Hautaprobak hautatzeko tresna ote dira?

Hautaprobek beti eragiten digute horrelako dardarizo bat…

Aurtengo gertaeren ondoren, hozkiaren inguruko dardarizoa izango da sentituko duguna…

Pozik gaude orain, denok gainditu baitugu froga beldurgarri hori. Uf! Denok aurrera… Ez ditugu oraindik gai bakoitzean izan diren emaitzak aztertu, oraindik ez dakigu notak espero bezalakoak izan diren edo oso bestelakoak. Notak bero-bero ditugun honetan, jaso berri honetan, gustura gaude… denek gainditu baitute.

Hori bai, , antolaketan izandako gorabeherek oso gustu txarra utzi digute. Guk, ikasle, guraso eta irakasleok, jarri dugun ilusioa eta grina ez da han ikusi dugunaren pareko izan. Azken muturreraino lotzen saiatu gara, ezinbesteko froga hauetan arrakasta lortzen ahalegindu gara… eta froga prestatzen aritu direnek behar bezalako arreta jarri ez ote duten susmoa geratu zaigu.

Hala ere, atzo iritsi zitzaigun errektoreordearen eskutitza jarriko dizuegu hementxe:

Zuzendaria:

Orain gutxi egin dira unibertsitatera sartzeko probak (ohiko deialdia) eta, dakizun moduan, hainbat ikaslek mugatuta izan dute aukeren artean hautatzeko eskubidea bi ikasgaietan, Historia eta Filosofiako azterketetan hain zuzen ere.

Euskal Herriko Unibertsitatea arduratzen da proba horietaz eta, horrexegatik, neurriak hartzen ditu probak ahalik eta ondoen antolatzeko eta arazorik gerta ez dadin. Prozesua konplexua izan arren, normalean ez da arazorik gertatzen. Dena dela, arazoren bat gertatu izan denean, azterketa egiteko unean konpondu ohi da. Oraingoan, nahiz eta epaimahai askok aukeraketa erraztu zuten, UPV/EHUk erabaki zuen gertatutakoak ez zuela izan behar eragin txarrik ikasleen azken notan. Horrexegatik, aipatutako azterketak berriro egiteko aukera eskaini zitzaien ikasleei, ekainaren 12an epaimahaiei eta ikasleei bidali zitzaien oharrean jasota dagoen moduan.

Bestalde, adierazi nahi dugu konpromiso hau hartzen dugula geure gain:

1. Jarri beharreko neurriak hobetuko ditugu, aurtengo deialdian gertatutakoa berriro gerta ez dadin.

2. Hala ere, arazoren bat gertatuz gero, hartuko den konponbideak ez die ekarriko inolako kalterik ikasleei.>/p>

Bukatzeko, UPV/EHUk eskerrak eman nahi dizkie prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei, euren laguntzari esker lortu dugulako ahalik eta modu normalenean ematea bukaera prozesuari. Eskerrak eman nahi dizkiegu bereziki ikasleei, portaera bikaina izan baitute une oro, batik bat kontuan hartuta bizi behar izan duten tentsio-egoera.

Beste barik, eta zure ikastetxean gutun honen berri eman dezazula eskatuz, har ezazu nire agurrik beroena.

Eva Ferreira

Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreordea

Agian, aurten gertatutako gorabeherek zerbait positiboa ekarriko digute. Aurtengo ohiko deialdia trumoitsua izan da, baina urtero dira froga horretan zuzendu beharreko hainbat alde. Eskutitz hau iritsi den bezalaxe eta beti ere hobekuntza lortu nahian, etorkizunean guk ere geure iritzia eta iradokizunak emateko aukera izango dugula espero dugu. Prozesu guztiak beharko luke eztabaida ireki bat, batez ere, gure ikasleen gehiengoak “froga xamur” horietan asko jokatzen duelako.

Hala ere, ez dezagun ozpindu gaurko poza: Zorionak, Batxi2! Bazoazte Jakintzatik eta biharko afarian esango dugu agur. Espero duzuen etorkizuna opa dizuegu. Gure beharrean zaudetenerako, hementxe gaituzue!

Bizikletak udarako dira

Azkenik, eguzkia ikusi dugu eta uda gainean dugula gogorarazi digu. Eguraldi ona hastearekin batera, asko dira errepideetara ateratzen diren zikloturistak (Julen Iturbe horien artean) eta makina bat izaten dira bizikletek ematen dizkiguten buruhausteak matxurak direla bide.

Bada, bizikletek ematen dizkiguten arazo horiek nola konpondu jakiteko, BicycleTutor.com ezinbesteko tresna izango dugu. Bertan bideotutorial mordo bat baitago matxura horiek nola konpontzen diren ikasteko.

Erregaien prezioaren gorakadarekin, nik uste dut txirrindulari afizionatuen kopurua etengabe hazten joango dela, beraz etorkizun oparoa aurreikusten diot gune honi.

Ah, Maite eta txirrindularitza “estatikoa” praktikatzen duzuenontzat ez dut uste oso lagungarria denik. keinua

Udara honetan mekanografiatzen ikasi

typing

Dagoeneko oporretan dira gure ikasleak. Helduek oraindik azterketaren bat edo beste egiteke badute ere, gaztetxoek eman diete hasera euren oporrei. Eta horrelakoetan gertatzen ohi den moduan, gurasoek beti eskatzen digute euren seme-alabek udaran egin dezaketenaren inguruko aholkua. Nire aholkua hauxe izango litzateke: erakutsi zuen seme-alabei mekanografia. Adin guztietarako gomendagarria bada ere, geroz eta azkarrago hasi geroz eta hobe. Ez dira urte asko igaroko gure seme-alaben lanerako tresna nagusia ordenagailua bihurtu arte. Ordu asko pasako dituzte ekipoen aurrean. Mekanografiatzen txukun dakienak etekin handiagoa aterako dio ordu horiei ez dakienak baino.

Hementxe uzten dizkizuet mekanografiatzen ikasteko baliabide desberdinak:

WEB aplikazioak:

Ekipoan instalatzeko:

Firefox 3, arrakasta itzela

Atzoko gorabeheren ondoren, orain ez dago inongo arazorik Firefox 3 jaisteko.

Guk, helbide honetan gure diploma lortu dugu, irudian ikus dezakezuen bezala. Mezu hau idazten ari naizen une honetan 13 ordu besterik ez dira igaro errekor ahalegina hasi zenetik eta, dagoeneko 4,407,059 dira jaitsitakoak. Ea noraino iristen den.

Dagoeneko, portable bertsioa ere atera da eta jaitsi nahi izanez gero, helbide honetatik jaitsi daiteke.