Google Maps Mapplets

Beste enpresek dena itxita eta ongi itxita uzten duten bitartean, Google-ek bere API-en bitartez, euren aplikazioen garapena erabiltzaileen esku uzten du. Horren adibide garbia da Google Maps-erako sortu dituen Mapplet-ak.

Zer dira Mapplet-ak? Bada, norberaren Google Maps eremuan gehituko diren widget-ak. Dagoeneko, zerrenda luze bat dago, hauetako batzuk Google-ek egindakoak, baina arestian esan dugun bezala, API bat dago Mapplet hauetako bat sortu nahi duen edonorentzat.

Ni, Mapplet dirktoriora joan naiz eta hauetako batzuk jarri ditut frogak egiteko. Era guztietako mapplet-ak topatuko dituzue, baina niri asko gustatu zaizkit distantziak neurtzeko balio duena (Distance Measurement Tool) eta koordenatuak ikusteko balio duena (Position Finder). Bi irudi horietan mapplet hauek funtzionamenduan ikus ditzakezue, irudi handian distantziak neurtzekoa (kasu horretan gure ikastolako bi eraikinen arteko distantzia) eta irudi txikian gure ikastolako koordenatuak.

Nire hamar urteko ikasleek, Google Maps erabiliz, lan batzuk burutu zituzten eta tresna honek izan dezakeen erabilera didaktikoaz hobeto jabetzeko hemen jarriko dizkizuet:

Eta Google Earth-en ikusi nahi badituzue, hona hemen KML fitxategiak:

Adibide hauekin ikus daiteke ohiko mapak erabiltzeaz gain, tresna hauek erabiliz, gauza oso erakargarriak ere egin daitezkeela. Gainera, iazko ikasle horiek eginiko lana hortxe gelditzen da datorren ikasturtean osatzen jarraitzeko. Nik, datorren ikasturterako 8 urteko ikasleekin Ordiziako Mapa osatzeko helburua jarrita daukat: lan sektoreak, pertsonaiak, ohiturak… jarriko ditugu eta, dagoeneko jarrita dauden puntuetan, argazkiaz eta bestelako baliabideaz osatuko ditugu.

Orain Mapplet hauekin zer egin dezakegun pentsatzen hasita nago. Gehiago arakatuko ditut ea zerbait interesgarria bururatzen zaidan.

LenMus: musikako irakasleentzat

Gaur, beste aplikazio berri batekin gatozkizue. Bitelian LenMus programaren deskarga proposatzen zigutela ikusita, bertara joan eta programa honen ezaugarriak aztertzen aritu naiz.

Egia esateko, ni ez naiz aditu bat musikaren irakaskuntzan, baina eskaintzen dituen ezaugarriak ikusita, musikako irakasleentzat oso interesgarria izan daitekeelakoan nago.

Hasteko, software libre, doako ikaskuntza eta ezagutzaren zabalkundearekin konpromisoa azaltzen du. Horretarako, programa hau GNU lizentziapean banatzen da. Programa honek plataforma ezberdinetan funtzionatzen du eta, dagoeneko, prest ditugu Windows eta Linuxerako bertsioak. Mac OS X-erako ere prestatuta omen dago, baina distribuzioa konpilatu eta banatzeko beharrezkoa diren baliabideak ez dituzte eta laguntza eskatzen dute lan horrekin amaitzeko.

Hizkuntza ezberdinetara itzulita dago. Une honetan hauek dira eskura jarrita dauden hizkuntzak: Ingelesa, Gaztelania eta Nederlandera. Baten bat euskaratzeko asmoa badu, hemen jar daiteke harremanetan eta gabezi txiki hori zuzentzeko aukera izango du.

Arlo pedagogikoari dagokionez, honako hauek lirateke bere ezaugarri nagusiak:

LenMus oso erabilgarria da entzumenaren lanketarako

Intonazioa eta musika diktaketen lanketa oso zaila egiten da pianoa jotzen irakasle bat ez badugu. Programa honekin arazo hori konpon daiteke, horretarako proposatzen dituen jarduera hauekin:

  • Denbora-tarteak alderatzeko jarduerak
  • Denbora-tarteak identifikatzeko jarduerak
  • Akordeak identifikatzeko jarduerak
  • Eskalak identifikatzeko jarduerak

Teoriako kontzeptu batzuen lanketarako balio du

Zure beharren eta erritmoaren arabera lantzeko aukera eskaintzen digu, tarteka ebaluazio jarduerak eskaintzen dituelarik lortu nahi duzun mailara iritsi bitartean. Honako aukerak topatuko ditugu:

  • Denbora-tarteak sortu eta identifikatzeko jarduerak
  • Elementu erritmikoak barneratzeko eta praktikatzeko jarduerak
  • Solfeo praktikak: programak ekoiztutako partiturak (inoiz ez dira errepikatzen)
  • Klabeak ikasteko jarduerak

Bukatzeko, programa jaitsi nahi izanez gero, hemendik lor dezakezu.

Xtimeline

Egungo web berri honetan, etengabe zerbitzu berriak ateratzen ari dira era guztietako zerbitzuak eskaintzeko. Guri, bereziki, irakaskuntzarako baliagarritasuna izan dezaketenak interesatzen zaizkigu. Horregatik, gaur horietako bat aurkeztu nahi dizuegu: Xtimeline

Zerbitzuaren izenak garbi adierazten duen moduan, denbora-lerroak sortzeko eta partekatzeko gune oso interesgarria dugu hau. Slideshare-n aurkezpenak edo Scribd-en dokumentuak gorde eta partekatzen diren moduan, hemen gauza bera egin dezakegu denbora-lerroekin.

Duela urtebete baino gehiago hemen bertan denbora-lerroak sortzeko aplikazio baten berri eman genizuen. Oraingo honetan, aurkezten dizuegun aplikazioaren erabilera antzekoa izan arren, eskaintzen dituen aukera gehigarriek oso erakargarria bihurtzen dute:

  • Denbora-lerroak etiketatu daitezke eta, horren ondorioz, bilaketa eraginkorrak egin daitezke
  • Besteek eginiko denbora-lerroak eskura daitezke
  • Zure gunean sar daitezke horretarako ematen duten kodea erabiliz
  • Era guztietako baliabide multimedia sar daitezke: bideoak, argazkiak, audioak..
  • Beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera eskaintzen du
  • Iruzkinak egin daitezke

Horren adibide bat hemen jartzeko, nire denbora-lerro bat sortu dut, baina oraindik ulertzen ez dudan arrazoi batengatik script arazoa ematen dit eta ezin da bistaratu. Jolausi komentatu eta berari gauza bera gertatzen zitzaiola egiaztatu zidan. Zuei gauza bera gertatzen ote zaizuen jakin nahiko genuke. Agian guk zer edo zer gaizki egiten dugu eta horregatik ematen digu akats hori.

Azkenean, nirea erakusteko aukera ez dudanez, azpiko hori sartzea erabaki dut. Denbora-lerro horretan bideo-jokoen historia ikus dezakegu.

Informazioa guk maneiatzen dugu, ez informazioak gu

2006-2007 ikasturteari agur esan diogun unean, nire DBH 1eko ikasleekin burututako lanketa azaldu nahiko nuke, batez ere ikasturte osoan zehar nire “jarioa” jasan behar izan duten ikasleen errekonozimendua egin nahirik eta, nola ez, zuetako norbaitentzat lagungarria izango delakoan.

Batez ere, Carlos zoriondu nahiko nuke tokatu zitzaion loteriari aurre egiteko erakutsitako kemenarengatik. Bertan esaldi garrantzitsu bat bota zuen eta, nik uste dut, bertan bildutako gehienentzat oharkabean pasatu zela, horregatik mezu honen izenburuan jartzea otu zait. Horrek laburtzen baitu 12 urteko ikasle hauekin eginiko lanaren helburua.

Hasi baino lehen, gure lanketa kokatzen ahaleginduko naiz. DBH 1ean, gure ikastolan, Informatika ikasgaia agertzen da curriculumean eta astero ordubete eskaintzen zaio. Bestalde, aurten maila horretan egon diren ikasleak, Lehen Hezkuntzako azken bi ikasturteetan Multimedia Tailer bat (30 ordu inguru) eta partekatutako blog batean lana egin zuten. Beraz, ikasle hauentzat blog bat ez zen tresna arrotz bat eta hainbat tresnetan trebatuta zeuden.

Horregatik, ez nintzen zerotik abiatu eta, ikasturtearen hasieran, nire lana errazagoa izango zelakoan nengoen. Baina oker nengoen. Gauza bat da blog batean noizbehinka idaztea eta beste bat norberaren bloga hornitzeko beharrezkoak diren baliabideak ongi kudeatzen jakitea.

Egia esan, nire helburua ez zen bloga bera, blog txukun bat aurrera ateratzeko beharrezkoak diren baliabideetan trebatzea eta informazioa eraginkorra kudeatzeko ahalmena garatzea baizik. Planteamendu oso sinplea zen: informazioa kudeatzeko tresnetan trebatu ahala, ikasleen mezuak aberasten joango dira eta blogaren kalitatea hobetzen joango da. Nik ez nituen ikasle blogariak sortu nahi, baizik eta informazioaren aurrean bitartekoak dituzten ikasleak, iritzi kritikoa duten ikasleak, sortzeko eta partekatzeko gaitasuna duten ikasleak, elkarreragiteko gai diren ikasleak… Ikasten dakiten ikasleak nahi nituen.

Egia esan, gauzak horrela gertatu dira, baina, zoritxarrez, ez ikasle guztiekin. Ohartu naiz lanketarekin konektatu duten ikasleek egundoko aurrerakuntza eman duten bitartean, ikasle askorekin ez dudala asmatu eta euren lorpen maila nabarmen jatsi dela. Baten batek esango dit hori gai guztietan gertatzen dela eta arrazoia izango du, baina ni horrekin ez naiz gustura gelditzen. Metodologian ez nuen asmatu, hori garbi daukat. Hasieran, planteamendu irekia egiten nien irtenbidea bila zezaten, baina oso zaila egiten zitzaienez, planteamendu gidatu batera pasa nintzen eta, honekin, ikasle batzuek oso jarrera aktiboa eta eraikitzailea azaldu zuten, besteek, ordea, pasibotasunean erori ziren eta nik zer esango zain gelditzen ziren.

Jordi Adellek esango lukeen bezala, gure ikasleak 2.0 izan dira eta nik eskainitako metodologia 0.9 izan da. Beraz, opor hauek aprobetxatuko ditut metodologiari astindu sakon bat emateko, ikasleek eta gizarteak irakasleoi exijitzen diguten formazioa eskaini asmoz. Gure erantzukizuna da gizarteak eskatzen digunari erantzun egoki bat ematea eta horretan ahaleginduko naiz. Ea lortzen dudan.

Bukatzeko, ikasle hauek osatutako blog batzuen zerrenda jarriko dizuet, zuek ere euren lana ezagutu eta baloratu ahal izateko.

DBH 1eko blogari batzuk
  • Iñigo Jauregi: Bihurrikeriak (Umorea eta bizipen pertsonalak)
  • Alexander Oiarbide: Tenisasko (%100 Tenisa)
  • Lierni Garmendia: Gurekin (Super Pop bezalako bloga)
  • Mikel Aiestaran: Gaixotasunak (Izenak dena esaten du)
  • Beñat Ventureira: Milakirolak (Era guztietako kirolak)
  • Carlos Peña: Animali (Animalien mundua)
  • Irati Otamendi: Mendittonttor (Mendizaletasuna)
  • Iñigo Etxarri: Parkeak (Atrakzio parkeetan topa daitezkeen “tramankuluak”)

Irakasle eta ikasle izarrak

Gaur, Getxora “Getxo Ikasblogak Jardunaldietan” parte hartzera joan gara. Egitaraua ikusita, espero zitekeen bezala, goiza oso “trinkoa” suertatu da eta era guztietako esperientziak entzun ahal izan ditugu. Arratsaldeko mahai-ingurua dinamikoagoa izan da eta jende desberdinaren partaidetza ikusi ahal izan dugu.

Partaideei dagokienez, bi partaide azpimarratuko nituzke: Anibal de la Torre irakasle andaluziarra eta parte hartu duten ikasleak. Lehenengoa, hezkuntzaren munduan erreferente bat da bere ideiak eta bere lanarengatik eta, ohi den bezala, bere handitasuna ez da bere lanari mugatzen, bere izaera ere handia baita. Asko gustatu zait bere umiltasuna, bere umorea, bere argitasuna, jendearekin konektatzeko duen ahalmena eta gauzak adierazteko erabiltzen duen estilo zuzena eta argia. Izan zitekeen arren, hau ez da bihurtu “blogfesor glamourosoa”. Bestalde, gisa honetako topaketetan sekula ez dut ikusi ikasleei aukera ematen zitzaiela euren lana eta euren esperientzia azaltzeko. Horregatik, oso interesgarria iruditu zait gaur hiru ikasleek azaldu digutena. Lehenengoa Ortuellako Institutoko Kevin Sanchez izan da, bigarrena Getxoko IES Caro Barojako neska bat izan da eta, azkena, gure DBH 1eko ikaslea den Carlos Peñak hitz egin du. Niri asko gustatu zait hiru ikasle hauek erakutsi duten adorea eta kemena 100 irakasle baino gehiagoren aurrean mintzatzen hasteko, ez baita batere erraza izango adin horrekin (gureak 12 eta besteek 14-15 urte) horrelakorik egitea. Zorionak guztiei eta mila esker irakasleoi eman diguzuen adibidearengatik.

Gaurko izarrak, dudarik gabe, ikasleak izan dira. Hauek baldin badira gure lanaren helburu, zer dela eta ez ditugu aintzat hartzen euren iritziak eta euren ekarpenak? Ez al gaude pittin bat nekatuta betiko irakasleen iritzi berdinak entzuteaz? Ea hemendik aurrera, topaketa eta jardunaldietan ikasle gehiagoren partaidetza zabaltzen den. Proposamen bat badaukat hurrengo baterako: Antton Alberdi

Eguneraketa: Carlosek berak bere kronika idatzi du bere blogean.

Eta bere solasalditxoaren bideoa Google Bideora igo dutenez, hemen txertatzea erabaki dugu.