dira. Honekin batera egutegi bat izateak aukera ematen du ebaluazioaren denboralizazioaren jarraipena egiteko; zenbat denbora falta zaigun ebaluazioa amaitzeko, aurretik zehaztutako epeak betetzen ari ote garen… Bestalde, kategoria edo atalen moduluaren bitartez edukien antolaketa beste era desberdinetara ere egin daiteke; adibidez, ataletan ipin ditzakegu gure irakasgaiak dituen gai desberdinen zerrenda. Beraz, atal hauetako bakoitzean klik egiterakoan gaiarekin lotutako mezuak bakarrik ikusi ahal izan ditugu
  • Informazio osagarriaz edukiak aberasteko baliagarria: edukiez gain sistema honek aukerak ematen ditu beste zerbitzu gehigarriak ere izateko; ikasgaiarekin lotutako albisteak zintzilikatu, lehiaketa eta jardunaldien berri eman, bibliografia erreferentziak eman, interesgarriak izan daitezkeen helbideak zintzilikatu, …. Eta hau guztia edozein lekutan konektatuta gaudelarik; edozein lekutan, edozein unetan zerbait interesgarria aurkitzen badugu momentu berean eguneratu dezakegu gure bloga.
  • Bilaketa azkarrak eta eraginkorrak egiteko aukera: blog batean gordetzen den informazioa datu base batean gordeta geratzen denez, edozein unetan irakasleak aurretik landutako zerbait eskura eduki nahiko balu, nahikoa izango litzateke bilatzailean idaztea eta, une batean, eskura izango lituzke bilaketarekin erlazionaturiko blogeko artikulu guztiak. Bilatzaile honi, Google bezalako beste bat gehitzen badiogu klasean gaudela segituan lor dezakegu beharrezkoa izan dezakegun edozein informazio
  • Saio lektiboaren jarraipena: gure ikastolan betidanik izan dugu ohitura ikasleekin betetzen ditugun saioen jarraipena egiteko. Baina kalitate sistema batean murgildu garenetik atal honek garrantzi berezia hartu du. Saio lektiboaren jarraipena une honetan “irakaslearen agenda” deituriko koadernoaren bitartez egiten dugu. Blogekin atal hau asko hobetu daiteke: behin saio bat aurrera eraman denean gelan, saioaren balorazioa zuzenean egin daiteke, mezu pribatu bat idatziz non bertan klasearen gorabeherak aipatzen diren; nola joan den azalpena, saioak izan dituen ahuleziak, arrakasta izan duten planteamenduak, ikasleen jarrera&#8230… gauza asko jaso daiteke.
  • Etengabeko hobekuntzarako tresna efikaza: kontuan izanik blogetan edukiak kronologikoki antolatzen direla, ikasturte batetik bestera erraz kontsulta daiteke aurreko ikasturtean saio bakoitzean jorratutakoa. Aurreko atalean aipatu dudanaren ildotik, iazkoaren balorazioa irakurri ondoren, proposatutako hobekuntzak abian jar daitezke. Horrela, ikasturtetik ikasturtera etengabe hobetzen joateko konpromisoa hartzen du irakasleak. Bere edukiak, beraz, “bizirik” darraite urtetik urtera.

Lau hitz asko ez da

Gaur ez da oso egun ona izan. Nik uste dut, urte asko pasa eta gero, lana ez dela nere bide ….

Gertakaria hor hasten da baina, nola bukatuko da? Ausartzen al zara istorioa jarraitzen? Gogoratu, arau bakarra lau hizkiko hitzak edo txikiagoak erabiltzea dela.

Adibide bat ikusi nahi baduzu, gazteleraz badago ere, juegos de ingenio web orrialdean aurki dezakezu.

Idazlanak ekoizteko tresna bitxia

juegosdeingenio.org orriaren bitartez “Historia interactiva multifurcada” webgunearen berri izan dut. Bertan ondorengo komentarioa egiten dute webgune honi buruz:

En la Historia interactiva multifurcada es el lector quien decide qué continuación sigue leyendo, y si ninguna de las que se ofrecen le satisface puede escribir de inmediato la suya propia. Es un proyecto de Marcos Donnantuoni y todos están invitados a participar. La interfaz es simple y amable; como es de esperar, las historias se vuelven extrañas y sugerentes con mucha facilidad.

Interesgarria izan daitekeela iruditu zait gure Bigarren Hezkuntzako ikasleekin erabiltzeko. Denok dakigu zenbat kostatzen zaien euskaraz nahiz gazteleraz idazten.

Horrelako webgune bat euskaraz sortzeko aukera egongo balitz, agian, Maitek aurreko batean Sustatun planteatzen zuenari jarraituz, bere ikasleekin erabili ahal izango luke. Auskalo!