GAUR EGUNGO IKASLEEK EZ DAKITE IKASTEN!!!
Zenbat aldiz entzun dugu esaldi hori? Ez da gauza berria, baina etengabe entzun behar izatea ez da oso atsegina, egia esan. Idatzi honen bitartez, ez dut argitaratu nahi nik nire ikasleekin zer egiten dudan ezta nik erabiltzen ditudan teknikak ere. Hori, norberak ikusi behar du eta bere errealitatera ondoen egokitzen diren teknikak hartu beharko ditu. Idatzi honekin, baliabide ugari eskura dugula agerian uzteaz gain, norberak duen erantzukizuna azpimarratu nahiko nuke.
Hemen gertatzen dena da, irakasleok pilota gurasoen teilatura botatzen dugula eta hauek gurera. Bien bitartean, eta desadostasun horretaz baliatuz, ikasleek hortxe jarraitzen dute erantzukizun hau euren gain hartu gabe. Baina ez dut uste errudunak bilatzearekin arazoa konponduko denik, ezta gutxiagorik ere. Konbentzituta bainago arazo honetan guztiok dugula zer esana eta zer egina.
Gai honekin, aspalditik kezkatuta, liburuak erosi eta informazioa bilatzeari ekin nion. Euskaraz apenas ezertxo ere aurkitu nuen, baina gazteleraz izugarrizko informazio pila lortu nuen. Orain, Interneten ariketa berbera egin dut eta emaitza antzekoa izan da. Nolanahi ere, aurkitutako helbide interesgarriak zuekin partekatzea interesgarria izan daitekeenez, amaieran esteka sorta jarri dizuet.
Informazio hori arakatzen hasi baino lehen, tarte txiki bat eskatu nahiko nizueke aholku batzuk irakurtzeko. Ez dira errezeta magikoak (horrelakorik ez baitago), baina nahiko adierazgarriak arestian aipatutako guztion erantzukizunarena hobeto ulertzeko.
Irakasleentzat
- Erronkak planteatzen al dizkiezu zure ikasleei? Erronkek helburua finkatzen laguntzen dute eta ikasleentzat oso motibagarriak izan ohi dira. Beti ere, erronka gauzagarria bada. Izan ezean, frustrazioa nagusitu daiteke.
- Konstruktibismoa teoriatik praktikara eramaten al duzu? Aurrezagutzetatik abiatuz gero, ezagutza oinarri sendoetan eraikiko da eta esanguratsuagoa izango da.
- Ahal denean, irakasten duzunaren aplikazio praktikoa erakusten al duzu? Gauzak eginez eta praktikatuz azkarrago eta hobeto barneratzen dira.
- Aparteko denbora eta ahalegin eskaintzen al diozu berrikuntzari edota hobekuntzari? Hobekuntzak eta berrikuntzak inplementatzeak ahalegin berezi bat eskatzen du. Betiko sistemarekin jarraitzen baduzu, nola nahi duzu ideia eta ohitura berriak dituzten ikasleen arreta zureganatzea?
- Curriculum ofizialak markatzen duena betetzera bideratzen dituzu zure ekimenak? Horrela eginez gero, zure jardunaren helburua diren ikasleak ahaztuko dituzu, euren interesguneetatik eta konpetentzietatik urrunduko zarelarik. Curriculuma erreferente bat izanik, ez da bakarra eta faktore askoren eraginpean dagoenez, faktore horietan erreparatzea ezinbestekotzat jotzen dut.
Gurasoentzat
- Zure seme-alaba ezagutzen al duzu? Beharbada, zure seme-alaba inork baino hobeto ezagutzen duzula pentsatuko duzu, baina, askotan, mota ezberdineko arazoak ezkutatzen dira euren motibazio ezaren atzean. Horrelako arazoren bat somatzen baduzu, saiatu arazoaren jatorria identifikatzen.
- Ikasteko ordutegi finko bat ezarri diozu? Beste jarduerekin (bazkaria, afaria, dutxa…) gertatzen den bezala, oso garrantzitsua da ordutegi finko bat izatea eskolako lanak egiteko. Ordutegi horrek hasiera eta amaiera ordua izan behar du. Eginbeharrekoen zerrenda prestatu eta lehentasunak finkatu, zerrenda amaitzea ,ordutegia errespetatuz, helburua izango da.
- Partikularrak eskaintzen dizkiozu laguntzeko? Bada, ez ahaztu erantzukizunik handiena gurasoena dela. Ez utzi besteen esku zuk egin dezakezuna. Berezko zailtasunak ez dituen ikasle batentzat ez dira batere gomendagarriak. Gainera, partikular gehienetan eskolako etxerako lanak egitera mugatzen dira. Partikular baten helburua gelan landutakoa finkatu eta zailtasunak argitzea izan behar da, inoiz ez eduki berriak landu edo etxerako lanak egin.
- Zure seme-alaba motibatzeko zer edo zer egiten al duzu? Egiten dituen ahaleginak baloratu eta aitortu. Ohituraz, ez saritu eta inoiz ez agindu sari bat helburua lortu aurretik. Helburuak lortzen ez direnean, zigorra proportzionala jarri eta bete.
Ikasleentzat
- Zure erantzukizuna zurea egiten duzu? Zure arazoei eta zailtasunei aurre egiten saiatu eta ez bestei leporatu. Zure arazoak zureak dira, jatorria edozein delarik, eta aurre egin ezean, inoiz ez dira konponduko.
- Zure buruarekin zorrotz jokatzen duzu? Zure gurasoei, lagunei eta irakaslei eskatzen diezun guztia zeure buruari eskaiozu. Gehienetan, irtenbideak zure esku baitaude.
- Laguntza behar duzunean, eskatzen al duzu? Ez lotsatu, une batean edo bestean denok behar izaten dugu eta. Ahalegintzen bazara eta helburuak lortzen ez badituzu, laguntza behar duzu. Bestalde, ez ahaztu, laguntzarik hoberena inongo laguntzarik ez jasotzea izaten dela. Batez ere, alferkeriagatik eskatzen denean.
- Lan egiteko teknika edo sistemaren bat erabiltzen al duzu? Zure ahaleginei etekin handiagoa atera nahi badiezu, zalantzarik ez izan, teknika ezberdinak erabil itzazu eta gai horren inguruan dauden webguneak bisitatu. Ez zara damutuko.
Helbide interesgarriak
Gai honen inguruan informazio oso interesgarria topa dezakezu Raul Martinezek, Villa de Mostoles ikastetxeko irakasleak , flash-en eginiko webgunean. Bertan, aholkuak ez ezik, jarduera praktikoak, ikasi gabe gainditzeko teknika, gure ikastekniken eraginkortasuna neurtzeko testa… ere topatuko ditugu. Oso gomendagarria.
Beste helbide interesgari bat Joe Landsberger-ek hizkuntza askotan garatu duen webgunea. Era guztietako aholku eta teknikak sailkatuta.
PsicoPedagogia.com webgunean, teknika ezberdinen inguruko informazio interesgarria topa dezakegu.
Aholku sorta interesgarri bat edonorentzat.
Beste aholku eta teknika interesgarrien bilduma
Euskaraz idatzita aurkitu ditudan aholku batzuk. M ª Paz Martinez Fdez. De Larrinoa Euskal Herriko CEI/IDC Orientazio Programaren arduradunak idatzita
Ikasteknikak jorratzen dituen gune interesgarria
Profes.net guneak eskaintzen dituen aholku interesgarriak