Moodle-ren eskuliburua euskaraz

Albert Moodlestein

Moodle-ren euskal komunitatearen aurrerapausoak begibistakoak dira:

* Moodle-ren euskaratzea aurrera doa erritmo onean.
* Azken bertsioko hizkuntza-fitxategiak ere bero-bero eskaintzen dizkigute Santurtziko Udal Euskaltegiko Abel eta Pedro lagunek.
* Horiei esker ere Moodle Doc-ak euskaraz dauzkagu gero eta neurri handiago batean.
* Ikasleentzako Moodle ikastaroa eta Moodle-ren ezaugarriei buruzkoa ere euskaraz badaude.
* Ikastaroak sortzeko eta dohainik erabiltzeko Hezi Top dago.

Hala ere, eskulibururik euskaraz ez genuenez, lan horri ekitea erabaki genuen. Gainera lanaren abiapuntua eginda zegoen, Moodle Doc-etan material ona bazegoelako. Material hori egokituz, kapitulu berri batzuk sortuz eta irudi pilo bat erantsiz eskuliburua honez gero Moodle komunitateari eskaintzeko moduan gaude.
325 orriak errebisatzeko denbora-faltagatik akats batzuk egongo badira ere, komunitateari eskuliburua lehenbailehen eskaintzea merezi duela uste dugu.
Hona hemen kapituluen izenburuak:

1. MOODLE PLATAFORMAREN AURKEZPENA ETA OINARRIZKO EGITURA
2. IKASTAROA SORTZEA ETA IKASLEAK MATRIKULATZEA
3. BALIABIDEAK
4. JARDUERAK
5. MODULU EZ-ESTANDARRAK
6. BLOKEAK
7. IKASLEEN JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA
8. IKASTARO BIRTUALA ERAIKI AURRETIK

Hori dena abiapuntua besterik ez da, jendea iradokizunak egiten, kapituluak eransten eta bertsio berrietarako egokitzen animatzeak poztuko gintuzke. Horretarako mezuak info@axular.ikastola.net emailera bidal ditzakezue.
Eskuliburua helbide honetan aurkituko duzue: http://www.axular.org/eskuliburua/Moodle_eskuliburua.pdf. Hori bai, ia 30 MBeko fitxategia denez, behera kargatzeko pazientzia izan!
Bejondeizuela!

ENE… Euskararen Nazioarteko Eguna

Gure ikastolan euskararen erabilera sustatzeko erabiltzen ditugun leloetatik gehien gustatzen zaidana honako hau da: “Maita nazazu gutxiago ta goza nazazu gehiago”. Gaur goizean, Goierriko Hitzan gure herriko beste ikastetxeak bihar egingo duen ospakizunaren berri irakurri dudanean, mila gauza etorri zaizkit burura. Zer arraio ari gara egiten gure hizkuntzarekin? Ospakizunetan bakarrik gogoratu behar dugu euskaldunak garela eta euskara gure hizkuntza dela? Zer arraio egiten dugu gainontzeko 364 egunetan?…

Eta neure buruari galdera horiek guztiak, eta beste batzuk gehiago egin ostean, Euskal Herriko ikastetxe guztientzako gogoeta txiki bat egin nahiko nuke. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu eta abenduaren 4a iritsiko da. Orduan, zein izango da euskarari egingo diogun ekarpena?

Arlo eta esparru askotan egin dezakegu euskararen aldeko lana, baina gu, sare honetan murgilduta gabiltzanok, gainontzeko 364 egun horietan bakardade handia antzematen ari gara. Beste ikastetxeen berotasuna nahi genuke, ezagutza partekatu nahi genuke, euskaraz ekoiztutako edukiak sortu eta zabaldu nahi genituzke, gure esperientziak trukatu eta elkarrengandik ikasi nahi genuke, euskal hezkuntzaren sarea osatu nahi genuke… Horretarako prest?

Tira, abenduaren 3an ospatu eta gozatu, baina asteartetik aurrera ea animatzen garen eta Interneteko esparru honetan euskararen eta euskal hezkuntzaren aldeko elkarlana burutzeko gai garen. Guztion mesederako izango da, baita euskarari laguntza eta bultzada paregabea emateko aukera bikaina ere.

Eguneraketa: Gure ikastolako Giza eta Gizarte Zientzietako irakasleek duten blogean ENEriburuzko mezu interesgarri bat argitaratu dute.

Maite eta bere ikasleek hitzetatik ekintzetara pasatzeko asmoa azaltzen dute Euskaljakintzako mezu honetan.

Eta gure ikasleek eginiko grabazioa eta bideoa ere jartzen dizuegu:

Blogak “in Plain Basque”

Ez dakit nor izan den, baina Commoncraft-ekoek ekoiztutako “Blogs in Plain English” itzulita dago eta hemen jartzea otu zait.

Nire ikasleekin ikusiko dugu. Orain arte, hauek ikusi ditugu:

Beste sari bat Jakintza ikastolarentzat

Bada bai, horrelaxe da. Eta berriro Euskaljakintza dugu albistearen protagonista, nola ez. Izan ere, atzo gauen pertsona/elkarte web orri onenaren Diariovasco.com saria irabazi zuen.

Erraz ahaztuko ez dugun gaua izan zen atzokoa. IKTeroon komando batek (Mikel eta biok) gure proiektuaren berri Zamudion ematen genuen bitartean, EnpresaDigitalak antolatutako azken jardunaldian, bigarren komando bat ere (Maite eta Manu, ikastolako zuzendaria eta, martxa honetan, etorkizuneko IKTeroa) Donostiara desplazatu zen ikasle talde batekin batera. Bai Zamudiora baita Donostiara ere joateko aukera izan bagenuen, dudarik gabe, azken urteotan egindako lanaren ondorio zuzena izan da. Eta zalantzarik gabe esan dezaket, bietatik Ordiziara bueltatu ginela gauzak ondo egiten ari garen sentsazioarekin. Mikelek egun hauetako “tournĂ©”an azaldutakoaz aurrerago idatziko dut. Gaur Maitetaz soilik hitz egin nahi dizuet.

Harrigarria bezain polita izan da bi urte pasatxo hauetan Maitek izan duen bilakaera bere irakasle eginkizunean. Zer dira, bada, bi urte irakaslearen bizitza profesional osoari erreparatuz gero? Zoritxarrez, irakaskuntzan aldaketak oso motel ematen dira, ziklo luzeak behar izaten dira irakasle lanean aldaketa esanguratsuak gertatzeko. Horregatik diot, apenas bi urte pasa direnean, Maitek egindako lanak horrelako oihartzuna izatea harritzeko modukoa dela. Nik uste dut ez Maitek ezta gutako optimistenak ere, 2005eko uda hartan Maitek bere eguneroko jarduna goitik behera aldatzea erabaki zuen egun haietan, ez lukeela imajinatu ere egingo erabaki harrek horrelako ondorio pozgarriak ekarriko lituzkeenik. Teknologiari esker, irakaskuntza aro berri batean sartzen ari garela garbi dago: teknologia irakaskuntza metodoen aldaketaren eragile nagusia izateaz gain, aldakuntza hauen komunikazioa eta partekatzea inoiz baino azakarragoa gertatzea bermatzen du. Maite eta bere lana, horren eredu garbiak dira.

Maiteren esperientzia oso oso polita izan da ere. Izugarrizko lana egin du Euskaljakintza aurrera ateratzeko. Oso ondo dakigu hori bere esfortzua gertutik jarraitu dugunok; ni pertsonalki erabat harrituta nago Maitek duen lanerako kapazitatearekin. Baina, nondik atera du Maitek lanerako behar duen “gasolina” hori? Nik esango nuke bere ikasleengandik jasotzen duela. Hiru ikasle promozio desberdin pasa dira dagoeneko Euskaljakintzatik eta ikustekoa da, urte batean bai bestean ere bai, zenbat ilusiorekin hartzen duten ikasleek Euskaljakintza bizirik mantentzearen ardura, zeinen identifikatuta dauden denak Maiteren proiektuarekin. Eta ez didazue ukatuko hori dela irakasle batek bere eguneroko lanean jaso dezakeen satisfaziorik handiena. Maitek erakutsi digu, irakaslea motibatuta sentitzeko ez direla beharrezkoak soldatak altuagoak, dirulaguntzak, formazioa, edo ez dakit nik zer beste aitzaki. Irakasle batek gauzak ondo egiteko behar duen gauza bakarra ikasleak engantxatzea da eta helburu horretan, gure lana eta gogoa da giltzarri bakarra. Eta Maitek hor bete-betean asmatu du.

Beti esan dugu gure filosofia elkarlanean eta partekatzean oinarrituta dagoela. IKTeroon ezaugarri nagusiena dela esango nuke nik. Baina ez dugu ahaztu behar ikastola barruan baditugula lankide mordoa filosofia horrekin ere bat egiten dutenak. Euren animo, laguntza eta bultzada ematen ahalegintzen dira behin eta berriro (nik behintzat horrela bizi dut). Etapa pozgarria bizitzen ari gara gure lanbidean eta uste dut, neurri batean behintzat, badela euren meritua ere (Mikelek aipatzen duen “iceberg” hori :wink: etortzen zait burura). Horregatik, uste dut barrura gehiago begiratu behar dugula eta gure lankideek eskaintzen diguten laguntza, gure lana behar bezala burutzeko, gehiagotan eskertu beharko geniekeela. Izan daitezela horrelako sariak ere, gure lankideei merezi diegun esker ona adierazteko eta taldeko espiritua sendotzeko aitzakia

Nire aldetik ez daukat besterik. Zorionak Maite, ondo merezitako saria jaso duzu, seguru ez dela azkenekoa izango. Disfrutatu eta parteka ezazu zure poztasun hori zure inguruko guztiekin.

Nire ikastola 2.0 da

Aurreko astean Gasteizen, gaur Donostian eta ostegunean Zamudion, Enpresa 2.0 izeneko jardunaldietan hizlari gisa aritzea egokitu zait.

Aurreko egunean, jardunaldi hauen inguruko aipamen bat egin nuen eta gure aurkezpenaren laburpen bat ere egin nuen.

Kontua da, bi hitzaldi pasa eta gero, autokritikarako unea iritsi dela. Oso garbi dago: jendaurrean hitz egiteko dohaia nigandik urrutik pasatu zen jaio nintzenean, eta hobetzeko saiakerak egin ditudan arren, ezinezkoa egiten zait. Urduritasunak jaten nau eta luzatu nahi ditudan ideiak korapilatu egiten zaizkit (ahazten ez ditudanean). Nire mahaikide diren Julen eta Markoren mailara iristea gustatuko litzaidake, baina dena ez da posible izaten beti.

Horregatik, mezu honekin, garbi utzi nahiko nuke zabaldu nahi dudan mezua: gure ikastola ez da ikastola arrunt bat, ikastola 2.0 baizik, eta horrek ikaragarri pozten nau eta ikastola honetako kidea izateak harro sentiarazten dit.

Zer esan nahi dut Ikastola 2.0 horrekin? Bada, ziur baten batek pentsatuko duela tresnetaz ari naizela, hau da; blogak, wikiak, jario batzaileak, markagailu sozialak… Eta neurri batean, horrela da, tresna horiek gure eginkizuna betetzen laguntzen baitigute, baina hori baino askoz ere gehiago da erakunde 2.0 izatea. Nik behintzat, pentsatzen dut hori baino gehiago behar dela ikastola 2.0 izateko:

  • gizartearekin duen konpromisoa betetzen ahalegintzen den ikastola
  • ezagutza partekatzen duena eta filosofia hori zabaltzen ahalegintzen dena
  • zailtasun edo arazoen aurrean irtenbideak bilatzen dituena
  • pertsonekiko konfidantzan eta askatasunean oinarritzen dena
  • pertsonen konpromisoa bultzatu eta aitortzen duena

Hori eta askoz gehiago da gure ikastola eta horixe da nik zabaldu nahi nuen mezua.

Bukatzeko, nigan konfiantza jarri duten guztiei publikoki eskertu nahi diet, baina bereziki uztailean hasi eta oraindik buru-belarri ikastolako proiektu gogor eta luze batean lanean ari direnentzat. Zuen adibidea ikastolako kide guztiontzat akuilu bat da eta gure ikasola 2.0agoa egiten baituzue.