Ikastolatik kanpoko ikaskuntza: Erizaintza Fakultatea eta Basque Culinary Center-era bisita

Proiektuen inguruan lan egiterakoan, niretzat garrantzitsua da ikasleak egiten ari direnari zentzua bilatzea. Eta askotan, gelako lau pareten barruan gertatzen dena, hain zuzen ere, lau pareta horien artean gertatzen delako, deskafeinatu samar geratzen da alderdi horretatik. Alegia, ikasleak egoera errealen aurrean jartzea ez da hain “erreala” euren jarduna ohiko espazioan eta ohiko protagonistekin burutu behar dutenean. Proiektuak gizarteratzea ezinbestekoa ikusten dut hauek izan dezaketen artifizialtasun puntu hori saihestu nahi bada.

Beraz, ikasleak kalera ateratzea, aliatuen laguntza bilatzea eta adituen aholkuak jarraitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, proiektuak autentikoak izan daitezen. Egun daukagun eskola antolaketa zurrunarekin (bai ordutegian, bai irakasleen banaketan baita espazioen erabileran ere) ez da erraza izaten kontu hori. Dena den, orain arte burutu ditugun hainbat proiektutan hori bilatzen ahalegindu naiz. Azokaren infografia egin genuenean, ikasle batzuk nirekin etorri ziren udaletxera gure asmoaren berri ematera eta ondoren, kalera atera ziren azokara etortzen ziren bezeroen datuak biltzera. Baina baliteke Bertigarden proiektua izatea aurrean aipatutako helburu horiek intentzio gehiagorekin bilatu eta lortu zirenekoa, batez ere, mentoring-arekin lotutakoak.

Iazko Goierriko Lanbide Eskolan izandako esperientzia aberatsaren ondoren, aurten ere ikasleak antzeko egoeren aurrean ipintzea nahi nuen. Azken proiektua oso aproposa ikusten nuen horretarako, beraz, aukera posibleak baloratzen hasi nintzen. Behin proiektuaren ataza zehaztu ondoren, hau jarduera zehatzetan banatu genuen. Hauetako bakoitzerako, helburuak zehaztu genituen, taldekatzeak eta zereginak banatu genituen, beharrezko informazioa nondik lortu eta teknologia nola erabiliko genuen aztertu genuen eta, azkenik, jarduera bakoitzarentzat epemugak zehaztu genituen. Azpian daukazue guztia irudi batean jasota (gorriz ebaluazio tresnak)

Jardueren zehaztapena

Ikasleek elikadura osasuntsuaren eta nutrizioaren inguruko bost saioko telesail bat prestatu behar dute. Telesailaren ardatza aipatutako gai horiek izango dira eta bertan azaldutakoa aurretik jorratutako edukien barneratze maila neurtzeko froga bezala kontsideratuko da. Proiektuaren abiapuntuak zerikusia zuen osasunarekin, osasuntsu egoteko baldintzekin eta, oro har, elikadurak osasunarekin gordetzen duen erlazioarekin. Konkretuki ikasleen lana azpiko bost galdera hauen inguruan joan beharko litzateke:

  • Zer esan nahi du osasuna izatea? Zer da osasuntsu egotea?
  • Zer harremana dago pertsona baten elikadura eta bere osasunaren artean?
  • Nola ezagutu daiteke pertsona baten egoera nutrizionala zein den?
  • Noiz agertzen da nutrizioarekin lotutako osasun arazo bat?
  • Nola konpondu daitezke osasun arazo desberdinak dieta egoki bat erabiliz?

Hau guztia egiten ari ginenerako, banekien nire ikasle baten ahizpa erizaintza ikasten ari zela Donostian. Karen-ek (halaxe du izena Oihaneren ahizpak) aurretik landuta zuen fakultatean gu lantzera gindoazen edukia eta pentsatu nuen, bera ni baino askoz ere egokiagoa izan zitekeela ikasleek behar zuten informazio hori emateko. Bide batez, ikastaro honek Karenentzat kredituren bat edo beste suposatzen bazuen, are eta hobeto oraindik.

Esan eta egin. Karenekin otsailaren 1erako geratu ginen, ostirala, arratsaldeko 15:00etan. Sinesgaitza egiten bazaizue ere, bisita klase ordutik kanpo eta asteburuaren atarian izanda ere, talde osoak eman zuen izena Donostiara joateko. Goiza aprobetxatu asmoz, Amaia nire lankideak, Basque Culinary Center (BCC) fakultatea bisitatzea ideia ona izan zitekeela komentatu zidan. Egia esan, jorratzen ari ginen gaiarekin erlazioa gordetzen zuen eta gainera, taldean nituen ikasle sukaldari batzuei banekien ilusioa egingo ziela BCCa bisitatzea. Tamalez, bisita egiteko nire eskaerak ez zuen erantzuna garaiz jaso eta goizeko zatiarentzako alternatiba bat bilatu beharra izan genuen. San Telmo Museora (STM) joan ginen Badu, Bada erakusketa ikusi eta jarraian, erakusketa iraunkorra bisitatzera. Ezusteko atsegina izan zen STMko bisita. Bai niri eta baita nire ikasleei ere, asko gustatu zitzaizkigun bi erakusketak, baina, batez ere, Badu, Bada. Bi ordu t’erdi egon ginen STMik irten gabe, hasieran bisita 60-90 minutukoa izango zela pentsatzen bagenuen ere.

Nautikoko eskaileretan bazkaldu eta Urgull bisitatu ondoren, Erizantza Fakultatera joan ginen. Han genuen Karen gure zain. Bisita bi zatitan banatu zituen Karenek; lehen zatian mamiari helduko genion eta, jarraian, fakultatea ezagutu bisitatuko genuke. Lehen zatiarentzako Karenek ondorengo aurkezpen dotorea prestatu zigun:

Azalpenak ematen zituen bitartean, ikasleek euren notak hartzen aritu ziren. Aurkezpenarekin batera, Karenek fotokopia batzuk banatu zizkigun, anamnesia egiteko jarraibideekin, obesitatearen maila zehazteko datu antropometriko desberdinekin eta ereduzko odol eta usuri analitika desberdin birekin. Datu horiek guztiak gehi ikasleek aurkezpenean bildutakoekin, nahikoa eta soberan eduki genuen lehenengo jarduerarako zehaztutako helburu eta zereginei erantzuna emateko.

Sorpresa txiki bat zuen gordeta Karenek, aurkezpenaren ondorengorako. Beraiek praktikak egiten dituzten gela batera eraman gintuen. Gelaren antolaketa edozein ospitalean dagoenaren berdina da. Bertan geundela, injekzio bat ipurdian jartzeko teknika erakutsi zigun. Horretarako benetako ipurdi bat zirudien ipurdi-simulagailu bat erabili zuen. Teknika erakutsi ondoren, hortxe ibili ginen guztiok orratza ipurdian nola zulatzen zen praktikatzen. Barre batzuk bota genituen sasi-ipurdiari ziztadak ematen eta, esango nuke, bokazioren bat edo beste ere, piztu zela ostiral arratsalde hartan 😉

Fakultatea bisitatu ondoren, Karenekin batera bueltatu ginen guztiok etxera. Egun bikaina izan zen otsailaren 1ekoa. Azpian dauzkazue egun horretako argazkiak.

Kontua da, Basque Culinary Center-a bisitatzeko asmoa bertan behera utzita genuenean, hara non gure eskaerak erantzuna jasotzen duen. Honen arabera, aukera genuen BCCa bisitatzeko nahi genuenean. Ikasleei komentatu nien eta aho batez erabaki zuten ezin zirela geratu sukaldaritza fakultatea bisitatu gabe. Alex Beitia, BCCko zuzendari akademikoarekin harremanetan jarri ginen, eta pasa den ostiral goizerako hitzartu genuen gure bisita.

Goizeko hamaiketarako BCCan ginen. Berehala agertu zen Alex. Agurtu ondoren, berak ekarritako bata zuriak jantzi genituen eta jarraian bisitari ekin genion. Lehenik eta behin areto gelara joan ginen. Bertan Alexek fakultatearen jatorria, izaera eta helburuen inguruko aurkezpen bat egin zigun. Graduko ikasketak konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ereduan oinarritzen direla ere azaldu zigun. Jakitea bezain garrantzitsua kontsideratzen dute BCCn egiten jakitea eta izaten jakitea. Eta hori guztia, talde-lanaren bitartez bilatu eta bultzatzen dutela esan zigun. Poztu nintzen nire ikasleek bere ahotik entzutea niri hainbestetan entzun dizkidaten kontu berdinak. Oso inportantea izan zen ikasleek jabetzea, unibertsitatean ere balio handia ematen zaiola elkarlanari. Irudipena daukat hitz bitan azaldu zituen ideia horiek, nik hainbestetan errepikatu diedana baina askoz ere eraginkorragoak izan zirela.

Aurkezpenarekin amaitu ondoren, fakultatea bisitatu genuen. Lehenengo eta bigarren mailako ikasleak (promozio bakarrak, orain arte) lanean ikusi genituen, hamarreko taldeetan bilduta, batzuk haragia prestatzen, beste batzuk barazkiekin, edo postreak prestatzen ere. Bigarren mailakoak fakultateko sukalde nagusian eta jangelan ikusi genituen, eguneko menuari azkeneko ukituak ematen. Pasabide eta solairu desberdinetan, irakasle askorekin topatu ginen (batzuk ezagunak, telebistan askotan ateratakoak). Mota guztietako gelak eta sukaldeak erakutsi zizkigun Alexek. Egia esan, bisitaren amaierarako uste dut guztiori jarri zitzaigula sukaldaritzako goi-mailako ikasketak egiteko gogoa. 😉

Bisitarekin amaitu genuenean, Alex agurtu eta etxera bueltatu ginen. Azpian dituzue bisitaren argazkiak:

Iaz bezala, aurten ere, esperientzia eder bi izan dira. Jasotako ikaskuntza ez da bakarrik eduki curricularretara mugatu. Fakultate berri bi ezagutu ditugu, unibertsitate giroa ere nolakoa den ikusi dugu eta, gorago esaten nuen moduan, uste dut nire ikasleetako batzuen bokazio ezkutuak azaleratzeko ere balio izan dutela irteera biak. Ea hala den!

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet Karen eta Alex-i, beraien jarrera atsegin eta goxoarengatik eta, bide batez, emandako informazio guztiarengatik. Benetan oso emankorrak izan dira egindako bi bisitak. Eskerrik asko Karen eta Alex!

Egun bat mondejuak egiten

Gaurkoan txoko honetara ekartzea erabaki dudanak ez du erlazio gehiegirik gordetzen hemen idazten ditugun gaiekin. Blogaren ohiko tematikatik kanpo geratzen da, badakit. Baina ilusioa egiten dit gure familian hain garrantzitsua izaten ohitura zaharra zuekin partekatzea.

Familia guztietan izaten da aurreko belaunaldietatik jasotzen den usadio zaharren bat bizirik mantentzeko konpromisoa. Gurea ez da ohitura zahar asko jarraitzen dituen familia bat. Baina badugu bat, urtero urtero betetzen ahalegintzen garena. Urriaren amaieran, Santa Fe eguna ospatu eta handik aste pare batera, familiako hiru belaunaldiko kideak elkartzen gara (aiton-amonak, aita-amak eta biloba guztiak) eta gure amona zenaren errezeta berbera erabiliz, famili osorako mondejuak egiten ditugu. Bai mondejuak. Zaldibia eta Gaintzan, batez ere, egiten diren eta Goierri osoan kontsumitzen diren hestebete mota berezi bat dira mondejuak. Ardiaren tripaki eta sabela estaltzen duen gantzaz, porruz eta arrautzez betetako odolki zuriak dira eta gure etxean ikaragarri estimatuak dira.
Anttoni eta Joakin
Amona Anttoni Errekalde eta aitona Joakin Okobio baserrietan jaio ziren; biak ziren zaldibitarrak, beraz. Gogoan dut oraindik, txikitan, mondeju garai izaten zenean, amonaren etxera joan eta sarrerako atea irekitzen zuenean, barrutik irteten zen porru usain fuerte eta sarkorra. Gogoratzen dut etxeko pasabide txikian nola ipintzen zituen amonak mondejuak zintzilik amaren laguntzarekin. Eta gero, eguerdian, mahaiaren inguruan esertzen ginenean, zeinen gustura jaten nituen mondeju-zopak (ogi puska erraldoiak mondejuak egosteko salda oliotsuarekin busti-busti eginda) lehendabizi, mondeju muturrak jarraian, eta mondejuen saldan egositako ardikia bukaeran. Sabela bero-bero eginda bueltatzen ginen gero gure etxera 😉

Guk orain amaren etxeko terraza handian egiten ditugu mondejuak (etxe barruan sortzen den kiratsa saihesteko) eta mondeju-zopak eta ardikia menutik kendu ditugu (ezin da esan oso osasuntsuak direnik zopa horiek, ez 😉 ) Horiek dira desberdintasun bakarrak. Beste guztia, orduan amonak egiten zuen modu berean egiten jarraitzen dugu. Amonaren errezeta berbera jarraitzen dugu mondejuak egiterakoan eta ardiaren tripakia eta gantza txikitzeko makina eta inbutuak ere, berak erabiltzen zituen berdin-berdinak dira.

Anaion ilusioa da atzetik datozen ilobek ohitura hau bizirik mantentzea. Egun egiten dugunaren arrastoa gal ez dadin, azpiko bideoa muntatu dugu. Ea hainbeste urtetako ohitura zahar hau ez den hurrengo belaunaldietan galtzen!

OHARRA: aurreko beste urte batean egindako beste bideo bat ere badago ikusgai sarean, baina oraingo honek askoz hobeto azaltzen du mondejuak ekoizteko prozesua zein den.

Leioako Berritzeguneak antolatutako topaketetan

Duela hilabete batzuk, Ana Basterrak Leioako Berritzegune Nagusiak antolatzen dituen topaketetan parte hartzeko gonbitea luzatu zidan. Gela barruan teknologia nola erabiltzen dudan azaltzea animatuko ote nintzen galdetu zidan. Hain ohiko bihurtu diren hezkuntza sarao antzuekin alderatuta, hitzalditxo hau benetan praktikoa izan zitekeela pentsatu nuen; niretzat, orain arte teknologiarekin izan dudan harremanaren inguruan hausnartzeko baliagarria izan zitekeelako, eta bide batez, nire esperientzia pertsonala paradigmatikoa izan zitekeelako beste irakasle batzuentzat eta, agian, hauengan ere hausnarketa eragin zezakeelako. Horrela, Anari otsailaren 7an Leioan izango nintzela agindu nion.

Bi orduko hitzaldiak luzeak izaten dira, astunak gehienetan. Beldur nintzen entzuleak nire bizipen pertsonalekin ez ote nituen aspertuko. Ez dakit hala izan zen, ni behintzat horrela ez izaten ahalegindu nintzen 😉 Azpian daukazue atzo erabilitako aurkezpena:

Ni gustura bukatu nuen atzoko esperientziatik. Nire xedea hitzaldira etorriko ziren irakasleei ilusio pixka bat transmititzea izan zen, besterik ez. Nire ikastolan bigarren hezkuntzako irakasle gehienak triste ikusten ditut, batzuk nazkatuta ere. Zaila egiten zait beraiena gerturatzea eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela adieraztea, euren egoera hori aldatzearen ardura ez dela bakarrik ikasle edo gurasoena, gu garela aldaketaren gakoa. Eta aldaketa horrek eragin zuzena norbaitengan badu, hori gugan dela, gure satisfazio eta asebetetze pertsonal eta profesionalean. Etxean hainbeste kostatzen zaidana, topaketetara agertu ziren irakasleei transmititzen ahalegindu nien. Ez dakit lortu ote nuen.

Eskerrak eman nahi diet Ana, Pilar eta Berritzeguneko gainontzeko lagunei, eskainitako harrera goxoarengatik. Eskerrak ere hitzaldira agertu ziren irakasle guztiei baina bereziki Gorka Azkarateri, atzo Twitterren utzitako hitz politengatik.

Irakasle batek jaso dezakeen errekonozimendu politenetako bat izan zen zurea, Gorka.

Ez dut meritokrazian sinesten

Oraintxe irakurri dut Ángeles Araguz-en blogan bere azkeneko artikulua. INTEFek antolatu nahi duen irakasleen sareari buruz idazten du Ángelesek. Irakasleok sortzen dugun materialek izaten duten errekonozimenduari eta honi lotutako meritokraziari buruz ere hausnarketa sakona egiten du.

Tira, aspaldi utzi nion hainbestetan aipatu den meritokrazian sinesten. Garai batean, ziurrenik software librearen atzean dagoen filosofiaren eraginaren ondorioz, Ángelesen antzeko iritziak nituen nik ere. Orduan, norberak bere lanaren berri ematen zuenean, gelan egindakoa zabaltzea helburua zenean, banuen horrelakoetan sinesteko arrazoiak. Baina hori aldatu da. Izan ere, zure lana bilatzen duzun protagonismo beharretarako motz geratzen denean, zure diskurtsoa besteen ekarpenen gainean eraikitzea besterik ez zaizu geratzen, zertaz ari zaren piperrik ulertzen ez baduzu ere. Eta hori gertatu da hezkuntzan azkeneko urteetan. Besteen ekarpenaz baliatu dira irakasle batzuk, besteen teoria eta eskarmentuaz baliatu dira, ez-jakin askoren aurrean diskurtso propio bat eraikitzeko (zentzu gehiegirik gabeko diskurtsoak, askotan). Horrekin batera, norberak bere burua existitzen diren sarao guztietan aurkeztea (zenbat ugaldu diren hezkuntzan horrelakoak, azken urteotan) derrigorrezkoa bilakatu da, “sasi-meritokrazia” hori bizirik mantentzeko. Horrela, hezkuntza sistemaren protagonista bihurtu diren asko, egiten dutenagatik baino esaten dutenagatik jasotzen ari dira errekonozimendua. Horrela, sarea irakasle hutsalaz jositako gune batean bihurtu da gaur, benetako balio profesionalik gabeko protagonistaz beteta. Sarea, telebistaren antzera, helburua “hor egotea” duten irakaslez bete da tamalez, lanbidea helburu horretan aitzakia bat besterik ez delarik. Zaborraren artean, oraindik existitzen diren perlak aurkitzea lan konplikatua bihurtu da.

Eta administraziori buruz, zer esango dut ba. Ángelesek agian oraindik itxaropen puntu bat izango du INTEFen borondate onean. Nik administraziotik ez dut ezertxo ere espero, egia esan. Ez dirurik, ez laguntzarik ezta errekonozimendurik ere. Egongo dira horrelakoak izango dutenak; bejondeiela. Nik ez dut ezer espero, ez niretzat ezta nire ikastolarentzat. Hori bai, gauza bat oso garbi daukat: ez dut onartuko nire lana, administrazioak giltzapean muntatzen dituen ikastaroetarako materiala bihurtzea. Hortik ez naiz pasako. Izan ere, egun hauetan Hezkuntza sailak muntatuta daukan Moodle honetatik hainbat sarrera detektatu ditut aurrekoan zabaldu nuen sekuentzia honetara. Bisitek bere horretan jarraitzen badute hurrengo egunetan, nire materiala saretik kenduko dut. Esan bezala, meritokraziarena bost axola zaidan kontu bat da baina ez naiz tontoa.

Irakasleon oinarrizko konpetentziak Cervantes Institutuaren arabera

Post hau duela egun batzuk argitaratutako sarreraren jarraipena da. Izan ere, Leonor Quintanaren blogan Cervantes Institutuak ELEko irakasle batek, bere ibilbide profesionalean zehar, garatu beharko lituzkeen zortzi konpetentzien deskribapena egiten duen txosten interesgarri bat aurkitu dut.

Konpetentzia hauek Perrenoud-ek proposatzen dituen hamarretan oinarrituta daude. Cervantes Institutuaren txostenak, oinarrizko konpetentzia hauek eta azpikonpetentzia guztiak biltzeaz gain, hauetako bakoitzaren deskribapen zehatza egiten, beti ere, jomuga bezala ELEko irakaslea eta bere rol espezifikoa kontutan hartuta. Adibidez, Perrenoud-ek aipatzen duen “Participar en la gestión de la escuela” konpetentziaren ordez, txostenean “Participar activamente en la institución”. Eta antzera beste batzuekin. Dena den, uste dut planteatzen diren puntuetako asko irakasleria osora eta ikastolen errealitatera arazorik gabe estrapolatu daitezkeela.

Azpian uzten dizuet txostena. Dituen 36 orrialdetan (esan beharra daukat niri ez zaidala batere pisua egin) irakasleok kontutan hartu beharko genituzkeen ideia eta planteamendu interesgarri asko topatuko dituzue. Merezi du gainbegiratu bat botatzea.

http://cfp.cervantes.es/imagenes/File/competencias_profesorado.pdf