(bl)O(g)lentzero jauna…

(bl)O(g)lentzero jauna. Gabonak gainean ditugu eta oraindik ez dizut nire gutuntxoa idatzi. Landalan ibili naiz opor aurreko egun hauetan eta tarterik ere ez dut izan nire eskaeratxoa helarazteko.

Lehenik eta behin, zin dagizut urte osoan zintzo jokatzen ahalegindu naizela euskal blogosferako kide guztiekin. Iaz eskatu zenidan bezala, nire jarioak besteekin partekatzen ahalegindu naiz. Agian aurten, iaz baino jario gutxiago bidali ditut. Ez dut uste alferkeriagatik izan denik, mila saltsatan sartuta ibili naiz eta ez dut denbora gehiegirik izan. Halere, bizi eta kontatutako esperientziak iazkoak baina aberatsagoak izan direla uste dut eta alderdi horretatik gusturago nago.

Datorren igande gauean nire jario agregatzailearen ateak irekita utziko dizkizut, orain eskatutakoak ekarriko dizkidazulakoaren esperantzaz. Ez dut uste gauza konplikatuak direnik baina oso pozik jarriko nintzateke nire eskaerari erantzungo bazenio. Hauxe da datorren urteari begira eskatzen dizudana:

1. Artikulu osoa jasota dakarten jario gehiago nahiko nituzke datorren urtean. Ez ditut gustukoak artikuluaren sarrera bakarrik idatzita dakartenak. Jario asko irakurri behar ditudanean ez zait batere erosoa egiten agregatzailetik webguneetara saltoka ibili behar izateak. Ez dut oso garbi zein den bidalketaren sarrera bakarrik bidaltzearen arrazoi nagusiena: agian batzuen ustez, bloga bisitatzea ariketa sanoa izan daiteke (batez ere publizitatea dutenak), ez dakit. Nire iritziz blog bat hona izateko eduki onak izan behar ditu eta hori jarioan islatzen da. Jario onak jasotzen ditudanean, blogara salto egiteko gogoa ematen dit, iruzkinak ote dauden ikustera. Moztuta datorrenean, askotan gainbegirada bat eman eta paso egiten dut. Nola ikusten duzu gaia? Eskaerari erantzuteko gai izango al zara (bl)O(g)lentzero jauna?
2. Euskal eskola komunitatetik ausardia gehiago eskatuko nizuke ere, nire agregatzailean Euskal Herriko hezkuntza mundutik jario piloa jaso nahiko nuke. Egia da ikasleekin geroz eta gehiago erabiltzen den tresna bat dela bloga. Tira ez dago gaizki. Baina nire kideekin esperientziak transmititzeari buruz ari naiz. Ziur nago irakaskuntza munduan esperientzia berritzaile mordo bat garatzen ari direla urtero, idei polit ugari sortzen direla ikasturte bakoitzean, IKTeekiko konpromezu erreala duten irakasle “ero” mordo bat dabiltzatela hortikan zehar, gauzak beste era batera egin daitezkeela sinesten dutenak eta “hezkuntzaren erraldoi erdoildua” mugitzen ahalegintzen ari direnak. Horien guztien berri jaso nahiko nuke nire agregatzailean. Nik nire aldetik, eskaini dezakedan gutxi hori plazaratzeko konpromisoarekin jarraituko dut datorren urtean.
3. Hirugarren eskaerak jatekoarekin zerikusia du. Lasai, ez dizkizut kapoiak eta arraultzak eskatuko, ezta Jabugoko urdaiazpikorik ere. Sekretutxo bat kontatuko dizut: oso gustukoa dut sukaldaritza eta, apal-apal esaten dizut, kazolen artean nahiko ondo moldatzen naizela. Euskal Herritarrok orokorrean dugun sukaldari sena berezi hori ere badudala uste dut. Eta nire galdera da: nola liteke sukaldaritzaren inguruko euskal blogik ez izatea? ze demontre gertatzen da honekin? Mila arlo jorratzen dituzten blogak ditugu euskaraz eta sukaldaritza inguruan bat ere ez? (mila buelta eman dut euskal blogosferan zehar eta nik behintza ez dut batere aurkitu). Nola liteke? Bihotz-bihotzetik eskatzen dizut, agregatzailean aspaldi sortu eta oraindik hutsik dudan “euskal sukaldaritza” karpeta jarioz betetzea urte honetan, baina jario pilo bat nahi ditut, eh? Ez ahaztu!

Niretzako horixe da dena. Amaitu baino lehen eskaera txiki bat egin nahiko nizuke euskal blogosfera osatzen dugun guztiontzat. Zabal dezagun euskara mundu osora; eman dezagun gurearen berri blogosfera osoan. Erabil ditzagun trackback eta pingback-ak “a sako”! Ez dakizu ze ilusioa egiten didan Googleko blog ofizialetik bisitak jasotzen ditugunean; edota Pixel y Dixel bezalako blogetik bisitari piloa etortzen zaizkigunean. Bai badakit, heltzen diren bezala joaten dira, ez baitute tutik ere ulertzen. Baina, ez al da akaso garrantzitsua gurearen berri Euskal Herriko mugetatik kanpo ematea? Ez al da garrantzitsua euskal blogosferaren errealitatearen berri ematea gure herriko mugetatik kanpo? Ez al digu honek lagunduko .eus domeinuaren lorpenean? Lan handia egin behar da oraindik horretarako, baina zalantzarik ez daukat horrelako pausu txikiak oso lagungarriak izan daitezkeela. Josi dezagun internet trackbacketaz!!

Hau da dena. Esan bezala nire agregatzaileko ateak irekita utziko dizkizut. Ekarri zakua jario mordo batekin beteta, bale?

Aldez aurretik eskerrak emanez, zorionak eta urte berri on, zuri eta gure blogaren jarraitzaileak diren guztiei, Ordiziako IKTeroen partetik.

Ondo pasa jai egun hauek!!

Sustatu

Gaur, arratsaldeko 6:30ean Arrasateko Klaustroan izango gara. Sustaturen 5. urteurrena ospatzeko antolaturiko jaia aukera paregabea baita Euskal Blogosferako aurpegi zahar batzuk berriro ikusteko eta ezagunak egiten zaizkigun izen batzuei aurpegiak jartzeko.

Baina ez da hori bertara joateko daukagun arrazoi nagusia, guretzat, Sustatu blog bat baino gehiago izan baita. Euskaraz idatzitako informazioa aurkitzeko aukera bakarrenetakoa izan da denbora luzez, eztabaidarako ia aukera bakarra, gauzak egiteko estilo berria, egunerokotasuna fokatzeko era berri bat… Horregatik guztiagatik eta beste gauza askorengatik, Sustatu Euskal Blogosferaren erreferente garbia izan da eta, nola ez, guretzat erreferente bat izateaz gain, laguntza eskaintzeko beti prest egon den talde jator bat.

Lasai, ez dizuet xaboia eman nahi. Ez dezala inork pentsa iPod bategatik makurtzen ari garenik, ezta pentsatu ere. Nik Benitoren Baldorba edo Klaus Nomiren kantak entzuteko, nahiago ohiko tresnak eta bafleak. Ez dut uste, baina, nire taldekideek gauza bera esango dutenik. smile

Egia esan behar baldin badut, gaurko hitzaldiak ongi egongo dira, baina itxaropen handiagoak ditut ondorengo “aperitive”an (egongo da, ezta?), batez ere nire bi kideengatik. Hauek, horrelakoetan, duten sakea agerian uzten baitute.

Bukatzeko, ospakizuna behar bezala igarotzea eta hartu-emanak sendotzeko aukera ez galtzea opa nahi diet bertara joango diren guztiei.

Zer gertatzen da Bloglinesekin?

Duela egun batzuetatik hona, susmoa dugu gure jarioak ez direla modu egokian jasotzen Bloglinesen. Badirudi arazoa, batez ere, Blogsomeko jarioekin gertatzen dela, beste blogetatik datozenak arazorik gabe jasotzen baititugu. Honen arabera, arazoa Blogsomen egon daitekela pentsa genezake; baina, gure jarioak beste agregatzaileetan biltzen ahalegindu gara eta arazorik gabe jaso ditugu. Beraz, zer gertatzen ari da Bloglinesekin? Aspalditxo honetan, ez al da Bloglineseko iturkina gehiegitan agertu?

Bloglineseko erabiltzaileak zaretenoi, eskertuko genizueke gure jarioak ohi bezala jasotzen dituzuen edota arazoak dituzuen adieraztea. Aldez aurretik, esker mila

Bide batez, hona hemen gure blogean erabilgarri ditugun hiru jarioen helbideak:

OHARRA: lehenengoak errore mezua ematen du Bloglinesen (ez da horrela gertatzen beste agregatzaileak erabiltzen direnean). Mezuak horrela dio:

Bloglines has encountered an error trying to fetch the latest version of this feed. Bloglines handles errors automatically, no action is required by you. The error was: The feed does not appear to exist. This can be caused by the feed URL being incorrect, or it can be caused by a configuration issue with the server hosting the feed. If this error continues, you should check the feed URL and, if it is wrong, subscribe to the correct URL.

Unibertsitatea.net

unibertsitatea.netAsteazkenean UEUk unibertsitatea.net ataria aurkeztu zuen Zientziaren Kutxaguneko planetarioan. Egun batzuk lehenago, antolatzaileen aldetik gonbidapena jaso genuen ekitaldian hitz batzuk esateko eta gure txoko honetatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu euskal unibertsitatearen unibertsoan sartzen uzteagatik.

Gu ez gara unibertsitate esparrukoak baina bai sentitzen dugu gure harremana zuzen-zuzenekoa beharko lukeela izan alor guztietan. Izan ere, guk elikatuko baititugu jakintzaz eta jakin-minez gerora unibertsitarioak izango diren ikasleak. Eta horrek, ezbairik gabe, adierazi nahi du bidea bera dela guztiontzat nahiz eta ibilibidearen fase ezberdinetan topatu. Beraz, elkarrekin partekatzeko ideia, egitasmo eta beste hainbat proiektu dezente izan ditzakegu eta aurkeztu genuen webgunea izan daiteke horren adibide garbi bat.

Unibertsitatea.net-ek baditu, gutxienez, bi puntu gurekin lotura zuzen-zuzena dutenak: teknologia eta orientazioa. Guretzat teknologia berrien erabilera nahiz orientazio zerbitzua zein baino zein garrantzitsuagoa da eta hori azken bi urteetan teknologia berrien esparruan gure ikastolan izan dugun mugimenduan isla daiteke. Lehendik ere, beste toki askotan bezala, gure arteko komunikaziorako, lanerako, gure apunteak izateko, eta abar erabiltzen genituen, noski, baina azken bi urte hauetan buruetan lehentxeagotik genuen erronka hiruri heldu nahi izan diegu, teknologia berriak zuzenean ikasleen mesederako erabili, web 2.0ren filosofia hedatu eta euskararen presentzia sarean zabaltzeari, hain zuzen ere. Denon eskura, dohain dauden tresna hauek gure geletara eraman nahi genituen azken finean.

Zeintzuk izan dira orain arte teknologia berrien erabileragatik jasotako onurak?

• Baliabide erabilerrazak, malguak eta ahaltsuak direnez, alfabetatze teknologiko azkarra ahalbidetzen dute.
• Jakintzaren kudeaketa aldatzeko aukera ematen dute (erabiltzaile eta irakurle pasiboa izatetik jakintzaren sortzaile izatera).
• Elkarlana eta partaidetza sustatzen laguntzen dute.
• Autonomia bultzatzen dute.
• Ezagutza denon artean eraikitzeko aukera ematen dute.
• Irakaslearen ohiko “rola” aldatzeko parada eskaintzen dute (denok denongandik ikasten dugu)
• Klaseak aktiboagoak eta dinamikoagoak izateko bidea ematen dute

Dena den, nik esparru zehatz batean izandako aldaketa azpimarratu nahiko nuke, ikasle-ikase eta ikasle-irakasle arteko harremanean emandako urratsa, alegia. Harreman hauek ez dira klase orduetara mugatzen. eta ikasleen motibazioa, jakin-mina eta balorazioa nabarmenki igo dela esan daiteke.

Jaio berria den orientazioa.net guneak aukera hauek guztiak ematen ditu. Modu eraginkor batean kudeatzen bada eta harrera ona badu, potentzialitate handiko tresna da. Batxilergoko tutore naizen heinean, eta, ni bezala pentsatzen dut beste ikastetxe guztietako irakasle-orientatzaile eta tutore guztiak, beti gabiltza ikasketa unibertsitarioen informazio eguneratuaren bila. Esan behar, gure orientazioko ordu dezente ere ordenagailu gelan ematen ditugula gune honek eskaintzen hasita dagoen informazio horren bila. Zalantzarik ez dago, beraz, gune hau erabiliko dugula hemendik aurrera eta ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko garela.

Bertatik bi atal azpimarratuko nituzke: ZER IKASI NON IKASI eta ORIENTAZIO ZERBITZUA. Unibertsitatera sartzear dauden ikasleek euskarazko zein ikasketak topa ditzaketen eta haiei buruzko zehaztasunak webgune bakar batean biltzea guri oso baliagarri gerta dakiguke. Gainera, bilaketa horiek modu erraz eta ezberdinetan egin badaitezke (jakintza arloa, zikloa, lurraldea, eta abarren baitan), are gehiago!

Hori interesgarria izanik ere, oraindik azpimarragarriagoa iruditzen zait informazioa partekatzeko ematen duen aukera: lanak, kezkak, zalantzak eta, batik bat, otsailetik aurrera abian jarriko den orientazio pertsonalizatua. Ikasleek zuzeneko informazioa jasotzea eta elkarreragitea garrantzitsua da oso, askotan propagandarako triptiko eta paperetan ez baita ematen eurak behar duten informazio guztia. Zuzeneko hartu-eman hori, nire ustez, aberatsagoa izan daiteke bai gure ikuspuntutik (informazio eta ahoku bila joaten garenon ikuspuntutik) baita unibertsitatekoen ikuspuntutik ere, elkarreragite horrek eraldatzeko eta hobetzeko bidea ere eman baitezake…

Honako hauek dira jada martxan dauden zerbitzuak eta hemendik gutxira martxan jarriko dituztenak (Berriatik aterata):

Jada eskura

• Ziztu bizian: Unibertsitateko albisteak, argazkiak eta blogak. Asteko kontuekin buletin bat zabalduko dute, eta jasotzeko, harpidetu egin daiteke.
• Zer ikasi, non ikasi: Euskaraz egin daitezkeen ikasketei, unibertsitateei eta unibertsitateen arloan lan egiten duten erakundeei buruzko informazioa.
• Otarrea: Unibertsitate arloko lanak, txostenak, apunteak eta bestelako agiriak partekatzeko gunea.

2007-aren hasieratik

• Erreminten kutxa: Interneten euskaraz ikasteko eta ikertzeko dauden baliabideen bilduma.
• Ikaslearen txokoa: Etxea, egoitza… aurkitzeko, gauzak saltzeko, erosteko edo lana aurkitzeko txokoa.
• Behatokia: Unibertsitate ikasketei buruzko informazioa eskainiko da, estatistiken eta txostenen bitartez.

2007ko otsailetik

• Aholkularitza zerbitzua: Unibertsitatean sartu nahi duten ikasleei, unibertsitateko ikasleei eta unibertsitateko ikasketak amaitzear diren ikasleei aholkularitza eskaintzeko gunea, foroen eta adituen iritzien bitartez.

Mila esker berriz ere honelako ekitaldi batean gure ikuspuntua azaltzeko aukera eskaintzeagatik. Zorterik onena opa dizuegu ibilbide berri honetan, zuen arrakasta gu guztiona izango baita!

Gure txantiloia guztion esku

Blog hau zabaldu genuenean, ez genuen uste , inondik inora, kodearekin gisa honetako gauzak egingo genituenik. Baina sarean topatu dugun laguntzari esker, poliki-poliki, gauza berriak ikasten ari gara. Oraingo honetan, gure txantiloia erakusteko bidea topatu dugu eta zuekin partekatu nahi dugu. Schinckel eta Juglar “maisuei” esker hori nola egin daitekeen ikasi dugu.

Blogsome erabiltzen duen edonorentzat baliagarria den bide hau azalduko dizuet. Egin beharrekoa oso erraza da eta irlandar hauen zerbitzua erabili nahi duen ororentzat lagungarria izan daiteke.

Lehen pausua, orri bat sortzea izango litzateke eta bertan, honako kode hau (hauxe da guk jarri duguna) txertatu:

Gure txantiloia

Hauxe da orain erabiltzen dugun txantiloia. Blogsomek erabiltzen dituen lau fitxategiak zure eskura jartzen ditugu.

Mila esker  Schinckel eta  Juglar "irakasleei".

Main Page
Post
Comments
Style Sheet

<textarea id="template" wrap="off" style='width:95%;height:350px;'>Botoi bat sakatu bere edukia ikusteko.

Nolanahi ere, arazoak baldin badituzu, lasai galdetu. Horretarako gure harremanetarako formularioa erabil dezakezu.

Modu honetan, Blogsome behar dituen lau fitxategi argitaratuko dira sortu berri duzun orrian. Nolanahi ere, esan beharra dago Internet Explorer 7-rekin ez duela ongi funtzionatzen.

Gure txantiloiaren lau fitxategiak ikusi nahi badituzu, hementxe bertan klikatu edo goiko menuan jarri dugun <T>xantiloia aukera sakatu. Gauza bera lor dezakezu <T> hizkiarekin jarri dugun lasterbidea edo shortcout.