Matematikako 200 bideo baino gehiago

Barrapunton irakurri dut Juan Medina Molinak Matematikako irakasleak matematikako 200 bideo baino gehiago jarri dituela guztion esku.

Egia esan, hasieran ez nuen oso ongi ulertzen ez baita oso ohikoa matematikako edukien bideoak ikustea. Baina, bere azalpenak irakurrita erraz uler daiteke bideo hauen izaera zein den. Cartagenako irakasle honek egin duena oso orijinala izan da. Izan ere, arbelan arituko bailitzan ematen ditu azalpenak. Ez dakit ziur nola arraio egin duen hori, baina nik uste dut Tablet PC bat erabili duela kaptura burutzeko.

Kontua da, oso material interesgarria jarri duela guztion eskura. Edukietan erreparatuz gero, ohartuko zarete mailakatuta jarri duela materiala. Gehiena, DBH, DBHO 1 eta DBHO 2ko ikasleei zuzenduta dagoen arren, Unibertsitateko ikasleentzat ere topa daiteke zer edo zer. Baita hautaproba prestatzeko buruketak ere. Gainera, hainbat bideo azpi-tituluekin datoz entzumen arazoak dituztenentzat.

Irakaslearen azalpenak zuzenean grabatuta daudela kontuan harturik, ez da harritzekoa, hainbatetan, aurkezpenaren kalitatea baxua izatea. Baina berak dioen bezala, funtionalitatea da bilatu nahi izan duena.

Me gustaría aclararte que los vídeos están grabados de forma natural, o sea, como si estuviera explicando en la pizarra. Por ello, éstos pueden no tener una presentación exquisita (algunos pueden ser hasta impresentables…), pero esto no me preocupa, ya que busco más la utilidad. Algunos incluso están grabados en directo en mis clases.

Nik ez dakit “Barrapunto efektuarengatik” den, baina orria kargatzen nahiko arazoak izan ditut, ez, ordea, bideoak deskargatzen. Behin sartu eta gero, bideoak nahiko ongi jaitsi ditut.

Bukatzeko, gauza bat adierazi nahiko nuke: imajinatuko duzuen bezala, bideo guztiak gazteleraz daude. Ez dut uste Euskal Herriko irakasleok horrelako gauzak egiteko gaitasunik ez dugunik, agian batzuek jada egina dute, baina guztion eskura horrelako materiala jartzeak nori egingo lioke kalte? Ez al gara ohartzen gisa honetako edo beste motako lanak sarean jartzerakoan, guztiok irabazten dugula? Noiz ohartuko gara partekatzeak dituen abantailaz?

PHPWebquest tutoriala

Gune honetan, behin baino gehiagotan hitz egin dugu PHPWebquest aplikazioari buruz (1, 2) eta ez dut ezer berririk esango webquestak sortzeko gustura erabiltzen dugun tresna dela aitortzen badut.

PHPWebquest Antonio Tempranok diseinatutako aplikazioa da. Antoniori esker bikoitzak eman beharrean gaude; alde batetik, iaz berarekin harremanetan jarri eta euskaratzea proposatu genionean, jarrera ezin hobea azaldu zuelako eta, bestetik, gune bat ere eskaini zigulako euskarazko PHPWebquestak kokatu ahal izateko. Ordainetan, orri nagusian jartzeko bi tutorial prestatuko nituela agindu nion (euskaraz eta gaztelaniaz).

Gauzak horrela, hemen eta euskaljakintzan uzten dut euskarazko bertsioa -bestea berari bidaliko diot- tresna interesgarri hau erabiliz, webquest-en bat sortu nahi duenarentzat. Gogoan ditut, batez ere, gure ikastolako irakasleak; izan ere, duela oso gutxi, beste hainbat baliabideren artean, hauxe erakutsi baikenien eta, agian, lagungarri gerta dakieke martxan jartzerakoan sortu ohi diren oztopoei aurre egiteko.

Berde-berdea, ingurumen proiektua

Gaur goizean, gure ikastolako DBH 1eko ikasleek Berde-Berdea izeneko proiektuaren aurkezpena izan dute. Proeiktu hau Gipuzkoako Kutxak bultzatzen du eta eurek dioten bezala, hauxe da proiektuaren helburua:

Gazteen heziketa eta parte hartzea sustatzea ingurumenaren alde.

Ideia ez da beste munduko gauza bat, zalantzarik gabe, baina baditu ñabardura batzuek beste proiektuengandik bereizten dutena

  • Webgune bat garatu dute proiektua lantzeko (hau ohitura bihurtzen ari da proiektu berrietan)
  • Ohiko materialak (karpetak, liburuxkak…) ez ezik, CD multimedia bat ere banatu dute
  • Azkena eta niretzat bereziena, ikasleek eginiko lanaren arabera eta asmatutako galdera kopuruaren arabera, Kutxak diru bat banatuko du ingurumenaren inguruan lanean diharduten Gobernuz Kanpoko erakunde ezberdinen artean

Benetan, ideia oso interesgarria iruditu zait gure ikasleak kontzientziatzeko eta, aldi berean, erakunde horiek egiten duten lana babesteko eta bultzatzeko. Aurtengo erakundeak honako hauek dira:

  1. Aranzadi
  2. ArranoEtxe
  3. EIBE
  4. Kalapie
  5. The Green Belt Movement

Oker ez banago, gure ikasleek, Afrikan lanean ari den azkeneko horrentzat bideratu nahi dute lortzen duten guztia, baina behin betiko erabakia hartzeke dago oraindik.

Gipuzkoako ikastetxeentzat den proiektu honetan parte hartuko dutenen zerrenda webgunean bertan topa dezakezue eta gure ikastolako bi taldeak hauek dira: DBH 1A eta DBH 1B

Ea lan asko egiten duten eta erakunde hauentzat laguntza handi bat lortzen duten, horixe baita proiektu honen helbururik politena.

Moodle 1.7

moodle 1.7

Kalean da dagoeneko Moodle-en azken bertsio egonkorra. Azken bertsio honek azaltzen dituen hobekuntzak ugariak izanik, nagusiki hiru dira aipagarrienak:

  • Baimenak esleitzeko arkitektura berria: ohiko roletaz gain (ikasle, irakasle, kurtso sortzailea..) berriak sortzeko aukera ematen du, hauen baimenak modu desberdinetan konfigura daitezkeelarik. Adibidez, ikasle talde batek baimena izan dezake beste ikasle batzuen aportazioak baloratu eta onartzeko.
  • Administrazio eremuaren interfazean aldaketak eman dira
  • MySQL eta PostgreSQL datu-base zerbitzarietaz gain beste batzuekin ere bateragarria nihurtu dute Moodle, hala nola, Microsoft SQL Server edota Oracle.

Moodle jaisteko: Download Moodle

Albistea: Modle 1.7 is released!

Apurtu tratu txarren katea

Bullynga salatzeko gunearen irudia

Tontxu Camposek zuzentzen duen sailak www.ikasle.net izeneko gunea martxan jarri du jazarpena pairatzen duten ikasleek Internet bidez salaketa jarri dezaten.

Egia esan, guneak ez du aparteko gauzarik, 6 dokumentu eta posta elektroniko baten helbidea salaketak, zalantzak… bidaltzeko. Ekimenaren baliagarritasuna ikusteke dago, baina arazoa egon, badago, eta honek laguntzen badu arazoari aurre egiten, gaitzerdi.

Nik albiste hau aprobetxatuz, nahiz eta teknologiarekin zerikusirik ez duen, gogoeta txiki bat egin nahi dut gai honi buruz. Jokinen kasua gertatu zenetik eta, horren ondorioz, hedabideetan arazoari ematen zaion oihartzuna dela eta, hainbat lekutan psikosia zabaldu delakoan nago. Arazoari garrantzia kendu gabe, nik uste dut Estatu Batuetatik iritsitako salaketak jartzearen “moda” gureganatzen ari garela eta, guri iruditzen ez bazaigu ere, horrek babesik gabe uzten gaitu. Irakasleok Hezkuntza Sailak jazarpen kasuetarako protokolo bat proposatzen dueta horixe da jarraitu beharrekoa, gure helduleku bakarra. Baina, title=”Diario Vascoko elkarrizketa CCOOko abogatu bati”>Carmen Peronak Diario Vascon azaltzen dituen kasuetarako zer dugu? Ezer ez.

Hasierako albistera itzuliz, galdera pare bat luzatu nahiko nuke:

  • Gisa honetako guneak beharrezkoak ikusten dituzue?
  • Irakasleontzat ere jarri beharko lituzkete?