Horrela doakigu gero!

Gaur arratsaldean, ETB2ko Pásalo programan albiste interesgarri bat entzun dut: Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolak, azterketak direla medio, bere gelak zabalduko ditu gaueko 12:00ak arte.

Baina albiste hau hona ekartzeko arrazoia ez da neurri horrek suposatzen duena, baizik eta segidan egin duten iruzkina: “Hori bai, Errektoreak adierazi duenez, Internet zerbitzua ez dute izango. Honela saihestuko dira ikasleen “despisteak”.

Sinestezina, ez? Bada, horixe da gure Hezkuntza Sisteman daukaguna. Oraindik ere, Internet “perbertsioarekin” lotzen jarraitzen dute. Zer motako irakaskuntza bultzatzen dute Unibertsitatean? Irakasleak transmititutako ezagutza da balio duen bakarra? Nolako irakasleak prestatzen ari dira, XIX. menderako ala XXI. menderako?

Honelako gauzekin sutan jartzen naiz. Gero, gure ikasleen emaitzak beste lurraldekoekin alderatzen dituztenean (PDF 2,26MB), ohartzen gara benetan non gauden eta zenbat gauza dugun aldatzeko. Hori bai, bitartean, sindikatuek segituko dute aldarrikapen ekonomikoak egiten (egin beharrekoak, zalantzarik gabe), baina benetako hobekuntzak eta kalitatean salto kualitatibo bat ekarriko lituzketen aldaketak ahaztuta.

Horrela doakigu gero!

Arbel Digital Interaktiboa

Gaiari mila buelta eman ondoren, datorren urterako arbel digital interaktibo bat ekarriko dugu ikastolara. Ez da erabaki erraza izan, ez pentsa.

  • Alde batetik, ez dakit gai izango ote garen arbel hauei behar bezalako zukua ateratzeko. Eramangarri/proiektore binomioarekin eroso sentitzen hasi garen une honetan, ez dakit lortuko dugun arbel hauek eskaintzen duten aukera guztiei etekina ateratzeko.
  • Bestalde, jarraitzen dut pentsatzen euren prezioa gehiegizkoa dela oraindik. Horregatik, Mimio edota eBeam bezalako aukerak (dezente merkeagoak) ez ote diren egokiagoak pentsatzen ari naiz oraindik

Era batera edo bestera, dagoeneko erabakia hartuta dago. Oraindik ez daukagu garbi zein izango den erosiko dugun modeloa (Smart, Promethean edota Interwrite). Eskertuko genuke, horrelako arbelekin esperientzia duen gure irakurleetako norbaitek bere aholkua eskainiko baligu. Ongi etorriak izango dira mota guztietako iritziak

Gailu hauekin egin daitekeenaren inguruko azalpentxo bat nahi baduzue, hemen duzue Red.es erakundeak, pasa den maiatzaren 17an (Interneten Eguna) antolatutako jardunaldi batetik ateratako bideo hau. Nahiko garbi azaltzen du arbel hauek dituzten ezaugarri nagusienak.

Jardunaldi hauetan egondako komunikazio desberdinen bideoak ikusteko salto egizue hona. Guztira 24 bideo dira atzetik aurrera antolatuta daudenak. Batzuk oso interesgarriak.

Zenbat ate ditu hegazkin honek?

Hegazkin batean hegan egin dugun guztiok azafaten azalpenak eta galdera horren erantzuna entzun ditugu, baina hegazkin batetik jaisten den edonori galdera hori egiten badiogu, inork ez du jakingo horren erantzuna zein den.

Adibide horrekin ilustratzen du Roger Schank-ek bere teoria Eduard Punset-en Redes programan eginiko elkarrizketan.

Egia da ez duela ezer berririk esaten, baina eskoletan horrelakoak entzutea ez dago batere gaizki. Agian, eskoletan ez dugu ikasi gisa honetako adierazpenak entzun besterik ez ditugulako egiten. Bada garaia bidea eginez ikasten hasteko.

Elkarrizketaren bideoa ere jarri dizuet, merezi du eta.

Scratch: programatu jolastuz

scratch

Atzo goizean nire postontzian Xa2-k bidalitako mezu bat nuen. Bertan BBCk argitaratutako albiste baten berri ematen zidan. Artikulu honetan Scratch izeneko aplikazio baten inguruko zehaztasunak ematen dira. Hasierako inpresioa nahiko positiboa izanik, zertxobait gehixeago sakontzen ahalegindu naiz eta hemen uzten dizkizuet nire lehen inpresioak.

Scratch MITeko Media Lab-ek garaturiko programazio interfaze grafiko berria da. Programazio lengoaia berri hau umeei begiratuz garatu da batez ere. Bertan, gure haurrek programa interaktibo sinpleak garatu ditzakete soinuak, irudiak bideoak eta bestelako elementuak bloke moduan pilatuz, LEGOko adreiluak izango bailira. Horrela programa sinpleak garatu kode eta sintaxi lerro bat ere erabili gabe.

Programaren oinarrizko erabilera ulertzeko botaiozue bistazo bat ondorengo bideoari:

Gehiago ikusteko gogoz geratu bazarete hemen dituzue gehiago.

Ez da lehenengo aldia gure blogean gaztetxoentzat bereziki diseinaturiko programazio lengoaiaz hitz egiten dugula. Magic-ek C-Jump-en berri eman zuen aspaldi eta ni ere, duela urtebete edo, KPL lengoaiaz aritu nintzen. Hiruen artean azken hau iruditzen zait erakargarriena, oso sinplea dirudielako, oso erakargarria bisualki haurrentzat eta erraz menperatu daitekeena irakasleon aldetik. Kontutan izanik zeintzuk diren definituta ditugun oinarrizko konpetentziak datorren urterako, iruditzen zait horrelako aplikazio batek primeran uztartuko litzatekeela laugarren helburu orokorrarekin.

Nik dagoeneko aplikazioa deskargatu dut eta datozen egunetan probatuko dut (ea zer deritzon nire semeak honi buruz). Bizitako esperientziak zuekin partekatuko ditut.

Mila esker Xa2. Hirekin zorretan gelditu nauk. :wink:

Informazio gehiago: MITeko prentsa oharra

Aplikazio jaisteko: Scratch (azken egunetan jaso duten bisita kopurua dela eta gunea erorita dago baina lortu dute esteka eta irdui pare bat ipintzea)

Etsipena ala iraultza?

Oraintxe bertan eman dizkiet ikastolako batxilergoko tutoreei azken ebaluazio honetako emaitza akademikoak nire gaian. Azken urteotan gertatu izan zaidan bezala, oso deseroso sentitzen naiz jasotakoarekin; eta naiz ari soilik emaitzei buruz. Errazena errua ikasleei botatzea da; alperkeria, gogo falta, arduragabekeriak, etorkizunari aurre egiteko baliabide falta…. Baina ez da hori bakarrik. Ez nago gustura nire lanarekin. Uste dut oker ari naizela metodoan, helburuetan eta ipintzen ditudan bitartekoetan. Horixe da adibidez horrelakoak irakurtzen ditudanean pentsatzen dudana

Aurkezpen horretan aipatzen diren egoeretako asko oso arruntak egiten zaizkit, nire ikasleekin ere bizi ditudala iruditzen, baina. Gauza bera gertatzen zait Jordi Adell-ek bideo honetan (55 minutu inguru) azaltzen dituen askorekin.

Aldaketarako unea heldu da? Orain artekoa zeharo moztu eta bide berriak urratzeko unea heldu zait? Uste dut baietz.