Internet ez debekatu; formazioa eta informazioa dira bidea

Azken urteotan, Teknologia Berrien garapena dela medio, ohiko hedabideetan, hauen inguruko informazioa beti albiste eskandalagarriekin lotuta iristen zaigu. Egungo guraso gehienek erabiltzen dituzten informazio iturriak hedabide tradizionaletara mugatzen direnez, ez da batere harrigarria hauetako askok erakusten jarrera ezkorra.

Jarrera ezkor hori modu ezberdinez gauzatzen da, edo guk hori sumatu dugu, behintzat. Guraso batzuek ez dute euren etxeetan internet jartzen edo ahal duten guztia atzeratzen dute pausu hori. Guraso hauek, euren seme-alaben presioaren zain gelditzen dira, hots, ezertxo ere esaten ez duten bitartean, ez dute jartzen. Hori bai, eskaera hori iristen zaienean, denbora gutxi behar izaten dute jartzeko promes bat egiteko eta, aldi berean, ospakizun bereziren bat lotzeko: Olentzero, urtebetetze eguna,.. Alegia, edozein jostailuri emango lioketen tratamendu bera ematen diote internetari. Beste etxeetan, Internet duten arren, euren seme-alabek debekatuta dute bere erabilera astean zehar eta asteburuetara mugatu dute bere erabilera. Kasu honetan, ere, jostailuei ematen zaien tratamendua ematen diote internetari. Beste etxeetan, seme-alabek ez dute inongo arazorik noiznahi interneten ibiltzeko eta gurasoen aldetik inongo kontrol neurririk ez dago. Beste guraso batzuk, berriz, internet izan edo ez izan, irakasleongana datoz informazio eske. Hauetako askok jakin nahi dute euren seme-alabek zer egiten duten, zer lanketa mota burutzen ari garen, zein motako aplikazioak erabiltzen dituzten, zein maiztasunarekin erabili beharko duten…

Baina ardura guztia ez nuke nik gurasoengan deskargatu nahiko, izan ere, hezitzaileok oraindik ere badugu erantzukizun handia. Onartezina da, gaur egun, nire lagun baten semeari (institutu batera zihoan bigarren batxilergoan) iaz entzun niona Jolausen Jakinstein blogari buruz eta bertan topa daitezkeen simulazioak, ariketak eta abarri buruz hitz egin nionean:

Guretzat, hori amets bat besterik ez da. Gure irakasleek ez digute uzten interneten sartzen eta ordenagailuak apaingarri gisa daude. Ia inork ez ditu erabiltzen eta matrikulazio kanpaina iristean, informatikako gela irekitzen dute argazki batzuk ateratzeko. Horretarako dauzkagu ordenagailuak.

Gisa honetako adierazpenak entzuten dituzunean, ohartzen zara zeregin handia daukagula, handiegia esango nuke, irakaskuntza bere putzu beltz horretatik ateratzeko. Nola eskatuko diegu gurasoei jokabide zentzudun bat, aldameneko irakasle batek munduko gauzarik gaiztoenarekin parekatzen duen bitartean?

Nik, guztion eginkizuna, esaldi motz honekin laburbilduko nuke:

Ikustea ez debekatu, begiratzen erakutsi.

Abiapuntua hori bada, guztion erantzukizuna eskatzea falta zaigu. Irakasleok, lanerako tresna gisa erabiltzeaz gain, beste erabilerak ezin dizkiegu ezkutatu eta jokabide arduratsuak indartzeko estrategiak garatu beharko genituzke. Eta gurasoek, beste aldera begiratu ordez, zezenari adarretatik helduz, dagozkien ardurak hartu eta seme-alabei ateak itxi ordez, interneteko mundu ziragarriak eskaintzen dituen abantailei etekina ateratzen lagundu.

Baina nola jokatu gai horren inguruan aurreiritziak besterik ez daudenean? Beste gaiekin gertatzen den lez, informazioa da garrantzitsuena eta gurasoek ahalegin bat egin beharko lukete hori eskuratu ahal izateko. Beste aldetik, ikastetxeok ere gure erantzukizuna hartuz, formazio saioak antolatu beharko genituzke ikasle, irakasle eta gurasoentzat. Gure ikastolan, ikasle eta irakasleekin makina bat gauza egin dugu bide horretan, baina gurasoekin, egia esan, ezer gutxi egin dugu orain arte. Eta gurasoak izan dira, gaiarekin kezkaturik, ikastolari gai horren inguruko formazioa eskatu diotenak. Urtero antolatzen den “Guraso Eskola” dela eta, proposatutako gaien artean, gai hau proposatu digute: Gurasoen jokabidea Teknologia Berrien aurrean. Nola jokatu gure seme-alabekin hauen erabilera arduratsua lortzeko.

Gai horri zein motako erantzuna emango diogunaren zain gelditu beharrean, hasiak gara aukera ezberdinak aztertzen eta hementxe bertan izango duzue horren berri.

Bitartean, interneten nabigatzeko aholku ezberdinak topa daitezke sarean bertan, hala nola, Consumer aldizkarian aurkitu duguna, Windowsfacil izeneko orri honetan jartzen duena edo Menudos Peques izeneko orrian aurkitu duguna, besteak beste.

Logprotect programaren logoa

Askotan, ikusten da gurasoek seme-alabekin batera egon behar dutela azken hauek nabigatzen ari direnean. Hori ez dut gaizki ikusten, baina etxe askotako errealitatea badakigu zein den eta denok dakigu umeek une asko dutela bakarrik gelditzen direla eta interneten ibiltzeko inongo mugarik ez dutela. Horretarako, “Gurasoen kontrola” izeneko aplikazioak aholkatzen dira. Gune honetan, aukera ezberdinak topatuko dituzue: ABCdatos. Dena den, eta hanka sartzeko aukera handia izan arren, begiratu dudan apurrarengatik, Logprotect izeneko aplikazioa aholkatuko nizueke. Hemendik jaitsi daiteke: Windowserako bertsioa eta Linuxerako bertsioak. Gainera, aplikazio honen inguruko tutoriala ere aurkitu dugu destroyerweb izeneko gunean.

Nik aplikazioa jaitsi eta instalatu dut frogak egiteko eta esan beharra daukat nahiko ongi pentsatutako aplikazioa dela. Hitz gakoak sartuz gero, horrekin loturiko bilaketaren bat eginez gero, alarma martxan jartzen da eta blokeatu egiten du. Gauza bera gertatzen da erabiltzaileen izen-abizenak, telefonoak, helbideak, posta elektronikoak… sartuz gero, eta Messenger bezalako aplikazio batean horrelako daturen bat bidali nahi baduzu. Gainera, informe bat ekoizten du gurasoek jakin dezaten euren seme-alabek zer egin duten beraiek egon ez direnean. Informazio hori, nire ustez, seme-alabekin hitz egiteko erabili beharko genuke, ez erreprimitzeko. Bestalde, aplikazioa ixten saiatzen badira, pasahitza eskatuko die eta ezin izango dute aplikazioa desaktibatu.

Dena den, eta nire garaian beste debekuekin guk nola jokatzen genuen gogoratuz, formazioa eta informazioa aldarrikatu nahiko nituzke ez baitugu ahaztu behar gisa guztietako debekuek, hainbatetan beharrezkoak diren arren, ikusgura piztea besterik ez dutela sustatzen.

Lagun 2.0

Lagun 2.0ko logoaren irudia

RSS jarioaren ahalmenari buruz nik uste dut dena esanda dagoela eta ez naiz ni hemen hori gogora ekartzen berriro hasiko, baina, tarteka, ematen dizkidan ustekabeak ez dira nolanahikoak.

Gaur bertan, nire jarioak arakatzen ari nintzela, del.icio.us/rss/tag/euskara ireki eta hara non topatzen dudan Lagun 2.0 izeneko gune bat. Ez du inongo azalpenik, hau bakarrik:

Por: jiivaatmaa el euskara słowniki … posted by jiivaatmaa to euskara słowniki… bookmark this

Eta ikusminez bertara joan naiz. Zer arraio ote da hori? Arrotza egiten zitzaidan hizkuntza baten aurrean nengoen, nahiz eta euskaraz idatzitako esaldi labur batzuk ere agertzen ziren. Webaren helbidean hiztegia.org irakurri dudanean, ohartu naiz hiztegi bat online izan zitekeela. Gero, pol – eus ikustean, Poloniera – Euskara eta Euskara – Poloniera hiztegi baten aurrean nengoela jabetuta, Hiztegia.net-era jotzea erabaki dut. Arrastorik ere ez. Sekula ez dut ezer entzun honi buruz eta hiztegia.net-en ez dago jasota. Berria izango ote da? Nire jakinahia areagotzen ari zen eta zerbitzu ezberdinetan bilaketak egin ondoren, whois.net-en bilatzea erabaki dut. Hortxe, zalantza batzuk argitu zaizkit. Orain, badakit Polonian erregistratutako domeinua dela ( Tagzanian berehala kokatu dut bere hiria ) eta bere egileak, Kamil Sobczak-ek, Euskal herriari buruzko Haritz izena duen eta hizkuntza ezberdinetan (Alemana, Frantsesa, Ingelesa, Gaztelera eta Poloniera) eginiko gune bat duela eta bere del.icio.us-en hizkuntza ezberdinei buruzko esteka ugari jasota duela.

Nire jakin-mina asetuta, Lagun 2.0 izeneko hiztegia frogatzen hasi naiz eta honako gauza hauek topatu ditut bertan:

  • Bilaketa pluginak Firefoxerako (Pol-Eus eta Eus-Pol)
  • Hiztegia PDF formatuan (Pol – Eus eta Eus – Pol)
  • Azken hau, hanka sartze larri bat egiteko arriskuaz (ez baitut poloniera ulertzen), erabiltzaileek terminoak gehitzeko aukera.

Beraz, badakizue, egungo Internetek eskaintzen dizkigun baliabieekin, abiapuntua edozein izanik ere, detektibe lan txiki batekin, edozein tokira irits zaitezke. Gaur Poloniara, bihar batek daki nora eramango nauen eta zein mundutan murgilduko naizen.

Hori ere Web 2.0 izango da, ezta?

Zudeo: HDTV BitTorrent-en bidez

Zudeo aplikazioaren irudi bat

Azureus BitTorrent bezero ezagunaren sortzaileen eskutik, Zudeo izeneko zerbitzu berria iristen zaigu.

YouTubek eta antzeko zerbitzuek eskaintzen duten kalitatearekin gustura ez bazaude, hementxe daukazue aukera on bat kalitate handiko bideoak jaisteko. Zerbitzu honen funtzionamendua oso samurra da BitTorrent funtzionamenduarekin ohituta daudenentzat eta sistema horrek duen ahalmenaz baliatzen da fitxategi handi horiek jaisteko.

Zerbitzu honetan, edonork igo dezake bere bideoa eta besteon eskura jarri BitTorrent-en bidez eskuratzeko. Baina ez da hori zerbitzu honek eskainiko digun aukera bakarra; egileek diotenez, telebista eta zineko 12 enpresekin hitzarmen bat sinatu dute euren produktuak sare honen bidez banatzeko. Hauetako batzuek DRM eramango omen dute eta beste batzuek salduko dituzte tresna hau erabiliz.

Egia esan, oraindik ez dago beste munduko gauzarik, baina froga batzuk egin ditut eta aitortu beharra daukat liluratuta utzi nauela. Izan ere, oso azkar jaisteaz gain, bideoen kalitatea goi mailakoa iruditu zait.

Zalantzarik gabe, interneteko kalitatezko telebistaren hastapenetan egon gaitezke.

Iturria: FayerWayer

Zer gertatzen da Bloglinesekin?

Duela egun batzuetatik hona, susmoa dugu gure jarioak ez direla modu egokian jasotzen Bloglinesen. Badirudi arazoa, batez ere, Blogsomeko jarioekin gertatzen dela, beste blogetatik datozenak arazorik gabe jasotzen baititugu. Honen arabera, arazoa Blogsomen egon daitekela pentsa genezake; baina, gure jarioak beste agregatzaileetan biltzen ahalegindu gara eta arazorik gabe jaso ditugu. Beraz, zer gertatzen ari da Bloglinesekin? Aspalditxo honetan, ez al da Bloglineseko iturkina gehiegitan agertu?

Bloglineseko erabiltzaileak zaretenoi, eskertuko genizueke gure jarioak ohi bezala jasotzen dituzuen edota arazoak dituzuen adieraztea. Aldez aurretik, esker mila

Bide batez, hona hemen gure blogean erabilgarri ditugun hiru jarioen helbideak:

OHARRA: lehenengoak errore mezua ematen du Bloglinesen (ez da horrela gertatzen beste agregatzaileak erabiltzen direnean). Mezuak horrela dio:

Bloglines has encountered an error trying to fetch the latest version of this feed. Bloglines handles errors automatically, no action is required by you. The error was: The feed does not appear to exist. This can be caused by the feed URL being incorrect, or it can be caused by a configuration issue with the server hosting the feed. If this error continues, you should check the feed URL and, if it is wrong, subscribe to the correct URL.

Spresent: aurkezpenak ekoizteko beste gune bat

Gauza jakina da sareak geroz eta baliabide gehiago eskaintzen digula eta hauen kalitatea nabarmen igotzen ari dela. Orain arte, blog honetan, baliabide horietako batzuen inguruko informazioa zabaldu dizuegu eta, aurkezpenen munduan, honako hauek nabarmenduko nituzke:

Zerrenda hau osa daiteke aski ezaguna den beste zerbitzuarekin: Slideshare. Zerbitzu horren bitartez, aurkezpenak gorde, sailkatu eta partekatu daitezke.

Gaurkoan, beste zerbitzu berri batekin gatozkizue: Spresent. Gaur bertan ezagutu eta frogatu dudan gune berri honek aukera interesgarriak eskaintzen ditu. Dena den, luzatzeko asmorik ez daukadanez, jarraian aipatuko dizkizuet nik ikusten dizkiodan berezitasunak:

  • Flashen egina dago
  • Ia mahaiko tresna batek dituen aukera berdinak ditu
  • Eskuz marrazteko aukera
  • ClipArt fitxategiak
  • Web irudiak jartzeko aukera
  • Trantsizioak eta hauek pertsonalizatzeko aukera
  • Taulak, grafikoak, testua, botoiak…
  • Partekatzeko aukera
  • Embed kodea edota HTML kodea zure web orrian jartzeko

Nolanahi ere, beste aukera batzuk ere ikusi dizkiot, nahiz eta oraindik erabilgarri ez dauden (niri behintzat ez dit uzten erabiltzen). Hala nola:

  • Soinu fitxategiak sartzeko aukera
  • SWF fitxategiak sortzeko aukera
  • Soinuak grabatzeko aukera

Nik uste dut, zerbitzu berria izanik, zailtasun batzuk izango dituztela eta azken aukera horiek joango direla aktibatzen.

Bukatzeko, aurkezpen txiki bat egin dut adibide gisa jartzeko. Saiatu naiz gauza ezberdin batzuk jartzen eta, agian, jorratzen dudan gaiak beste euskarri bat mereziko luke, baina igandea da eta beste baterako utziko dugu. Izan ere, Alianzoren Hezkuntzako Rankina begiratu dut eta IKTeroak estatuko bigarren bloga agertzen da. Anibal de la Torre edo Docencia.es bezalako guneen aurretik agertzea deigarria iruditzen zait eta, boteprontoan, bi ondorio etorri zaizkit burura:

  1. Rankina ez dago ongi
  2. Espainiako Hezkuntza uste genuen baino okerrago dabilela

Nola liteke euskaraz idatzitako blog bat Espainiako bigarrena izatea?. Ezin sinisturik nago