Aurrekoan jolausek azaldu zuen bezala, gure irakasleen irakasle bihurtu gara saio eta egun batzuez. Guretzat ezusteko pozgarria izan da gure irakasleengandik horrelako eskaera jasotzea eta buru-belarri ekin diogu zereginari. Esan beharra dago, IKTerook azkenaldi honetan ohituta gaudela handik eta hemendik gure esperientziak zabaltzera baina zure lankideak eta zuzendaria hor parean izatea… Hori beste kontu bat da! Hasieran urduri samar nengoela ezin ukatu baina lehenengo saioa aurrera joan ahala, gure irakasle-ikasleen gogoa eta interesa ikusita, urduritasuna alde batera utzi eta ahalik eta azalpen argienak ematen saiatu naiz; saiatu gara, hobeto esanda, magic ere hortxe egon delako momentu oro. Baina gatozen harira.
Ikastaroa praktikoa izatea nahi genuen. Jolausek aurrekoan adierazi zuen legez, arlo kurrikularrean definituriko helburuak lortzeko jarduerak, beste era batera, beste tresna batzuekin lor daitezkeela erakutsi nahi genien (webquest, webquestions, wiki, Moodle… ). Halaber, tresna hauen konplexutasuna hain handia ez dela erakutsi eta, bide batez, sorturiko material berriak denon eskura jarriz, komunitatea sor dezakegula konbentzitu nahi genituen.
Helburu horren atzetik, ondorengo egitaraua aurreikusi genuen ikastaroak iraungo zuen 10 orduetarako:
Gauzak horrela, lehenengo egunean, webquestei buruz luze aritu ginen. Esan beharra dago, ikasleen abiapuntua ezberdina zela: batzuek webquestak gure bitartez lehendik ezagutu eta bakarren bat sortuta zuten bitartean, beste batzuek ezagutu ere ez zituzten egiten. Errealitate ezberdina baina jakin-min beretsua. Gaian sartzeko, Txomin Villarroelek eginiko mapa kontzeptuala erabili nuen sarrera gisa eta ondoren, atalez atal deituriko webquesta. Ez da berez webquest bat, baina beste aurkezpen tresna bat erabili beharrean, hauxe hartu dut txantiloi gisa, atal bakoitzean landu daitekeena azaltzeko (atal bakoitza osatzeko erreferentzia eta gune interesgarriak ere bertan txertatuz). Ondoren, prestatu berri dudan ahozkotasuna lantzeko webquesta erakutsi nien eredu gisa, teorikoki azaldutakoa adibide batez ikusi ahal izateko eta atal bakoitzean jar daitekeenaz hobeto jabetzeko. Dena den, onena beti lanean hasi aurretik besteek sortutako lanak ikustea izaten denez, nire ustez horretarako interesagarriak izan daitezkeen hainbat helbide eman nizkien (webquest bilduma guneak, gaian espezializatuak eta irakurri beharreko artikuluen loturak). Norbaitek gaiari heldu nahi badio, beheko esteketan topatuko duzue material eta lotura ezberdinen bilduma.
Webquestei eskainitako saio eta erdia oso emankorra izan zen eta, nahiz eta hasieran tresna bezala eman dakizkigukeen onurak ez oso garbi izan, bigarren egunerako laino gris guztiak uxatu eta hortxe egon ziren gehienak bakarren bat sortzeko prest. Oso interesgarria izan da bilakaera hori ikustea. Egia esan, hainbeste aukera eskaintzen dituen baliabide bati 3 ordu eskas emateak motz gelditu garen sentsazio pittin bat ere utzi digu baina tresna gehiago erakutsi nahi bagenien, ezin ordu guztiak honi eskaini.
Antzeko zerbait pasa zitzaigun wikiekin. Wiki bat zer den eta gelara zein jarduera motarako eraman daitekeen azaltzen denbora pixka bat pasa baganuen ere, benetan denbora alta ematen, wikia sortzen eta bere kudeaketa ikasten eman genuen. Ez da berez tresna erraz-erraza eta horri hizkuntzaren muga eransten badiogu (ingelesez dago), bada, bakarren bat beldurtu ere egin daiteke… Dena den, webquestekin gertatu zen bezala, bigarren egunerako ederki asko hartu zioten eskua tresnari, baita jabetu ere ikasleen elkarlana eta partaidetza sustatzeko erreminta baliagarria izan daitekeela.
Azken arloa ariketa sortzaileena izan da. Hauek orokorrean errazak dira eta emaitza, gainera, berehala ikusten da. Horretaz gain, ikasleentzat oso motibagarriak izaten dira. Izugarri gustatuko litzaidake euskararen arlorako ariketak sortzen ari garen moduan, irakasleek beste gaietarako ere sortzea eta denon eskura jartzea. Ea denon artean amesten dugun komunitate hori gorpuzteko gai garen! Dena den, atal hau eta Moddle-en aurkezpena azken saiorako utzi dugunez (hurrengo astelehenean) , balorazioa ere beste baterako utziko dugu.
Bukatzeko gogoeta arin bat. Ziur nago irakasle batzuk gogoz aritu direla eta irakatsitakoari zuku handia aterako diotela; beste batzuek, berriz, ez hainbeste. Errealitatea hor dago. Batzuek teknologia berriak eguneroko jardunean txertatzea ezinbestekotzat jotzen dugun bitartean, beste batzuek teknoeszeptikoak izaten jarraituko dute (ikastaro hauen aurretik eta ondoren). Baina gu pozik gaude, gure helburuetako batera pixkana hurbiltzen ari baikara, teknologia berriak ekar dakizkiguketen onurak apurka-apurka zabaltzea ikastola barruan, alegia.
Gehiago jakiteko: