Hiru hitzetan: Ika-raga-rria!!!

Artea gogoko baduzue, eseri zaitezte eta gozatu Blog d’una profe DIM izeneko blogean aurkitu dudan bideo zoragarri honekin.

Sei minutu eta hogeita hamazazpi segundo Artearen Historian murgilduta ibiltzeko aukera paregabea. Arteko irakasleek, bideo honekin badute zereginik, ezta?. Gure garaiko diaporamak baino erakargarriagoa bada, behintzat.

Unibertsitatea.net

unibertsitatea.netAsteazkenean UEUk unibertsitatea.net ataria aurkeztu zuen Zientziaren Kutxaguneko planetarioan. Egun batzuk lehenago, antolatzaileen aldetik gonbidapena jaso genuen ekitaldian hitz batzuk esateko eta gure txoko honetatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu euskal unibertsitatearen unibertsoan sartzen uzteagatik.

Gu ez gara unibertsitate esparrukoak baina bai sentitzen dugu gure harremana zuzen-zuzenekoa beharko lukeela izan alor guztietan. Izan ere, guk elikatuko baititugu jakintzaz eta jakin-minez gerora unibertsitarioak izango diren ikasleak. Eta horrek, ezbairik gabe, adierazi nahi du bidea bera dela guztiontzat nahiz eta ibilibidearen fase ezberdinetan topatu. Beraz, elkarrekin partekatzeko ideia, egitasmo eta beste hainbat proiektu dezente izan ditzakegu eta aurkeztu genuen webgunea izan daiteke horren adibide garbi bat.

Unibertsitatea.net-ek baditu, gutxienez, bi puntu gurekin lotura zuzen-zuzena dutenak: teknologia eta orientazioa. Guretzat teknologia berrien erabilera nahiz orientazio zerbitzua zein baino zein garrantzitsuagoa da eta hori azken bi urteetan teknologia berrien esparruan gure ikastolan izan dugun mugimenduan isla daiteke. Lehendik ere, beste toki askotan bezala, gure arteko komunikaziorako, lanerako, gure apunteak izateko, eta abar erabiltzen genituen, noski, baina azken bi urte hauetan buruetan lehentxeagotik genuen erronka hiruri heldu nahi izan diegu, teknologia berriak zuzenean ikasleen mesederako erabili, web 2.0ren filosofia hedatu eta euskararen presentzia sarean zabaltzeari, hain zuzen ere. Denon eskura, dohain dauden tresna hauek gure geletara eraman nahi genituen azken finean.

Zeintzuk izan dira orain arte teknologia berrien erabileragatik jasotako onurak?

  • Baliabide erabilerrazak, malguak eta ahaltsuak direnez, alfabetatze teknologiko azkarra ahalbidetzen dute.
  • Jakintzaren kudeaketa aldatzeko aukera ematen dute (erabiltzaile eta irakurle pasiboa izatetik jakintzaren sortzaile izatera).
  • Elkarlana eta partaidetza sustatzen laguntzen dute.
  • Autonomia bultzatzen dute.
  • Ezagutza denon artean eraikitzeko aukera ematen dute.
  • Irakaslearen ohiko “rola” aldatzeko parada eskaintzen dute (denok denongandik ikasten dugu)
  • Klaseak aktiboagoak eta dinamikoagoak izateko bidea ematen dute

Dena den, nik esparru zehatz batean izandako aldaketa azpimarratu nahiko nuke, ikasle-ikase eta ikasle-irakasle arteko harremanean emandako urratsa, alegia. Harreman hauek ez dira klase orduetara mugatzen. eta ikasleen motibazioa, jakin-mina eta balorazioa nabarmenki igo dela esan daiteke.

Jaio berria den orientazioa.net guneak aukera hauek guztiak ematen ditu. Modu eraginkor batean kudeatzen bada eta harrera ona badu, potentzialitate handiko tresna da. Batxilergoko tutore naizen heinean, eta, ni bezala pentsatzen dut beste ikastetxe guztietako irakasle-orientatzaile eta tutore guztiak, beti gabiltza ikasketa unibertsitarioen informazio eguneratuaren bila. Esan behar, gure orientazioko ordu dezente ere ordenagailu gelan ematen ditugula gune honek eskaintzen hasita dagoen informazio horren bila. Zalantzarik ez dago, beraz, gune hau erabiliko dugula hemendik aurrera eta ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko garela.

Bertatik bi atal azpimarratuko nituzke: ZER IKASI NON IKASI eta ORIENTAZIO ZERBITZUA. Unibertsitatera sartzear dauden ikasleek euskarazko zein ikasketak topa ditzaketen eta haiei buruzko zehaztasunak webgune bakar batean biltzea guri oso baliagarri gerta dakiguke. Gainera, bilaketa horiek modu erraz eta ezberdinetan egin badaitezke (jakintza arloa, zikloa, lurraldea, eta abarren baitan), are gehiago!

Hori interesgarria izanik ere, oraindik azpimarragarriagoa iruditzen zait informazioa partekatzeko ematen duen aukera: lanak, kezkak, zalantzak eta, batik bat, otsailetik aurrera abian jarriko den orientazio pertsonalizatua. Ikasleek zuzeneko informazioa jasotzea eta elkarreragitea garrantzitsua da oso, askotan propagandarako triptiko eta paperetan ez baita ematen eurak behar duten informazio guztia. Zuzeneko hartu-eman hori, nire ustez, aberatsagoa izan daiteke bai gure ikuspuntutik (informazio eta ahoku bila joaten garenon ikuspuntutik) baita unibertsitatekoen ikuspuntutik ere, elkarreragite horrek eraldatzeko eta hobetzeko bidea ere eman baitezake…

Honako hauek dira jada martxan dauden zerbitzuak eta hemendik gutxira martxan jarriko dituztenak (Berriatik aterata):


Jada eskura

  • Ziztu bizian: Unibertsitateko albisteak, argazkiak eta blogak. Asteko kontuekin buletin bat zabalduko dute, eta jasotzeko, harpidetu egin daiteke.
  • Zer ikasi, non ikasi: Euskaraz egin daitezkeen ikasketei, unibertsitateei eta unibertsitateen arloan lan egiten duten erakundeei buruzko informazioa.
  • Otarrea: Unibertsitate arloko lanak, txostenak, apunteak eta bestelako agiriak partekatzeko gunea.

2007-aren hasieratik

  • Erreminten kutxa: Interneten euskaraz ikasteko eta ikertzeko dauden baliabideen bilduma.
  • Ikaslearen txokoa: Etxea, egoitza… aurkitzeko, gauzak saltzeko, erosteko edo lana aurkitzeko txokoa.
  • Behatokia: Unibertsitate ikasketei buruzko informazioa eskainiko da, estatistiken eta txostenen bitartez.

2007ko otsailetik

  • Aholkularitza zerbitzua: Unibertsitatean sartu nahi duten ikasleei, unibertsitateko ikasleei eta unibertsitateko ikasketak amaitzear diren ikasleei aholkularitza eskaintzeko gunea, foroen eta adituen iritzien bitartez.

Mila esker berriz ere honelako ekitaldi batean gure ikuspuntua azaltzeko aukera eskaintzeagatik. Zorterik onena opa dizuegu ibilbide berri honetan, zuen arrakasta gu guztiona izango baita!

Ikasleen koaderno digitala (eta II)

Bale. TiddlyWikirekin nire ikasle bakoitzak ariketak egiteko tresna arin, praktiko eta portablea dauka eskuartean. Baina oraindik konpontzeke geratzen zitzaidan nire buruhausteen bigarren zatia, alegia, non eta nola jaso nire ikasleek egindako ariketa guztiak, behin denak bildu ondoren, bakoitzak egindakoaren balorazio indibiduala modu erraz eta eraginkorrean egin ahal izateko.

Irtenbidea aurkitzea ez da erraza izan. Nahiz eta aukeratutako bidea ez izan perfektoena, duela gutxirarte nituen hainbat limitazio konpontzeko balio izan dit. Denbora pixka bat beharko dut oraingo egoerari behin-betiko soluzioa aurkitu arte (azpian komentatzen dudan bezala, pentsatzen dut irtenbidea Moodle–en eskutik etorriko dela) baina, bitartean, onartu behar dut gustura nagoela erabiltzen ari naizen tresnarekin.

Ariketen biltegia izango den aplikazioa bilatzeari ekin nionean, segituan pentsatu nuen sistemarik egokiena, zerbitzariaren aldetik lan egingo lukeen TW multierabiltzaile bertsio bat erabiltzea izango zela. Modu honetan, nire ikasleek, bakoitzari bere erabiltzaile kontu pertsonala sortu ondoren, etxean egindako ariketak bertan eransteko aukera izango lukete eta nik, nire aldetik, egindakoaren jarraipena eta balorazioa TWk aurkezten duen efikaziarekin burutzeko aukera izango nuke.

Oinarrian TWa duten horrelako zerbitzu bat baino gehiago aurkitu nituen. Nire ikerketen ondorioz, ZiddlyWiki, ServerSideWiki eta ccTiddly dira gehien erabiltzen direnak. Bakoitzaren ezaugarriak ondo aztertu ondoren, ccTiddly-ren aldeko apostua egin nuen.

MySQL-en gainean dabilen aplikazio honetan, oinarrizko HTML fitxategiak PHPn egindako hainbat artxiboen laguntza jasotzen du. Era honetan posiblea da TW fitxategi bakar baten gainean, erabiltzaile batek baino gehiagok euren tiddlerrak gehitzea, prozesu horretan segurtasun neurri egokiak aurretik definituz eta konfiguratuz.

Horrelaxe, ccTiddly-ren 1.0 bertsio jaitsi eta bere instalazio eta konfigurazio prozesuari ekin nion. Honatx jarraitutako bidea:

  1. Datubasea sortu ondoren install.php nabigatzailean kargatu eta listo. Ez da beharrezkoa inongo daturik gehitzea instalazio prozesuan. Ikusten denez, munuduko instalaziorik sinpleena.
  2. Erabiltzaileak sortu. Banan-bana, nire DBHO 1eko hogeitasei ikasleen erabiltzaile kontuak sortu nituen. Horretarako, ikastolako sarean eta euren posta elektroniko kontuan erabiltzen duten erabiltzaile izen eta pasahitz berdinak ipini nizkien.
  3. Baimenak ezarri. Tiddlerrak irakurri, editatu, sortu eta ezabatzeko baimenak konfigura daitezke erabiltzaile bakoitzeko. Agian hemen dago aplikazio honek duen limitaziorik handiena. Baimen sistema nahiko berezia dauka eta ez da batere erraza izan ikasleei dagozkien baimenak behar bezala konfiguratzea.
  4. Euskaratu. USBan instalatutako TW arrunt bat euskaratzeko jarraitzen den bide berdina jarraitu behar da ccTiddly euskaratzeko. Dagoeneko kalean da 1.1 bertsioa eta honetan, oinarrizko TWaren bertsioa 2.1 da. Nire euskaraketak ez du balio bertsio honentzat, beraz, ikasturte honetan behintzat ccTiddly 1.0 bertsioa erabiliko dut. Datorrenean iksiko dugu.
  5. HTMLArea plugina instalatu. Behar-beharrezkoa nire ikasleek erabilitako formula matematikoak hemen ere irakurri ahal izateko. Arrazoi honengatik baztertu behar izan nuen ASciencePad. Ezin nuen ASciencePadekin bateragarria zen ccTiddly bat konfiguratu. HTMLArea plugina instalatzea, berriz, oso gauza sinplea izan zen.
  6. Bukatzeko, eta nire ikasleen eskaera partikularrari jarraituz, ccTiddly-n sartu eta ariketak ikusi ahal izateko, logeatzea derrigorrezkoa izatea erabaki genuen. Era honetan ikasleek egindako ariketak ikusi ahal izateko sisteman balidatzea derrigorrezkoa da. Halere, zuetako norbaitek ccTiddly-n sartu eta nola dabilen ikusi nahi badu, hona jo eta ondorengo datuekin barrura sartzeko aukera izango du:
    • Erabiltzatilea: demo
    • Pasahitza: demo

ccTiddly-k neurri handi batean nire beharrak asetzen dituen arren, garbi daukat erabiltzaileen kudeaketa beste era batera egin beharko dudala. Egokiena Moodle-en bitartez gauzatzea izango litzateke. Une honetan ezinezkoa dut hori egitea: alde batetik ez dago TWren inguruko modulurik. Axular ikastolako lagunek komentatu didatenez, pasa den MoodleMoot’06ean (eskerrik asko Xa2 ;-) ), datozen bertsioetarako TWren inguruko modulu bat garatzeko konpromezua hartuta omen dago. Halere, une honetan Moodle-en lanean ari diren garatzaileak, jsMath eta, batez ere, LaTEX-en aldeko apustua egin dutela iruditzen zait. Beraz, ez dut uste epe laburrean MathML-ren erabateko inplementazioa ikusiko dugunik Moodle-en barruan. Pazientzia eduki behar, bitartean.

Eta amaitzeko hemen duzue ikasle-irakaslearen ikuspegitik, etxerako lanak egin, jaso eta kudeatzeko jarraitzen den prozesua azaltzen duen bideo bat. Onartu behar dizuet izugarri kostatu zaidala bideoa grabatzea. Ez daukat ohiturarik mikrofonoa hartuta, ordenadorearen aurrean bakarrik hitz egiteko; urduri jartzen aniz eta etengabe trabatzen naiz. Egindako akatsak barkatuko didazutela espero dut.

Google-eko bideoa txiki samarra dela iruditzen zait, bertan azaltzen dudana detailez ikusi ahal izateko. Hemendik, 800x600eko bereizmena duen 24,5 MB-eko Flash artxibo bat (21 minutuko iraupena) ikusi ahal izango duzue. Interneterako konexio arina eduki beharko duzue bideoa jarraian ikusi ahal izateko.

Ikasleen koaderno digitala (I)

Duela egun batzuk argitaratu nuen post batean, etxerako bidalitako lanen inguruan ikusten nituen arazo nagusienak plazaratzen ahalegindu nintzen. Aspalditik ibili naiz, ikusten nituen eragozpen horiei irtenbidea aurkitu nahiean baina ez da erraza izan. Boteprontoan eta gehiegi pentsatu gabe, ikasleei ariketak Word-en egin eta e-postaz bidaltzea otu zitzaidan baino garbi nuen metodo sinpleagoa, praktikoagoa eta, batez ere, eraginkorragoa izan beharra zeukala. Udara osoa eraman nuen handik eta hemendik, nahi nuena aurkitu nahiean eta nola erabiliz pentsatuz.

Lehenik eta behin, arazoak identifikatzea zen helburu nagusia. Ondoren, arazo hauei aurre egiteko, erabiliko nituen tresnen ezaugarriak zehaztea tokatzen zen.

  1. Tresna digitala behar nuen, egindako lanak erraz sortu, editatu eta gordetzea ahalbidetuko lukeena. Lehen fase batean, ikasleek tresna honekin egingo lituzketen ariketak, batez ere, ulermena eta adierazmena jorratzeko balioko lukete. Beraz, testu motzak, modu sinplean idazteko tresna bat aurkitu beharko nuke. Halere, poliki-poliki, kalkulu sinpleak dituzten ariketak ebazteko ere balio beharko luke, beraz, formula eta ekuazio matematikoak modu errezean txertatzeko aukera izatea baloratzea ezinbestekoa zen, ohiko testu prozesadoreek duten ekuazio editorea baino sinpleagoa eta eraginkorragoa izan beharko litzatekeelarik, noski.
  2. Ikasleek egindako lanak jaso eta biltzeko sistema erraza behar nuen. Hasiera batean, ariketak posta eleltronikoz jasotzea pentsatu nuen baina segituan baztertu nuen ideia hori. Nire hogeitasei ikasleen ariketak jaso ondoren, hauek antolatu, zuzendu eta balorazioa egitea lan konplikatua zen sistema honekin. Beste zerbait behar nuen, sinplea baina era berean efektiboa eta batez ere, antolaketa aldetik, lan asko suposatuko ez lukeena.

Bi abiapuntu horietatik, lehenengoa burutzeko, TiddlyWiki-ra jo nuen. Jeremy Ruston-ek sortutako apikazio honen ezaugarri nagusienak hauek dira:

  • TiddlyWiki (TW hemendik aurrera) HTML fitxategi bakarra da, non fitxategi horren barruan web orriaren HTML, CSS eta Javascript osoa biltzen den. Guztira 171 KB-etako “pisua” duen artxibo bakarrez osatua dago.
  • Aplikazioa off-line nahiz on-line erabil daiteke. Honek abantail handiak ekartzen ditu. USB memoria batean gorde daiteke, informazioa zurekin edonora eraman dezakezularik. Edozein ekipoan konektatu eta listo; TWa erabiltzen hasteko moduan zaude. Gero, horrela nahi izanez gero, internetera igo daiteke informazio hori, edonondik kontsultatu ahal izateko.
  • Informazioa “tiddler” izeneko unitateetan antolatzen da. Tiddler bakoitzak bere izenburua, bere gorputza eta etiketatze sistema propioa du. Informazioa txertatzeko erabiltzen duen lengoaia berezkoa du baina wiki arruntetan erabiltzen denarekin antz handia du. Oinarrizko erabileran trebatu nahi bazarete, Gorka Palazio irakasleak, gida txiki bat prestatuta dauka. Nahikoak dira ordu gutxi batzuk tresna aise erabiltzeko.
  • Tiddlerretan gordetako informazioaren kudeaketa, oso modu eraginkorrean egiten da. Informazio guztia HTML artxibo bakar batean dagoenez, bilaketak ziztu batean burutzen dira. Bestalde, tiddlerrak dataren arabera, alfabetikoki nahiz etiketen arabera antola daitezke. Informazioa oso modu eraginkorrean antola daiteke, zalantzarik gabe.

Hemen daukazue TWaren oinarrizko ezaugarrien inguruan Gorka Palazio irakasleak, YouTuben zintzilikaturiko bideoa:

Jadanik kalean da aplikazio honen 2.1.3 bertsioa. Aspalditik dago euskaratuta Tiddlywiki; Gorka Palaziok berak euskaratu zuen 1.2.38 bertsioa. Kontua da, TWaren garapenean aukera eta zerbitzu berriak eransten joan direla, aurretik egindako itzulpenak baliogabe geratu direlarik. Horrela, duela aste batzuk, Gorkaren itzulpena oinarri bezala hartuz, 2.0.11 bertsioa euskaratzeari ekin nion. TiddlyWikiarekin probatu nahi duenak hemendik jaitsi dezake euskarazko bertsioa.

USB batean inongo arazorik gabe gorde daitekeen aplikazio honek, halere, formula matematikoak idazteko aukerarik ez du eskaintzen. “Egongo ote da antzekorik baina formula matematikoak idazteko aukera izango duena?” galdetu nion nire buruari. Bila eta bila aritu ondoren, ASiencePad delakoarekin topo egin nuen. TWren gainean egindako moldatze honek abantail nagusi bi aurkezten ditu, batez ere, ikasleekin erabiltzerakoan. Alde batetik, HTMLArea izeneko WYSIWYG editorea integraturik dakar (ez banago oker Moodle-ek duenaren berdina da). Honen bitartez, ez da beharrezkoa wiki-hizkuntza ezagutzea testuari formatua emateko; honen bitartez, nire ikasleek euren apunteak botoi barra baten bitartez formateatu ditzakete, kode berezirik erabili gabe . Bestalde, ASCIIMathML eta ASCCISvg javascript fitxategien integrazioari esker, formula matematikoak eta mota guztietako grafikoak gehitzeko prozedura izugarri sinplifikatzen da. Java fitxategi hauei esker, formulak MathML lengoaian oinarrituz txertatzen dira TWan. MathML, XMLan oinarritutako lengoaia da eta hori da, hain zuzen ere, W3C erakundeak hobesten duena formula eta ekuazio matematikoak erabiltzerakoan. Ez dut LaTEX gehiegi ezagutzen baina adituek diotenez, azken hau askoz ere aberatsagoa eta indartsuagoa da formulak txertatzerakoan. Nire ustez MathML-n oinarritutako hau, askoz ere intuitiboagoa eta erabiterrazagoa da LaTEX baino; niri konplikatua egiten zait LaTEX-ekin lana egitea eta nire ikasleei oraindik gehiago. Horregatik, hain modu sinplean txertatzen direnez formulak, nire ikasleekin MathML-an oinarritutako hizkuntza hau erabiltzea erabaki dut. Eta egia esan, egun gutxi batzuen ostean, formulak inongo arazorik gabe txertatzen ikasi dutela esan beharra daukat

Hurrengo artikuluan komentatuko dizuedan bezala, arazo batzuk izan nituen ASciencePad-ekin. Hori dela eta, Bram Chen-ek, TW arrunt bati gehitutako HTMLArea pluginaren bitartez, sortutako TW berriarekin probatu nuen. Modu honetara, USB batean gordeta, ikasleek beti gainean eraman dezaketen “koaderno digitala” aurkitu nuen. Gelara sartu orduko, euren TWa ordenadoreari lotu, eta edozein motatako apunteak, oharrak edo albisteak jasotzeaz gain, euren etxeko lanak bertan apuntatu eta ondoren bertan egiteko aukera dute, hau guztia oso modu sinplean burutzen delarik.

Aplikazio hau probatu nahi duzuenok hemendik jaitsi dezakezue (bertsio hau ere euskaraturik dago). TWan txertatuko duzuen ASCIIMathML kodea, nabigatzaileak renderizatu ondoren, formula modura era egokian ikusteko, letra mota bereziak instalatu beharko dituzue zuen ekipoan. Hemendik jaitsi dezakezue letra motak instalatuko dituen exekutagarria. Azkenik esan, lehenetsitako nabigatzaile bezala Firefox erabiltzen baduzue, ez duzuela besterik behar izango. Baina Internet Explorer erabiltzen baduzue (nik 6. bertsioarekin egin dut proba bakarrik), ondorengo bi pluginak instalatu beharko dituzue: MathPlayer eta AdobeSVGview

Probatu eta esango didazue.

Informazio gehiago: Nire del.icio.us

Biderketa grafikoa

Gaussianos izeneko bloga gaur ezagutu dut eta zeharo interesgarria iruditu zait matematika landu nahi duen edonorentzat.

Bitxikeriak, jokoak, aholkuak… topa daitezke bertan, baina gaur bertan argitaratutako bideo honek nire arreta bereganatu du. Ikus dezakezuenez, bideo honetan biderketak burutzeko sistema bitxia azaltzen zaigu. Zifra bakoitza dagozkion lerroen bitartez irudikatuz emaitza lortzeko bidea erakusten digu.

Ikusi eta esango diguzue zer iruditzen zaizuen.