Moodlemoot Euskadi 07

MoodlemootEHUko eta iKide taldekoa den Ainhoa Ezeizak idatzi zidan atzo esanez izerdi asko bota eta gero :smile: zabalik dagoela I. Moodle Esperientzien Elkartrukerako Jardunaldiak 2007: MoodleMoot Euskadi jardunaldietarako deia. Azterketak zuzendu eta zuzendu nabil eta oraintxe hartu dut tartea deialdi interesgarri honen berri emateko. Beraz, gatozen harira.

Jardunaldi hauen xede nagusia Moodle darabilten eragileei elkartzeko, esperientziak elkartrukatzeko eta Moodle-ren erabilerei buruz eta egin daitezkeen garapenei buruz eztabaidatzeko aukera eskaintzea da. Dakizuen bezala, Moodle plataformaren erabilera asko hedatzen ari da azkenaldi honetan Euskal Herrian (unibertsitate, ikastetxe eta euskaltegien munduan, batik bat) eta aukera ezin hobea izan daiteke horretan ari garenok bizi ditugun esperientziak, topatzen ditugun zailtasunak eta ikusten dizkiogun onura nahiz zirriztuak partekatzeko.

Aurtengo topaketa ekainaren 27 eta 28an izango da eta gai hauek jorratu nahi dira:

  • Moodle esperientziak Unibertsitatean: esperientzien elkartrukea irakasleen artean
  • Moodle esperientziak Unibertsitatetik kanpo:
    1. Lehen eta Bigarren Hezkuntza
      Lanbide Heziketa eta enpresa
      Hizkuntzen irakaskuntza, euskararen irakaskuntza bereziki
      Unibertsitatetik kanpoko beste esperientzia batzuk
  • Baliagarritasun berriak: Moodle-n erabiltzeko baliagarritasun berrien garapena, proiektuen aurkezpena
  • Moodle-ren garapen eta ezarpenerako erakundeen estrategiak: esperientziak eta etorkizunerako gakoak

Jardunaldietan zehar gonbidatuen hitzaldiak, komunikazioak eta tailerrak izango dira. Komunikazioak irekiak dira, hau da, edonork eska dezake parte hartzea. Horretarako, zuen komunikazioa bidali behar duzue eta, hautatua bada, jardunaldietan aurkeztu ahal izango duzue. Bidaltzeko epemuga maiatzaren 31 izango da eta ISBNdun CD-ROM batean argitaratuko dira bidalitako komunikazioak.

Ez dira guretzat data komenigarrienak (bilerak, plangintzak, ikasturte amaiera…) baina gure ahalegin guztiak egingo ditugu bertan egoteko. Bide batez, beste guztioi ere parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Informazio osoa:

Honen berri eman duten beste guneak:

Zorte on eta eutsi goiari, Ainhoa! :wink:

Ahozkotasuna eta teknologia berriak: esperientzia bat.

Ostegunean, Abandoko Berritzegunean izan nintzen euskaljakintzaren nondik norakoak azaltzen Garatuko ikastaro bateko saio batean. Hasi aurretik bertako euskara arloko koordinatzailearekin luze hitz egiteko aukera izan nuen. Solasean hasi orduko didaktikaz ikuspegi oso antzekoa genuela ohartuta, errepaso ederra eman genion ikasleen motibazioari, irakaslearen gela aurreko jarrerari, irakasleek teknologia berrien aurrean topatzen ditugun zailtasunei eta beste hamaika konturi. Komentatu genuen irakasleek azkenaldi honetan asko entzun dutela blogei buruz (ikastaro dezente antolatzen ari da nonahi ikuspuntu teknikotik) baina, agian, esperientzia metodologiko eta gauzatze zehatzei buruz gutxiago hitz egiten dela. Puntu horretan, hastear zegoen saioan ikuspuntu horri heltzera animatu ninduen. Horrelaxe egin nuen eta, egia esan, oso gustura aritu nintzen zehaztasun guztiekiko (prozedura, balorazioa…) bertaratutakoek erakutsi zuten jakin-mina zela. Hemen ere lanketa horietako baten gorabeherak azaltzea pentsatu dut norbaiti baliagarri suertatuko zaiolakoan.

Hasteko, esan beharra daukat euskaljakintzan proiektuka lan egiten dugula. Proiektu edo lanketa horietako batzuk, denak ez, webquesten bidez garatu ohi ditugu. Horixe da ahozkotasunaren kasua. Aurten, ahozkotasuna lantzeko garaian, webquest honetatik abiatu gara eta bertako sarreran adierazten dugun legez, hauexek izan dira gure helburuak:

  • Ahozko diskurtso koherente eta zuzen bat sortu.
  • Ideiak ahoz arrazoitu eta aurkeztu.
  • Ahozko azalpen bat ondo egituratu.
  • Ideia nagusiak eta osagarriak bereizi.
  • Antolatzaile egokiak erabili.
  • Ahozko azalpena hobetzeko hainbat baliabide erabili.
  • Modu kritikoan entzuten ikasi.

Prozesu osoaren amaieran, ikasle bakoitzak 4 minutuz ondo egituratutako azalpen bat eman behar du gela osoaren aurrean horretarako prestatutako eskema baten laguntza bakarraz. Ikasle batek hitz egiten duen bitartean, beste guztiek adi egon behar dute, ondoren, txantiloi hau erabiliz, ikaslearen balorazioa betetzeko.

Helburu horretara iristeko, hauek izan dira jarraitu ditugun pausoak:

Dena den, onartu beharra dago jende aurrean hitz egitea ez dela ikasle askorentzat atsegin handikoa. Batzuk oso urduri jartzen dira, beste batzuk blokeatzera iristen dira… Edonola ere, nire ustez, eskolan landu beharreko ezinbesteko gaitasuna da. Bizitza honetan askotan suertatuko zaie gure ikasleei jende aurrean hitz egin behar izatea eta zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobeto. Ikastolan saiakera ezberdinak egin ditugu alor honetan eta oraintsu ari gara jendaurreko azalpenetan lau hizkuntzetan jarraitu beharreko protokoloaren txosten bateratua prestatzen (etapa guztietan eta gai guztietan -fisika edo matematikan, gizarte zein ekonomian -mota honetako jardunetan jarraitu beharreko urratsak identifikatu eta zehazten).

Jarraitu irakurtzen: 2 eta 3.

Ikastolen XIV. Jardunaldi Pedagogikoak II

Gaurko saioa komunikazioari eskainita dago eta goizeko saioaren laburpentxo bat zuzen-zuzenean egiteko asmoz etorri naiz. Baluarten dagoen Wifi konexio bikainari esker hori egin ahal izango dut.

Lehen hitzaldian, Uri Ruiz Bikandiri oso gauza interesgarriak entzun dizkiogu. “Ondo komunikatzea eta ondo pentsatzea, txanponaren aurki biak” izeneko solasaldian esandako guztiaren artean hau azpimarratuko nuke nik:

  • Adinean aurrera egin ahala, gure ikasleei geroz eta denbora gutxiago eskaintzen diegu euren ideiak adierazteko edota eskola lanaren inguruan hitz egiteko.
  • Horren arrazoia, egiten dugun “transmisiozko” irakaskuntzan aurkituko genuke seguruenik.
  • Esperientziaz dakigu askoz hobeto ikasten dugula barrez, esperimentatuz, eztabaidatuz… Gehiago ikasten dugula ideiak idatziz edo beste norbaiti hori ahoz azalduz.
  • Oinarrizko komunikazioa baino askoz gehiago behar da gai akademikoak adierazteko.
  • Diskurtso “zientifikoari” lehen hurbilketa egin behar zaio eta horretan ez du balio gauzak hala moduz adierazteak.
  • Zehaztasuna eta arlo bakoitzari dagokion hiztegia landu beharra dago.
  • Horretarako, ezinbestean, aukerak sortu beharko dizkiegu koherentziaz eta zehaztasunez adieraztera irits daitezen.
  • Ahozko komunikazioa indartu beharra dago, beti ere, arestian aipaturiko premisak aintzat hartuz.

Segidan, Angela Magaz izan da eszenatokira igo dena gazteleraz prestaturiko “Actitudes y habilidades de comunicaciĆ³n con las familias” izeneko hitzaldia.

Oso hitzaldi entretenigarria suertatzen ari da eta adibidez beterikoa. Irakaselok, batzuetan, urduri jartzen gaituen egoera horren aurrean nola jokatu beharko genukeen azaldu digu, baina bien ikuspegitik enfokatuta. Hau da, gurasoen ikuspegitik nahiz irakasleon ikuspegitik komunikazio egoera hauetan gertatzen ohi diren gauzak eta batzuek zein besteek nola bizi duten hori.

Era askotako aholku eta jarraibide eman digu, baina denak ezin hemen bildu (azkarregi doa niretzat). Dena den, nik batean laburtuko nuke: ENPATIA.

Irakasleok jakin behar dugu gurasoen lekuan jartzen eta euren kezka edo arazoari irtenbide bat ematen ahalegindu. Hori bai, sistematizatu beharko genituzke gurasoekin ditugun harreman horiek: idatzitako gutun batez bilera deitu, gaia, partaideak, iraupena… zehaztuta jarri, akta moduko bat jaso eta bilera horren ondorengo erabakiak, urratsak… gurasoei adierazi (ikus dezatela airean ez dela gelditzen). Horrek konfiantza giroa sortzen laguntzen baitu.

Azkenik, gurasoen txanda iritsi da eta ikastolak nola ikusten dituzten, zergatik gure eredua, euren eginkizuna… azaldu digute oso era erakargarrian.

Galderen txandara pasatu gara eta eztabaida interesgarria sortu den arren, moztu egin behar izan dute denboraz oso gaizki doaz eta.

Orain bazkaltzera joateko ordua iritsi zaigu eta jarraian gure txanda izango denez, ez dut, gaurkoz, gehiago idatziko. Areto handi hau edozein urduri jartzeko modukoa da eta ni horrelaxe nago une honetan. Ea mokadu bat janda lasaitzen naizen. Bihar kontatuko dizuet nola joan den dena.

Eguneraketa: Arratsaldeko saioa amaitu da eta gure aurkezpena pasatu da. Arnasa hartu dut.

Ikastolen IKT arduraduna den Josune Gerekaren aurkezpen labur baten ondoren, nire txanda heldu da. Gaiari heltzeko aukera ezberdinak aurreikusita neuzkan eta, hasteko unean, zalantzak izan ditut. Urduritasuna nabaritu zait. Azkenean, ez naiz apenas sartu ildo filosofikotik. Hau da, gure ikastolan IKTei ematen diegun erabileraren atzean dagoen planteamendu pedagogikoa ia erabat alboratu dut eta erabilera hutsean gehiago zentratu naiz.

Bide hori hartzera bultzatu nauten arrazoien artean aipatzekoa da gure ingurukoek esandakoa eta ez luzatzeko errepikatu didaten mezua (azkenean, gehiegi luzatu naiz). Hala ere, nik uste dut irakasle batzuei beldurra sartzeko baliagarria izan dela. Izan ere, gure ikasleekin erabiltzen ditugun baliabideak guztiz ezezagunak egin zaizkie. Nik uste dut interesgarria egin zaiela tresna horiek duten ahalmena eta Euskal Curriculumak planteatzen dituen konpetentzia orokorrak lortzeko eskaini dezaketena. Ea beldurra gainditu eta animatzen diren.

Jarraian, Emilio Etxabek Andoaingo Larramendi Ikastolan Txanelako CDak erabiliz egiten duten lana azaldu digu. Gehien harritu nauena izan da eskaintzen dioten denbora (3 bat ordu astean) eta maila guztietan, sistematikoki, nola erabiltzen dituzten bai informatikako gela (LHkoentzat gela propioa dute) bai gela arruntetan bertan dituzten ordenagailuak (gela guztietan bizpahiru dituzte).

Amaitzeko, Josune Gerekak Ikastolen Elkarteak dituen asmoak eta planteatuta dituen erronkak Lehen Hezkuntzarako. Ideia interesgarriak, baina ikusi beharko dugu aurrera eramateko gai ote garen. Azaldutako guztiaren artean bi asmo aipatuko nituzke, bereziki:

  • IKT konpetentziak LHn zehaztu
  • Gune bat sortu IKT baliabideak txertatu gure Unitate Didaktikoetan eta gune bat zabaldu guztion esku jartzeko eta guztion ekarpenak eta esperientziak partekatzeko.

Ea hemendik aurrera ikastola guztietako Lehen Hezkuntzan ere IKTen erabilera zabaltzeko balio duen.

Konektibismoa: ikaskuntza aro teknologikoan

Orain arte, indarrean izan ditugun ikaskuntza teoria nagusiak (konduktismo, kognitibismo eta konstruktibismo) aro teknologikoaren aurreko garaietan sortu ziren. Azken hogei urteotan, teknologia berriek gure eguneroko bizimoduan, gure komunikazioan eta, nola ez, gure ikasteko eran eragin dute. Garbi dago, beraz, ikaskuntza beharrek eta ikaskuntza prozesuak eta printzipioak deskribatzen dituzten teoriek errealitate berri hori islatu beharko dutela.

Duela ez urte asko, ikasketak bizi osorako izaten ziren. Informazioaren garapena nahiko mantso zebilen. Ezagutzaren bizi iraupena handia zen eta hamarkadetan neurtzen ohi zen. Gaur egun, ordea, hori goitik-behera aldatu da: ezagutzaren garapena ikaragarria eta honen bizi iraupen murritzak ikaskuntza irakaskuntza prozesuetan aldaketa sakonak eragin behar ditu. Hori dela eta, egungo joera nagusietan honako aspektu hauek nabarmenduko nituzke:

  • Gure ikasleek, euren bizitzan, arlo ezberdinetan lan egin beharko dute eta, askotan, zerikusia izango ez dituzten zereginetan.
  • Araututako formazioak esparru mugatua du eta ez-formalak geroz eta indar gehiago hartu du. Ikaskuntza ingurune eta forma ezberdinetan gauzatzen da (sare pertsonalen bitartez, praktiketako komunitateen bitartez, lan eginkizunak betez…)
  • Ikaskuntza etengabeko prozesu bat bilakatu da. Askotan, lana eta ikaskuntza ezin da bereizi.
  • Teknologiek gure burmuina eraldatu dute. Erabiltzen ditugun tresnek gure pentsamolde definitu eta moldekatzen dute.
  • Ikaskuntza teori nagusiek erabili dituzten prozesu asko (batez ere informazioaren prozesatze kognitiboari dagozkionak) teknologiaren bitartez egin daitezke.
  • Nola eta zer jakin, ezagutza non dagoen jakitearekin osatzen ari da.

Testuinguru honetan kokatu behar dugu Konektibismoaren teoria berri hau. Konektibismoaren zutabeak oso azkar aldatzen diren gure erabakien printzipioen ulermenean oinarritzen dira. Hau da, etengabe ari gara informazio berria jasotzen; garrantzia duena zein den identifikatzen eta aurretik hartutako erabakietan oinarritzen den ingurunea eraldatzeko ahalmena duena zein den bereizteko gaitasuna kritikoa da.

Konektibismoaren printzipioak honako hauek dira:

  • Ikaskuntza eta ezagutza iritzi aniztasunaren baitan dago.
  • Ikaskuntza prozesu bat da non informazio iturri espezializatuak edo nodoak konektatzen diren.
  • Ikaskuntza gizakiak ez diren gailuetan eman daiteke.
  • Gehiago jakiteko gaitasuna edo ahalmena, une jakin batean dakiguna baino garrantzitsuagoa da.
  • Konexioak elikatu eta mantendu behar dira etengabeko ikaskuntza erraztearren.
  • Esparru, ideia eta kontzeptuen arteko konexioak ikusteko gaitasuna konpetentzia klabea da.
  • Eguneraketa (ezagutza zehatza eta eguneratua) ikaskuntza jarduera konektibista guztien xedea da.
  • Erabakiak hartzea, berez, ikaskuntza prozesu bat da. Zer ikasi eta jasotzen den informazioaren esanahia etengabe aldatzen ari den errealitatearen ikuspegitik aztertzen da.

Konektibismoaren abiapuntua gizabanakoa da. Norberaren ezagutza sare batez osaturik dago zeinek erakundeak eta instituzioak elikatzen dituen. Hauek, era berean, sarea elikatzen dute, ezagutza berria eskainiz partaide guztiei. Ezagutzaren ziklo honek (pertsonaletik sarera eta saretik instituziora) sortutako konexioen bitartez, jendea eguneratuta egotea ahalbideratzen du.

Beno, gaurkoz, nahikoa da teoria berri honen inguruan, baina ez pentsa hau guztia nik asmatu dudanik (gaitasun hori nahiko nuke nik niretzat), George Siemens da 2004ko abenduan teoria hau kaleratu zuena. Bere teoriaren inguruan gune bat martxan du. Eta Knowingknowledge webgunean duela hilabete gutxi batzuk argitaratu duen liburua aurki dezakegu. Liburua PDF formatuan (8MB) hemen topa dezakezue. Hala ere, informazio guztia ingelesez dagoenez, Diego E. Leal Fonsecak hasierako dokumentuaren gaztelerazko itzulpen bat egin du eta hemendik jaitsi dezakezue.

Hau idaztearen arrazoia teoria honen berri ematea izan da eta, ahal bada, gai honen inguruko eztabaida piztea. Nik uste dut, abiapuntu bezala, zertzelada hauek nahikoa izan daitezkeela, baina ziur nago gai honen inguruan askotan hitz egitea tokatuko zaigula.

Ikastaro berriak HEZI TOPen

Homo profesoris-en garapena

Poliki-poliki ari gara Hezi Top komunitatearen ataria edukiz hornitzen.
Hona hemen azken berrikuntzak:

  • Partaidetza errazteko ikastaro bat, Hezi Top erabiltzen alegia.
  • Moodleren ezaugarri nagusiak ikastaroa euskaratu da.
  • Irakasleek praktikak egiteko eremua eraiki dugu. Bertan, Moodle aplikazioarekin esperientzia handirik ez duten irakasleak horren erabilpenean treba daitezke.
  • Laborategi Teknikak, Filosofiaren Historia eta Erlijioen Historia ikastaroak.

Anima zaitez! Gure ikastaroak erabili, zeureak sortu, zeure ikasleak matrikulatu…