Ikaskuntzarako oztopo bat zara

Mezu hau irakurri nuenean, IKTeroak blogean argitaratu behar nuela pentsatu nuen. Baina itzulpenak egiten, bistan da, oso txarra naiz eta nagikeriak jota “aparkatuta” utzi nuen. Aste honetan, berriro aurkitu dut artikulu honen aipamena eta gaztelerara itzulita. Horrekin, berriro animatu naiz eta, azkenean, hementxe duzue artikuluaren itzulpena.

Esperientzia berrien aurrean ikuspegi zabala ez baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Ematen duzuna baino gehiago hartzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Ikaskuntza metaforak bertan behera uzteko, besteen ideiak gutxiesteko edo eraso pertsonalak burutzeko (pasibotasun – oldarkortasun maila edozein izanik ere) ahotsa altxatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Esanahiak eztabaidatzen denbora asko ematen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleak euren lanen jabe ez badira, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Hitzaldiak antolatzen badituzu eta hizlarien aurkezpenak hiru hilabeteko aurrerapenarekin eskatzen badituzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure lana gorrotatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Balio handiko ezagutza metatzen ari bazara eta argitaratzeko aukera egoki baten zain bazaude, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Kontsumitzen baduzu, baina ez baduzu ekoizten, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleen ikaskuntza prozesuari traba eginez, zure esku dauden tresnak erabiltzeari uko egiten badiozu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Legeak dioena hitzez-hitz betetzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure akatsak onartzen ez badituzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zerotik abiatzen ezin baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleek ikasi dutena, euren gogoko komunikazio tresnak erabiliz, adierazi ezin badizute, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure ikasleei nola ikasi nahi duten inoiz galdetzen ez badiezu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Irakastea kontrolatzea dela pentsatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Tresna berri bat probatzea ikasle baten begiradaren dirdira baino gehiago atsegin baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure blogaren irakurleak, Twitter-eko jarraitzaileak edo Facebook-eko lagunak zure harreman pertsonalak baino esanguratsuagoak bazaizkizu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Kritikatzen eta barrenak husten animatzen eta inspiratzen baino denbora gehiago pasatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure buruaz barre egiten ez badakizu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure curriculuma “loditzeak” zure gaitasunentzat lanpostu egokiago bat bilatzea baino garrantzi gehiago badu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Mundu honetan diruarengatik edo ospearengatik bazaude, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Zure erakundetik kanpoko jendea laguntzeko egunero bost minutu hartzeko gai ez bazara, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Beste pertsonekin konektatzea beharrezkoa ez dela pentsatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Hobeto ikasteko modu bakar bat besterik ez dagoela pentsatzen baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Gauzak frogatu ordez, pertsona batek dioena, duen ospearengatik, sinesten baduzu, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Soluzioak eskaini edo aholkuak bilatu gabe kexatzen bazara, ikaskuntzarako oztopo bat zara. Ikaskuntzarako oztopo bat bazara, mesedez, kendu erditik, gutako batzuk lanean jarraitu nahi dugu eta.

Etsaia gure artean?

Erantzuna: bai, zuek zarete etsaiak.

Gaur goziean Enpresa Digitalaren gunean albiste hori irakurri dudanean eta sarreran hau azpimarratuta ikustean,

EHIGEk —Euskal Eskola Publikoko Guraso Elkarteen Konfederazioak—, Euskaltel Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak “Familia, telebista eta Internet” izeneko CDa eta gida aurkeztu dute. Proiektu horren helburua da familien eta hezkuntza-komunitatearen inplikazioa lortzea Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien aurrean erabilera segurua eta kritikoa susta dezaten eta haurrak baloreetan hezi ditzaten.

berehala joan naiz albisteak aipatzen duen webgunera, oso gai interesgarria iruditu baitzait. Bertan sartu eta Gurasoentzako gida (271 Kb) aurkitu dut. Ia negargura jarri zait. Telebistari buruz bertan esaten denarekin ez naiz sartuko orain, baina Internet-en inguruan diotena nazkagarria iruditu zait. Betikoa, Internet munduko bekatu guztiekin lotzen dituzten topiko sorta, besterik ez. Hori bai, sarreran, aurpegia zuritzeko, honelako aipamen bat egiten dute:

Interneten alderdi positibo eta onuragarriak asko badira ere, baditu ezagutu beharreko zenbait arrisku ere.

Itzela!!! Horixe da gida horretan egiten den aipamen baikor bakarra.

Jarraian, etengabeko arriskuen zerrenda paregabea (EEBBetako Alderdi Republikanoaren eskuin muturrekoek edo Batikanoak berak inongo arazorik gabe sinatuko luketen manifestua):

  • Interneten dabiltzan adingabekoek haur-pornografiarekin, indarkeriarekin edo arrazakeriarekin lotutako irudiak eta testuak ikus ditzakete erraz asko.
  • Sexu- edo bortxa-material ezegokia erakusten da, eta gehienetan P2P sareetatik dator material hori, fitxategiak partekatzen dituzten erabiltzaileetatik.
  • …drogak erabiltzera, ekintza erasotzaileak gauzatzera edo erakunde sektarioetan sartzera bultzatu ditzakete.
  • Jabetza Intelektualaren Legeak babestutako P2P sareetatik fitxategiak deskargatzeko aukera izaten dute. Ondorioz, legez kontrako ekintza bat gauzatzen ariko lirateke.
  • Internetekiko mendekotasun-arazoak sor daitezke, eta horrek ondorio psikologikoak eta gizartean ez egokitzea eta bakartzea ekar dezake.
  • …“12 urteko neskatoa” dela dioena 40 urteko pederasta izan daiteke.
  • …asko piratak dira, eta, agertzen diren leihoetan (pop-up-ak), batez ere, pornografiako iragarkiak agertzen dira.

Laburtuta: INTERNET=PEDERASTA=PORNOGRAFIA=BIRUSAK=DELITUA

Jarraian, aholkuen txanda iristen da. Baina hori guztia irakurri eta gero, zein guraso ausartuko da bere seme-alabei Interneten ibiltzen uzten? Nork egin du gida hau? Zergatik ez dute Internet bi adar, isats eta sarde batekin irudikatzen? Opus Dei honen guztiaren atzean ez al da egongo?…

Nik oso garbi daukat aipaturiko arriskuak egon badaudela, baina zergatik ez da gauza bera esaten egunkariaz edo telebistaz? Atzo bertan, Israelgo kaleetan gertatutako hilketa bat ikusi ahal izan genuen albistegi guztietan eta ordu guztietan. Hori ez al da arriskutsua?

Zergatik lotzen da erabilera kritikoa arriskuekin? Eta kritikotasun hori ohiko hedabideetako informatiboetan ematen den informazioarekin lotzen hasiko bagina? Eta testu liburu batzuetan agertzen diren hainbat astakeriekin?

Euskaltelen eskua ere agerian gelditzen da P2P sareen kontra esaten dituzten gezurrekin. Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeak zehazten duenez, “kontsumitzaileak copyright lizentzia duen edozein obra kopia dezake, erabilera pribaturako baldin bada”. Halaber, kopiaren egileak, “hura komertzializatzen duenean soilik egingo du arau-hauste zibila”. Beraz, fiskaltzaren arabera, erabiltzaileek Internetetik deskargatutako artxiboak irabazi asmorik gabe trukatzen dituztenean, ez dira legea urratzen ari. (Azken paragrafo hau Sareko Argiatik hartuta) Baten batek hori egiaztatu nahi badu, Estatuko Fiskaltzak argitaratutako zirkularra (PDF) irakur dezala.

Pop-Up, birusak… Zer da hori? Software askea zer den aipatu ere ez. Nire Ubuntu antibirusik gabe dabil eta ez dut inongo arazorik izan eta nire Firefox-en leihatila madarikatu horiek ez dira inon agertzen. Arazoa ez da Internet, erabiltzen duzuen software pribatiboa, baizik. Gomendioetan ez legoke gaizki software askearen aldeko aipamen bat, ezta?

Baina ni, irakasle naizen aldetik, oso kezkatuta gelditu naiz dokumentu honen atzean Euskal Eskola Publikoko Guraso Elkarteen Konfederazioa eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila daudela ikustean. Guraso horiek sinestarazi nahi al digute Eskola Publikako guraso gehienek Interneten arriskuak besterik ez dituztela ikusten? Akaso informazioa eskuratu, ezagutza sortu eta partekatu, lan kolaboratzailea burutu, komunikazioa areagotu, gizartean eragin, gazte sortzaile, kritiko eta parte-hartzaileak lortzeko duen ahalmenaz ez dira jabetzen? Ziur nago guraso gehienek aukera horiek ere ikusten dituztela eta horretarako inongo laguntzarik ez zaie ematen, alderantziz, intoxikatu besterik ez dituzte egiten. Eta Hezkuntza Sailak zer dio? Bat al datoz horrelako dokumentu partzial hau eta Hezkuntza Sailak askotan aipatzen dituen Interneten balore hezitzaileak? Zergatik ez da gida bat ekoizten gure gazteek Internetek eskaintzen dituen abantailaz jabetu eta etekina ateratzen ikas dezaten? Zergatik lotzen da Internet arriskuarekin eta ez abantailekin edo hezkuntzarekin? Edo, hobeto, arriskuak aipatuz (gezurrik ez) eta prebentzio neurriak proposatuz, zergatik ez gida bat Internetek eskaintzen dizkigun aukera zoragarriak aipatuz?

Nik uste dut Interneti buruz horrelako gauza txarrak besterik aipatzen ez direnean, sinesgarritasun guztia galtzeaz gain, botere faktikoek kontrola galtzeari dioten beldurra agerian uzten dutela, baina borroka hori badakite galduta dutela. Horrelako dokumentuak irakurtzen ditudanean, bere garaian, emakume sufragisten kontra esandakoa datorkit burura.

Zorionez, egun berean, Sustatuk Elgoibarko IMHkoek argitaratutako Interneten informazioa bilatzeko eta sindikatzeko teknikak eta Oinarrizko Segurtasuna Interneten bi gida bikain horien berri eman digu. Nik uste dut propio egin dutela aurreko albistea konpentsatzeko. Horiek bai informazio fidagarriak eta interesgarriak. Ea Hezkuntza Sailakoek eta EHIGEkoek gida horiek irakurtzen dituzten eta hurrengo baterako beste era bateko gida bat argitaratzen duten. Euskaltelekoentzat, gauza bat bakarrik: hobe duzue horrelakoak saihesten indar gehiago jartzea, zuen bezeroon dirua xahutzen, mamu faltsuak zabaltzea baino.

Firefox 3, arrakasta itzela

Atzoko gorabeheren ondoren, orain ez dago inongo arazorik Firefox 3 jaisteko.

Guk, helbide honetan gure diploma lortu dugu, irudian ikus dezakezuen bezala. Mezu hau idazten ari naizen une honetan 13 ordu besterik ez dira igaro errekor ahalegina hasi zenetik eta, dagoeneko 4,407,059 dira jaitsitakoak. Ea noraino iristen den.

Dagoeneko, portable bertsioa ere atera da eta jaitsi nahi izanez gero, helbide honetatik jaitsi daiteke.