Wikipedia Euskaraz Blai: euskarazko wikipedian zientzia-edukiak sortzeko lehiaketa

Zientzia AsteaBerandu bada ere, ez dut hain interesgarria iruditzen zaidan lehiaketa honen berri emateko aukera galdu nahi. Interesgarria diot, euskal wikipedia zabaltzen laguntzeaz gain, sarean hain urriak diren euskarazko zientzia edukiak loditzen ere mesedea egingo duelako. Sariketa hau 2007ko Zientzia Astearen edizioaren barruan antolatu da (ikus arauak) eta, aipatu dugun bezala, helburu nagusia Wikipedia euskaldunentzat zientzia-edukiak sortzea da. Deialdia DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasle zein Unibertsitateko ikasle eta publiko orokorrari zuzendua dago. Izena emateko epea urriaren 15ean zabaldu zen eta dagoeneko parte-hartzaile ugarik dihardu lanean (ikus zerrenda osoa).

Ekarpenak aurkezteko epea 2007ko azaroaren 4an, 24:00etan, amaituko da. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek adierazi duten moduan, Wikipediaren barneko funtzionamendua kontuan harturik eta azken orduko arazoak saihesteko asmoz, ekarpenak hilabetean zehar egitea gomendatzen da.

Sari banaketa 2007ko azaroaren 7an egingo da, Wikipediaren sortzailea den Jimmy Wales ekitaldiaren buru izango dela. Dena den, azken berriak jakiteko, onena Zientzia Astea 2007 bloga bisitatzea duzue. Amaitzeko, parte hartzeko gonbidapena luzatzearekin batera, animatze aldera, sarien zerrenda uzten dizuet:

10 ordenagailu eramangarri

  • 2 DBHko ikaslentzat
  • 2 batxilergo edo lanbide heziketa ikasleentzat
  • 2 DBHko irakasleentzat
  • 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat
  • 1 unibertsitateko ikasleentzat
  • 1 publiko orokorrentzat

8 kanoi digital ikastetxeetarako (lehenengo 4 kategorietan bakarrik)

  • 2 DBHko ikaslentzat
  • 2 batxilergo edo lanbide heziketako ikasleentzat
  • 2 DBHko irakasleentzat
  • 2 batxilergo edo lanbide heziketa irakasleentzat

EGA ikastaroa berrituta eta berridazketak lantzeko ariketa-sorta

EGA

Aurreko mezu batean adierazi nuen bezala, uda honetan hortik zehar barreiatua nuen materiala bildu, antolatu eta osatzeari denbora pixka bat eskaini diot. Horrela, iaz prestatutako EGAko ikastaroari zer erantsi edo zer kendu pentsatzen ari nintzela, ikastaro osoari ukitu ezberdin bat ematea eta beste plataforma batean kopiatzea erabaki nuen. Moodle plataforma egokia da ikasle talde bat kudeatzeko, txostenak jasotzeko, foroan zalantzak eskegitzeko, azterketen emaitzak jasotzeko…hitz batean esanda, elkarreragiteko, baina kontsulta eta ariketak baino ez egiteko, egokiagoa eta erabilerrazagoa izan daiteke beste formaturen bat. Hobeto ulertzeko erabakia azken urtean ikastaroaren inguruan gertatutakoa azalduko dut.

Hasteko, esan beharra daukat oso pozgarria izan dela ikustea zenbat jendek eman duen izena Moodle-eko EGA ikastaroan abian jarri genuenetik. Horietako batzuek, gainera, nire ikasleentzat sortutakoa zela jakin gabe, bertako jarduerak egiteaz gain, ea idazlanak zuzendu eta jarraipena egingo nien eskatzen zidaten. Gustatuko litzaidake, noski, baina ezinezkoa zait (nahiko lan nire ikasleen guztia zuzentzearekin!). Hori dela bide, eta gaizki-ulertzeak saihesteko, beste formatu batera pasatzea ondo legokeela pentsatu nuen. Banuen Moodle-eko ikastaroan izena emateko aukera ixtea eta listo, baina kontsultarako bakarrik izanda eta kontuan harturik nahiko mantso dabilela (ez dakit zein arrazoirengatik), taxuera egokiagoak egon zitezkeela pentsatu nuen.

Honela, bloga eta wikia baztertuta, ikastaroa gune estatiko batean klonatzea erabaki nuen. Hemendik aurrera, beraz, bi aukera izango dira: berritzen ari garen Moodle plataformako ikastaroa (nire ikasleentzat egokiagoa) eta Google Page Creator-ekin sortutakoa (kontsultarako aproposagoa eta azkarragoa). Ikastaro berrira zuzenean sartzeko, egin klik hemen. Euskaljakintzatik ere hel zaitezkete azal-orrian (goialdean) dagoen EGA erlaitzean klik eginez.

Sarrera orriaren antolaketa

  • Jakingarri guztiak: azterketaren azalpena , egutegia, noten kontsulta, esteka interesgarriak…
  • Azterketaren atal bakoitza lantzeko baliabideak: informazioa, azalpenak eta ariketak.
  • Baliabide orokorrak: hiztegiak, kontsultaguneak, arauak lantzeko ikastaroa, ortografia eta hiztegi batua, puntuazioa, gramatika arazoak, eta hizkuntzaren aberastasuna lantzeko mota guztietako baliabideak.

Berridazketak lantzeko baliabide berriak

Atal guztietan daude berrikuntzak baina, bakarren bat aipatzearren, berridazketak lantzekoa aitatuko nuke. Covcell proiektuko kide den Ainhoa Ezeiza EHUko irakasleak emandako material batetik abiatuta (bion artean Moodle-ekoa hobetzen dihardugu egunotan), berridazketak perpaus motaren baitan sailkatuta agertzen dira (denborazkoak, nominalizazioak, zehar-galderak, koordinatuak, moduzkoak…). Esaldi mota bakoitzaren gainean klik eginez, mota bakoitzari dagozkion azalpena eta ariketa-sorta topatuko dituzue.

Ariketak Hot Potatoes-ekin eginak dira eta komeni da erantzun laburreko ariketak izan ohi dituzten mugak kontuan izatea; izan ere, edozein karaktere -hizki, tarte edo puntuazio ikur- gaizki idatzita, okertzat emango baitu erantzuna. Beraz, horiei arreta handia jarri behar zaie. Bestalde, berridazketak zuzentzeko garaian aintzat hartu beharreko beste zerbait baldineko erantzun egokien kopurua da. Erantzun zuzen bat baino gehiago egon daiteke hainbat kasutan. Dena den, EGAko aztertzaileek ontzat emandakoak baino ez ditut ipini.

Amaitzeko, berridazketak lantzeko ariketa guztiak batera egin nahi izanez gero, euskaljakintzako ariketak atalean ere -alboko barran- topatu ahal izango dituzue.

Solasean: elkarrizketak lantzeko webquesta

solasean

Sarean tresna didaktiko interesgarri anitz dagoela garbi dago. Horietako bat behin baino gehiagotan (1, 2, 3, 4, ) aipatu izan dugun webquest delakoa da. Webquestak, jakingo duzuen bezala, irakasleek ikasleei begira diseinatzen dituzten ikerketa-jarduerak dira. Ikerketa hori burutzeko iturri nagusia sarea izaten da. Orokorrean lan kooperatiboa bultzatzen dute, eta taldeko partaide bakoitzak lanaren zati baten ardura izan ohi du. Ondo diseinatutako jarduera bada, ikaslea gaitasun kognitiboak erabiltzera behartuko du, gaitasun kritikoa jorratuz eta ikerketaren bide zabalak irekiz. Honaino teoria; praktikan, aldiz, konturatuta nago helburu horiek guztiak bete gabe ere, irakasleoi baliagarriak suerta dakizkigukeela, horietaz gaindi, beste mota bateko jarduerak ere diseinatzeko. Horixe izan da nire azken webquestaren kasua: solasean.

Hasteko, aitortu beharrean nago, azkenaldian, aprendizaia esanguratsuarekin nahiko kezkatuta nabilela. Zenbatetan ez ditugu ikasi edo erakutsi gerora begira oso baliagarriak ez diren edukiak? Eduki horietako askok ba al du errealitatearekin eta bizitzarekin zerikusirik? Zer egin dezakegu bi horiek uztartzeko? Bada, galdera horiek buruan bueltaka, elkarrizketak lantzeko webquest hau prestatzen hasi nintzen. Batxilergo 2an jaso beharreko hainbat eduki (kontzeptu nahiz jarrerazkoak), neurri batean, ikastolatik kanpo lortzea nahi nuen. Beraz, nire asmoa, oraingo honetan, ez da izan ikasleen lan kooperatiboa bultzatzea, bakarka kalera irtenaraztea baizik, gelako paretak zeharkaraztea, alegia. Horretarako, ikasleek bi ataza egin beharko dituzte:

  • Gaia, pertsonaia(k) eta hitzordua hautatu eta galdera-sorta prestatu ondoren, elkarrizketa bat egin.
  • Egindako elkarrizketa euskaljakintzan argitaratzeko atondu.

Prozesua ahalik eta gehien zehazten saiatu naiz; hala elkarrizketa aurreko urratsak zehatz-mehatz adieraziz, nola elkarrizketan zehar egin behar dena eta ez argi utziz. Elkarrizketa ondorengo pausoak eta hainbat elkarrizketaren adibideak ere emanak gelditu dira. Ordenagailu bidezko ikerketa ere bultzatu nahi dudanez, elkarrizketatuek baldintza batzuk bete beharko dituzte noski (esanguratsua edo oihartzuna izan duen zerbait egindakoak…).

Bestalde, iaz proiektuak eta idazlanak baloratzeko hainbat txantiloi diseinatu (zenbait kasutan egokitu) nuen. Baloratzeko sistema ona izan daitekeela iruditzen zait eta aurten ere ildo horretatik jarraitzeko asmoa dut. Horregatik, elkarrizketaren prozesu osoa baloratzeko txantiloi bat sortu dut eta, nire ustez, hori bezain garrantzitsua izan daitekeen beste bat, ikasleen autoebaluazioarena.

Amaitzeko, esan, hastear dagoen ikasturteko lehenengo ebaluazioan eramango dugula praktikara prestatutakoa. Ea ikasleak noraino sartzen diren!

Google Maps zure blogean

Iragarrita zegoen eta, azkenean, gurekin dugu Google Maps-eko mapak gure blogean txertatzeko aukera sinple eta erraza.

Orain, Orri honetara etortzeko esteka klikatzerakoan, esteka ez ezik, gure blogean txertatzeko beharrezkoa dugun kodea agertzen zaigu. Beste zerbitzuetan gertatzen den moduan, kode hori kopiatu eta gure blogean itsatsi besterik ez da egin behar. Txertatu nahi dugun mapa pertsonalizatu nahi izanez gero, Txertatutako mapa pertsonalizatu eta aurrikusi sakatuko dugu eta, oraingoz, maparen neurria aldatzen utziko digu, besterik ez. Nik uste dut, denborarekin aukera gehiago erantsiko dituztela, gaur egun Tagzanian daukagun bezala. Portzierto, Google Maps-en garapena dela eta, ez al zaizue iruditzen Tagzaniak eskaintzen zituen aukera guztiak hartu dituela? Codesyntax-eko lagunek zer edo zer erantsiko diote euren aplikazioari? Eta hori eginez gero, Google-ek kopiatuko al die berriro?

Nik, zerbitzu honen adibide pare bat jarriko dizuet. Iazko ikasturtean, 10 urteko ikasleekin ekoiztutako mapak.

Ordiziako Mapa:

Euskal Herriko Ibaiak:

Berrikuntza VS Immobilismoa

Bideo honek, umorearen bidez, agerian uzten digu zein den berrikuntzen aurrean erakusten dugun jarrera. Lehen fraide hori irakasle batzuekin parekatu dut (izen-abizenak niretzat gordeko ditut), bigarrena, berriz, IKT dinamizatzailearekin.

Bideoa ikusi eta gero, hausnarketa txiki bat eskatu nahiko nizueke; zein da zure jarrera berrikuntzen aurrean? Zure bizitzan aldaketa sakon bati aurre egitea tokatzen zaizunean, zein da zure jarrera? Lehengoari eusten ahalegintzen zara edo egoera berriari, zentzudun jokatuz, aurre egin eta zure egunerokotasunean egokitzapenak egiten saiatzen zara?

Nik, ez dakit ausartegia ote naizen, baina berrikuntzetan murgiltzen hasteko joera daukat. Horrek ezusteko ugari ekarri didan arren, gehienetan, horrenbesterako ez dela erakutsi dit. Hots, jarrera kontua besterik ez da. Jarrera baikor batez heltzen diegunean, topatzen ditugun zailtasunak, abantailak baino dezente gutxiago izaten dira.